31. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABANILLAS

Herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Udalbatzak, 2024ko urriaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Cabanillasko herri-lurrak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2024ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 12an, baita Udalaren ediktuen taulan paratu ere, eta espedientea 30 egun baliodunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325. artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako ordenantzaren testua argitaratuko da ondotik.

Cabanillasen, 2025eko urtarrilaren 21ean.–Alkatea, Raquel Paz Aperte.

HERRI-LURRAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Ikusi egin dira zer premia dituzten nekazariek laborantza mota eta sistema berriak ezartzearen ondorioz, baita zer baldintza bete behar dituzten Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntzak eskuratzeko; hori dela eta, beharrezkoa da Cabanillasko laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen beste udal ordenantza bat onestea, bat etor dadin udalerriaren eta herritarren egungo premiekin, eta eduki osoa testu bakarrean bil dezan.

Ordenantza berriaren helburuak dira, batetik, udalerriko egungo egoera ekonomiko eta sozialera eta etorkizuneko perspektibetara moldatzea, eta, bestetik, neurriak ezartzea arauak dioenaren jarraipena eta kontrola egiteko.

Komeni da Cabanillasko laborantzako herri-lurren adjudikazioaren eta aprobetxamenduaren araudi osoa ordenantza espezifiko batean biltzea. Testu horretan, hain zuzen, laborantzako herri-lurrak eskuratzeko eta erabiltzeko arauak ezarriko dira.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Cabanillasko Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapena, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak enbargaezinak, preskribaezinak eta besterenezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Cabanillasko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen gainean Cabanillasko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren onespena beharko dute soilik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena) ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Cabanillasko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Cabanillasko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Desafektazioa egiteko jarraitu beharreko prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoa eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena) 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa izanen da.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Cabanillasko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.

8. artikulua. Cabanillasko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du bidegabeki galdutako herri-ondasunen jabetza, aitzinetik idazkariaren, aholkularitza juridikoaren edo, hala badagokio, legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzun eta gero. Eta, beharrezko bada, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Cabanillasko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Cabanillasko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Cabanillasko Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Cabanillasko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Cabanillasko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua.

1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea.

b) Cabanillasko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea sei urteko antzinatasunez.

c) Cabanillasen bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Zerga betebeharrak egunean izatea Cabanillasko Udalarekin.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira. Nekazaritzako araubide bereziko pentsiodunak izanez gero, herri-lurretako aprobetxamendutik lortutako errentak ezin dira urte bakoitzerako lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak izan.

Adjudikazioak irauten duen bitartean, familia-unitateko kideen artean eskualdatzen ahal dira herritarren artean adjudikatzen diren loteak, baldin eta titular berriak artikulu honetako baldintza guztiak betetzen baditu eta Udalak aldez aurretik baimentzen badu esku-aldaketa.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak Cabanillasko Udalak argituko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Batzordeak, lantaldeak edo Udalak eskumen horietaz baliatzeko eskuordetzen duen organoak txostena egin ondotik.

4. Adjudikaziodunek eskaera bakarra egin beharko dute adjudikatutako lurzatiengatik.

5. Baldintza horiek guztiak bete beharko dira aprobetxamenduen adjudikazioa hartzeko, eta betetzen jarraitu beharko dira adjudikazioak irauten duen bitartean.

Baldintzaren bat betetzen ez bada, espedientea tramitatu ondoren, herri lursailak kenduko zaizkio adjudikaziodunari gelditzen den adjudikazio aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik jasotzeko edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

15. artikulua.

15.1. Cabanillasko laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan adjudikatuko dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Cabanillasko Udalak zuzenean ustiatzea.

15.2. Cabanillasko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak honako lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko dira:

a) Lehentasunezko nekazaritzako familia ustiategiak, nekazari gazte bat buru edo partaide dutenak.

b) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak.

c) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak, nekazari gazteentzat.

d) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak, ogibide nagusia nekazaritza dutenentzat.

e) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Cabanillasko Udalak zuzenean ustiatzea.

Cabanillasko Udalak modu horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako hurrenkeraren arabera.

Ulertzen da ustiategiak nekazari gazte bat buru duela, nekazariak baldintza hauek betetzen baditu:

18 urte beteak baina 40 urte oraindik bete gabe izatea. Horretarako, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da guraso-ahala eman izanaren bidez emantzipaturik egotea.

–Nekazarien Gizarte Segurantzan alta emanda egotea.

–Ogibide nagusia nekazaritza izatea (ONN) (uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3.5. artikuluak arautua).

Ogibide nagusia nekazaritza duela egiaztatzeko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak (NNUE) emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Eskatzaileek gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte, adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

Urte anitzeko laborantzak lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduen eta herritarrentzako zuzeneko aprobetxamenduen modalitateetan bakarrik ezarriko dira; ezin izanen dira inola ere ezarri «enkante publiko bidezko adjudikazioen» modalitatean.

Familia-unitatearen titularrak urte anitzeko laborantza ezartzeko baimena eskatzen badio Udalari lursaila urtebetez baino gehiagoz erabiltzeko, informazio hau aurkeztu beharko du:

Landaketa proiektua, alderdi tekniko hauek zehazten dituena: landatuko den espeziea, barietateak, laborantza sistema, aurreikusitako balio-bizitza eta lurraren emankortasuna mantentzea eta hobetzea bermatzen duten laborantza teknikak.

Lursaila bere lehengo egoerara itzultzeko proiektua, baimendutako epearen amaieran edo adjudikazioa amaitu aurretik.

Udalak modu arrazoituan ukatzen ahalko du eskaera, interes orokorreko arrazoiak kontuan hartuta; besteak beste, beste herritar batzuei ematea lurrak eskuratzeko aukera, landaketak era ordenatuan antolatzea eta hobekuntza proiektuak aurreikustea. Kasu horretan, eskatzaileak Udalari jakinaraziko dio ea urteko laborantzen lotea eskuratu nahi duen edo eskaerari uko egiten dion.

Udalak urte anitzeko laborantza baimentzen ahalko du, laborantzaren balio-bizitzaren iraupena ezarrita, baina ez da inoiz ere izanen 16-24 urte baino luzeagoa (8 urteko bizpahiru ziklo), hala, beste herritar batzuek herri-lurrez gozatzeko aukera izatea bermatzen baita.

Kasu horretan, adjudikaziodunak laborea landatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren eskubide eta baimen guztiak lortu beharko ditu.

Landaketa edo obra lizentzia eman aurretik, adjudikaziodunak fidantza eman edo abala eginen du, lursaila lehengoratzeko proiektuaren zenbatekoaren baliokoa, eskatutako lursailaren erabilera edo helburua aldatzen baita.

Herri-lurrak urte anitzeko laborantzaren modalitatean aprobetxatzea aukeratzen badu, herritarrak ez du eskubiderik izanen herri-lurren beste aprobetxamendu bat eskatzeko, aipatu aprobetxamenduak irauten duen bitartean.

Udalak urteko kanon bat ezarriko du, eta urteko laborantzetarako ezarritakoa baino handiagoa izanen da.

Urte anitzeko laborantzari dagokion epea amaitu ondoren edo lehenago amaituz gero, Udalak erabakiko du lursaila bere lehengo egoerara itzuli behar den edo landaketaz arduratuko den (bi kasuetan ez da inolako kalte-ordainik izanen).

Lehenengo kasuan, adjudikazioaren unean zegoen bezala geratu behar du lursailak (labore iraunkorra kenduta, hondarrak eta materialak –zutoinak, alanbreak, etab.– aterata eta hondealanak eta fintze lanak eginda, hurrengo laboreak instalatu ahal izateko, etab.).

Bigarren kasuan, lursail osoa, landaketa barne, toki-erakundearen eskura egonen da, beste herritar batzuei adjudikatzeko prozedurari ekin diezaion. Aurreko adjudikaziodunak ez du inolako eskubiderik izanen laborantzaren gainean, eta ezin izanen du eskatu landaketarekin sortu ahal izan diren beste erabilera edo eskubide batzuk.

Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko baldintzak galtzen badira (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantza honen 23. artikuluan aipatutakoak) eta laborantza pertsonalki eta zuzenean egiten ez bada (Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 168. artikuluko irizpideekin bat etorriz), lursaila lehengoratuko da, aurreko puntuan ezarritakoa aplikatuta.

Onuraduna hiltzen bada, familia-unitate bereko beste kide batek egiten ahalko du herri-lurrean urte anitzeko laborantzarekin jarraitzeko eskaera, baldin eta 14. artikuluan adierazitako onuradunen baldintzak betetzen baditu. Kasu horretan hitzarmen berri bat sinatuko da, eta aurrekoaren baldintza berberak izanen ditu. Bestela, lursaila lehengoratuko da.

Adjudikaziodunak eta udalburuak alderdi horiek guztiak biltzen dituen hitzarmen bat sinatuko dute. Udaleko osoko bilkurak berretsiko du hitzarmena.

1. ATALA.–LEHENTASUNA DUTEN HERRITARRENTZAKO APROBETXAMENDUAK

16. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia-unitateko kide bakoitzarengatik diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Baldin familia-unitatean baldin badago gorputzez edo adimenez ezindurik dagoen norbait, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzako edo industriako lurrak edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, salbu norberaren etxebizitzari dagokiona, baita antzeko beste edozein datu ere.

17. artikulua.

Modalitate honetan, honako azalera hau ezarri da eredu-lotetzat onuradunei emateko:

Lehorreko lurra: 11 erregu inguru.

Ureztalurra: 4 erregu inguru.

18. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia-unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Cabanillasko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 16. eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. artikulua. Aprobetxamenduaren epea hamar urtekoa izanen da, alde batera utzita 15.3 artikuluan urte anitzeko laborantzetarako xedatutakoa.

20. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona izanen da Udalak urtero onesten dituen tasen araberakoa.

Udalak, egoki irizten badio eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Batzordearen adostasun txostena badu, kanona eguneratzen ahalko du, nekazaritzako KPIaren igoera gehituta, gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak Cabanillasko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez. Debeku horren barnean sartzen da beste familia-unitate bati adjudikatutako herri-lurretako lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere. Adjudikaziodunak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. artikulua. Araudi honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatakorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Cabanillasko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo behar bezala egiaztatutako beste arrazoiren bat 24 hilabetez edo gehiagoz luzatzen bada edota behin betikoa bada eta herri-lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. artikulua. Ezintasun fisikoagatik edo dena delako beste arrazoi batengatik, onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratu adjudikazioaren unean edo aprobetxamenduaren epearen barnean, Cabanillasko Udalak adjudikatuko ditu herri-lurren hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Cabanillasko Udalak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik.

Cabanillasko Udalak badu eskumena ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko, horretarako egoki iruditzen zaion dokumentazioa eskaturik.

24. artikulua. Cabanillasko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratzen direla ziurtatzeko. Egiaztapen horiek bereziki eginen dira lurzatiak adjudikatzeko urtero egiten diren prozeduren aitzinetik. Horretarako, urtero, martxoaren 1aren eta 31ren artean, adjudikaziodun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu Udalean (eskaera bakarra, Nekazaritza Politika Erkidearen dagokion urteko kanpainakoa; diru sarrerak eta gastuak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean; ogibide nagusia nekazaritza duela egiaztatzen duen agiria, eta fitosanitarioen txartela eta/edo erregistroa, hala badagokio).

Egiaztapena egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurzatiak kenduko zaizkio.

Honako kasu hauetan iritziko zaio lurra ez dela zuzenean eta pertsonalki laboratzen:

–Nekazaritzako makineria izanik, hura ez denean erabiltzen adjudikatutako herri-lurrak laboratzeko.

–Nekazaritzako makineria izan gabe, adjudikatuta dituen herri-lurretan lanik frogatzen ez bada.

–Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen, lantaldearen edo organo baliokidearen ustetan, herri-lurretan adjudikatutako lurzatiak ez badira lantzen ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatu bezala.

–Lurra lantzeko, lehengaiak erosteko, fitosanitarioak erregistratzeko, laborantza ekologikoak egiaztatzeko eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkezteko eskatu ondoan, Cabanillasko Udalak agindutako epean aurkezten ez baditu.

–Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean.

–Adjudikatutako lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez bada.

–Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarrenei errentan eman zaizkienean.

–Lurzatiak bere familia-unitatez kanpoko pertsona baten NPBren aitorpenean aitortuta dituzten adjudikaziodunak. Hori frogatzeko, adjudikaziodun guztiek NPEren aitorpenaren kopia bat aurkeztu beharra dute udaletxe honetan, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehenago.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK

25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.

Ureztalurren kasuan, lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira, 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren eta nekazari gazte diren eta ogibide nagusia nekazaritza dutenen artean, ordenantza honen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.–Eskatzaileak 14., 19., 21., 26., 28., 29., 37. eta gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu, adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

26. artikulua. Aprobetxamendu modalitate honetarako ezarriko den lotearen azalera era ekitatiboan kalkulatuko da, eskaeren berri izan ondoren.

27. artikulua. Adjudikazio-epea 19. artikuluan adierazitako bera izanen da.

28. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona izanen da Udalak urtero onesten dituen tasen araberakoa.

Kopuru horiek urtero eguneratzen ahalko dira, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera.

29. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Cabanillasko Udalak laborantzako herri-lurren azalera osoaren %5, gehienez ere, gordeko du onuradun berriei adjudikatzeko. Udalak herri-lur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati emateko, baina baldintzetan inguruabar hori espresuki adierazita.

Horretarako, lehentasunezko edo zuzeneko adjudikazioa eskuratzeko eskubidea duten eskatzaile berriak badaude banaketa egin osteko urteetan, adjudikazio berrietarako, desjabetutako edo ukatutako lote posibleak hartuko dira kontuan, baita enkante bidez adjudikatutako lote guztiak ere.

31. artikulua. Mahastietarako, fruta arboletarako edo olibondoetarako lurzatia adjudikatua duten bizilagunek segitzen ahal dute laborantza lanetan, hartzen duten herri-lurren aprobetxamendua edozein izanda ere; betiere, ordenantza honetako baldintzak betetzen badituzte, eta horrelakoetan hartzen duten adjudikaziotik deskontatuko zaie mahasti-lurzatia. Ezin izanen diote ukorik egin hamar urteko adjudikazioaldiak iraun bitartean, eta Udala lehorreko lurzati mugakideren bat adjudikatzen saiatuko da, edo dirutan behar den kalte-ordaina emanen die.

32. artikulua. Udalak mahastiak edo olibondoak landatzeko lurra gordetzen ahal du, baldin eta landaketa errentagarria egiteko behar adina eskaera badaude. Ustiatzeko epea 24 urtekoa da, erregelamendu honen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.

33. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazio zuzena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira. Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 16. artikuluko 3. puntuan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motarako, toki entitateak espresuki emandako baimena ez badute.

34. artikulua. Baratzeak.

Cabanillasko Udalak erregu bat eta erdiko baratzeak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia-unitateen titularrei, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da izanen ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Adjudikazioa hamar urterako izanen da, baina luzatzen ahalko da, adjudikaziodunak hala eskatuz gero.

d) Baratzeetarako eskaerak eginen dira beste lurzatietarako eskaerak egitearekin batera.

e) Ordaindu beharreko kanona izanen da udal-tasetan ezarritakoa.

Cabanillasko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du; laborantzako herri-lurren azalera guztiaren %10, gehienez ere.

3. ATALA.–UDALAK ZUZENEAN USTIATZEA EDO ENKANTE PUBLIKOA EGITEA

35. artikulua. Cabanillasko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante publikoan eginen du adjudikazioa. Adjudikazio horrek urte bat iraunen du, baina luzatzen ahalko da, 4 urtez gehienez. Epe hori igarota, enkantea eginen da berriro.

Hasierako prezioa izanen da urte hartan herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan erregu bakoitzeko ezarritako kanona, eta urtez urteko igoera berberak izanen ditu.

Enkantea egin ondoan sobera gelditzen bada laborantzako lurrik, Cabanillasko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

36. artikulua. Cabanillasko Udalak aitzinetik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua paratuta, hamabost egun naturaleko epea irekiko da, martxoaren15etik 31ra, eskubidea dutela uste duten guztiek herri-lurren adjudikazioa eska dezaten.

37. artikulua. Udal bulegoetan dagoen eredu ofizialari jarraikiz aurkeztu beharko dira eskabideak, zinpeko aitorpenarekin edo ondokoa frogatzen duen agiriarekin batera:

a) Cabanillasko bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urte lehenagotik, eta bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Cabanillasko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Ureztalurretarako adjudikazioak eskatuz gero, ogibide nagusia nekazaritza duela eta/edo nekazari gaztea dela egiaztatzen duen agiria.

38. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintzako Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartutakoen zerrenda onetsiko du, bai lehentasunezko modalitatekoa bai herritarrendako adjudikaziokoa. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Ordenantza honen 14., 16. eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, udal honen osoko bilkurak ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako ondoz ondoko modalitateen artean adjudikatuko ditu herri-lurretako aprobetxamenduak.

39. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartuen behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-taulan jarriko da ikusgai 15 egun baliodunean, bidezkotzat jotzen diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak aurretiko txostena eman ondoren, haiei buruzko ebazpena emanen du Udalak, osoko bilkuran, eta adjudikazio modalitate bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko. Behin betiko zerrenda iragarki-taulan argitaratuko da.

41. artikulua. Herri-lurrak adjudikatzeko, honako prozedura honi jarraituko zaio:

a) Lehenik eta behin, lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak, ordenantza honen 16. eta 18. artikuluetan ezarritako sistemaren arabera.

b) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak banatu ondoren, zuzenean adjudikatuko zaizkie herritarrei geratzen diren laborantzako herri-lurrak (25. artikuluan daude adierazita). Loteen azalera zehazteko, alderantzizko proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira, oinarri hartuta familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbiak edo nekazaritzako ustiategien tamaina, adjudikaziodunak nekazariak badira, ordenantza honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Udalak osoko bilkuran hartuko du behin betiko adjudikazio erabakia, adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onesten duenean, eta interesdunei jakinaraziko die.

Eskatzaile bakoitzaren lote-adjudikazioa, gutxienez, oinarrizko ureztatze azalera adinakoa izanen da.

42. artikulua. Aurkeztutako agiriak aztertzeko eta, ondoren, jarraipena egiteko, jarraipen batzorde bat eratuko da, udaleko hiru kidek eta, boluntarioki beren burua aurkezten duten herri-lurzatien eskatzaileen artean, zozketaren bidez aukeratzen diren hiruk osatua.

Batzordea banaketa egin eta hurrengo bi hilabeteen barruan osatuko da; 3 ordezkariak zozketa publiko bidez aukeratuko dira, Udalaren webguneko iragarki-taulan eguna eta tokia iragarri ondoren, eta 5 urtean behin berrituko da, prozedura berari jarraituz.

Udalak Batzordeko kide izateko izendatzen dituen pertsonei dagokienez egiten dituen aldaketak publikoak izanen dira, eta, beraz, Udalaren webguneko iragarki-taulan argitaratuko dira.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

43. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua egiteko, Cabanillasko Udalak 2024ko urriaren 30ean onetsitako ordenantzari jarraituko zaio.

Ordenantzaren arabera, debekatuta dago artzaintzan aritzea udal honek adjudikatutako basogintzako ustiategietan, adjudikazio aldi osoan.

IV. KAPITULUA.–BESTELAKO APROBETXAMENDUAK

44. artikulua. Lur hauetan eratutako ehiza barrutiaren aprobetxamendua egiteko, 1981eko martxoaren 17ko Nafarroako Foru Parlamentuaren Arauari, xedapen osagarriei eta 1997ko otsailaren 13ko zuzeneko adjudikaziorako baldintza-agiriari jarraituko zaie.

45. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Cabanillasko Udalak prestatzen dituen baldintza orriei lotuko zaizkie. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean jartzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

Makaldientzat adjudikatutako lursailen aprobetxamendua egiteko, une honetan indarrean den ordenantzari jarraituko zaio; Cabanillasko Udalak eta Nekazaritza Departamentuko Herri-lurren Atalak onetsi zuten.

V. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

46. artikulua.

1. Cabanillasko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin eta lur horietan gauzatzekoak badira xede hauetakoren bat duten proiektuak:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen araudia onesteko.

b) Hilabetez jendaurrean jartzea eta, halakorik aurkezten bada, Udalak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

47. artikulua. Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak. Aldez aurretik jendaurrean jarri beharko dira 15 egunez, eta aurkeztutako alegazioak ebatzi beharko ditu Udalak ondotik.

48. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

49. artikulua.

–Egitate hauek arau-hauste arintzat hartzen dira:

a) Plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelakoak ez biltzea edo ez kentzea adjudikatutako lurzati edota sarbideetatik.

b) Zaborra, barazkien hondakinak eta inausketa hondarrak botatzea bideetan eta beste lurzati batzuetan.

c) Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.

–Egitate hauek arau-hauste astuntzat hartzen dira:

a) Herri-lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

b) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

c) Nekazaritzako lanak egitea erregelamendu honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen ustiapenaren kaltetan.

d) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

e) Beste lurzati batzuetatik bereizteko ezpondak lantzea, Udalaren berariazko baimena eduki gabe.

f) Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioak egiteko makineria erabiltzea horretarako.

g) Bideetan, uztondoetan eta lur etzeetan herbizidak aplikatzea, edo luberritzearen ordez herbizidak aplikatzea, ukitutako herri-larreen abeltzain adjudikaziodunari behar den denboraz jakinarazi gabe.

h) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

i) Lurzatiak ureztatzea horretarako txanda izan gabe.

j) Lurzatiak trukatzea, 58. artikuluan ezarritako izapideak bete gabe.

k) Adjudikazioari uko egitea, bidezko arrazoirik gabe, mugaeguna baino lehen.

–Egitate hauek arau-hauste oso astuntzat hartzen dira:

a) Norberak zuzenean ez lantzea adjudikatutako lurzatiak. Adjudikaziodunak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita.

b) Herri-lurretako lurzatietan nekazaritza lanak egitea Udalaren adjudikaziorik izan gabe. Debeku horren barnean sartzen da beste familia-unitate bati adjudikatutako herri-lurretako lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere.

c) Udalak laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela egiaztatzeko jarduera oztopatzea; hau da, horretarako eskatzen den dokumentazioa behar bezala eta epean ez aurkeztea.

d) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

e) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien adjudikaziotik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogapenetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

f) Laborea beste batzuei apartzerian edo errentan ematea edo lagatzea.

g) Beste pertsona bati adjudikatutako laborantza apartzerian jasotzea edo azpierrentaria edo emakidaduna izatea.

h) Ez ordaintzea ezarritako epeetan kanonen zenbatekoak edo erregelamendu bidez ezarritako beste tasa batzuenak.

i) 14. artikuluan ezarritako eskakizunak ez betetzea (adjudikazioa galtzea dakar).

j) Bideak goldatzea edo basobera (erromeroa, milazka, etab.) luberritzea.

50. artikulua.

1. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–Arau-hauste arinak:

60,00 eta 1.000,00 euro bitarteko isuna.

–Arau-hauste astunak:

1.001,00 eta 2.000,00 euro bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak:

Emakida galtzea eta fidantza konfiskatzea (enkante bidez egindako adjudikazioen kasuan). Lurrak Udalaren esku geratuko dira, dauden egoeran, eta ez dute ez kalte-ordainik jasotzeko ez erreklamaziorik egiteko eskubiderik izanen.

2. Hori guztia, ondasun publiko edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte behar diren zenbatekoak.

3. Laborantza beste pertsona bati apartzerian edo azpierrentan emateagatik edo lagatzeagatik lurzatiak galtzen dituzten onuradunek udal diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

4. Udal zerbitzuetako funtzionarioek egiaztatzen dituzten egitateak salaketa agirietan edo bestelako dokumentu publiko batean jasoko dira, legezko baldintza egokiak betez, hau da, datu hauek adieraziz: data, egitateak, tokia edo lurzatiaren zenbakia eta egilea. Agiri horiek froga balioa izanen dute, deusetan ukatu gabe administratuek berek beren eskubide edo interesen alde aurkezten dituzten frogak.

5. Arau-hausteak delitu edo hutsegitea direnean, alkateak jurisdikzio organo eskudunari igorriko dio espedientea eta ez dio zehapen prozedurari segidarik emanen agintaritza judizialak deus erabakitzen ez duen bitartean. Epaileek zehapena emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen. Halakoetan, deliturik edo hutsegiterik ez dela egon jotzen bada, Udalak segida ematen ahalko dio zehapen espedienteari, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.

Bestelako xedapen orokorrak:

51. artikulua. Lurzatien emakida berriaren banaketa egin ondoren, beste adjudikazio batzuk eginen dira urtero, eskaera guztiei erantzuteko. Adjudikazioa eginen zaie, lehenbizi, onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; gainerakoentzat, beste adjudikazio batzuk eginen dira hutsik dauden lurzatiak banatzeko. Nahikoak ez badira, zozketa eginen da, eta baztertuak lehentasuneko txandan sartuko dira, hurrengo urteko emakida egin arte.

52. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako emakida berriak direla-eta herri-lurzatiak adjudikatzeko urteko prozedura Udalak osoko bilkuran finkatutako egunean eginen da. Baina, horren aurretik, eskaerak onartuko dira: martxoaren 15aren eta 31ren artean aurkeztu behar dira, Cabanillasko Udalaren idazkaritzan, 37. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

53. artikulua.

a) Herri-lurretako edozein lurzati adjudikatzean hura landuta badago, adjudikaziodun berriak lan horien zenbatekoa ordainduko dio aurrekoari, peritazioa egin ondoren.

b) Lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikaziodunarena izanen da uzta jaso arte, eta, orduan, onuradun berriak okupatuko du.

c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herri-lurzatien edo loteen adjudikaziodunak, hamar urteko epea urratu, eta herri-lurra edo lotea erein edo lantzen badu (ordenantza honen 49. artikulua); izan ere, Udalak egiaztatutakoan, ordenantza honen 50. artikuluaren arabera zehatuko baitu.

54. artikulua. Egokitu zaion herri-lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, bidezko arrazoirik gabe, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19. eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Hala ere, Udalaren Osoko Bilkuraren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izanen du.

55. artikulua. Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari utzita, Cabanillasen urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik, edo Cabanillasko Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik, erregelamenduaren 14. artikuluak agintzen duen moduan.

56. artikulua. Ureztatzeko herri lurzatien adjudikaziodunek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatzen duenaren arabera. Dena dela, 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira arau-hausteei dagozkien zehapenak.

Bai betiko ureztalurretan bai ihinztagailuz ureztatzen direnetan gertaturiko narrioak erabiltzailearen kontura izanen dira. Obra behin betiko hartu ondoren ere, lurren adjudikaziodunaren esku geratuko da ekipamenduen, hodien, ordenagailuen, sareen, ihinztagailuen eta gainerako elementuen mantentze-lana, gastuak barne. Uraren eta argiaren gastuak eta zaintzarenak (halakorik balego) adjudikaziodunaren kontura izanen dira, baita sortzen ahal diren gastu arrunt guztiak ere, bai ihinztagailuz bai betiko moduan ureztatzen diren lurretan.

Era berean, adjudikazio aldia bukatutakoan, lurzatiek behar bezala eta erabat garbi egon beharko dute, material inorganikorik gabe. Hala gertatu ezean, Udalak haiek kentzea eska dezake, horren arduraduna den adjudikaziodunak utzitako fidantzaren kargura (fidantza eman duten kasuetan).

57. artikulua. Ureztalurreko lurzati eta loteen herri-larreen onuradunak edo abeltzainak belarra eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen adjudikaziodunak 20 egun baino lehen erein nahi badu, herri-larre horien abeltzain onuradunari esan beharko dio, belarra balia dezan. Dena den, ezin izanen du erein 8 egun iragan baino lehen.

Lehorreko uztondoak ezin izanen dira laboratu belarrak banatzeko hitzarmenean ezarritako eguna baino lehen.

Ureztalurretako uztondoak ere urtero laboratuko dira, uzta jaso eta 8 egunera. Nekazariak bigarren uzta izateko erein behar baldin badu, gutxienez 8 egun lehenago esan beharko dio herri-larre horien abeltzain onuradunari, belarra balia dezan.

Erein gabeko lurzatietako uztondoak ez dira laboratuko urte bakoitzeko apirilaren 1a baino lehen.

Nekazariak 10 egun izanen ditu, uzta biltzen duenetik zenbatzen hasita, lasto fardoak egiteko, eta herri-larre horien abeltzain onuradunak epe hori errespetatu beharko du.

Zuzeneko ereintzaren edo bigarren uzta bilketaren ereintzaren ostean, gutxienez 5 egun lehenago esan beharko dio herri-larre horien abeltzain onuradunari.

Arto laborantzetan, nekazariak 8 egun izanen ditu artaburuak biltzeko, eta egun horietan ezin izanen da erre. Epe hori igarotakoan, ukitutako herri-larreen abeltzain onuradunak gehienez 15 egunez erabili ahal izanen ditu belar horiek, eta, ondoren, nekazariak libre izanen du berriro lursaila. Artaburuak biltzeko 8 egun horiek erabiltzen ez badira, abeltzainari jakinaraziko zaio uzta bildu eta 20 egunez larreaz gozatzeko aukera izanen duela.

58. artikulua. Adjudikaziodunen artean ezin izanen da lurzatirik aldatu, salbu eta bi alderdiek horretarako akordioa sinatzen badute. Hala ere, udalak akordio hori onartu beharko du, Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak txostena egin ondoren. Mota bereko lurzatiak bakarrik aldatzen ahalko dira; lehorreko lurrak lehorreko lurren ordez, eta ureztalurrak ureztalurren ordez.

59. artikulua. Erregelamendu hau, edo hura aplikatzean, Udalaren osoko bilkurako egintza edo erabakiak interpretatzean sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat aurkeztuz ebatziko dira:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

–Berraztertzeko errekurtsoa, aukerakoa eta aurrekoa baino lehen, Cabanillasko Udalari zuzendua, hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aspertsio bidezko ureztapena. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra, S.A.ren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen labore motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina zehatz horretarako.

Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturazioari dagokionez, kontsumoko metro kubiko bakoitzaren prezioak osatzen du 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa, alkatetzak kalkulatua, dagokion lan batzordeak proposaturik. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaileen kontsumoak, haientzat finkatutako metro kubikoen adinakoak edo gutxiago badira, edo %10 gehiago, gehienez ere.

Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarendako ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %10etik %20raino gehiago badira; berarendako ezarritako kontsumotik goitikoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aitzinetik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Erantzukizunak.

Instalazioak modu desegokian erabiltzeak ekarritako kalteak egonez gero –bereziki, eskualderako eta ohiko laboreentzako ezartzen den erreferentziako ur kontsumotik gora hartzeak ekarritakoak– erabilera desegoki hori egin duen ureztatzaileak izanen du erantzukizuna.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, erranen diote Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, edo haren meneko enpresa publikoei, eskualdean zer laborantza aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira ordenantza honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu ondoren jarriko da indarrean, eta, betiere, Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoren; eta hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2500804