36. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1E/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 13koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ebazten baita autonomia mailako eremuan irrati digital bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko lizentzietarako lehiaketa (haren deialdia Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 20ko 186/2019 Foru Aginduaren bidez egin zen).

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 20ko 186/2019 Foru Aginduaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko autonomia mailako eremuan irrati-difusio digitaleko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko sei lizentzia banatzeko lehiaketaren deialdia. Oinarri arautzaileetan akats bat atzemanda, deialdia zuzendu zen otsailaren 6ko 9/2020 Foru Aginduaren bidez.

Geroago, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 18ko 123/2020 Foru Aginduaren bitartez, sei hilabetez luzatu zen lehiaketa hori ebazteko epea.

Deialdiaren oinarrietan aurreikusitako balorazio mahaia 2020ko azaroaren 11n hasi zen lanean, eta ordutik zortzi balorazio bilera egin ditu, azkena 2024ko azaroaren 19an. Lanak hiru urte baino gehiago iraun duenez gero, hainbat arrazoi direla medio hirutan aldatu behar izan da mahaiaren osaera: Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 5eko 115E/2023 Foru Aginduaren bidez, eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren abenduaren 7ko 191E/2023 Foru Aginduaren eta ekainaren 5eko 8E/2024 Foru Aginduaren bidez.

Lehiaketan honako pertsona fisiko edo juridikoek aurkeztu dituzte eskaerak:

–Abian Media SL.

–Euskal Irrati Zerbitzuak SL.

–Agrupación Radiofónica SA.

–Asociación Ática.

–Asociación Emplazamientos y Comunicación Nueva Esperanza.

–Dios los Cría asociación cultural.

–Radio Nervión.

–Radio Popular SA.

–Uniprex SAU.

–Radio Blanca SA.

Gainera, bi pertsonak eskaera bat baino gehiago aurkeztu zuten:

–Jesús Martín Moro: bi eskaera; bat irrati orokorrerako eta beste bat musika irratirako.

–Sociedad Española de Radiofusión SLU: hiru eskaera; bat irrati orokorrerako eta bi musika irratietarako.

Egin beharreko balorazioak eginda, aurkeztutako eskaeretako seik gainditu zuten lehiaketan eskatutako irrati eskaintzaren gutxieneko balorazioa, eta irratien balorazio teknikoa osatu zen euskara sustatzeagatik eta lizentzia ez igortzeko konpromisoarengatik. Hala, eskatu zitzaien administrazio dokumentazioa aurkez zezaten haien alde lizentziaren esleipen proposamena egin ahal izateko.

2024ko azaroaren 19an, eta behin lizentzia jasotzeko proposatu diren interesdunek aurkeztutako dokumentazio administratiboa egiaztatuta, balorazio mahaiak lizentziak banatzeko proposamena egin du eta Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiak 2024ko abenduaren 17ko txostenean bere egin du.

Erabiliz Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak aitortu dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Sociedad Española de Radiofusión SLUri ematea irrati digital bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko bi lizentzia, FU-NAV sarearen blokean. Lehenengo lizentzia programazio orokorra igortzeko izanen da, eta bigarrena, musika irrati monografikoa igortzeko –zehazki, "Los 40" izen komertzialeko irratia igortzeko–.

2. Radio Popular SAri ematea irrati digital bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko lizentzia bat, FU-NAV sarearen blokean.

3. Asociación Áticari ematea irrati digital bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko lizentzia bat, FU-NAV sarearen blokean. Lizentzia jasotzeko, irratiak lizentziaren lurralde-eremuan balioa izanen duen ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du, 12 hilabeteko epean foru agindu hau jakinarazi eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

4. Euskal Irrati Zerbitzuak SLri ematea irrati digital bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko lizentzia bat, FU-NAV sarearen blokean.

5. Foru agindu honen bidez emandako bost lizentzien zerbitzu-ematerako oinarrizko baldintzak ezartzea. Hain zuzen ere, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 20ko 186/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako lehiaketaren oinarri arautzaileetako 7.1. oinarriaren a, b, c, d eta f letretan jasotakoak izanen dira baldintza horiek.

6. Asociación Cultural Dios los Cría elkarteak aurkeztutako lizentzia eskaera baztertzea, ez baitu lizentzia jasotzeko beharrezko administrazio dokumentazioa aurkeztu.

7. FU-NAV sareko blokean lizentzia bat bete gabe geratu dela deklaratzea, ez baita egon eskatutako gutxieneko puntuaziora iritsi den nahikoa irrati eskaintzarik.

8. Abian Media SL, Agrupación Radiofónica SA, Asociación Emplazamientos y Comunicación Nueva Esperanza, Radio Nervión SA, Uniprex SAU eta Radio Blanca SAk aurkeztutako eskaerak ezestea, haiek eginiko irrati eskaintzetako bat bera ere ez baita iristen eskatutako gutxieneko puntuaziora.

9. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita deialdiaren izapideari dagokion fitxan ere, nafarroa.eus helbidean.

10. Foru agindu hau jakinaraztea lehiaketan interesdun diren pertsona fisiko eta juridikoei, eta igortzea Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusira, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Irrati Espektroa Planifikatu eta Kudeatzeko Zuzendariordetza Nagusira eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salara.

11. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 13an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2500765