32. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41/2025 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, Eguesibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzea sortzea onesten duena eta Noain Elortzibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzea aldatzen duena.

Mugape eta Planta Judizialari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aurreikusten dira bake-epaitegien idazkaritzen elkartzeak, eta horien eraketa eta funtzionamendua otsailaren 19ko 257/1993 Errege Dekretuan, bake-epaitegietako idazkaritzen elkartzeak arautzen dituen horretan, ezarrita daude, 4. artikuluan, zehazki.

Gai honi buruzko bi lege-xedapen horiek progresiboki aplikatzeak eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Atalak egindako azterketak (azterketa horren ondorioak Justiziako Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuak egindako proposamen-txostenean jaso dira) gomendatzen dute, baliabideak optimizatuz Bake Justiziaren funtzionamendua hobetzeko, zenbait doikuntza egitea Nafarroako Foru Komunitateko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzeen mapan, egungo Noain Elortzibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzea aldatzeko. Horretarako, Uharteko eta Eguesibarko bake-epaitegien idazkaritzak bereiziko dira Noain Elortzibarkotik, eta, bi horiek elkartuta, berri bat osatuko dute, Eguesibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzea, alegia, burua Sarrigurenen duela.

Ebazpen hau egiteko, ordezkaritza handieneko sindikatuei entzun zaie.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ere eman du proiektu honi buruzko txostena, eta Lehendakaritzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako Ministerioak onetsi du Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako plantilla organikoak sortzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Eguesibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzea sortzea, Noain Elortzibarkotik bereizita. Elkartze hori Eguesibarko bake-epaitegiaren idazkaritzak eta Uharteko bake-epaitegiaren idazkaritzak osatuko dute, eta elkartzearen burua Sarrigurenen egonen da (Eguesibar).

2. Aldatzea Noain Elortzibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzea. Elkartze hori Arangurengo, Tebas-Muru Artederretako eta Noain Elortzibarko bake-epaitegien idazkaritzek osatuko dute, eta Noainen du burua.

3. Eguesibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartze horretako Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen plantilla organikoa honako hauek osatzen dute: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoko bi lanpostu –horietako batek kudeatzaile-idazkari eginkizunak ditu–, eta Laguntza Judizialeko kidegoko bi lanpostu.

4. Eguesibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzearen destino-zentroa Sarrigurenen (Eguesibar) eratzea, elkartze horretako zuzenbidezko biztanle gehien dituen udalerria baita.

5. Seihileko plan bat egitea, Eguesibarko bake-epaitegien idazkaritzen elkartzearen eginkizunak betetzeko jarduerak eta lekualdaketak jasoko dituena.

6. Elkartzearen sorrerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean izanen ditu ondorioak eta orduan hasiko da jardunean.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko otsailaren 6an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.

Iragarkiaren kodea: F2501964