31. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Kudeaketa-esleipena, Bidasoko Bide Berdearen trazadura egiteko

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta alderdiek sinatu ondotik "Hitzarmena, Baztango Udala, Doneztebeko Udala, Bertizaranako Udala, Narbarteko Kontzejua, Legasako Kontzejua, Oieregiko Kontzejua eta Cederna-Garalur elkartearen artean behar diren jarduketak egin daitezen Doneztebe-Elizondo tartean Bidasoko Bide Berdearen trazadura berreskuratzeko eta aipatu espazioa bidea igarotzen den toki entitateen titulartasunpeko bide publikotzat xedatzeko"; eta dagokion erabakia 2025eko urtarrilaren 27an egin osoko bilkuran hartu ondotik, argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean aipatu entitateen eta Doneztebeko udalaren arteko kudeaketa-esleipenaren hitzarmena, eranskinean agertzen baita.

Donezteben, 2025eko urtarrilaren 27an.–Alkatea, M.ª Arantzazu Arregui Alberro.

BIDASOKO BIDE BERDEAREN TRAZADURA EGITEKO KUDEAKETA-ESLEIPENAREN HITZARMENA

Bildurik:

Baztango Udaleko alkatea, Bertizaranako Udaleko alkatea, Doneztebeko Udaleko alkatea, Legasako Kontzejuko burua (Bertizarana), Narbarteko Kontzejuko burua (Bertizarana), Oieregiko Kontzejuko burua (Bertizarana), CEDERNA GARALUR elkarteko burua.

AURREKARIAK:

ERABAKITZEN DUTE:

Lehenbizikoa.–Hitzarmen hau sinatu duten toki entitateek Cederna Garalur elkarteari honako eginkizun hau esleitzen diote:

Doneztebe-Elizondo tartean Bidasoako Bide Berdearen trazadura eta azpiegitura berreskuratzeko eta aipatu espazioa bidea igarotzen den toki entitateen titulartasunpeko bide publikotzat xedatzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea. Aipatzearren, baina zerrenda mugatzeko asmorik gabe, honako eginkizun hauek:

–Obrak egiteko eta zuzentzeko proiektua kontratatzea eta ukitutako hiru udalek proiektua onestea (jarduketa hauek eginak dira).

–Trazadura igarotzen den espazioen eskuratzea eta dagokion toki entitatearen jabari publikora atxikitzea, hau da:

–Kasuan kasuko aldeen arteko adiskidetasunezko akordioen izapidetzea eta onespena.

–Dagozkien desjabetzeetarako prozeduren izapidetzea eta onespena.

–Onetsitako balio justuen aurka jarri daitezkeen errekurtsoak defendatzea eta erantzutea, bai administrazio arloan, bai administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren arloan.

–Obren kontratazioa.

–Obrak akitu bitarteko jarraipena eta koordinazioa, obrak entitate sustatzaileari ematea eta obren harrera egitea.

–Doneztebe-Elizondo tartean Bidasoko Bide Berdearen trazadura eta azpiegitura ematea jarduketa sustatu duten toki entitateei, jabari publikoko ondasun gisa erabil dezaten (bide publikoa).

–Jarduketa hauek guztiek dakartzaten gastuen ordainketa.

–Aurreko jarduketen garapenaren ondorioz egin beharreko zereginak eta jarduketak.

–Hitzarmen honen helburua betetzeko beharrezkoa den bertze edozein.

Bigarrena.–Hitzarmen honen bidez Cederna Garalur elkarteak aurreko puntuan aipatutako kudeaketa-esleipena onartzen du; eraginkortasunez beteko du, bai bere bitartekoak, bai horretarako kontratatu ditzakeen bitartekoak baliatuz.

Hirugarrena.–Finantzaketa:

Jarduketa hau honako hauen barnean dago: Next Generation EB funtsetan; Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan eta hura garatzeko araudian; zehazki, honen baitan: 14. osagaiaren ("Turismo Modernizaziorako eta Lehiakortasunerako Plana") 1. inbertsioan ("Turismo Eredua Jasangarritasunerantz Eraldatzea"), 2. azpi-neurrian ("Helmugako Turismo Jasangarritasunerako Planak"). Horien bidez, jarduketa eraldatzaileak egin nahi dira turismoaren sektorean, trantsizio berdearen, trantsizio digitalaren eta turismo lehiakortasunaren hobekuntzaren eremuetan.

Jarduketa hau 075 etiketa klimatikoan ("Bizikletetarako azpiegitura") sartuta dago, zeina baitago Suspertze eta Erresilientzia Erregelamenduaren VI. eranskinean, eta %100eko ekarpena egiten du klimari eta ingurumenari lotutako helburuak lortzeko bidean. Etiketa hau justifikaturik dago, Bidasoko bide berdea Elizondoraino luzatzearekinTxikito trenaren trazadura zahar guztia egokitzeko lanak akitzen baitira. Modu horretan, bada, turismoko kudeaketa-unitate ia guztia zeharkatuko du oinezkoendako eta bizikletendako bide horrek, eta, hala, herritar gehienek izanen dute modu jasangarrian mugitzeko moduan. Horrek zera ahalbidetuko du: herrien arteko komunikazioa erraztea, komunikazioa adeitsuagoa eta ekologikoagoa izanen baita.

Cederna Garalur elkartea da laguntza hau eskatu eta izapidetu duen entitatea. Laguntzaren zenbatekoa 2.196.691,20 euro da, eta nahikotzat jotzen da jarduketa honek dakarren gastu guztiak finantzatzeko.

Jarduketa guzti honen azken kostua aipatu laguntza baino handiagoa balitz, honela jokatuko da:

Likidazio batzorde bat eratuko da, 9 kidek osatua: toki entitate sinatzaile bakoitzeko ordezkari 1 eta Cederna Garalur elkarteko 3.

Batzordearen burua Cederna Garalur elkarteko kideetatik bat izanen da; eta elkarteak batzordean dituen bertze bi ordezkariek hartuko dituzte beren gain idazkari eta kontu-hartzaile karguak edo lanak.

Batzordea batzordeko buruak deituta bilduko da eta hala badagokio batzordeko 4 kidek eskaturik.

Cederna Garalur elkarteko zerbitzu teknikoek eginen dute dagokion likidazio kontua, eta likidazio batzordeak aztertu eta onetsiko du.

Likidazio batzordeak onetsiko du likidazioa; horretarako, kideen legezko kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da (5).

Likidazioa egiteko, honela jokatuko da:

–Lorturiko dirulaguntza izandako gastuei egotziko zaie, ordena honi jarraikiz: obren zenbatekoa, proiektuaren eta zuzendaritzaren kostua, gainerako zerbitzu osagarrien kostua, desjabetzeei dagozkien zerbitzuen/gastuen kostuak eta abar, eta, akitzeko, ukipenek/desjabetzeek ukitutako jabeen kalte-ordainen kostuak.

–Gastu guztiak, salbu jabeei dagozkien kalte-ordainak, hiru udal sinatzaileen artean banatuko dira, zati berdinetan.

–Jabeei dagozkien kalte-ordainen gastuak udal bakoitzak (Baztan, Bertizarana eta Doneztebe) ordainduko ditu. Ukitutako lurzatiak zer udal-mugartetan dauden, udal horrek ordainduko ditu.

Laugarrena.–Hitzarmenaren indarraldia:

Kudeaketa-esleipena indarrean egonen da azken likidazioa egiteko unera arte eta jarduketaren kostuari dagozkion zenbatekoak ordaindu arte.

Bosgarrena.–Hitzarmena suntsiaraztea.

Hitzarmen hau iraungiko da xede dituen jarduketak betetakoan edo suntsiarazteko arrazoietako bat gertatzen denean, izanik horiek ondoko hauek:

a) Hala erabakitzea hitzarmen honen entitate sinatzaileen gehiengoak.

b) Hitzarmenaren deuseztasuna aitortzen duen epai judiziala.

c) Legeetan ezarritako bertze edozein arrazoi, aurreko horietatik desberdina.

Seigarrena.–Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta izenpetzen da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren babesean (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

Hitzarmen hau interpretatu eta betetzerakoan sortzen diren auzi guztiak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan aztertu eta epaituko dira, hura arautzen duen legearekin bat etorriz.

Eta adostasun frogatzat balio dezan, eta erabakitako guztia jasota geldi dadin, hitzarmen honen sei ale sinatzen dira, Antsoainen, Nafarroan, 2024ko urriaren 30ean.

Iragarkiaren kodea: L2501195