2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA
Euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Jendaurrean jartzen da Erronkaribarren euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin. Ordenantza hori behin betiko onetsi zen, haren kontra ez baitzen jaso ez erreklamaziorik ez alegaziorik, hasierako onespena 2024ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 1ekoan, argitaratu ondoren. Hori dena, jarraikiz apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 49. artikuluak agindutakoari (lege horren bidez aldatu zen Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea).
Erronkarin, 2024ko azaroaren 20an.–Batzordeko burua, José Javier Echandi Sarriés.
EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Erronkariko Ibaxaren Batzordeak, Euskara Batzordearen bidez, diru-laguntzak emanen ditu euskara ikasteko, oinarri hauen arabera:
1. oinarria.–Xedea.
1.1. Laguntzen xedea da euskara ikasteak sortzen dituen gastuak, neurri batean, finantzatzea.
1.2. Erronkariko Ibaxaren Batzordeak urtero eginen du laguntzen deialdia, bando bidez.
2. oinarria.–Baldintzak.
2.1. Eskatzaileak.
Euskara ikasteko laguntza eska dezakete baldintza hauek betetzen dituztenek:
a) 16 urte baino gehiago izatea.
b) Ibarreko herriren batean erroldaturik egotea eskaera aurkeztu baino 9 hilabete lehenagotik gutxienez, eta, zer ikastarotarako eskatzen den laguntza, harexek dirauen bitartean.
c) Klaseetara joatea %80 baino gehiagotan.
Ezin dituzte laguntzak jaso administrazio publikoren bateko langileak izanik, euskalduntze plan bereziren batean sartuak dauden Ibarreko bizilagunek.
2.2. Ikastaroak.
Diruz lagunduko dira ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, autoikasketa etab., aurreko urteko uztailetik deialdiaren hila arte egindakoak.
Eskatzaileek bitan baizik ezin izanen dute jaso maila bereko ikastaroa egiteko laguntza. Hau da, bigarrenez jasotzen ahalko da laguntza aurretik diruz lagunduriko maila bera egiteko, baldin frogatzen badute eskola orduen %80an gutxienez parte hartu izana.
3. oinarria.–Deialdia eta eskaerak.
Interesdunek Erronkariko Ibaxaren Batzordeko Idazkaritzan aurkeztu beharko dituzte eskaerak, bandoan ezarritako epean.
Epe hori ezin izanen da luzatu eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.
4. oinarria.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Laguntzaren eskaera-orria. Eredua Euskara Zerbitzuan eska eta/edo bete daiteke.
b) Erroldatze-ziurtagiria.
c) Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak azalduko ditu: iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua.
d) Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), matrikularen %100 ordaindua dagoela dioena.
e) Banku-kontuko zenbakia, bertan diru-laguntza ordaintzeko.
Agiri guztiak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izanen dira.
Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
5. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.
5.1. Laguntza izanen da matrikularen zenbatekoaren %50.
5.2. Nolanahi ere, ikasleak ez du 350 euroko laguntza baino handiagoa eskuratuko deialdi bakoitzean, edozein dela egindako ikastaroen kopurua.
5.3. Dirulaguntzen zenbateko osoa handiagoa bada aurrekontuan deialdirako erreserbatu den diru kopurua baino, azken hori hainbanatu eginen da deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean.
5.4. Laguntza honek, eta beste batzuek (baldin badaude), ez dute inoiz eginen matrikularen zenbatekoaren %100 baino gehiago, eta emandako zenbatekoa ehuneko hori baino handiagoa bada, hainbanatu eginen da.
5.5. Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak.
6. oinarria.–Ebazpena, jakinarazpena eta ordainketa.
6.1. Eskatzaileak diru-laguntzaren %100 jasoko du Euskara Zerbitzuak eta Euskara Batzordeak aldeko txostena ematen dutenean, eta batzordeburuak ebazpena.
6.2. Ebazpena (ebazpen horretan emanen da behin-behineko banaketa) 15 egunean gehienez emanen da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.
6.3. Behin-behineko banaketa argitaratuta, interesdunek 10 eguneko epea izanen dute, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, erreklamazioak egiteko edo aurkeztutako agiriak zuzentzeko. Epe hori bukaturik, Erronkariko Ibaxaren Batzordeak argitara emanen du behin betiko banaketaren ebazpena, 15 eguneko epean. Erreklamaziorik edo zuzenketarik ez bada, behin-behineko banaketaren ebazpena behin betikoa bilakatuko da, eta ez da beharrezkoa izanen beste ebazpen bat argitaratzea.
6.4. Emandako bekei buruzko ebazpena Erronkariko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan argitaratuko da, eta Euskara Zerbitzuan aztertu ahalko da.
6.5. Onartutako zenbatekoaren ordainketa gehienez ere hilabeteko epean eginen da, dirulaguntzak ebatzi eta biharamunetik hasita.
6.6. Erronkariko Ibaxaren Batzordean diru-laguntzaren onuradunaren ez ordaintzeren bat agertzen bada, horren zenbatekoa kenduko zaio jaso beharrekoari.
6.7. Ebazpen horrek amaiera emanen dio administrazio bideari, eta horren kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da:
Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
7. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.
Eskatzaileak ondorengo betebeharrak izanen ditu:
a) Erronkariko Ibaxaren Batzordeari nahitaez jakinarazi beharko zaizkio diruz lagundutako ikastaroen garapenean izandako aldaketa garrantzizkoak.
b) Ebaluatzaileei lana erraztea.
c) Diruz lagundutako ikastaroek beste organismoren batetik ere dirurik jasoz gero, Erronkariko Ibaxaren Batzordeari berehala jakinarazi beharko zaio.
Xedapen gehigarria.–Indarra hartzea.
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean.
Azken xedapena.
Ordenantza honen onespena lotuko zaio uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 eta 325.2 artikuluetan ezarritako prozedurari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Herritarrek aldez aurretik parte hartuko dute, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Foru Legea).
Iragarkiaren kodea: L2500173