37. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan, 2025eko urtarrilaren 30erako iragarritako grebaren deialdia dela eta.

STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek greba deialdia egin dute 2025eko urtarrilaren 30erako. Greba horrek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitateaz kanpoko irakasle publikoei eraginen die.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Greba Batzordearen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea ikasleei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, guztientzako hezkuntza-eskubidea aitortzen du, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

Kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea dutela –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die 2025eko urtarrilaren 30ean ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin ahal izateko.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2025eko urtarrilaren 30erako egin den greba deialdia dela eta, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetarako:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo oinarrizko mailako heziketa zikloetako lau unitateko edo zatiki bakoitzeko.

Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak izendatuko du lanaldi osoko zein irakaslek bete behar dituzten gutxieneko zerbitzu horiek.

2. Langile horien lanuzteek eta lan-gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari eta foru agindu hau igortzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetara eta Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 28an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2501309