31. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGOAKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen duena Igoako (Basaburua) herri-basoan sartzeko mendiko pisten erabilera. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluaren arabera, Igoako herri-basoan sartzeko mendiko pisten erabilera arautzen duen ordenantzaren testu osoa jartzen da jendaurrera. Ordenantza hori behin betiko onetsi zen, 2024ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 10ekoan, hasierako onespena argitaratu eta haren kontra ez erreklamaziorik ez alegaziorik ez baitzen jaso, jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea aldatu zuen apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 49. artikuluak agindutakoari.

Igoan, 2024ko urtarrilaren 24an.–Alkatea, Ibai Iriarte Ariztimuño.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA IGOAKO KONTZEJUKO (BASABURUA)
HERRI-BASOAN SARTZEKO MENDIKO PISTEN ERABILERA

Ordenantza honek Igoako herri-basoan sartzeko mendiko pisten erabilera arautzen du. Araudi ezak eta izandako gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa. Izan ere, ikusi da azkenengo urteotan mendiko pistetan barna gero eta ibilgailu motordun gehiago ibiltzen direla, eta horrek modu nabarmenean hondatzen ditu eremuko ingurumenaren iraunkortasuna, lasaitasuna eta bizilagunek mendia modu egoki eta lasaian erabiltzeko aukera.

1. artikulua. Oro har, baimenik ez duen orok debekatuta dauka ibilgailu motordunez sartzea Igoako herri-basoan mendiko pistetatik.

2. artikulua. Erabilera eta gozamena arautzeko, Igoako herri-basoan pistetan sartzea mugatu da ibilgailu motordunen sarrera debekatzen duten seinaleen bitartez. Hauek dira mendiko pistak:

1. X 599393 Y 4764453 puntutik abiatzen da, eta ekialderantz egiten du. X 599758 Y 4764561 puntuaren parean, ni adarretan banatzen da. Horietako bat Harrobi bidera arte iristen da, eta bestea, berriz, Igoako herri-basoraino. Pista honi San Fermin bidea esaten zaio.

2. NA-4351 errepidetik abiatzen da (X 598951 Y 4764326) eta X 599540 Y 4765071 puntura iristen da. Pista honi Harrobiko bidea esaten zaio.

3. X 599405 Y 4765042 puntutik abiatzen da eta Olako bidean amaitzen da (X 599792 Y 4765203). Pista honi Martiñeneko bordako bidea esaten zaio.

4. X 599501 Y 4765446 puntutik abiatzen da eta Orokietako mugaraino iristen da (X 600513 Y 4765356). Pista honi Olako bidea esaten zaio.

5. X 599520 Y 4765457 puntutik abiatzen da eta Eratsungo udalerriko mugaraino iristen da (X 599156 Y 4768229). Pista honi Goikogaineko bidea esaten zaio.

6. X 598996 Y 4765265 puntutik abiatzen da eta Igoako herri-basoraino iristen da. Pista honi Presaundiko bidea esaten zaio.

3. artikulua. Sarrerak debekatuak egonen dira urte guztian, nahiz Igoako Kontzejuak beretzat gordetzen duen ahalmena debeku hori kentzeko eta pasatzeko baimena emateko. Aldez aurretik erabaki beharko du Kontzejuak hori, 4. artikuluan jaso gabeko beste baldintza batzuetan. Ez dute baimenik beharko Basaburuko udal-mugartearen barneko finketan diharduten nekazaritzako eta abeltzaintzako ibilgailuek.

4. artikulua. Igoako herri-basoko mendiko pistetara sartzeko baimena izanen dute honako baldintza hauek betetzen eta egiaztatzen dituzten ibilgailuek:

A) Ibilgailuaren titularra Igoa herrian etxebizitza edo lursailen jabe edo erabiltzaile izatea.

B) Urte batez edo jarraian Basabila ehiztarien elkarteko bazkide izatea.

C) Ibilgailua Basaburuko Udalean alta emanda egotea.

5. artikulua. 4. artikuluko A eta B apartatuetan daudenei, Kontzejuak "pase" bat emanen die, interesdunak aldez aurretik eskatu ondoren. Ehiztarientzako baimenak garaia denean ehizan ibiltzeko baizik ez dira izanen. 4. artikuluko C apartatuko egoeran sartuta daudenak sarbide mugatuko pistetatik sartzen ahalko dira askatasunez. Eta pistetara sartzen diren ibilgailu guztiek aparkatu behar dute, ahalik eta oztoporik ez sortzeko moduan, eta kanpoaldetik ikusteko moduko leku batean jarri behar dute baimena edo "pasea".

6. artikulua. Era berean, erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuak sartzen ahalko dira, haien eginkizunak betetzen dituztenean.

7. artikulua. Herri-basoko pistetan sartu nahi dutenek, sarrera debekatuta baldin badago eta 4. artikuluan azaldutako baldintzak betetzen ez badituzte, eskaera eginen diote Kontzejuari behin-behineko baimen bat eskuratzeko. Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak ezarriko ditu egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak. Baimenean garbi agertu behar dute ibilgailu baimenduaren matrikulak eta Kontzejuaren zigiluak. Ehiztarien baimenen kasuan, zein ehizalditarako den baimena, hura. Arrazoi batengatik baino gehiagorengatik baimena izateko eskubidea dutenek (auzokidea, ehiztaria izatea), ez dute bat baino gehiago beharko.

8. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako baimena eskatzen duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi pistak erabiliko dituen enpresaren edo partikularraren izena, ibilgailuaren bataz besteko eta gehieneko tona kopurua eta zein alditarako eskatzen den.

9. artikulua. Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen eta herri-basoaren balioen arabera.

10. artikulua. Baimen guztietarako fidantza edo abal bat jarri beharko da; Kontzejuak pisten gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du zenbatekoa, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, pista kalterik gabe dela egiaztatzen denean eta behin-behinean emandako baimena itzultzen denean.

11. artikulua. Esan gabe ere, baso aprobetxamenduen adjudikaziodunen eta Kontzejuarentzako lanen kontratisten kasuan baimena emantzat hartuko da.

12. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezartzen ahal da.

13. artikulua. Ibilgailu motordunek debeku dute Igoako herri-basoan barna bide eta pistetatik kanpo zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

14. artikulua. Debeku dira herri-basoan ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Kontzejuak baimena ematen badu.

15. artikulua. Mendiko pistetatik zirkulatzeko gehieneko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanen da hiru ardatz edo gehiagoko ibilgailuentzat, eta orduko 50 kilometrokoa gainerako ibilgailuentzat; hala ere, oinezkoak, txirrindulariak, abereak eta abar hurbil daudenean, gehieneko abiadura murriztu egin beharko da, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen. Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

16. artikulua. Kontzejuak urtero aztertuko ditu herri-basoko pista guztiak, eta, gainera, egoerak hala eskatzen duenean, pistak konpondu eta egokituko ditu, ahal duen neurrian.

17. artikulua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basozainak taldearen esku uzten da, eta Foruzaingoaren Polizia Administratiboaren Dibisioa eta Guardia Zibilaren SEPRONA premiatzen, Ordenantza hau bete dadin zaindu dezaten.

18. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatuari jarraikiz, ordenantza honetako arau-hausteek 300 euroko isuna izanen dute zehapen. Zehapena jartzeaz gain, sortutako kalte eta galerak konpondu beharko ditu arau-hausleak.

Iragarkiaren kodea: L2501224