1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
29E/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 27koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzen baita Carcarko hirigune historikoaren esparrua.
Carcarko Udalak eskatu du haren hirigune historikoaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzeko, bat eginez Etxebizitzaren arloko Jarduketa Babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan jasotakoarekin.
Horretarako, Carcarko Udalak hirigintza-plangintza egokia du, eraikinek nahikoa antzinatasuna dutela justifikatu du eta onetsia du ordenantza bat birgaitzeko laguntzak arautzeko; hori guztia, 61/2013 Foru Dekretuko manuan ezarritako baldintzei jarraikiz.
Nafarroako Gobernuak ere, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren bidez, hiriko esparru horretako bizitegien birgaitzea sustatzeko asmoa du, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea.
Hori horrela, eta Lizarrako Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta, hortaz, bidezko da Carcarko hirigune historikoaren esparrua lehentasunez gaitu beharreko area deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Carcarko hirigune historikoaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.
2. Carcarko Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat ezarri beharko du birgaitzeko laguntzetarako; zenbateko hori ez da izanen lehentasunez birgaitu beharreko eremuan –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.
3. Foru agindu hau Carcarko Udalari eta Etxebizitza Zerbitzuari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 27an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2501208