Iragarkia
33. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
206C/2024 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Ecología e Inversiones de Construcción Navarras SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Aztertu da Ecología e Inversiones de Construcción Navarras SL enpresaren hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31101552012018), erregistro honetan 2024ko abenduaren 13an sartu zena, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordearen gehiengoak 2024ko azaroaren 27an sinatuta.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Ecología e Inversiones de Construcción Navarras SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31101552012018).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko abenduaren 20an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
ECOLOGÍA E INVERSIONES DE CONSTRUCCIÓN NAVARRAS SL
ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA
1. artikulua. Aldeak zehaztea.
Hitzarmen hau itundu dute, batetik, ECOLOGÍA E INVERSIONES DE CONSTRUCCIÓN NAVARRAS SL (aurrerantzean, EICON) enpresako Zuzendaritzak –Fermín Elizalde Urmeneta jaunak ordezkatuta–, eta bestetik, langileen ordezkari gisa aritu diren Ander Zubía Ollok, Hicham Daamachek eta Mikel Santamaríak, bi alderdiek Langileen Estatutuaren (aurrerantzean, LE) 87.1 artikuluan adierazitako legitimazioa elkarri aitorturik.
2. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmenean jasotako arauak EICONek Landabengo industrialdeko z.g. helbidean duen lantokian aplikatuko dira.
3. artikulua. Pertsona eremua eta eremu funtzionala.
Hitzarmen honek Volkswagen Navarra bezeroaren lantokian ibilgailuetan babesak jartzen lan egiten duten EICONeko langileei eragiten die.
Hitzarmena ez zaie aplikatuko Langileen Estatutuaren 1.3 c) eta 2.1 a) artikuluetan arautzen diren kasuetako batean dauden pertsonei.
4. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.
Hitzarmenak 2024ko azaroaren 27tik 2025eko abenduaren 31ra bitarteko indarraldia izanen duela adostu da.
Negoziazio Batzordea osatzen duten alderdiek besterik gabe salatuko dute hitzarmena 2025eko abenduaren 31n; ordutik hilabeteko epean, negoziazio mahai berria eratu beharko da, hurrengo hitzarmenerako negoziazioak hasteko. Aldeek negoziaziorako egutegi bat eratu beharko dute, eta negoziazio mahaia eratzen denetik gehienez ere hamabost eguneko epean jarri beharko da martxan.
Edonola ere, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluak arautzen duena betetzeko, hitzarmenak indarrean eta aplikagarri jarraituko du harik eta beste hitzarmen batek ordezten duen arte.
5. artikulua. Zuzenbide osagarria.
Langileen eta enpresaren arteko harremanetarako arauak hitzarmen kolektibo honetan ageri direnak izanen dira, lehenik eta lehentasunez.
Hitzarmen honetan arautzen ez diren kasuetan, aparkaleku eta garajeen hitzarmen kolektibo orokorra, Langileen Estatutua eta xedapen orokorrak aplikatuko dira.
6. artikulua. Osotasunarekiko lotura, soldaten irenspena eta konpentsazioa eta ad personam bermea.
Hitzarmenean jasotako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikazio praktikoari dagokionez, osotasunean hartuko dira. Artikuluren bat osorik edo hein batean baliogabetzat jotzen bada, baliogabetutako manuaren erregulazio berria negoziatuko dute aldeek, eta hitzarmenaren gainerakoak erabateko indarra eta balioa izaten jarraituko du.
Soldaten irenspenari eta konpentsazioari dagokienez, Langileen Estatutuaren 26.5 artikuluak arautzen duena beteko da.
Orokorrean eta urteko konputuan hartuta hitzarmen honetan finkatutakoak baino hobeak diren baldintzak errespetatu eginen dira, "ad personam" baldintza gisa, zentzu hertsian.
7. artikulua. Batzorde misto paritarioa.
Hitzarmen hau sinatu duten aldeek erabaki dute batzorde misto paritario bat sortzea hitzarmen kolektibo honetako arauak aplikatu eta interpretatzean sortzen diren auziak erabakitzeko.
Batzorde misto paritarioan 3 kide izanen dira enpresaren aldetik, eta beste 3 langileen aldetik. Beste horrenbeste ordezko ere izendatuko dira, ordezkaritza bakoitzak hautaturik. Bi aldeak lantzekoak diren gaien arabera egokiak iruditzen zaizkien aholkulariek lagunduta joaten ahalko dira bileretara. Aholkulari horiek hitza bai, baina ez dute botorik izanen.
Batzorde misto horrek eginkizun hauek izanen ditu:
a) Hitzarmen kolektibo hau zentzurik zabalenean interpretatzea.
b) Itundutakoa aplikatzea eta betetzen den begiratzea.
c) Langileen Estatutuaren 85.3 e) artikuluan ezarritako gaiez arduratzea.
Batzorde misto paritarioa edozein aldek dei egiten duenean bilduko da. Dei hori idazki baten bidez eginen da, eta lantzekoak diren gaiak zehaztuko dira bertan.
Bi aldeetako edozeinek batzordea biltzeko deia eginik, gehienez ere 15 eguneko epean bildu beharko da. Beharrezkoak diren bileren ondotik, batzordeak erabakia hartuko du 15 eguneko epean, lehen bilera egin zen egunetik hasita.
Bilera bakoitzaren hasieran, bi aldeek adostasunez erabakiko dute nor arituko diren moderatzaile eta idazkari lanetan.
Batzorde mistoan hartzen diren erabakiak akta batean jasoko dira, eta bileran izandako guztiek sinatu behar dute akta hori. Erabakiek balioa izateko, alde bakoitzeko kideen %50 baino gehiago izan beharko da bertan.
Batzorde mistoan erabakirik hartzen ez bada, edozein aldek jartzen ahalko du gatazka hori Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioan ezarritako prozeduraren menpe.
8. artikulua. Gatazkak konpontzea.
Sor daitezkeen desadostasunak eraginkortasunez konpontzearren, adosten da Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioari atxikitzea eta hartan ezarritako prozeduren mende jartzea.
Lanbidearteko akordio horri lotzeak ez die alde negoziatzaileei konpromisorik sorrarazten gatazkak arbitraje lotesle baten mende jartzeko.
II. KAPITULUA.–Lanaren antolaketa eta lanbide-sailkapena
9. artikulua. Lanaren antolaketa.
EICON enpresako zuzendaritzari dagokio lana antolatzea, programatzea eta sailkatzea, lana enpresako sailetan banatzea eta zerbitzuak emateko baldintza orokorrak ezartzea, eta hori guztia hitzarmen kolektibo honek eta indarra duen legedi orokorra betez eginen du.
10. artikulua. Lanbide-sailkapena.
Hitzarmen kolektibo honetan ageri den lanbide-sailkapena adierazpen gisara baizik ez da egiten, eta honako lanbide talde hauetan oinarriturik egituratu da, lehentasunez egiten diren eginkizunak kontuan harturik:
a) Goi mailako langileak eta teknikariak.
b) Ustiapeneko langileak.
Hitzarmen honen esparruko langileak zein lanbide-taldetan izanen diren erabakitzeko, honako faktore hauek aztertuko dira: ezagutzak, esperientzia, ekimena, autonomia, erantzukizuna, agintea eta konplexutasuna.
11. artikulua. Goi mailako langileen eta teknikarien lanbide-taldea eta lanbide-kategoriak.
Goi mailako langileen eta teknikarien lanbide-taldean honako hauek sartzen dira: goi mailako titulazioa, erdi mailakoa edo lan edo lanbide irakaskuntzako ikastetxe homologatuetako diplomatura dutenak, edo, titulaziorik ez izan arren, praktika jarraituaren ondoriozko prestakuntza frogatzen dutenak, baldin eta enpresaren esparruan antolaketaren, ustiapenaren, administrazioaren eta abarren gaineko eginkizunak eta erantzukizunak betetzeko kontratatu badira. Lanbide-kategoria hauek sartzen dira talde horretan:
1) Goi mailako teknikaria: goi mailako eskola tekniko batek edo unibertsitateko fakultate batek emandako titulua edukita, enpresaren barrenean erantzukizun zuzenez bere lanbideari dagozkion eginkizunak betetzen dituen langilea, menpeko langilerik izan ala ez edo zuzendaritza eginkizunak ohikotasunez bete ala ez.
2) Erdi mailako teknikaria: erdi mailako eskola tekniko batek emandako titulua edukita, enpresaren barrenean erantzukizun zuzenez bere lanbideari dagozkion eginkizunak betetzen dituen langilea, menpeko langilerik izan ala ez edo zuzendaritza eginkizunak bete ala ez.
3) Diplomaduna: ofizialki onartu edo homologatutako ikastetxeek emandako diploma edukita (eskola teknikoetan edo unibertsitateko fakultateetan galdatzen diren baldintzak bete beharrik ez duena), enpresaren barrenean diploma horren araberako kontratuaren xede diren eginkizun teknikoak eta berariazkoak betetzen dituen langilea, bere menpe langilerik izan ala ez.
12. artikulua. Ustiapeneko lanbide-taldea eta lanbide-kategoriak.
Ustiapeneko langileen lanbide-taldea osatzen dutenek, goi mailako langileen eta teknikarien zuzendaritza zehatzaren menpe, lantokiko ustiapenari eta funtzionamendu egokiari dagozkion lan eta zereginak egiten dituzte. Beren lanbidearen edo berariazko ezagutzen arabera esleitzen zaizkie lan horiek. Aipamen gisa, lanbide-kategoria hauek sartzen dira ustiapeneko lanbide-taldean:
1) Gainbegiralea-Arduraduna: bere kargupean dagoen langile taldearen koordinazioaz arduratzen da ezarritako helburuak bete daitezen, lan kargak banatzen ditu, bezeroaren kalitate estandarrak, lan prozedurak eta segurtasun eta osasun arauak betetzen direla ziurtatzen du, zuzendaritzako informazioa plantillari ematen dio eta langileen eskaerak zuzendaritzari helarazten dizkio.
2) Furgoneta gidaria: furgoneta gidatzen du langileak jasotzeko, bere esku jarritako ibilgailuaz arduratzen da, gainbegirale lana egiten du hura ez dagoenean eta, zerbitzu beharren arabera, langile eginkizunak egin ditzake. Bere lanbide-kategoriako eginkizunen ezaugarri berak edo antzekoak dituzten beste eginkizun batzuk ere egin ditzake, bezeroak eskatutako produkzio prozesuen aldaketen arabera eta bere arduradunak berariazko jarraibideak emanez gero.
3) Langilea: ibilgailuetan folioak, takoak eta babeserako beste elementu batzuk jartzen ditu, ibilgailuan apaingarriak eta beste osagarri batzuk jartzen ditu, ibilgailuko piezetan eta materialetan akatsik ote den begiratzen du, bukatutako ibilgailuaren kalitate ikuskapenak egiten ditu, eta antzeko ezaugarriak dituzten beste eginkizun batzuk ere egiten ditu, bezeroak eskatutako produkzio prozesuak aldatu edo handituz gero eta bere arduradunak berariazko jarraibideak emanez gero.
13. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.
Langileak beharturik daude enpresaren edo enpresak eskuordetzen duen pertsonaren jarraibideak betetzera, jarraibide horiek antolaketarako eta zuzendaritzarako ohiko ahalmenak erabiliz ematen direnean, eta agintzen zaizkien lanak eta zereginak egin behar dituzte, beren lan prestazioaren eduki orokorraren barnean. Alde horretatik, mugigarritasun funtzionala egiten ahalko da enpresaren barnean, eta horretarako muga bakarra izanen da Langileen Estatutuaren 22. eta 39. artikuluetan xedatutakoa.
Kontuan harturik balioaniztasunak berebiziko garrantzia duela enpresaren jarduerarako eta bezeroaren beharrei erantzuteko, enpresak zilegi izanen du, ohiko eginkizunez gainera, antzeko beste eginkizun batzuk agintzea langileei, bezeroak eskatutako ekoizpen prozesuen aldaketen arabera eta arduradunaren berariazko jarraibideen arabera. Alde horretatik, enpresak zilegi izanen du babesak jartzeko lanak esleitzea edo etorkizunean izaten ahal diren antzeko beste jarduera batzuk esleitzea.
Eginkizunen banaketa erabakiz gero, enpresako zuzendaritzak bermatuko du langileei modu objektibo, homogeneo eta gardenean esleitzen zaizkiela ohikoak ez dituzten lanak, ohikoak ez diren lanak ez daitezen beti langile berberen gain gelditu. Horretarako, lan taldeen arteko txandakako sistema bat prestatuko du, aldeek horretarako sortuko duten batzorde batean aldian-aldian berrikusiko dena.
III. KAPITULUA.–Kontratazioa
14. artikulua. Langile finkoak.
Indarra duten lan-kontratuei egonkortasun handiagoa emateko, bi aldeek erabaki dute mekanismo bat sortzea ekoizpenaren arrazoiengatiko lan-kontratu baten bidez enpresari lotuta dauden langileak plantillako langile finko bihurtu ahal izateko.
Hala, ekoizpenaren arrazoiengatiko lan-kontratuarekin sei hilabete betetzerakoan, ikusten bada kontratazioa eragin zuen aldi baterako beharra behar iraunkorra bihurtu dela, langile horiek plantillako langile finko bihurtuko dira, betiere gainbegiraleen taldeak ontzat jotzen badu langile horien lana.
Horrez gain, kontratazio guztiak enpresak eginen dituela xedatzen da.
15. artikulua. Enplegu bermea.
Ibilgailuetan babesak jartzeko Volkswagen Navarrarekin sinatutako kontratua azkentzen baldin bada eta egoera horrek berekin badakar enpresan lanpostuak amortizatu beharra, lehenbizi, enpresan antzinatasun txikiena duten kontratuei eraginen die.
16. artikulua. Aurreabisua egiteko epea.
Enpresako lana aurrez utzi nahi duten langileek abisatzeko epe hauek errespetatu behar dituzte:
Goi mailako langileen eta teknikarien lanbide-taldea: 2 hilabeteko epea.
Ustiapeneko lanbide-taldea: 7 eguneko epea.
Aldez aurretik abisatzeko epea betetzen ez bada, jakinarazpena atzeratutako egunetan sortutako diru-zenbatekoa galduko da likidazioan.
17. artikulua. Genero diskriminaziorik gabeko kontratazio politikak.
Europar Batasuneko 2000/78 zuzentaraua betetzeko, enpresak aukera-berdintasuna sustatuko du kontratu profesionalak hitzartzean, inolako diskriminaziorik egin gabe. Horretarako, zozketa bidezko sistema bat ezarriko da, non zehaztuko baita zer pertsonak eta zer hurrenkeratan eskuratuko dituzten lanpostuak, betiere bete behar diren lanpostuen premiei erantzuteko irizpide objektiboen arabera. Pertsona horiek lan-poltsa batean sartuko dira, eta hortik aurrera enpresan sartzeko eta ateratzeko hurrenkera langilearen antzinatasunaren arabera erabakiko da.
Hautapen sistema hori, behin langilearen titulazioa zehaztuta, batzordea osatzen duten sindikatu guztiek ikuskatzen ahalko dute. Sindikatuek kontratazio prozesu osoaren berri izanen dute eta horretarako osatzen diren epaimahai eta komisioetan parte hartzen ahalko dute. Enpresak batzordeko sindikatu bakoitzari jakinaraziko dizkio lanean hasteko eskaerak, bai eta lanpostua lortu nahi duten langile guztien titulazioak ere.
Enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak zehaztuko dute enpresako lanpostu bakoitzerako beharko den titulazioa.
Enpresak behar diren erreserbak eta lehentasunak ezarriko ditu kontratazio baldintzetan, halako moduz non, izangaiek titulazio bera izanez gero, lehentasuna izanen baitute kasuan kasuko lanbide-taldean edo lanbide-kategorian errepresentazio txikiena duen sexuko pertsonek, izan ere, azken helburua da gizonen eta emakumeen arteko erlazioa %50ekoa izatea, eta, hala, zozketaren mekanismoa egokituko da helburu hori lortzearren.
IV. KAPITULUA.–Lan denbora
18. artikulua. Enpresan itundutako lanaldia eta barne malgutasuna.
Urteko lanaldia 1.696 ordukoa izanen da 2024an eta 2025ean.
2025eko ekitaldian, urteko lanaldia egun bat murriztuko da (murrizketa hori ez da finkatuko, eta norberaren aukerako egun gisa erabiliko da), eta, beraz, urte horretako lanaldia 1.688 ordukoa izanen da.
Enpresak eskatuz gero, langileek bezero bakarraren beharrei erantzuteko konpromisoa hartzen dute, baita larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ere, presentziari eta ekoizpenari dagokienez, betiere indarra duen legezko araudiak ezarritako gehieneko muga gainditu gabe. Horretarako, behar horiei honela erantzunen zaie, betiere lanaldien arteko gutxieneko atsedenaldia errespetaturik:
–Lehenik goizeko txandako borondatezko langileekin.
–Beharrak langile horiekin betetzen ez badira, arratsaldeko txandako borondatezko langileekin beteko dira.
–Beharrak bi txanda horietako borondatezko langileekin betetzen ez badira, nahitaez beteko dira lehenik goizeko txandako langileekin eta, ondoren, arratsaldeko txandakoekin.
Bi aldeek onartzen dute ezen, hitzarmenak indarra duen bitartean, ordutegiaren barne-malgutasunerako neurri bakarrak artikulu honetan jasotakoak izanen direla.
19. artikulua. Norberaren aukerako egunak.
Langileek norberaren aukerako hiru (3) egun izanen dituzte urteko gehieneko benetako lanaldiaren barnean, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lantokiaren ekoizpen eta antolaketa beharrak direla-eta, enpresako zuzendaritzak zilegi izanen du ukatzea lizentzia hartzea langileak eskatutako egun zehatzean. Kasu horretan, langilearen bigarren eskaera aintzat hartuko du enpresak, baldin eta langileak lizentzia hartzeko eskatutako egunean aurreikusita badago plantillaren %95 egonen dela zerbitzuak egiazki ematen.
20. artikulua. Larunbatetako lana.
Larunbatetan egiten den lanak 1,5 eguneko atsedenaldia sorraraziko du ordainetan. Horrenbestez, laneko egun bat eta erdi libratuko da, larunbatetan egiten den lanegun bakoitzeko.
V. KAPITULUA.–Ordainsariak
21. artikulua.
Hitzarmen honetan atxikitako taulan ezartzen da 2024. urteko langileen urteko oinarrizko soldata zein izanen den lanbide-kategoria bakoitzean.
Adierazitako maila bakoitzerako oinarrizko soldataren urteko zenbatekoa kopuru bereko hileko hamabost ordainsaritan banatuko da.
Langileek erabakitzen ahalko dute aparteko ordainsariak nola kobratu nahi dituzten.
2024rako, "Hitzarmena sinatzeagatiko ordainsaria" izeneko ordainsari ez-finkagarri bat ezarri da jardunean dauden 13 langileentzat, 2024ko urtarriletik hitzarmena sinatu arte jaso gabeko zenbatekoa adinakoa.
22. artikulua. Soldata igoera.
2025ean, Estatuko 2024ko KPIaren araberako soldata-igoera izanen da soldata-kontzeptu guztietan.
23. artikulua. Beste kontzeptu batzuk.
Antzinatasuna: 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, antzinatasun plusa hirurtekoen arabera zenbatuko da, eta oinarrizko soldataren %3koa izanen da. Horrela, jadanik bosturteko bat jasotzen duten langileei zenbateko hori finkatuko zaie, eta lehenengo bosturtekoa bete zuten egunetik aurrera hirurtekoak sortzen hasiko dira.
Era berean, lehen bosturtekoa bete zuten egunetik (edo, bestela, sartu ziren egunetik) hiru urte pasa badira, bigarren bosturtekoa bete arte itxaronen da. Beraz, zenbateko horiek finkatu eginen dira, eta aurrerantzean hirurtekoak sortzen hasiko dira (2. bosturtekoa kobratzen duen langileak ez du 1. hirurtekoa kobratuko).
Gaueko lanaren plusa: 22:00etatik 06:00ak bitarte egiten diren orduak oinarrizko soldataren %25eko igoerarekin sortuko dira.
24. artikulua. Aparteko eskersariak.
"Udako" eta "Gabonetako" aparteko eskersari bakoitzean benetako soldataren hileko bati dagokion zenbatekoa ordainduko da, oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren kontzeptuak hartuta. Udako paga uztailaren lehenengo hamabostaldian ordainduko da, eta Gabonetakoa ordaintzeko azken eguna abenduaren 20a izanen da. Bi eskersariak seihilekotan konputatuko dira: lehena, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era, eta bigarrena, uztailaren 1etik abenduaren 31ra.
Aparteko ordainsari bat ezartzen da, "Martxoko ordainsaria" izenekoa, aurreko urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortuko dena, eta martxoan ordainduko da, abian den urtean indarrean dauden soldaten arabera.
Langile bat enpresan sartzen bada edo bertatik alde egiten badu seihileko horietako bat hasita dagoela, eskubidea izanen du seihilekoan lanean egiazki emaniko denborari dagokion zati proportzionala kobratzeko.
25. artikulua. Hitzarmena edo lan erreforma ez aplikatzea.
Enpresak ez du baliatuko soldatei buruz hitzartutakoa ez aplikatzearen gainean lan arloko araudian ezarrita dagoena, eta ez ditu aplikatu gabe utziko hitzarmenean ezarritako lan baldintzak edo ez ditu lan baldintzak aldatuko aldez aurretik langileen ordezkaritzaren gehiengoarekin akordiorik lortu gabe. Enpresak ez du Langileen Estatutuaren 82.3 eta 41. artikuluetan xedatutakoa baliatuko.
Enpresak ez du Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluan ezarritako kontratuak azkentzeko mekanismoa baliatuko (arrazoi objektiboak direla eta, kontratua azkentzea, justifikatutako absentzien ondorioz).
26. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordutzat joko dira langile bakoitzaren eguneko lanaldiaren gehieneko iraupenaz gain egiten diren lanorduak, bai eta urteko gehieneko lanaldia gainditzen dutenak ere.
Aparteko orduak egiten dituen langileak bi aukera izanen ditu: (i) aparteko ordu bakoitza 1,5 orduko atsedenaldiarekin konpentsatzea ondoko lau hilabeteko epean, edo (ii) diru konpentsazio bat jasotzea, hau da, ordu arruntaren balioa gehi %15.
27. artikulua. Txanden araubidea.
Txandaz aldatzeko araubidera borondatez atxikitzen diren langileek txandakako lanaren plusa, 75 euro gordinekoa, jasotzeko eskubidea izanen dute, txandakako araubide horretara atxikitzen diren hilabetean bakarrik. Enpresak hilero ezarriko du atxiki daitezkeen langileen gehieneko kopurua. Boluntariorik aurkezten ez bada, alderdiek adosten dute enpresako zuzendaritzak eta batzordeak konponbide bat bilatuko dutela presaz, behar horiei erantzun ahal izateko.
Horrez gain, 25 euro gordin ordainduko dira 4 eguneko aurrerapenaz jakinarazten den aste aldaketa bakoitzeko, txanda finkoa duten langileen lana betetzearren, betiere lanaldien artean gutxienez 12 orduko atsedenaldia errespetatuz.
Aldeek hitzartzen dute ezen, txandaren batean borondatez aurkezten diren langileen kopurua desorekatua baldin bada (langile gehiegi edo gutxiegi aurkeztu direlako), boluntarioak beste txandetan banatzen ahalko dituela enpresak, eta, horren ondorioz, inguruabar horren eraginpean dauden langileei esleitutako txanda aldatzen ahalko zaiela aldi baterako.
XI. KAPITULUA.–Gizarte onurak
28. artikulua. Lanerako ezintasunaren osagarria.
Aldi baterako ezintasun egoera legezkoetan, baldin eta Gizarte Segurantzak edo Laneko istripu eta gaixotasun profesionalen Mutuak aitortzen badu prestazio ekonomikoak ordaintzea:
–Kontingentzia profesional eta arruntengatiko aldi baterako ezintasun egoeran daudenei soldata-kontzeptu finkoen %100 ordainduko zaie.
Osagarri hori jasotzeko eskubidea arrazoi hauetakoren batengatik iraungiko da:
a) Alta-agiria jasotzea, arrazoia edozein dela ere.
b) Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 128.1 artikuluan ezarritako gehieneko epea bukatzea.
c) Baja-agiriak, baja berrestekoak eta alta-agiriak ez aurkeztea ezarritako epeetan. Araudiaren arabera, baja-agiria egin eta 3 eguneko epean aurkeztu behar da; alta-agiria, aldiz, 24 orduko epean.
d) Langileak uko egitea enpresako zerbitzu medikoek edo enpresak izendatutako entitatekoek bidezkotzat jotzen duten osasun azterketa egiteari. Lan jarduera begiratzeko eta kontrolatzeko eskubide hau baliatzeko, Langileen Estatutuaren 20. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurretiaz errekerimendua eginen zaio aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langileari, adieraziko zaizkion osasun zerbitzuetan ager dadin. Agertzen ez bada eta bidezko arrazoirik ematen ez badu, galdu eginen du osagarria jasotzeko eskubidea, aldi baterako ezintasun prozesuaren gainerako denbora guztirako, alegia, ez agertze hori gertatzen denetik hasi eta alta-agiria jaso bitartean.
e) Lan kontratua azkentzea.
f) Sendatze prozesua kaltetzen edo eragozten duten jarduerak egitea, bai eta aldi baterako ezintasun egoeran egonik norberaren edo besteren konturako lanak egitea ere. Horrek guztiak ez du alde batera uzten bidezkoak diren diziplina neurriak hartzea.
29. artikulua. Baimenak eta lizentziak.
Langileek urtean 24 orduko baimen ordaindua izanen dute lehen mailako odol-ahaideei prozesu onkologikoetara laguntzeko, bai eta 16 urte baino gutxiago dituzten seme-alabak medikuarenera eramateko ere.
Era berean, gaueko txanda baldin badute eta senitartekoren bat ezkontzen bazaie larunbat goizean, ostiral gauerako baimen ordaindurako eskubidea izanen dute langileek.
Baimen horietaz gozatu ahal izateko beharrezkoa den egiaztagiria aurkeztu behar da.
Eszedentziak. Langile finkoek gutxienez 2 hilabeteko eta gehienez 5 urteko borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute lanpostua gordeta, betiere aurreko eszedentziatik urtebete igaro bada, eta tarte horretan kategoria eta lanpostua mantenduko zaizkie. Lanera itzultzeko, langileak eszedentzia bukatu baino hilabete lehenago jakinarazi beharko dio enpresari. Artikulu honek gaur egungo kontratazio aukerek iraun bitartean balioko du.
30. artikulua. Laneko arropa.
Enpresak urtean bi (2) aldiz emanen die laneko arropa langileei, jarraian adierazten diren egunetan, eta aldi bakoitzean material hau entregatuko da:
a) Martxoaren 31 baino lehen, honako hauek entregatuko dira: i) 2 polo; ii) kirol-jertse bat; iii) galtza pare bat; eta iv) bota pare bat.
b) Ekainaren 30a baino lehen, honako hauek entregatuko dira: i) 2 polo eta ii) galtza pare bat.
Oinetakoak aukeratzeko, Enpresak hiru modelo aurkeztuko dizkio Enpresa Batzordeari, hark hauta dezan langileei eman beharreko modeloa.
Langileek bi aukera izanen dituzte: edo enpresak emandako modeloa aukeratu, edo modelo horren balioa adinako bale bat hartu.
2024. URTEKO SOLDATA TAULAK
GOI MAILAKO LANGILEEN | USTIAPENEKO | URTEKO SOLDATA GORDINA | HILEKOA | GAUEKO LANA | APART. ORDUA | ANTZINATASUNA (HIRURTEKOA) |
GOI MAILAKO TEKNIKARIA | GAINBEGIRALEA | 21.873,90 euro | 1.458,26 euro | 1,520 euro | 13,63 euro | 43,75 euro |
ERDI MAILAKO TEKNIKARIA | GIDARIA | 21.092,50 euro | 1.406,17 euro | 1,420 euro | 13,63 euro | 42,19 euro |
DIPLOMADUNA | LANGILEA | 20.460,28 euro | 1.364,02 euro | 1,420 euro | 13,63 euro | 40,92 euro |
2024an-2023ko KPIa (%3,1). 2025ean-2024ko KPIa. | ||||||
Iragarkiaren kodea: F2418819
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
