31. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Ordenantza fiskala, arautzen dituena lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren aukerako hobariak. Behin betiko onespena

Udalak, 2024ko urriaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordenantza fiskala, arautzen dituena Valtierrako Udalaren lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren aukerako hobariak. Ordenantza hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratzen denean jarriko da indarrean.

Erabaki hori 2024ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 29an, baita Udalaren iragarki-taulan paratu ere, eta espedientea 30 egun baliodunean egon da jendaurrean. Hori guztia, bete daitezen uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluko manuak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko foru legea).

Legez ezarritako jendaurreko epea iragan denez inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako manuak betez, argitara ematen da behin betikoz onetsitako ordenantza.

Valtierran, 2025eko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN AUKERAKO HOBARIAK

1. artikulua. Izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga da zuzeneko tributu erreal bat, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari, zehazki II. tituluko II. kapituluko 133 etik 158.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea). Ordenantza honetan arautzen da aipatu foru legearen 140.4 artikuluan ezarritako aukerako hobaria.

2. artikulua. Karga-tasa eta errekargua.

Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako, eta Udalak ekitaldi bakoitzerako onesten duena izanen da, bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin (Toki Ogasunei buruzko foru legea).

3. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.

Zergaren kuotaren %50 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari. Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa:

5.000 eurotik beherako per capita errenta

%50

5.001 eta 8.000 euro bitarteko per capita errenta

%40

8.001 eta 10.000 euro bitarteko per capita errenta

%30

10.001 eta 15.000 euro bitarteko per capita errenta

%20

15.001 eta 20.000 euro bitarteko per capita errenta

%15

Per capita errenta denean 20.001 eurotik gorakoa eta lanbide arteko gutxieneko soldataren halako laura artekoa edo hortik beheitikoa

%10

Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZ –pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren– egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz.

Hobari hori, betiere eskatuz gero, zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak betetzen badira, eta eskaera egiten bada ondorioak izan behar dituen zergaldiaren lehen hiruhilekoan.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

Etxebizitzarako hobaria familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskaera sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa. Eskabidea aurkeztu beharko da ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barnean.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, guraso bakarreko familia baten titularra edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularra.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bertzela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

d) Udalari baimena ematea eskaera administrazio eskudunetan (Ogasuna eta Gizarte Zerbitzuak) izapidetzeko behar diren datuak kontsultatu ahal izateko.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du onartutako hobariaren eskubidea galtzea familia ugariarendako, eta zergaren kuota erregularizatu eginen da ekitaldi horretarako. Higiezin berrirako, ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen eskatu beharko da hobaria. Uneko urteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztutako eskabidea.

Behin hobari fiskala emanda, indarrean izanen da uneko ekitaldirako, eta urtero eskatu beharko da berritzeko, ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barnean.

Betiere, Udalak agiri bidezko justifikazioa eskatzen ahalko dio onuradunari, hobaria izateko eskubidea egiaztatze aldera.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2500274