31. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28E/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 27koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, hasiera ematen diona Nafarroan bizitegi-merkatu tentsionatuko zona bat deklaratzeko prozedurari.

Etxebizitzarako eskubideari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak bizitegi-merkatu tentsionatuko zonak deklaratzeko araudia ezarri zuen, herritarrentzat etxebizitza-eskaintza nahikoa ez izateko arrisku berezia dagoen lurralde eremuetan etxebizitza arloan egin beharreko jarduketa publikoak orientatzeko asmoz.

Xedapen horiek, ondoren, foru araudian txertatu ziren, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 97. artikuluaren bidez, zeina berriki aldatu baita azaroaren 8ko 17/2024 Foru Legearen bidez.

Aipatutako 97. artikuluaren 2. apartatuak xedatzen duenez, bizitegi-merkatu tentsionatuko zonen deklarazioa honako arau hauei jarraikiz egin behar da:

"a) Deklarazioaren aurretik, prestatze-prozedura bat beharko da, bideratuta egonen dena deklarazio horren xede den eremuko etxebizitza-merkatuaren egoerari buruzko informazioa lortzera, zenbait adierazle barne harturik, hala nola mota bateko eta besteko etxebizitzen alokairu- eta salmenta-prezioenak eta horiek denboran zehar izandako bilakaerarenak, eta etxebizitzetan bizi diren familien errenta erabilgarriaren mailarenak eta horrek denboran zehar izandako bilakaerarenak, halatan eta etxebizitza-prezioekin batera neurtu ahal izatearren familiek etxebizitza duin eta egokia eskuratzeko egin beharra daukaten ahalegin ekonomikoaren bilakaera.

b) Gero, informazio-izapide bat eginen da, zeinaren bidez jendaurrean paratuko baita deklarazioa oinarritzeko asmoz erabili nahi den informazio guztia, barne direla populazioaren eta familien espazio-banaketari, egiturari eta dinamikari buruzko azterlanak, bai eta eskaintzaren eta etxebizitza-prezio eta -moten araberako zonifikazioa ere, edo beste edozein azterlan, modua emanen duena gizarte- eta lurralde-kohesioari kalte egiten dioten desorekak eta bereizketa sozioespazialeko prozesuak agerian jartzeko edo prebenitzeko. Informazio publikoaren izapidea gauzatuko da Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian informazioa bi hilabetez jendaurreratuz, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatuta, eta, epe horretan, herritarrek alegazioak aurkezten ahalko dituzte.

c) Lurralde eremu baten "bizitegi-merkatu tentsionatuko zona" deklarazioa etxebizitza-alorrean eskudun den Nafarroako Gobernuko departamentuaren titularraren foru agindu bitartez eginen da, zeina arrazoituta egon beharko baita aipagai harturik eremu horretako etxebizitza-merkatuak bere edozein modalitatetan ohiko etxebizitzarako eskaria egokiro eta betiere zentzuzko prezioan asetzeko dituen akats edo eskastasunak, gogoan izanik bai nolako egoera sozioekonomikoan dagoen bertako egoiliar den biztanleria, bai eta zein diren dinamika demografikoak ere, eremu bakoitzaren lurralde-berezitasunak aintzat hartuta. Indarrean sartzeko, beharrezkoa izanen du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izatea. Jakinarazi eginen zaio etxebizitza-alorrean eskudun den ministerioari".

Era berean, 10/2010 Foru Legearen 97. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen duenez, bizitegi-merkatu tentsionatuko zona bat deklaratzeko, "beharrezkoa izanen da oroitidazki batek hori datu objektiboen bitartez justifikatzea, oinarritzat harturik arrisku berezia dagoela, egoiliar diren biztanleentzat eta familia berrien sorkuntzaren dinamikak ere kontuan harturik, eskuratzeko moduko baldintzetan dauden etxebizitzen hornidura nahikorik ez egotekoa, honako inguruabar hauetako bat gertatzeagatik:

a) Lurralde-eremu horretan hipotekaren edo alokairuaren kostuak pertsonaren edo bizikidetza-unitatearen aurrekontuan duen batez besteko zama, gehi oinarrizko hornidurak eta gastuak, handiagoa izatea familien batez besteko errentaren ehuneko hogeita hamar baino.

b) Lurralde-eremu horretan etxebizitzaren erosketa- edo alokairu-prezioak aurreko bost urteetan izandako hazkunde metatuaren ehunekoa gutxienez ere hiru portzentaje-puntu gehiagokoa izatea Nafarroako Foru Komunitateko Kontsumoko Prezioen Indizearen hazkunde metatuaren ehunekoa baino".

Arauzko xedapen horiek betez, Nafarroako bizitegien merkatuaren egoerari buruzko informazioa bildu eta beharrezko datuak aztertu ondoren, Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiak hasierako justifikazio-memoria bat egin du. Memoria horren behin-behineko emaitzen arabera, 21 udalerrik betetzen dituzte bizitegi-merkatu tentsionatuko zona deklaratzeko baldintzak, honako hauek, alegia: Iruña, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Lizarra, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Corella, Noain Elortzibar, Cintruénigo, Baztan, Altsasu, Uharte, Berriobeiti, San Adrián eta Azkoien.

Horren ondorioz, eta Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 97. artikuluak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako ahalmenekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Hasiera ematea Nafarroan bizitegi-merkatu tentsionatuko zona bat deklaratzeko prozedurari, bat etorriz Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 97. artikuluan eta Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18. artikuluan xedatutakoarekin.

2. Prozedura jendaurreko informazioaren tramitean jartzea, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan, egokitzat jotzen diren alegazio guztiak aurkezten ahalko dira.

Ondorio horietarako, bizitegi-merkatu tentsionatuko zona deklaratzeko prozesuaren hasiera justifikatzen duen memoria eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian, helbide honetan: https://participa.navarra.es/processes/zonas-mercado-tensionado?locale=eu.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 27an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2501211