36. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko otsailaren 5ean hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela, nahitaez desjabetzeko, "Irurita-Elizondo saihesbidea eta NA-8307 errepidea (lehen N-121-B errepidea zena) lotzeko zubia eraikitzeko eta obra osagarriak egiteko proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

Lurralde Kohesiorako kontseilariak abuztuaren 12an emandako 60/2022 Foru Aginduaren bidez, proiektu hau behin-behinekoz onetsi zen: Irurita-Elizondo saihesbidea eta NA-8307 errepidea (lehen N-121-B errepidea zena) lotzeko zubia eraikitzeko eta obra osagarriak egiteko proiektua.

Lurralde Kohesiorako kontseilariak otsailaren 9an eman 16/2024 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen "Irurita-Elizondo saihesbidea eta NA-8307 errepidea (lehen N-121-B errepidea zena) lotzeko zubia eraikitzeko eta obra osagarriak egiteko proiektua", eta haren jendaurreko aldia ebatzi zen, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak jakinarazi duenez, proiektu horren helburua da Elizondora sartzeko adar berria zehaztea, bide berri bat eraikiko baita, Baztanberri plazan dagoenari jarraipena emanez, ibaiaren eskuineko ertzean. Adar horrek Baztan ibaia zeharkatuko du, bao nagusia tipologia mistokoa duen zubi baten bidez. Gero, egungo NA-8307 errepidera iritsiko da, eta biribilgune baten bidez lotuko da harekin. Hala, hiri bideetako trafikoa saihestuko da, eta, ondorioz, bide-segurtasuna hobetuko. Hori dela eta, beharrezkoa da obrei ahalik eta lasterren ekitea. Hala, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, nahitaezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela, nahitaez desjabetzeko, "Irurita-Elizondo saihesbidea eta NA-8307 errepidea (lehen N-121-B errepidea zena) lotzeko zubia eraikitzeko eta obra osagarriak egiteko proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Ukitutako ondasun eta eskubideak eskuratzeko kalkulatu den gastua 211.005,48 eurokoa da. 2025eko gastu-aurrekontuko partida honen kargura izanen da: 220002 22100 6010 453246 partida, "Irurita-Elizondo saihesbidea NA-8307arekin lotzeko zubia" izenekoa.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau jakinaraztea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu-hartzailetza delegatuari.

Iruñean, 2025eko otsailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2501687