37. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, eraikitzeko administrazio-baimena ematen duena elektrizitatea bateriatan biltegiratzeko "Sasita" izeneko instalazioa eta haren ebakuazio azpiegiturak egiteko, Lekunberriko udal mugartean.

Abuztuaren 14ko 123/2024 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio-baimena eman zitzaion Daga Green Power SLri elektrizitatea bateriatan biltegiratzeko "Sasita" izeneko instalazioa eta haren ebakuazio azpiegiturak egiteko, Lekunberriko udal mugartean.

2024ko azaroaren 26an, Daga Green Power SLk instalazioa eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zuen. Instalazio hori edukiontzietan instalatutako bateria-multzo bat da. Bateriak transformadore jasotzaile batera loturiko inbertsoreetara konektatuta egonen dira, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SLUren jabetzakoa den 13,2 kVeko Lekunberri TAEra konektatzeko, asmoa baita puntu horretan lotzea sistema elektrikora.

Biltegiratzeko instalazioa industria lurzoruan kokatuko da, Lekunberriko 12. poligonoko 1082. lurzatian, eta honako ezaugarri tekniko hauek izanen ditu:

–Edukiontziak: 4 (2,52 x 1,73 x 9.34 m³); bakoitzak 48 bateria modulu ditu, eta 2,752 MWh-ko biltegiratze ahalmena. Gainera, edukiontzi bakoitzak hozteko sistema bat, kontrolerako sistemak eta potentzia bihurtzeko sistemak ditu.

–Potentzia izendatua: 5 MW.

–Transformadorea: 1 (5,5 MVA-ko potentzia).

Bestalde, ebakuazio azpiegituretan instalazio hauek sartzen dira:

–Babes- eta neurketa-zentroa, biltegiratzeko instalazioaren hesiaren barnean.

–13,2 kV-eko goi tentsioko lurpeko linea, "SASITA eta ACADIEMS BESS EZ" ebakitze-zentroraino.

–"SASITA eta ACADIEMS BESS EZ" ebakitze-zentroa, "ACADIEMS" (0010-ALM) biltegiratze instalazioen barnean kokatua. Ebakitze-zentro horretatik, bi instalazioetarako baita, bien ebakuazio linea bateratua aterako da, Lekunberri T2 TAEraino.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131. artikulua betez, kontsulta egin zitzaien Lekunberriko Udalari, Telefónica España SAUri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Ignis Smart Solutions SLUri eta Nedgia Navarra SAri, baina ez da txostenik jaso.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, 2024ko abenduaren 20an emandako txostenean, adierazi du ez dagoela beste ebazpen bat eman beharrik eta indarrean jarraitzen dutela Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 511E/2024 Ebazpenean jasotako baldintzak.

Horregatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian egin dela, eta Daga Green Power SLri aipatu instalazioa eraikitzeko administrazio-baimena ematea proposatu du.

Adierazitakoarekin bat, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak otsailaren 1ean emandako 10/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 16koa) eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eraikitzeko administrazio-baimena ematea Daga Green Power SLri elektrizitatea bateriatan biltegiratzeko "Sasita" izeneko instalazioa eta haren ebakuazio azpiegiturak egiteko, Lekunberriko udal mugartean, aurkeztutako proiektua onestea eta hogeita lau hilabeteko epea ematea lanak gauzatzeko.

2. Instalazioak onetsitako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua eta haren jarraibide tekniko osagarriak JTO-GTE 01etik 23ra; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua eta haren jarraibide tekniko osagarriak JTO-GTL 01etik 09ra; eta Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

3. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.

4. Baimen hau emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Daga Green Power SLri, Telefónica de España SAUri, Ignis Smart Solutions SLUri, Nedgia Navarra SAri eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.

8. Ebazpen hau Lekunberriko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 28an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2501300