1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
105E/2025 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita dirulaguntza deialdi honen gastua: "Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzak interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik". DDBN identifikazioa: 811798.
Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez, ezarri ziren Enpleguko Institutu Nazionalak, toki korporazioekiko lankidetzaren esparruan, langabeak kontratatzeko ematen dituen dirulaguntzen oinarriak. Kontratazio horien xedea da interes orokorreko eta sozialeko obra eta zerbitzuak egitea.
Arau horren bigarren xedapen gehigarriak erregulazioaren xedeko gaiaren zerbitzuen eskualdaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoak gaitzen ditu arau hori beren antolaketaren ondoriozko espezialitateetara egokitzeko.
Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketaren eginkizunak eta zerbitzuak.
Estatuko araudiari jarraikiz, eta kontuan harturik Administrazioaren esparruan Nafarroako Foru Komunitateari eskualdaturiko eginkizunak eta zerbitzuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 2018ko martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez Nafarroako toki erakundeendako dirulaguntzen deialdi bat onetsi zen interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da toki erakundeei, interes orokorreko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik, dirulaguntzak emateko gastua baimentzea 2025. urterako.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez, eta hura aldatzen duten urriaren 1eko 3351E/2020 Ebazpenaren, otsailaren 9ko 52E/2021 Ebazpenaren eta martxoaren 10eko 458E/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi horren oinarriak onetsi ziren.
Deialdi horren helburua da langabeen lan aukerak hobetzea gaitasun profesionalak beregana ditzaten sustatuz, Nafarroako toki erakundeetan aldi baterako kontratatuta.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea interes orokorreko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik toki entitateei emanen zaizkien dirulaguntzen 2025eko deialdia.
2. Baimentzea, 2025eko Nafarroako aurrekontu orokorren gastuen aurrekontuaren kargura, interes orokorreko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko gastua, 3.000.000 euro, hain zuzen, partida honen kargura: "Konferentzia sektoriala. Toki erakundeen kontratazioetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4609 241100 partida [PEP: E-24/000673-01]. Dirulaguntza horiek arautu ziren Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez (urriaren 1eko 3351E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua).
3. 2024ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2025eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.
4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, kreditua sortzeagatik aurrekontu-kreditu erabilgarria handitu ondoren, baldin eta halakorik bada. Hala bada, organo eskudunak aipatutako kreditu gehigarria deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko du, eta horrek ez du ekarriko dirulaguntzen eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriro zenbatzen hastea ere.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko otsailaren 5ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2501941