2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERATSUN
Ordenantza, lan pertsonala edo auzolana arautzen duena. Behin betiko onespena
Eratsungo Udalak, 2024ko abuztuaren 23an egin osoko bilkuran, legez ezarritako quoruma izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea Lan pertsonala edo auzolana arautzen duen ordenantza.
Erabakia 2024ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 29an. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez gero, behin betikoz onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Eratsunen, 2025eko urtarrilaren 21ean.–Alkatea, Nagore Escudero Baleztena.
LAN PERTSONALA EDO AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da auzolana edo kab lan pertsonala arautzea, Eratsungo Udalaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.
2. artikulua. Oinarria.
Ordenantza hau, lehenik, arautzen da Eratsungo auzolanaren ohitura historikoaren bidez; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.
3. artikulua. Subjektu pasiboak.
1. Eratsunen erroldatuta daudenek dute lan pertsonala edo auzolana egin beharra.
Bizilagunen batek baja ematen badu udal erroldan, auzolana ez egiteko, eta frogatzen bada herrian bizi dela benetan, auzolana egin behar dutenen zerrendan sartuko da.
Eratsungo usadio-ohiturei jarraikiz, aski izanen da etxebizitza berean bizi den familia-unitateko kide batek egitea auzolana.
2. Etxebizitzetan ez badira titularrak bizi, baizik eta beste familia batzuei modu egonkorrean alokatu bazaizkie, adostuko da zein familiak eginen duen auzolana, eta Udalari jakinaraziko zaio.
3. Auzolanetik salbuetsita dagoen norbaiten jabetzako etxebizitza batean jendea bizi bada modu egonkorrean (errentamenduaren edo beste kontratu mota baten bidez), etxebizitza horretakoek ere auzolana egin beharko dute.
4. artikulua. Salbuespenak.
1. Lan pertsonala edo auzolana egitetik salbuetsita egonen dira honako hauek:
a) 18 urtetik beherakoak eta 55etik gorakoak.
b) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala dutenak, %25etik gorako desgaitasuna aitorturik badute.
c) Lanerako 4 hilabetetik gorako aldi baterako ezintasuna dutenak, behar bezala frogaturik badago baja agirien eta baja berresteko agirien bidez.
d) Presondegietan giltzapetuak daudenak.
e) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituztenak.
2. Salbuetsitakoek borondatez egin dezakete auzolana.
5. artikulua. Asegurua.
1. Toki-erakunde honek estaldura emanen dio lan honetara behartuek duten istripu arriskuari.
2. Toki-erakundeak auzolana egitera beharturik egon gabe lan hori borondatez egiten dutenen istripu arriskua ere estaliko du.
6. artikulua. Kudeaketa.
1. Auzolana bi modutara egin daiteke:
a) Udalak deitutako auzolanak. Ohiturari jarraituz egiten dena: Udalak antolatzen ditu auzolan hauek, denen onurarako obrak edo lanak egiteko. Udalak adieraziko du noiz egin behar diren. Bando baten bidez iragarriko dira eta larunbatetan eginen dira normalean.
b) Udalak agindutako lan zehatzak, horretarako gaitasuna duten pertsona jakin batzuei agindutakoak. Pertsona jakin batzuei aginduko zaizkie lanok, presakoak, zailak edo bereziak izateagatik edo beste edozein arrazoirengatik. Udalaren eskariz eginen dira beti.
2. Gutxienez hiru auzolan egin beharko dira urtean. Auzolan bakoitzak 8 ordu inguru iraunen du, baina lan bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera alda daiteke. Udalaren ordezkariak auzolana egin izanaren frogagiria banatuko du.
3. Beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen hori aldez aurretik jakinaraziko zaio Udalari.
4. Auzolana egitetik libratu daiteke urtean diru kopuru bat ordainduta. Kopuru hori Udalak onetsiko du urte bakoitzerako. 2025. urtean 50 eurokoa izanen da auzolaneko egun bakoitzeko. Diru hori borondatezko epean ohiko bidetik ordaintzen ez bada, derrigorrezko diru-bilketa erabiliko da %20ko errekarguarekin. Borondatezko epe horren azken eguna urteko azken eguna izanen da.
5. Herritar batek traktorea eramaten badu auzolan batera, bi auzolanen modura kontatuko zaio.
Herritar batek bere jabetzako makina txiki bat eramaten badu auzolan batera (sasi-garbitzeko makina, edo motozerra, konparaziorako), auzolan bat eta erdiren modura kontatuko zaio.
6. Auzolanak meta daitezke hurrengo urteetarako, betiere Udalaren berariazko adostasuna izanik kasu bakoitzean.
7. Bizilagunek urte hasieran jakinarazten ahalko dute ordainduko dutela, sortzen diren lanetarako dei ez dakien.
7. artikulua. Deialdia.
Eratsungo Udalak urtean hiru auzolan eginen ditu, gutxienez, eta horietarako deia 48 ordu lehenago eginen du, bando bidez eta iragarki-taulan paratuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.
8. artikulua. Lanen zuzendaritza.
Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek zuzenduko du. Espezializazioren bat beharrezkoa denean, Udalak espezialistak izendatzen ahalko ditu lanak kontrolatu eta zuzentzeko.
9. artikulua. Auzolanetik libratzea beste lan batzuk eginez.
Lehendik egindako lanak direla eta, inor ez da auzolanetik libratuko Udaleko ordezkari batek ez badu oniritzia idatzita ematen auzolana egin aitzin.
10. artikulua.
Gutxieneko auzolanak egiten ez badira edo horietaz salbuesteko ordainketarik egiten ez bada, Udalak zenbait eskubide kentzen ahalko ditu: herri-lurren errentamendua, hektareen banaketa NPEren aitorpenerako, herri-lurrez baliatzea, etxeko egur loteak, etab.
Azken xedapena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunera jarriko da indarrean ordenantza hau, eta testu osoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren izanen ditu ondorio juridikoak.
Iragarkiaren kodea: L2500801