1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
3E/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 27koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, "VIII. Eskola Lehiaketa: Aniztasuna Aberastasun iturri" deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak sustatua 2025. urterako.
Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak, zehazki Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak, sari batzuk eman nahi dizkie Nafarroako ikastetxeek "Aniztasuna, aberastasun iturri" gaiarekin lotuta egindako eskola-lanei, eta izenburu hau eman dio lehiaketari: "VIII. Eskola Lehiaketa: Aniztasuna Aberastasun iturri". Sariak hauexek izanen dira: plaka grabatuak ematea sariren bat irabazten duten ikastetxeei, eta, kategoria bakoitzean irabazle suertatzen diren ikasleentzat, egun bateko egonaldia ordaintzea Nafarroako Foru Komunitateko jolas-parke batean.
Lehiaketa zuzenduta dago Nafarroako ikastetxeetako Haur Hezkuntzako (1., 2. eta 3. mailak), Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Batxilergoko 1. maila, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiei. Sormenezko lehiaketa bat da, helburu duena gizarteak aniztasuna balioestea, hura ikusiz, sentituz eta aberastasun gisa bizi izanez, desberdina dena errespetatuz eta desberdintasun hori ikaskuntza-baliabide gisa erabiliz.
Sariak ematearen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 2025eko gastuen aurrekontuko B20002 B2100 2268 232500 partida dago, "Diversidad fuente de riqueza / Aniztasuna aberastasun iturri eskola lehiaketa" izenekoa. Partida horretan dagoen gerakina nahikoa da eskola lehiaketa honetan emanen diren sarietako gastuei aurre egiteko.
Espedientean jasota daude proposamen-txostena, kontabilitate-zentroaren baimena eta horretarako txosten juridikoa.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea "Aniztasuna aberastasun iturri" izeneko VIII. eskola lehiaketaren 2025eko deialdia eta haren oinarri arautzaileak, foru agindu honen bukaeran daudenak.
2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu hau igortzea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 27an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
OINARRI ARAUTZAILEAK
ANIZTASUNA, ABERASTASUN ITURRI
VIII. SORMEN LEHIAKETA, 2025. URTEKOA, NAFARROAKO GOBERNUKO MEMORIA ETA BIZIKIDETZAKO ZUZENDARITZA NAGUSIAK ANTOLATUA
Justifikazioa: aniztasunari balioa ematen dion gizartea, aniztasuna aberastasun gisa ikusiz, sentituz eta biziz, ederragoa da. Desberdina dena errespetatu, eta desberdintasuna ikasteko baliabide gisa erabiltzen duen gizartea ederragoa da. Kolore askotako ikuspegia duen gizartea ederragoa da. Gainerakoekin harreman osasuntsuak izanik bizi nahi duen gizarteak askotarikoa izan behar du.
Zergatik sormen lehiaketa bat? Edozein pertsonarentzat pizgarria izan daitekeelako modu aktibo eta kritikoan begiratzeko, ikusteko, sentitzeko eta hausnartzeko.
ESKOLA LEHIAKETAREN OINARRIAK
1. Nafarroako Haur Hezkuntzako (1., 2. eta 3. mailak), Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Batxilergoko 1. maila, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiek parte hartzen ahalko dute.
2. Taldeka hartuko da parte (gelako ikasle guztiek gehi ardura duen irakasleak).
3. Talde bakoitzak lan bakarra aurkeztuko du.
4. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz eginen dira.
5. Gaia: "Aniztasuna aberastasun iturri: liburutegia". "Aniztasuna aberastasun iturri" izanik lehiaketaren gai nagusia, aurtengo gai espezifikoa honako hau da:
–Liburutegiak (herrikoak, hirikoak, erakundeetakoak...). Liburutegietan kolore, loditasun, tamaina, adin, gai eta hizkuntza desberdin askotako liburuak daude. Liburuek apalategiak partekatzen dituzte, batzuetan pilatuta daude eta beste batzuetan bananduta, baina beti daude kasualitatez dagokienarekin harremanetan jartzeko prest (idazlearen abizenak, gaia, adina, hizkuntza, kudeatzailea...). Beti daude erortzen diren, berriro lekuan jartzen diren, berriz erortzen diren, eta berriro lekuan jartzen diren liburuak. Liburu batzuek azaleko itxuragatik harrapatzen gaituzte, beren begiradagatik eta ez edukiagatik; eta badira begiradagatik ihes egiten dugun baina berehala harrapatuko gintuzketen liburuak ere. Jakinduria handia duten liburu zaharrak daude, baina nahi gabeko bakardadean geratzen dira apalategiaren izkinan. Badira abandonatutako liburuak, aldi baterako harreran dauden liburuak, baita adoptatzeko aukera duten liburuak ere, ohiko edo ustekabeko irakurlearen babesik gabe denbora bat daramatenean.
Hitzekin inoiz komunikatuko ez luketena irudiekin komunikatzen duten liburuak, edo irudiekin inoiz transmitituko ez luketena hitzekin transmititzen duten liburuak. Liburutegiek orri zati bat falta zaien liburuak dituzte, baina hain harrapatuta gaituzte, ezen ahal duguna egiten baitugu falta zaiena alde batera uzteko eta badaukatenean eta lotzen gaituenean zentratzeko. Liburutegia askotarikoa da, arnasten dugun gizartea bezalaxe. Liburuz beteta dago, pertsonaz; eta begiratuz, hurbilduz, errespetatuz, entzunez, ulertuz, onartuz eta haiekin batera ikasiz asko ikas dezakegu.
6. Modalitateak:
Haur Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:
A) Proposamenaren edukia: taldean egindako azken produktu bat, eskultura itxurakoa, proposatutako gaiarekin.
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:
B) Proposamenaren edukia: marrazki kolektibo bat (teknika librea: akuarela, collagea, estanpazioa, ikatz-ziria, etab.) eta marrazkian sartutako esaldi bat. Hori guztia proposatutako gaiarekin lotuta: Liburutegiak.
Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:
C) Proposamenaren edukia: gutun bat zu bezalakoa ez den pertsona bati, desberdina den pertsona-talde bati, zuen lekua ez bezalakoa den beste leku bati, zuen hizkuntza ez den beste hizkuntza bati, zurea ez bezalakoa den beste pentsamendu edo ideia bati, desberdina den espazio bati... zuen iritziz desberdina egiten dionari balioa emanez. Gutuna audio batean grabatuko da, eta gutunarekin batera aurkeztuko da. Gutunak 200 hitz izanen ditu gehienez, eta liburutegien gaiarekin lotuta egon beharko da.
Bigarren Hezkuntzako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:
D) Proposamenaren edukia: bideo bat, gehienez 60 segundokoa. Ikus-entzunezkoaren helburua gizartea sentsibilizatzeko mezu argi bat plazaratzea izanen da. Mezu horretan, "Liburutegiak" ideia sartuko da, proposatutako gaiarekin lotuta.
7. Lan guztiak jatorrizkoak izanen dira, eta berariaz lehiaketarako eginak.
8. Lanetan ez da taldearen daturik agertuko (ez izenik, ez logorik), anonimotasunari eusteko. Bestela, lanek ez dute aukerarik izanen saria jasotzeko.
9. Lanak aurkezten ahalko dira lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
10. Lanak 2025eko martxoaren 28ko (ostirala) 14:00ak baino lehen aurkeztuko dira.
11. Lanak aurkeztea: lanak inprimaki honen bidez bidaliko dira, eta bertan talde parte-hartzailearen datu guztiak adieraziko dira. Lana inprimakian berean erantsiko da, eta erantsitako artxiboaren izenean soilik lana egin duen taldearen maila adieraziko da. Adibidez: 3. DBH.
https://forms.gle/3wndrwxvLxQfEiq46
12. Apirilaren 14an, epaimahaiak hautatu diren lanen berri emanen du, eta, aurrerago, lehiaketan parte hartu duten talde guztiei jakinaraziko zaie erabakia.
13. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuko bi teknikarik eta Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko bi teknikarik.
14. Epaimahaiak kontuan hartuko dituen alderdiak:
–A modalitatea:
- Produktu artistikoaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
- Lanaren kalitatea.
- Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.
–B modalitatea:
- Marrazkiaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
- Marrazkiaren kalitatea, trazua, kolorea eta konposizioa.
- Esaldiaren zehaztasuna eta haren egokitasuna marrazkiarekiko.
- Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.
–C modalitatea:
- Gutunaren originaltasuna.
- Edukiaren kalitatea.
- Proposatutako gaiarekiko lotura.
- Grabazioa: ahotsak edo ahotsek transmititzen duten intonazioa, erritmoa eta indarra.
- Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.
–D modalitatea:
- Mezuaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
- Gidoiaren kalitatea.
- Irudien kalitatea.
- Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.
15. Sariak apirilean emanen dira, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak egiten dituen Memoriari, Bizikidetzari eta Giza Eskubideei buruzko Jardunaldietan.
16. Sariak:
Haur Hezkuntza:
–Haur Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako ikasleak:
- Lan onenak sari bat jasoko du: goiz-pasa Iruñeko haur-parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
Lehen Hezkuntza:
–Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleak:
- Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
–Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleak:
- Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
–Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak:
- Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa:
–DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak:
- Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
–DBHko 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleak:
- Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
Lau accesit sari: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
–Kontuan hartuko diren alderdiak:
- Aurkeztutako produktuaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
- Aurkeztutako produktuaren kalitatea.
- Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.
- Aurkeztutako produktuaren mezuaren irisgarritasuna.
17. Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako lanak erabil ditzake hezkuntzako eta dibulgazioko helburuekin.
18. Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea.
19. Informazio gehiago, hemen: 848426048 / pazyconvivencia@navarra.es.
Iragarkiaren kodea: F2501311