32. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Ordenantza, lan pertsonala edo auzolana arautzen duena. Behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2024ko azaroaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lan pertsonala edo auzolana arautzen duen udal ordenantza.

Espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkiak argitaratu ondoren 2024ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, eta Udalaren iragarki-taulan. Alegaziorik jarri ez denez, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsita geratzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Arbizun, 2025eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Francisco Javier Razquin Flores.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea "auzolana" deritzon lan pertsonala, obrak eta zerbitzuak egiteko, Arbizuko Udalaren eskumenekoak, udalerriaren alde, nahitaez eta haren truke ordainketarik jaso gabe.

2. artikulua. Oinarria.

Honako hauek arautzen dute ordenantza: hasteko, Arbizun auzolana egiteko dagoen ohitura historikoa, eta ,horretaz gain, egoki denaren arabera, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa (12., 53. eta 54. artikuluak), eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua eta horrekin bat datozenak (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

3. artikulua. Nahitaezkotasuna eta salbuespenak.

–Auzolana egitera beharturik daude:

A) Arbizun erroldatuta daudenak, bertan bizi direnak eta/edo bertako zentsuan daudenak, hemezortzi (18) eta berrogeita hamabost (55) urte bitartekoak, biak barne.

Bizilagunen batek bere burua udal erroldatik kentzen badu auzolana ez egiteko eta herrian bizi dela frogatzen bada, sartuko da auzolanaren ordenantza bete behar dutenen zerrendan.

B) Pertsona bakarrak aritu beharko du familia-unitate bakoitzeko. Honako hau hartzen da "familia-unitatetzat":

–Bikote ezkondu edo egonkor batek osatua, gehi odol-ahaidetasuneko ahaideek, bigarren mailaraino, baldin etxebizitza berean bizi badira; hots, Udaleko Biztanleen Erroldan orri berean agertzen direnek osatzen dutena.

C) Familia-unitateko ordezkariaren ordez beste batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen horren berri aurretik eman behar zaio Udalari, eta parte-hartzaileen zerrendan sartuko du, aseguruarekin egin behar diren komunikazioetarako.

–Auzolana egitetik salbuetsiko dira honako hauek, nahiz eta derrigorrez auzolana egiteko adin tartean egon:

A) Lanerako ezintasun egoeran daudenak, behar bezala frogaturik baja-agirien eta berrespen agirien bidez.

B) Desgaitasun fisikoa, intelektuala edo sentsoriala dutenak. Aldeko txostena beharko da, desgaitasunaren ziurtagiriarekin (%33ko desgaitasuna edo handiagoa).

C) Preso daudenak.

Salbuetsitakoek borondatez egin dezakete auzolana.

4. artikulua. Asegurua.

Toki-erakunde honek bere gain hartuko du istripuen arriskuaren estaldura, lan honetan aritzera behartuta daudenentzat.

5. artikulua. Kudeaketa.

1. Arbizuko Udalak egun batzuk lehenago emanen du auzolanaren berri. Horretarako, bandoa paratuko du iragarki-taulan eta ohartarazpena jarriko du sare sozialetan (Udalaren web-orria, whatsappa, Arbizuko Udalaren bandoa). Orobat, auzolanerako izena eman dutenei esku-orria utziko zaie postontzian.

2. Oro har, larunbatetan eginen da, Txistor Egunean izan ezik.

3. Norberaren ordez beste batek egin dezake auzolana, horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago.

4. Orobat, urtean diru kopuru bat ordainduz libratu daiteke auzolanetik. Udalak osoko bilkuran onetsiko du zenbateko hori. Gaur-gaurkoz, 25 euro da auzolan bakoitzeko. Kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratu daiteke zenbateko hori, eta, borondatezko epean ordaintzen ez bada, betearazpen-bidetik erreklamatu daiteke, %20ko errekarguarekin.

5. Familia-unitate bateko bi lagunek parte hartzen badute auzolan batean, hurrengo auzolanetik salbuetsiko dira.

6. Urte bateko auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

7. Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek zuzenduko du.

8. Bizilagunek Udalari adierazten ahal diote auzolanaren ordez ordaindu eginen dutela.

9. Egindako lanen bidez inor ez da auzolanetik libratuko baldin Udalak ez badio oniritzia ematen.

6. artikulua. Parte-hartzea jendaurrean jartzea.

Auzolanetan parte hartzen dutenak zerrenda batean jarriko dira, eta zerrenda jendaurrean jarriko da.

7. artikulua. Zehapenak.

Indarrean dagoen legeriaren arabera, behartuta egonik eta salbuetsita egon gabe derrigorrezko auzolanen batera joaten ez direnek prestazioaren zenbatekoa ordaindu beharko dute; 25 euro, auzolan bakoitzeko.

Urtero berrikusiko eta zenbatetsiko dira zenbatekoak eta zehapenak, eta bizilagun guztiei emanen zaie horien berri, 5. artikuluan ezarritako bideen bitartez.

XEDAPEN OROKORRAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan xedatu ez den orotan, jarraituko zaio uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatuari.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin betiko onetsi eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2501674