Iragarkia
32. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
3/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onartzen baita Olaztin eta Ziordian "Eguibil" eta "Gran Eguibil" emakidak egiteko baterako ustiapen proiektua eta haren leheneratze plana.
1.–Cementos Portland Valderrivas SAren eskaera.
Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren apirilaren 9ko 18/2018 Ebazpenaren bidez, "Eguibil" eta "Gran Eguibil" emakiden lanak "Eguibil" emakidan metatzeko baimena luzatzeko baldintzak aldatu ziren, eta Cementos Portland Valderrivas SAri eskatu zitzaion "Eguibil" eta "Gran Eguibil" bi emakiden ustiapen proiektua aurkezteko eta, horrekin batera, baita ingurumen eraginaren azterketa eta leheneratze plana ere.
Errekerimendu horri erantzunez, 2020ko ekainaren 30ean, Cementos Portland Valderrivas SAk Olaztin eta Ziordian "Eguibil" eta "Gran Eguibil" ustiatzeko baterako proiektua aurkeztu zuen.
Aurkeztutako proiektuaren xedea da Olazti udal mugartean dagoen fabrika zementua egiteko behar den lehengaiaz hornitzen duen tuparri ustiapenari jarraipena ematea. Aldi berean, aitzinaldea eta sarbideak berrantolatzea planteatzen da, bide berriak eraikiz gaur egun dauden zenbait gabezia konpontzeko, segurtasuna hobetze aldera. Horretaz gain, gainazal guztietan garatu beharreko leheneratze lanak birdefinitu dira, bai gaur egun okupatutakoetan, bai proiektatutakoetan.
2.–Jendaurrean jartzeko izapidea eta kontsultak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legea (Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa) eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua (hizpide dituena erauzketa-industrien hondakinak kudeatzea eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestea eta leheneratzea) aplikatuz, proiektua eta haren ingurumen eraginaren azterketa eta leheneratze plana jendaurrean jarri ziren 2021eko otsailaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 34. zenbakian iragarrita.
Alegazio hauek jaso ziren:
ALEGAZIOA | AURKEZPEN EGUNA | |
1 | Olaztiko ehiza barrutia | 2021-03-31 |
2 | Rosa María Igoa Mundiñano | 2021-03-30 |
3 | 45 pertsonak aurkeztutako baterako alegazioa | 2021-03-26 |
Era berean, kontsulten izapidea egin zitzaion Cementos Portland Valderrivas SAren eskaerari, eta horren ondorioz txosten hauek jaso ziren:
KONTSULTATUTAKO ORGANOA | TXOSTENAREN DATA | |
1 | Olaztiko Udala | 2021-03-25 |
2 | Ziordiko Udala | 2021-03-15 |
3 | Biodibertsitatearen Zerbitzua | 2021-04-07 |
4 | Basoen eta Ehizaren Zerbitzua | 2021-04-07 |
- | Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | Ez da jaso |
5 | Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | 2021-05-20 |
Ebazpen honen I. eranskinean alegazio eta txostenen laburpen bat eta horien erantzuna jasotzen da.
2021eko ekainaren 17an, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluari eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuaren 6. artikuluari jarraikiz, jasotako txosten eta alegazioak bidali zitzaizkion Cementos Portland Valderrivas SAri, kontuan har zitzan, hala balegokio, proiektuaren, leheneratze planaren eta ingurumen eraginaren azterketaren bertsio berriaren idazketan.
2021eko azaroaren 4an, Cementos Portland Valderrivas SAk dokumentu gehiago aurkeztu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta hark Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zizkion. 2023ko urtarrilaren 26an, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak egindako errekerimendu bat igorri zitzaion enpresari, agiri osagarriak aurkez zitzan.
2024ko martxoaren 23an, Cementos Portland Valderrivas SAk "Eguibil eta Gran Eguibil harrobia ustiatzeko baterako proiektuaren testu bategina, jendaurrean jartzeko eta kontsultetarako izapideen ondoren" izeneko dokumentua aurkeztu zuen.
3.–Aldeko ingurumen eraginaren adierazpena.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 648E/2024 Ebazpenaren bidez, ustiapen proiekturako ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, zeinak barne hartzen baitzuen leheneratze plana.
Ebazpen horretan, proiektuaren ingurumeneragin esanguratsuenen analisia egiten da; honela sailkatzen dira:
1. Natura 2000 Sarearen gaineko eragina.
2. Landarediaren gaineko eragina.
3. Faunaren gaineko eragina.
4. Paisaiaren gaineko eragina.
5. Kontuan hartu beharreko beste zenbait alderdi.
Era berean, ingurumen eraginaren adierazpenak bete beharreko zenbait baldintza jasotzen ditu. Honela laburbiltzen ahal dira:
1. Proiektuaren mugak.
2. Leheneratze planari dagozkion neurriak.
3. Natura 2000 Sareko neurri osagarriak.
4. Onura publikoko mendia.
5. Eraginpeko eremuaren eta moztu beharreko zuhaitzen perimetroa zuinkatzeko/balizatzeko aurretiko lanak.
6. Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena izan behar du: "Proiektuak Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena behar du, aztarnategi arkeologikorik ez dela ukituko azaltzen duena".
7. Atmosferara egindako emisioak, hondakinak eta zaratak kontrolatu eta zuzentzeko neurriak.
648E/2024 Ebazpena, abuztuaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, 2024ko abuztuaren 29ako Aldizkari Ofizialaren 176. zenbakian argitaratu zen, eta haren eduki osoa kontsultatzen ahal da hor.
4.–Espedientearen azterketa teknikoa eta ebazpen proposamena.
2024ko uztailaren 4an, Meategien Atalak errekerimendu tekniko bat egin zion enpresari, eta hark 2024ko irailaren 30ean eman zion erantzuna.
Meategien Atalak espedientean jasotako dokumentuak aztertu ditu. Proiektua egokitzen zaio Meategietako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoari (apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta Jarraibide Tekniko Osagarrietan garatutakoari (VII. kapitulukoak, 1990eko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onetsiak).
Gainera, egiaztatu da Cementos Portland Valderrivas SAk dagoeneko jarri duen bermea onartzen den leheneratze plana estaltzeko behar adinakoa dela.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik eta aintzat hartuta 22/1973 Legea, uztailaren 21ekoa, Meategiei buruzkoa eta 975/2009 Errege Dekretua, ekainaren 12koa, hizpide dituena erauzketa-industrien hondakinak kudeatzea eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestea eta leheneratzea, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ondorioztatu du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta aurkeztutako ustiapen proiektua eta haren leheneratze plana onartzea erabaki du.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Cementos Portland Valderrivas SAk "Eguibil" eta "Gran Eguibil" emakidak egiteko baterako ustiapen proiektua onartzea, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 648E/2024 Ebazpenean ezarritako baldintzekin.
Zehazki, ingurumen eraginaren adierazpenaren seigarren baldintzan eskatzen den moduan, obrak egiten hasi aurretik nahitaezkoa izanen da Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena izatea.
2. Aurkeztutako leheneratze plana onestea, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 648E/2024 Ebazpenean adierazitako baldintzekin.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen honen eta bere I. eranskinaren berri ematea Cementos Portland Valderrivas SAri, Olaztiko ehiza barrutiari, Rosa María Igoa Mundiñanori eta alegazioak egin dituzten gainerako pertsonei —jakinarazpenak jasotzeko helbidea: Olaztiko (31809) Kale Nagusiko 57 zenbakiko 1.B—, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea bukatzen, eta haren kontra jartzen ahal dela gora jotzeko errekurtsoa, zuzenduko baitzaio Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan adierazi beharko da espediente zenbakia.
6. Ebazpen honen eta bere I. eranskinaren berri ematea Olaztiko eta Ziordiko udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta aditzera ematea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hargatik eragotzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 23an.–Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
I. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIO ETA TXOSTENAK
Jasotako alegazio eta txostenei erantzun aurretik, argitu behar da jendaurreko informazioaren prozedura egin dela, abenduaren 9ko 21/2013 Legea (ingurumen-ebaluazioari buruzkoa) eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua (hizpide dituena erauzketa-industrien hondakinak kudeatzea eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestea eta leheneratzea) aplikatuz.
Horrez gain, aipatu behar da ingurumen eraginaren azterketaren edukiarekin eta ingurumenaren kalteekin lotutako gaiak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 648E/2024 Ebazpenaren bidez egindako ingurumen eraginaren adierazpenaren esparruan aztertu eta ebatzi direla.
Testuinguru horretan, ondoren erantzunen zaie jasotako alegazio eta txostenei.
1. alegazioa. Olaztiko ehiza barrutia
Alegazioan jakinarazten da usoa ehizatzeko zazpi parada daudela.
Erantzuna:
Ulertzen da proiektuaren eraginpeko uso ehizategien bi paradak kontserbatzea ez dela bateragarria proiektua gauzatzearekin. Alabaina, uste da proiektua bateragarria dela harrobiaren hurbileko ingurunean ehiza egiten jarraitzearekin, orain arten egin den moduan.
Azpimarratu behar da, leheneratzean eta tokiko jarduera bertan behera geratzean, leheneratze planak proposatzen duela baso lurra berreskuratzea jardueraren eraginpeko eremu guztietan, zeinaren bukaerako topografiak 34º-tik gorako malda baitu (3H/2V), eta bide nagusia basoko pista gisa mantentzea (3. pista berria), hark eramaten baitu usoa ehizatzeko paradetara eta proiektuaren eraginpeko azalera osora eta ingurukora.
2. alegazioa. Rosa María Igoa Mundiñano.
Alegazioak bost gai jorratzen ditu:
–Lehenengoa. Lehergailuen eraginez ur-irteera bat irekitzen ahal denez istripu larria izateko arriskua dagoela eta enpresari horri buruzko azterlan bat eskatzeko eskaera egin du.
–Bigarrena. Adierazi du Olaztiko Udalak oker izapidetu dituela herri-lurren inguruko jardueraren garapenerako enpresarekin egindako akordioak.
–Hirugarrena. Adierazi du kasu honetan ingurumeneko baimen integratuaren prozedura izapidetu behar dela.
–Laugarrena. Adierazi du proiektuaren informazioaren arabera jardueraren okupazioak gainditu egiten dituela herri-lurren okupazioari buruz indarrean dauden akordioak.
–Bosgarrena. Honako hauek aipatzen ditu: 186. eta 192. orrialdeak; Espainiako Iparraldeko Meatze Ingeniarien Elkargo Ofizialaren oniritzia; aurrekontua prestatu duen teknikaria; eta MKR ingeniaritza enpresaren aurreproiektua.
Erantzuna:
–Lehenengoa: Gaian eskumena daukan organoak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, 2024ko maiatzaren 19ko txostenean, hau adierazi zuen: "Ingurumenaren ikuspegitik, eta ingurune hidrikoan izaten ahal diren kalteekin lotuta (...), oro har, egokitzat jotzen da ingurumen eraginaren azterketa, baldin eta horretan jasotzen diren prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak betetzen badira, eta burura eramaten badira proiektatutako jarduketak bere eremuko ur-ingurunean eta lotutako landaredian eta faunan eragiten ahal dituen ukipenen ondorioak ahalik eta gehien murrizteko beharrezkoak diren neurri guztiak, inguru horren dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen eraldatuko bermatuz eta lur gaineko nahiz azpiko uren kalitatea une oro zainduz".
–Bigarrena: Alegazioa egin duenak adierazi duenez, "Cementos Portland Valderrivas enpresak, gaur egun, zementua fabrikatzeko jardueraren barruan bere erauzketa jarduera egiten jarraitu nahi duen lurrak ez dauzka legez alokatuta Olaztin".
Gogorarazten da abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretu bidez onartutako Meategiaren Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluak hau esaten duela: "3 Meatokiak eta baliabide geologikoak aztertu, ikertu, aprobetxatu edo ustiatzeko baimena edo emakida ematean, ulertzen da ez zaiola kalterik eragiten ezein hirugarreni, eta nahitaezkoa da legeen arabera beharrezkoak diren gainerako baimen eta emakidak lortzea".
–Hirugarrena: 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duenak, hau dio bere 9. artikuluan: "Ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein egiten den instalazioak ustiatzeko". I. Eranskina aztertu ondoren, Eguibil eta Gran Eguibil meatze emakidak ustiatzeko baterako proiektu ebaluatua ez dago jasota eranskin horretan aipatutako jardueren artean eta, beraz, ez du behar ingurumen baimen integratua.
–Laugarrena: Hemen, alegazioa jarri duenak zalantzan jartzen ditu Udalak alokatutako azalerari dagokionez proiektuan ezarri diren metro koadroak. Horri buruz, gogorarazi behar da, bigarren alegazioan erantzun denaz gain, ustiatzeko emakida bat duen titularrak eskubide hauek dituela, Meategiei buruzko 22/1973 Legearen 105.1 artikuluan ezarritakoaren arabera: "Ustiapen emakida baten legezko titularrak eta behin betiko erreserba-eremu baten esleipendunak eskubidea izanen dute lanak, instalazioak eta zerbitzuak kokatzeko beharrezkoak diren lurrak nahitaez desjabetzeko edo aldi baterako okupatzeko". Beraz, herri-lur horien jabearekin akordio batera iritsi ezean, beti izanen du aukera lursail horiek aldi baterako okupatzeko.
Nolanahi ere, jendaurrean jarri ondoren, proiektuak eraginpeko azalera gutxitu du: Proiektuan jasotako azalera 835.020,22 m²-koa da, eta horietatik 594.152,27 m² okupatzen ditu gaur egungo harrobiak. Gainerako 131.557,91 m²-ak dira okupazio berriaren xede (%22). Azalera horri sarbide berriek okupatutako lurrak gehitu behar zaizkio, 109.309,84 m², guztira.
–Bosgarrena: Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak behar bestekotzat jo du argitaratutako dokumentazioa, ustiapenaren proiektua, leheneratze plana eta ingurumen eraginaren azterketa ebaluatzeari eta informazioa jendaurrean jartzeko prozeduraren xedeak betetzeari begira.
Jendaurrean jarritako dokumentuaren 186.-192. orrialdeei dagokienez (205.-211. orrialdeak, PDFan), argitu behar da jendaurrean jarritako ustiapen proiektua argudiatu eta idazteko erabili diren dokumentu tekniko zehatzak eta aurretiko azterketak direla.
Hala ere, dokumentazio guztia dago jendearentzat eskuragarri:
–"Harrobiko euri uren tratamenduaren azterketa" jendaurrean jarritako dokumentuaren barruan dago, PDF dokumentuaren 240.-345. orrialdeetan.
–Gauza bera gertatzen da "Harrobiaren ingurunearekin lotutako intereseko faunaren azterketa" dokumentuarekin, zeina 346.-378. orrialdeetan baitago.
–162. orrialdean (175. orrialdea PDFan), Nafarroako Gobernuaren Arkeologia eta Ondarea Atalari aurretiaz egindako kontsultaren edukiaren berri ematen du enpresak.
–Azterketa geoteknikoari dagokionez, 78. orrialdean (79. orrialdea PDFan) hau esaten da: "Ustiapen lanak ahalik eta segurtasun handienaz egiteko, sustatzaileak azterketa geoteknikoak, teorikoak eta praktikoak egin ditu tokian bertan, eta horien emaitzek "Eguibil" ustiategiko lanen diseinuan eta garapenean eragin dute. Eraginari buruzko azterketa honetan testu horiek laburtzen dira".
Tuparria ustiatzea da proiektuaren xede. Beraz, proiektua diseinatzen eta prestatzen parte hartu duten teknikariak alde batera utzita, eta proiekturako gaian kualifikatutako teknikariek prestatutako azterketa espezifikoak gorabehera, jarduketaren xede den proiektua prestakuntza egokia duen teknikari arduradun batek sinatu du; hain zuzen, meatzeen ingeniaritzako prestakuntza du.
3. alegazioa. 45 pertsonak aurkeztutako baterako alegazioa.
Aurkeztutako proiektua egiteko baimena ukatzea eskatzen dute. Laburbilduz, alegatzen dute pandemiagatik ez dela partaidetza publikorik egon, proiektuak ingurumenean kalteak eragiten dituela, eta kalteak gerta daitezkeela (pitzadurak etxebizitzetan, besteak beste) leherketengatik, baita hautsa eta partikula esekiak agertu ere materialak iraultzearen ondorioz.
Erantzuna:
Ustiapen proiektua, leheneratze plana eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jarri dira 30 egun baliodunez, 2021eko otsailaren 12ko 34. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta. Agiriak jendearentzat eskuragarri egon ziren 2021eko otsailaren 1etik aurrera, Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean.
Proiektuak eragiten ahal dituen eraginekin lotutako gaiak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 648E/2024 Ebazpenaren bidez egindako ingurumen eraginaren adierazpenaren esparruan aztertu eta ebatzi dira.
Beste kalte batzuekin lotuta, proiektuak ahal duen neurrian identifikatu, deskribatu, ebaluatu eta baloratu ditu proiektuak tokiko ingurune sozioekonomiko eta soziokulturalean izaten ahal dituen eragin kaltegarriak eta onuragarriak, eta berariaz aipatzen ditu hautsaren, zarataren eta bibrazioen ondorioz alegazioan zehaztu direnak.
Nolanahi ere, eginen diren leherketak leherketei buruzko proiektu batean jaso beharko dira, eta proiektu horrek barne hartu beharko ditu bibrazioei buruz hartu beharreko kontrol neurriak eta ustiategiaren hurbileko eraikinei kalterik ez eragiteko gainditu behar ez diren balioak.
1. txostena. Olaztiko Udala.
Olaztiko udalak txosten bat egin du, alegazio hauek egiteko:
–Lehenengoa: Baimenaren izapidea eta araubidea zalantzan jartzen ditu.
–Bigarrena: Ingurumen eraginaren azterketaren edukiari buruzko zenbait kontsiderazio azaldu ditu.
–Hirugarrena: Isurketa baldintzekin lotutako beste kontsiderazio batzuk.
Erantzuna:
–Lehenengoa: Espedientea aplikatzekoa den sektoreko araudiaren arabera izapidetu da eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin zaio, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ingurumen ebaluazioari buruzkoak eskatzen duenari jarraikiz.
Gogorarazten da abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretu bidez onartutako Meategiaren Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluak hau esaten duela: "3 Meatokiak eta baliabide geologikoak aztertu, ikertu, aprobetxatu edo ustiatzeko baimena edo emakida ematean, ulertzen da ez zaiola kalterik eragiten ezein hirugarreni, eta nahitaezkoa da legeen arabera beharrezkoak diren gainerako baimen eta emakidak lortzea".
–Bigarrena: Ingurumen eraginaren azterketaren edukiarekin eta ingurumenaren kalteekin lotutako gaiak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 648E/2024 Ebazpenaren bidez egindako ingurumen eraginaren adierazpenaren esparruan aztertu eta ebatzi dira.
Jendaurrean jarritako dokumentazio teknikoarekin lotuta, aipatu behar da Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak behar bestekotzat jo duela argitaratutako dokumentazioa, ustiapenaren proiektua, leheneratze plana eta ingurumen eraginaren azterketa ebaluatzeari eta informazioa jendaurrean jartzeko prozeduraren xedeak betetzeari begira.
–Hirugarrena: Ur isurketen baldintzei dagokienez, gaian eskumena duen organoak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, enpresak aurkeztutako dokumentazioari buruzko txostena egin zuen 2021eko maiatzaren 19an, eta zera adierazi zuen: "Ingurumenaren ikuspegitik, eta ingurune hidrikoan izaten ahal diren kalteekin lotuta (...), oro har, egokitzat jotzen da ingurumen eraginaren azterketa, baldin eta horretan jasotzen diren prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak betetzen badira, eta burura eramaten badira proiektatutako jarduketak bere eremuko ur-ingurunean eta lotutako landaredian eta faunan eragiten ahal dituen ukipenen ondorioak ahalik eta gehien murrizteko beharrezkoak diren neurri guztiak, inguru horren dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen eraldatuko bermatuz eta lur gaineko nahiz azpiko uren kalitatea une oro zainduz".
Gogorarazten da, gainera, abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretu bidez onartutako Meategiaren Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluak hau esaten duela: "3 Meatokiak eta baliabide geologikoak aztertu, ikertu, aprobetxatu edo ustiatzeko baimena edo emakida ematean, ulertzen da ez zaiola kalterik eragiten ezein hirugarreni, eta nahitaezkoa da legeen arabera beharrezkoak diren gainerako baimen eta emakidak lortzea".
Nolanahi ere, enpresak adierazi du isurketarako baimena duela, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emana, eta 2017-S-695 dela haren erreferentziazko espedientea, SitEbro gunean kontsultatzen ahal den moduan.
2. txostena. Ziordiko Udala.
Ziordiko Udalak txosten bat egin du, alegazio hauek egiteko:
–Lehenengoa: "Eguibil" eta "Gran Eguibil" meatze emakidak ustiatzeko proiektuaren ingurumen eraginaren izapidean, laburpen memoriari egindako kontsulta aldian proiektuaren aurka agertu zirela eta kontsiderazio batzuk egin zituztela aipatu du, eta Ziordiko Udalaren osoko bilkuraren 2019ko martxoaren 1eko erabakia berretsi du.
–Bigarrena: Ingurumen balioei eta Ziordiko udalerria ordaintzen ari den zamari buruzkoa.
–Hirugarrena: Baimenaren izapideari eta araubideari buruzkoa.
–Laugarrena: Ustiapen eremuari buruzkoa da, eta Ziordiko 1. poligonoko 225 katastro partzela aipatzen du.
–Bosgarrena: Ustiapen proiektuari buruzkoa da, eta aipatzen du beharrezkoa dela ustiapen proiektuari, leheneratze planari eta ingurumen eraginaren azterketari gehitzea 1. poligonoko 225 partzelan egin beharreko 3. pista eta bermetarako sarbideak.
–Seigarrena: Leheneratze planari buruzkoa.
–Zazpigarrena: Ingurumen eraginaren azterketari buruzkoa.
–Zortzigarrena: Ingurumen zaintzako planari buruzkoa.
–Bederatzigarrena: Ondorioak.
Erantzuna:
–Lehenengoa, bigarrena, zazpigarrena eta zortzigarrena: Ingurumen eraginaren azterketaren edukiarekin eta ingurumenaren kalteekin lotutako gaiak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 648E/2024 Ebazpenaren bidez egindako ingurumen eraginaren adierazpenaren esparruan aztertu eta ebatzi dira. Ingurumen ebaluazioak jarduketa guztia aztertu du, bereziki sarbideak eta pistak, eta eragin guztiak ebaluatu ditu, udal mugarte batean edo bestean dauden gorabehera.
–Hirugarrena: Olaztiko Udalaren lehenengo alegazioari emandako erantzunera bideratzen da.
–Laugarrena eta bosgarrena: Dokumentazio teknikoan bereizita deskribatzen da okupatutako azalera bakoitza eta jarduerak azalera horiek nola erabiliko dituen. Dokumentazioan jasota dago Ziordiko eraikin berriaren sarbidearen araudi eta harrobiak nola erabiliko dituen bide berriak, baita mendiaren berezko beste erabilera batzuk ere, bideen inguruko lurren aprobetxamendua uztartu eta mantentze aldera eta, ondorioz, eremu horretako basoen eta erabilera publikoaren gaur egungo erabilera mantentzeko. Testuinguru horretan, onartutako baterako ustiapen proiektuak barne hartzen ditu 3. pista egiteari dagozkion ekintzak, bai eta horretarako erabiliko diren materialen bolumenak ere.
Onura publikoko mendian izandako eraginei dagokienez, enpresak behar bezala bete beharko du ingurumen eraginaren adierazpenean jasotakoa, zeinak Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legera eta Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretura jotzen baitu.
Azkenik, gogorarazi behar da abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretu bidez onartutako Meategiaren Araubiderako Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluak hau esaten duela: "3 Meatokiak eta baliabide geologikoak aztertu, ikertu, aprobetxatu edo ustiatzeko baimena edo emakida ematean, ulertzen da ez zaiola kalterik eragiten ezein hirugarreni, eta nahitaezkoa da legeen arabera beharrezkoak diren gainerako baimen eta emakidak lortzea".
–Seigarrena: Leheneratze planak barne hartzen ditu baterako ustiapen proiektuan jasotako jarduketen leheneratzea gauzatzeko ekintza guztiak, baita pistei eta sarbideei buruzkoak ere.
3. txostena. Biodibertsitatearen Zerbitzua.
Ingurumen Eraginaren Atalak txosten bat egin zuen 2021eko apirilaren 7an, espediente zenbaki honekin: 0003-0226-2021-000001.
4. txostena. Basoen eta Ehizaren Zerbitzua.
Oihanak Kudeatzeko Atalak txosten bat egin zuen 2021eko apirilaren 7an, espediente zenbaki honekin: 0003-0226-2021-000001.
5. txostena. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2021-GM-75 (SMI-3212y3215) txostena egin zuen 2021eko maiatzaren 19an.
Txosten horren arabera, ingurumenaren ikuspegitik, eta ingurune hidrikoan izaten ahal diren kalteekin lotuta "oro har, egokitzat jotzen da ingurumen eraginaren azterketa, baldin eta horretan jasotzen diren prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak betetzen badira, eta burura eramaten badira proiektatutako jarduketak bere eremuko ur-ingurunean eta lotutako landaredian eta faunan eragiten ahal dituen ukipenen ondorioak ahalik eta gehien murrizteko beharrezkoak diren neurri guztiak, inguru horren dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen eraldatuko bermatuz eta lur gaineko nahiz azpiko uren kalitatea une oro zainduz. Horrez gain, une oro bermatu beharko da ustiapenak ez direla maila freatikoa baino beherago joanen; hala, akuiferoei erasatea saihestuko da".
Eranskinean, sustatzaileak kontuan hartu beharreko ohar batzuk jaso dira, etorkizuneko ekintza batzuen eta arroko erakunde horrekin egin beharreko izapide batzuen inguruan.
Iragarkiaren kodea: F2501263
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
