32. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2E/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, "Iruñerriaren hornidura Nafarroako Ubidetik" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudiaren testu bateratua eta haren aldaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzen duena.

Nafarroako Gobernuaren 2003ko abenduaren 15eko Erabakiaren bidez, "Iruñerriaren hornidura Nafarroako Ubidetik" izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zen, Iruñerriko Mankomunitateak sustatua. Erabaki hori 2004ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 16koan.

Ondoren, Nafarroako Gobernuaren 2008ko uztailaren 15eko Erabakiaren bidez, "Iruñerriaren hornidura Nafarroako Ubidetik" izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea onetsi zen, Iruñerriko Mankomunitateak sustatua. Erabaki hori 2008ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 27koan.

Horrenbestez, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateratuaren 29.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea "Iruñerriaren hornidura Nafarroako Ubidetik" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudiaren testu bateratua eta haren aldaketa. Ebazpen honi atxikitako eranskinean dago jasota.

2. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Eta udalez gaindiko proiektu sektorialaren espedientearen eta bere araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasiko dira kontatzen, edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 13an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

ERANSKINA.–HIRIGINTZA ARAUDIA

Erabilera bateragarriak defentsa eremuan

Hornidura hodien instalaziorako eta mantentze egokirako defentsa eremua bateragarria izan daiteke lurzoruaren erabilera hauekin:

a) Bertako nekazaritza-laboreak, sustrai txikiko landaketekin, enbor iraunkorrik gabe.

b) Parkeak eta berdeguneak, erraz desmuntatzen diren hiri altzariak dituztenak, eta sustrai txikiko landaketak dituztenak, enbor iraunkorrik gabeak.

c) Defentsa zerrenda zeharkatzen duten hesiak, gehienez ere 2 metroko garaierakoak, eskuz erraz desmuntatzen direnak, eta potentzia ertaineko makinek arin eraisten dituzten egituretan zimendatzen direnak. Hesi horiek ez dute eragotziko hodiaren trazadurara erraz iristea, eta igarotzeko atariak izanen dituzte.

d) Hodiekiko nabarmenki perpendikularra den trazadura duten bideak eta komunikazio bideak, hodiak babesten dituzten egituren gainetik doazenak.

e) Ibai eta erreken kanalizazioak eta desbideratzeak, hodiekiko nabarmenki ortogonala den trazadura dutenak eta hondoa edo ertzak hodien giltzarritik 60 zm gorago, gutxienez, dituztenak.

f) Lurpeko eta aireko zerbitzu publikoen gurutzaketak, hodiekiko nabarmen ortogonala den trazadura dutenak.

Aireko zerbitzuek behar bezalako galiboa izan beharko dute lur naturalen gainean eta sostengu zutabeak edo dorreak kanpoan geratuko dira, defentsa eremutik 2 m-ra, gutxienez.

Hormigoi trinkoz babestuko dira lurpeko zerbitzuak, eta haien behealdea hodien giltzarritik 25 zm gorago, gutxienez, egonen da.

g) Defentsa eremutik hurbilen dagoen eraikuntza ezin izanen da kokatu kanpoko ertzetatik 5 m baino gutxiagora, hau da, azpitarte bakoitzean, defentsa zabalera osoa, eraikuntzari dagokionez, 10 m handituko da.

PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2500507