31. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAZTI

Ordenantza fiskala, arautzen duena etxebizitza hutsen gaineko zerga. Behin betiko onespena

Olaztiko Udalak, 2024ko urriaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala". Hasierako onespenaren iragarkia argitara eman zen 2024ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 19an.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin, zehazki, 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da honako arau hauek babes harturik: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, zehazki II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da udal-mugartean diren etxebizitzen titulartasuna, Etxe Hutsen Erregistroan alta emanda agertzen badira.

3. artikulua. Zergaren ondorioetarako, etxe huts gisa hartzen da Etxe Hutsen Erregistroan alta emanda agerturik, holakotzat deklaratu dena.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren unitate ekonomikoa osatzen duten entitateak edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bertzelako gozamen- edo xedapen-eskubide errealik.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua.

1) Zerga honetatik salbuetsirik egonen dira honako kasu hauetan daudenak:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzen ahal zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla medio edo, bertzela, enpresaren jardunari dagozkion kontratuak direla bide edo toki-mugikortasunaren menpe daudelako, ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak badira.

c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatearen esku), gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2) Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da Hiri-lurreko Ondasunen gaineko Kontribuzioa ordainarazteko indarra duen bera.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatu ondokoa.

Karga-tasa

8. artikulua. Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean agertzen dena.

Zergaren sortzapena

9. artikulua.

1) Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen kasuko ebazpena ematen denean.

2) Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3) Kuotak sei hilean behin izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.

4) Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena eginen da Etxebizitza Hutsen Udal Erroldan oinarriturik.

11. artikulua. Aurreko artikuluan xedatuaren ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio Olaztiko Udalari Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, kasuko udal-mugarteari dagozkionak.

12. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, eta adieraziko dizkio zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna.

13. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-dokumentuen igorpenak.

Arau-hausteak eta zehapenak

14. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagozkien afera guztietarako, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari eginen zaio men.

TARIFEN ERANSKINA

Karga-tasa.

–Lehen urtea: %0,50.

–Bigarren urtea: %1.

–Hirugarren urtea eta hurrengoak: %1,5.

Karga-tasa bat bera izanen da udal-mugarte osoan.

Olaztin, 2025eko urtarrilaren 28an.–Alkatea, Joseba Vizuete Askargorta.

Iragarkiaren kodea: L2501261