Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
346E/2024 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, onesten duena "Enpresek eta ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" izeneko dirulaguntzaren 2025eko deialdia. DDBN identifikazioa: 804972.
2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. Planaren 1. erronkak talentua erakarri eta mantentzeko hainbat neurri jasotzen ditu, besteak beste bigarren neurria –industriako doktoregaiak kontratatzea–, I+G+Baren oinarria pertsonak direla ulertuta. Beraz, neurriak bideratuta daude ikerkuntza alorreko talentu hori prestatzeko, mantentzeko eta erakartzeko.
Industriako doktoregaiak kontratatzeko laguntzen deialdien bidez urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik: enpresetan, ikerketa zentroetan eta zentro teknologikoetan.
Uztailaren 4ko 576/2023 Errege Dekretuak doktoregaien irakaskuntzen iraupena ikasleen benetako beharretara egokitu zuen. Errege dekretu horren bidez aldatu egin zen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua, Doktorego Ikasketa Ofizialak arautzen dituena. Horrenbestez, 99/2011 Errege Dekretuaren 3. artikulua aldatu zen, doktorego ikasketen gehieneko iraupena lanaldi osoko 4 urtetan ezartzeko, doktoregaia programan matrikulatzen denetik doktorego tesia gordailutzen den egunera arte.
Industriako doktoregaiak kontratatzeko laguntzen deialdiekin eta uztailaren 4ko 576/2023 Errege Dekretuaren ondoriozko aldaketarekin bat etorriz, egokia da aipatutako deialdietan horretarako finantzaketa izan zuten entitateek deialdi horiei lotutako tesi proiektuak gaur egun egiten ari diren doktoregaiak kontratatzen jarraitzea, proiektua amaitu, gordailutu eta defendatu ahal izateko.
Laguntza hori sartu da 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoko "Enpresek eta ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" deialdirako dagokion (551) ildoan.
2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzeke dago. Horretan, "Enpresek eta ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" deialdiari dagokion ildoa sartuko da.
Nafarroako Gobernuaren 2024ko azaroaren 20ko Erabakiaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko, 814.500 euroko zenbatekoarekin, banakako ebaluazioaren araubidean deialdi hau onesteko: "Enpresek eta ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak", 2025eko deialdia.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea, 2025erako, "Enpresek eta ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" deialdia.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdiaren konpromisoei aurre egiteko 814.500 euroko kreditua baimentzen da, indarreko gastuen aurrekontuko G20001-G2100-4701-467300 "Ikerketa eta teknologia langileak kontratatzea, industriako doktoregoak" partidaren baliokide den partidaren kargura, kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintza etengarriarekin, honela banatuta:
EKITALDIA | ZENBATEKOA |
2025 | 271.500 |
2026 | 271.500 |
2027 | 271.500 |
Kreditu horri 126.700 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Kopuru osagarri hori erabili ahal izanen da baldin eta G20001-G2100-4701-467300 "Ikerketa eta teknologia langileak kontratatzea, industriako doktoregoak" partida horretan konprometituta dauden beste deialdietan aurrekontu baliabideak badaude.
Kreditu gehigarriaren onespena eta argitalpena ebazpena eman baino lehen eginen da, baina horrek ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Sarrigurenen, 2024ko abenduaren 20an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
1. Laguntza hauen xedea da enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen ikerketa ildoak sendotzea doktoregoa lortzeko prestakuntzan ari diren ikertzaileen kontratazioa luzatuta, eta, orobat, ikertzaile horien laneratzea finkatzea.
2. Horretarako, diruz lagunduko da prestakuntzan dagoen ikertzaile baten (aurrerantzean, doktoregaia) kontratazioa luzatzea, pertsona horrek ikerketa proiektu bat egiten segi dezan bere doktorego tesiaren esparruan, unibertsitate batekin lankidetzan, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.
2. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Dirulaguntzaren onuradun izateko, entitateek doktoregai baten kontratazioa luzatu beharko dute, bai eta honako baldintza hauek bete ere:
a) "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: industriako doktoregoak" dirulaguntzen deialdian (hemendik aurrera "Industriako doktoregoak") dirulaguntza jaso izana eta deialdi horretan diruz lagundutako aldia 2025ean, 2026an edo 2027an amaitzea. "Enpresek eta ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" deialdiaren (aurrerantzean, "Luzapenak") aurreko edizioetan dirulaguntzak jaso dituzten entitateak ezin izanen dira onuradun izan.
b) Lantokia Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea eta lantoki horretan egitea diruz lagundutako jarduera.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea dirulaguntza ematen duen organoari zuzenean edota datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez, bitarteko telematikoen bidez, deialdi honen jarraipena eta kontrola egiteko, honako datu hauek eskuratzeko: zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzea, eta kontratatutako pertsonaren lan-bizitza egiaztatzea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian. Entitate eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, dagozkion informazioa eta ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
3. Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 7.3.a) oinarrian adierazitako eskaera telematikoan bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
4. Laguntza hauen onuradun izateko betebeharrak eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira, eta dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu.
3. oinarria.–Kontratatutako pertsonak egin beharreko jarduerak.
Luzatutako ikerketa proiektuko jarduerak eginen ditu doktoregaiak, alegia, "Industriako doktoregoak" laguntzen xede izan zen doktorego tesiari loturiko ikerketa proiektuarekin jarraitzekoak.
4. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko kontratazioa.
1. Doktoregaiaren kontratazioa luzatzeko, doktoregaiak baldintza hauek bete behar ditu kontratua edo horren luzapena sinatzen den unean:
a) Ezin izanen du partizipaziorik izan entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzio edo sozietate bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, baldin horren ondorioz entitatearen benetako kontrola –zuzena edo zeharkakoa– izateko ahalmena badu.
b) Espainiako edo atzerriko unibertsitate batek emandako doktorego titulurik ez izatea.
Ondorio horietarako, dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko. Adierazpena 7.3.a) oinarrian adierazitako eskabide telematikoan egon beharko da.
2. Entitate onuradunaren eta doktoregaiaren arteko kontratuek edo horien luzapenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Kontratu horiek sinatzea 2. oinarrian onuraduntzat ezarririko entitateek eta oinarri honetako 1. puntuko baldintzak betetzen dituzten doktoregaiek.
b) Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:
I. Kontratatutako pertsonaren prestakuntza maila eta titulazio espezifikoa.
II. Hasiera eta amaiera datak (salbu eta kontratua mugagabea bada), diruz lagundu daitekeen aldia hartuta gutxienez, 9.1 oinarrian adierazten den laguntzak emateko ebazpenean jasotakoaren arabera. Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.
III. Beteko den lanpostua edo eginkizuna.
IV. Urteko soldata gordina eurotan adierazia, eta ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.
V. Deialdi honetako dirulaguntzaren aipamena.
c) Lanaldi osokoa izatea.
d) Kontratazioa Gizarte Segurantzaren 1. kotizazio-taldean sartuko da.
e) Kontratatuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.
f) Ezin izanen dira kontratatu norberaren konturako langileak.
g) Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, kontratatzen den pertsona entitatearen Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.
h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 27.000 eurokoa izanen da gutxienez.
i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.
5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoak.
1. Barne hartuko dira kontratatutako doktoregaiaren lanarekin eta soldataren kostuekin lotutako gastuak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio-gastuak barne, bai eta doktorego ikasketen gastu akademikoak ere (indarrean dagoen ikasturteko doktorego ikasketen matrikula, bai eta tesia defendatzeagatiko eta doktore titulua emateagatiko tasak ere, betiere diruz lagundu daitekeen aldian gertatzen badira).
2. Dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatuko dira, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin.
3. Laguntza moduluak honako hauek izanen dira:
a) A modulua: 1.500 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko eta hileko, eta lan eta soldata kostuak konpentsatuko ditu.
b) B modulua: 100 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko, eta doktorego ikasketen gastu akademikoak konpentsatuko ditu.
Unibertsitateak egindako jarraipen eta koordinazio gastuak kanpo geldituko dira.
6. oinarria.–Laguntzaren iraupena.
1. Laguntzak gehienez ere 12 hilabetekoak izanen dira, "Industriako doktoregoak" laguntzengatik diruz lagundutako aldia amaitu eta biharamunetik tesia gordailutzen den egunera arte.
2. Eskaera bakoitzerako diruz laguntzen ahal den aldi espezifikoa zehaztuko da Ezagutza Transferitzeko Atalak (aurrerantzean, organo kudeatzailea) 7.3.b) oinarrian ageri den memoria zientifiko-teknikoan adierazitako ikerketa proiektuaren jarduerak gauzatzeko plana baloratu ondoren. Era berean, diruz laguntzen ahal den aldi hori 9.1 oinarriko laguntza emateko ebazpenaren edukian sartuko da.
7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, eta eskaera aurkezten ahalko da "Industriako doktoregoak" laguntzengatik diruz lagundutako aldia amaitu aurreko bi hilabeteetan. Horretarako, diruz lagundutako aldi horren eta eskaera aurkezteko epearen berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneteko atarian duen tramiteen katalogoan (aurrerantzean, laguntzen webgunea): https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-prorrogar-la-contratacion-de-doctorandos-y-doctorandas-doctorados-industriales-2025.
2. Eskabideak telematikoki soilik aurkeztuko dira, laguntzen webgunearen bidez.
Eskaera horretan adierazi beharko da jakinarazpenak telematikoki jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektroniko bakarra izatea (aurrerantzean, GHEb), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.
Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.
3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:
a) Eskaera telematikoa, 2.3. eta 4.1. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.
b) Ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa. Bertan, organo kudeatzaileak egiaztatu ahal izanen du egin beharreko jardueren helburua tesi proiektua amaitzea, gordailutzea eta defendatzea dela. Horrez gain, proiektua egiteko aurreikusitako denbora ere adieraziko da, hilabetetan, 6.2 oinarrian adierazitako diruz laguntzen ahal den aldia zehazte aldera.
c) Eskaera egin aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbatekoak, 18. oinarrian ezarritakoaren arabera.
4. Eskaera bakoitzak kontratazio edo kontratazioaren luzapen bakar bati eginen dio erreferentzia.
5. Aurkeztutako eskaerak ez baditu baldintzak betetzen, organo kudeatzaileak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko araubidea.
1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Behin ebaluazioa eginda, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatutako jarduketei emanen zaizkie laguntzak.
3. Hasiera batean baimendutako diruarekin eskaera guztiei ezin bazaie aurre egin, baimendutako dirua handitzeko baimena eman ahal izanen da, partida berean (G20001-G2100-4701-467300 "Ikerketa eta teknologia langileak kontratatzea, industriako doktoregoak") konpromisoa duten beste deialdi batzuk gauzatzearen ondorioz agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Halakorik gertatuz gero, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da.
9. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Organo kudeatzaileak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena aurkeztuko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du entitate eskatzaileak dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
–Entitate onuradunaren izen soziala eta IFZa.
–Laguntzaren zenbatekoa.
–Diruz laguntzen ahal den aldia.
–Eskaera ezesten bada, horretarako arrazoiak.
2. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen helbide elektroniko gaitu bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.
10. oinarria.–Laguntza eman ondoren dokumentazioa aurkezteko modua eta epeak.
1. Entitate onuraduna pribatua bada, laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du laguntzen webgunearen bidez, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluari jarraikiz.
Dokumentazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, ezin izanen da emandako dirulaguntza ordaindu.
2. Doktoregaiaren kontratazioa egiaztatzen duen dokumentazioa. "Industriako doktoregoak" laguntzengatik diruz lagundutako aldia amaitu eta hilabeteko epean, entitate onuradunaren eta doktoregaiaren arteko kontratuaren edo luzapenaren kopia aurkeztuko da, laguntzen webgunearen bitartez.
Kontratuak indarrean jarraitzen badu "Industriako doktoregoak" laguntzek diruz lagundutako aldia amaitu ondoren, 4.2 oinarriko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, hala nola kontratuaren gehigarria edo soldataren fitxa.
3. Laguntzaren eskaera aurkeztu den urteari dagokion indarreko ikasturterako doktorego programa batean matrikula formalizatu izana egiaztatzen duen dokumentazioa. Formalizatu eta hilabeteko epean aurkeztuko da. Doktorego programaren ardura duen unitateak edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emaniko agiria izanen da.
4. 2. eta/edo 3. puntuetako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, laguntzen organo kudeatzaileak entitateari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Organo kudeatzaileak 10. oinarriaren arabera aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpen proposamena helaraziko dio eskumena duen organoari. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.
2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 10. oinarrian adierazitako agiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.
3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, entitate onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.
12. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.
1. Bi hilabeteko epean, tesia gordailutzen den egunetik zenbatzen hasita, eta zenbaketa hori 9.1 oinarrian aipatzen den diruz laguntzen ahal den aldiaren amaiera data gainditu gabe, entitate onuradunek honako justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez:
a) Jardun zientifiko-teknikoaren memoria. Bertan, doktoregaiak tesia defendatzera bideratutako jarduerak deskribatuko dira, diruz lagundutako aldian egindako zabalkundekoak eta prestakuntzakoak barne. Era berean, berariaz aipatuko da doktorego tesiaren egoera eta bilakaera, eta egindako argitalpenak eta egonaldiak aipatuko dira.
b) Doktorego tesia gordailutu dela egiaztatzen duen dokumentua.
c) Gordailututako doktorego tesiaren ale bat.
d) Deialdi honetan diruz lagundutako kontzeptuengatik jaso duen beste edozein dirulaguntzaren jakinarazpena.
2. 15.1.h) oinarrian aipatzen den ausazko kontrola egiten zaien entitate onuradunek, gainera, honako justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Nominen kopia.
b) Nominak ordaindu izanaren justifikazio agiriak.
c) "Langilearen kalkulu globalak" dokumentua (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema), Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarena.
d) Doktorego ikasketetako matrikula tasen ordainagiriak, tesiaren gordailutze tasak eta/edo doktorego titulua eman izanaren egiaztagiria eta horren ordainagiria.
13. oinarria.–Kontratazioa etetea.
1. Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:
a) Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.
b) Amatasunagatik edo aitatasunagatik.
c) Haurdunaldiko arriskuagatik.
d) Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean dagoen arriskuagatik.
e) Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.
2. Aurreko puntuan adierazitako kasuetan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata gastuak. Organo kudeatzaileak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.
Etetea eragin zuen egoera bukatu ondotik, entitate onuradunak laguntza berraktibatzeko eskatuko du, laguntzen webgunearen bidez. Organo kudeatzaileak, bidezkotzat jotzen dituen txostenak eskatu ondotik, laguntza aktibatuko du etendako denbora bererako.
3. Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.
14. oinarria.–Kontratazioa azkentzea.
1. Kontratazioa azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta azkentze horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, kontratua azkendu eta hilabeteko epean gehienez.
2. Kontratazioa azkentzen bada, honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Doktoregaiak lana galtzen badu bidegabetzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, laguntza osoa itzuli beharko da.
b) 9.1 oinarrian zehaztutako diruz laguntzen ahal den kontratazioaren aldia bete ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, dagokion zatia itzuli beharko da.
c) Tesia 12.1 oinarrian adierazitako justifikazio epean gordailutu ez bada, emandako eta ordaindutako laguntzaren ehuneko 25 itzuli beharko da.
15. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du telematikoki, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.
Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.
b) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 10. eta 12. oinarrietan adierazten den moduan.
c) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa jarduerak.
d) Kontratatutako pertsonaren doktorego tesia gordailutzea.
e) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea organo kudeatzaileari.
f) Aitzinetik jakinaraztea organo kudeatzaileari kontratatuak doktorego tesia defendatuko duen eguna.
g) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 14.1 oinarrian adierazten den gisan.
h) Organo kudeatzaileak egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea; besteak beste, egindako gastu errealaren espedienteen ausazko kontrolaren zati gisa, 12.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa eskatuko zaio entitate onuradunei. Era berean, kasuan-kasuan bidezko diren finantza-kontroleko jarduketen mende jarriko dira.
i) Ikerketa proiektuaren aurrerapenak edo emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 16. oinarrian aipatzen den gisan.
j) Kontratatutako pertsonari aukera ematea parte har dezan bikaintasun zientifikoko prestakuntzan eta ikerketa jardueran generoaren alderdia txertatzeari buruz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak sustatutako prestakuntzan, halakorik emanez gero.
k) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiari eman behar diote hark laguntza ebaluatzeko eskatzen dien informazioa, gauzapenari, emaitzari eta inpaktuari buruzko adierazleak lortze aldera. Betebehar hori doktoregaiari ere aplika dakioke.
l) Bioetikari, animalien esperimentazioari, biosegurtasunari, segurtasun biologikoari, ingurumenaren babesari, natura-ondareari eta biodibertsitateari eta datuen babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzea laguntza hauen babesean kontratatutako pertsonek parte hartzen duten proiektuetan eta gainerako jardueretan.
m) Europako Batzordearen martxoaren 11ko (2005/251/EE) Gomendioan (2005eko L75. EBAO, martxoaren 22koa) xedatutakoa betetzea. Gomendio hori Ikertzaileen Europako Gutunari eta ikertzaileak kontratatzeko Jokabide Kodeari buruzkoa da.
n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.
Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.
b) Tesia gordailutu edo defendatzen ez bada, laguntzaren %25 kobratzeko eskubidea galduko da, edo, bestela, laguntzaren %25 itzuli beharko da.
c) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, dagokion dirulaguntza zatia kobratzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, dagokiona itzuli beharko da.
d) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduketaren dokumentazioa aurkeztearen ingurukoak (12.1 oinarria).
3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, organo kudeatzaileak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.
16. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.
1. Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen ikerketa proiektuaren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute. Halaber, doktorego tesian finantzaketa hori aipatuko da, bai agirian bertan bai tesia defendatzeko ekitaldian.
Tesiaren dokumentuan zein argitalpen edo aipamen publiko batean testu hau edo antzeko bat sartuko da:
"Nafarroako Gobernuak doktoregaien kontratazioa finantzatu du «Industriako doktoregoen luzapenak 2025» laguntzen deialdiaren barruan".
"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logoa erabil daiteke, hemen eskuratu daitekeena: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
Era berean, "doktoregai" terminoaren ordez, doktoregaiaren izena eta abizenak jartzen ahalko dira.
2. Diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da betiere, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.
17. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira, laguntzen webgunearen bitartez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira (GEHb), bai eta herritarren karpetan ere:
https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm
Gaitutako helbide elektroniko bakarra Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: https://dehu.redsara.es. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektroniko bakarra lortzen den helbide berean.
18. oinarria.–Laguntzen araubidea.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2023ko L 352. EBAO, abenduaren 15ekoa).
Aipatu erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Horretarako, onuradunek aitortuko dute, laguntzen eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta, "de minimis" laguntzarik jaso duten aurreko hiru urteetan.
19. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.
Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) gastu diruz lagungarri bererako ematen duen beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.
Bereziki, diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiak beste edozein lan kontratu indarrean edukitzearekin, bai eta soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kalte egiten badio ikerketaren eta prestakuntzaren xedeari edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, dirulaguntza hau bateraezina izanen da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.
20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.
21. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen webgunean kontsultatzen ahalko da.
22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2418817
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
