32. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Murietako "Zozkuna" kareharri-harrobiko ezpondak egonkortzeari dagokion handitze-proiektua.

1. Canteras y Hormigones VRE SAren eskaera.

Murietako "Zozkuna" kareharri-harrobia, Canteras y Hormigones VRE SA enpresarena, ustiatze-fasean dago, Industria eta Merkataritzako zuzendari nagusiak 2006ko maiatzaren 24an emandako 753/2006 Ebazpenari eta 2006ko martxoaren 23ko 717 Ebazpenaren araberako aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpenari jarraikiz; 717 Ebazpena Ingurumeneko zuzendari nagusiak eman zuen.

Meatzeen Atalaren 2018ko urriaren 5eko Errekerimenduan (Espedientea: SEMSI-SMI-Zozkuna ikuskaritza 2017), 2. puntuko azken apartatuan, zehazten denez, "Dagoeneko badauden azken ezpondei dagokienez, zaila da zerbait egitea; haien xehetasunak aztertzeko ikerketa geotekniko bat egitea eskatzen da, eta hartan oinarrituta ezarriko dira neurri egokiak".

2019ko otsailean, enpresak harrobiaren azterketa geoteknikoa eguneratu zuen, errekerimendu horri erantzunez. Txosten horren arabera (6. apartatua, baldintza teknikoei buruzkoa), "ezponden egungo egoera dela-eta, haiek behin betiko egonkortu eta behin betiko leheneratzeari dagokionez, blokeak erortzeko arriskua ezabatzeko neurri egokientzat jotzen da, batetik, harrobiaren aitzinaldea atzeraematea, ezponden inklinazio-angeluak murrizteko (gehienez ere 50°-ko inklinazioa); eta, bestetik, eror daitezkeen blokeak geldiarazteko adinako zabalera duten bermak egitea. Soluzio hori aurrera eramateko, aitzinalde berri bat egin beharko da, eta, horretarako, materiala mugitu eta ustiategiaren goi-mugetan atzeraeramanguneak egin beharko dira".

Horiek horrela, 2019ko abuztuan, enpresak aldez aurretiko kontsulta batzuk egin zizkion ingurumen-alorreko organo eskudunari, aitzinaldea aldatzeko azterketa horren xehetasun-maila eta edukia ezagutzeko. Horren ondorioz, 2020ko otsailean, ingurumen-organoak irismeneko dokumentu bat argitaratu zuen, zeinean adierazten baita ustiapen-proiektu bat, leheneratze-plan bat eta ingurumen-inpaktuaren azterketa bat egiteko beharra; irismeneko dokumentuari erantzuteko idatzietan jasotako alderdiak barne hartu beharko dira azterketa horretan.

2022ko apirilaren 12an, Canteras y Hormigones VRE SAk ustiategia handitzeko eta moldatzeko proiektua aurkeztu zuen, "Zozkuna" kareharri harrobiko azken ezpondak egonkortzeko, bai eta Murietako ingurumen-inpaktuaren azterketa ere.

2. Jendaurrean jartzeko eta kontsultetarako tramitea.

Proiektua, haren ingurumen-inpaktuaren azterketa eta leheneratze-plana jendaurrean jartzeko aldia ezarri zen, hauek aplikatuz: abenduaren 9ko 21/2013 Legea (Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa) eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua (hizpide dituena erauzketa-industrien hondakinak kudeatzea eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestea eta leheneratzea). Horretarako, iragarkia jarri da 2022ko abuztuaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (171. zk.).

Ez da alegaziorik jaso.

Halaber, kontsultak eskatu zitzaizkien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

Biodibertsitatearen Zerbitzuaren 0003-0226-2022-000013 txostena jaso zen 2022ko azaroaren 7an eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren 0003-OT12-2022-000105 txostena 2022ko irailaren 26an.

3. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.

2022ko azaroaren 14an, Canteras y Hormigones VRE SAri igorri zitzaizkion jasotako txostenak. 2022ko azaroaren 30ean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen enpresak.

Eskaera hori Biodibertsitatearen Zerbitzuari helarazi zitzaion. Halaber, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari bidali zitzaion dokumentazioa, Lurzoru urbanizaezineko jarduerak eta erabilerak baimentzeko.

4. Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 7ko 1034E/2023 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zitzaion Murietako "Zozkuna" kareharri-harrobiko ezpondak egonkortzeko handitze-proiektuari. Ebazpenean baldintza hauek xedatzen dira:

–Erauzte-jarduera ebazpenean adierazten diren ETRS89 UTM koordenatuek mugatzen dute perimetroan.

–Xedatutakoari jarraikiz, harrobiaren mugaren eta "Lokiz mendilerroa" KBEaren artean 10 metroko tarte bat errespetatu behar da ukipenik gabe, eta balizatu egin beharko da.

–Onura publikoko mendiaren okupazioari dagokionez, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak espedientearen ebazpenean xedatutakoa beteko da.

–Ukipen-eremuaren perimetroan aurretiaz egin beharreko zuinketa/balizatze lanetarako eta, beharrezkoa bada, zuhaitzak mozteko, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari deituko zaio (Lizarra iparraldea barrutia).

H) Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena izan behar du proiektuak.

–Harrobia leheneratzeari eta landareztatzeari buruzko beste 5 ohar jaso dira.

–Harrobira kanpoaldeko lurrak garraiatuko balira kontuan hartu beharreko ohar bat egin da.

–Hautsetik babesteko 3 neurri adierazi dira, bete beharrekoak.

Ebazpen hori 2024ko maiatzaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (5. zk.).

5. Lurzoru urbanizaezineko jarduerak eta erabilerak baimentzea.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 14ko 240E/2023 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion Zozkuna meatze-ustiategia handitzeko proiektuari. Kontuan hartu beharreko determinazio tekniko batzuk zehazten dira ebazpen horretan.

6. Espedientearen azterketa teknikoa eta ebazpena proposatzea.

2023ko abenduaren 20an, Meatzeen Atalak kontsulta egin zion Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, zeinak aldeko txostena eman baitzuen 2023ko abenduaren 27an.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu zuen Meatzeen Atalak, eta dagozkion errekerimenduak egin ditu zuzenketak eta azalpen teknikoak eskatzeko.

Espedienteko dokumentazioa egokitzen zaio Meategietako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoari (apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta Jarraibide Tekniko Osagarrietan garatutakoari (VII. kapitulukoak, 1990eko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onetsiak).

Egiaztatu da, gainera, Canteras y Hormigones VRE SAk gordailututa daukan bermea nahikoa dela onesten den eraberritze-plana estaltzeko. KPIaren arabera eguneratu beharko da bost urtean behin.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Canteras y Hormigones VRE SAk aurkeztutako proiektua onestea, Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2023ko abenduaren 7an emandako 1034E/2023 Ebazpenean ezarritako baldintzekin.

2. Aurkeztutako leheneratze-plana onestea, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 7ko 1034E/2023 Ebazpenean adierazitako baldintzekin.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluari jarraikiz (Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legea).

5. Ebazpen hau jakinaraztea Red Eléctrica de España SAUri, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea bukatzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente-kodea adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau Garaioako Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 23an.–Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.

Iragarkiaren kodea: F2501242