30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

131E/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, zeinaren bidez agintzen baita onesteko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emateko akordio bat, kudeaketa-esleipena egiten diona Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeari 2025ean zehar zerbitzu publikoak hedatzeko jarduera materialak edo teknikoak egin ditzan. Akordioa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren eta "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren (DZFN-DEE-EEP-BP) zuzendari nagusiaren artekoa izan da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoarekin bat, hitzarmen baten bidez formalizatuko da beste administrazio publiko bati egindako kudeaketa-esleipena, bai eta beste administrazio publiko batek Foru Administrazio Publikoari egindakoa ere, aurrekontuetan kreditu nahikorik dagoela egiaztatu ondoren. Beraz, akordio bat egin da "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ri (DZFN-DEE-EEP-BP) kudeaketa-esleipen bat egiteko, hark garatutako Ziurtapeneko Plataforma Publikoaren jarduerak eta bestelako zerbitzu elektroniko, informatiko eta telematikoak emateko beharrezkoak diren jarduera material eta instrumentalak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan hedatzeko, 2025eko ekitaldian eta, hitzarmenean adierazitako baldintzetan, 4 urtera arte luzatzeko aukerarekin.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehenengoa.–Onestea "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ri (DZFN-DEE-EEP-BP) eginiko kudeaketa-esleipena, 2025ean zehar zerbitzu publiko elektronikoak hedatzeko jarduera materialak edo teknikoak egin ditzan.

Bigarrena.–Onestea aipatu kudeaketa-esleipena formalizatzen duen akordioaren testua, zeina foru agindu honen eranskinean baitago.

Hirugarrena.–Foru agindu hau eta aipatu akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea bi aldeek sinatu ondoren.

Laugarrena.–Honako zenbateko hau baimentzea eta xedatzea, esleipenari aurre egiteko, 2024ko gastuen aurrekontuko "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalarekiko Hitzarmena" izeneko G30005 G3500 2273 921C04 partidaren baliokidea den aurrekontu-partidaren kargura, :

URTEA

ZENBATEKOA

2025

137.827,12 euro

Hori guztia, ukitutako ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintza etengarriaren mende.

Bosgarrena.–Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiari eta "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ri , behar diren ondorioak izan ditzan.

Seigarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 23an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Patricia Fanlo Mateo.

ERANSKINA.–KUDEAKETA-ESLEIPENA, NAFARROAKO GOBERNUKO UNIBERTSITATEKO, BERRIKUNTZAKO ETA ERALDAKETA DIGITALEKO DEPARTAMENTUAK "DIRUAREN ETA ZERGA-ZIGILUAREN FABRIKA NAZIONALA - DIRUAREN ERREGE ETXEA, ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA, BITARTEKO PROPIOA"RI EGITEN DIONA, ZERBITZU PUBLIKO ELEKTRONIKOAK HEDATZEKO JARDUERA MATERIALAK ETA TEKNIKOAK EGIN DITZAN

BILDU DIRA

Alde batetik, Patricia Fanlo Mateo andrea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuak esleitutako eskumenekin, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren izenean eta hura ordezkatuz, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuan ezarritako eskumen-esparruarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkari gisa (egoitza instituzionala: Cabárceno kalea 6, 3. solairua, 31621 Sarriguren, Nafarroa, eta IFZa: S7138185I).

Eta, bestetik, María Isabel Valldecabres Ortiz andrea, "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren (aurrerantzean, DZFN-DEE-EEP-BP) zuzendari nagusia, abuztuaren 3ko 726/2021 Errege Dekretuaren bidez izendatua (2021eko 185. EAO, abuztuaren 4koa), erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, haren Estatutuaren 18. artikuluarekin bat; egoitza instituzionala Madrilen du, Jorge Juan kaleko 106. zenbakian, eta IFZa: Q2826004J.

DZFN-DEE-EEP-BP haren Estatutuak (urtarrilaren 31ko 51/2023 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen eta 2023ko 27. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 1ekoan) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautzen dute; Ogasun Ministerioari atxikita dago Ogasun Idazkariordetzaren bidez, bat etorriz Ogasun Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen otsailaren 27ko 206/2024 Errege Dekretuaren 12.11.b) artikuluarekin.

Bi alderdiek elkarri aitortzen diote legezko gaitasun eta eskumen nahikoak dituztela esleipen hau formalizatzeko.

ADITZERA EMATEN DUTE

Lehenengoa.–DZFN-DEE-EEP-BPren Estatutuko 4. artikuluak haren funtzio eta eskumenen (Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluak ezarritakoak) artean aitortu eta ezartzen ditu honako hauek: segurtasun-, teknika- eta administrazio-zerbitzuak ematea komunikazioetan teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak (EIT) erabiliz, eta erabiltzaile-titulu edo -ziurtagiriak (eta horien euskarriak) eman, sortu eta hornitzea, dagozkien legezko xedapenek ezartzen dutenaren arabera. Gaur egun, jarduera horiek arautzen ditu, besteak beste, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduak, identifikazio elektronikoari eta barne merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoak, zeinak 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu.

Prozedura bateko interesdunen identifikazio elektronikoari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9. eta 10. artikuluek ezartzen dute ezen, interesdunek erabilitako eta Administrazio Publikoek onartutako sistemen artean, "interesdunek elektronikoki identifikatzeko aukera izanen dutela (...) sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako sistemen bidez; ziurtagiri horiek "Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzazko zerrenda"n dauden emaileek emanak izan beharko dute".

Konfiantzazko zerrenda hori egiten da kontuan hartuta Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1505 (EB) Betearazpen Erabakian aurreikusitakoa. Izan ere, erabaki horretan ezartzen dira konfiantzazko zerrendekin lotutako zehaztapen teknikoak eta formatuak. DZFN-DEE-EEP-BP ziurtapen zerbitzuen emailea da, zehazki Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoaren Ministerioak (Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren Estatu Idazkaritza - SEDIA) kudeatzen duen konfiantzazko zerrendan sartuta daudenetako bat:

https://avancedigital.gob.es/es-es/Servicios/FirmaElectronica/Paginas/Prestadores.aspx

Beste alde batetik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen du sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa, non ohikoa izan behar baitu administrazio publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzea, hala nola sinadura eta egoitza elektronikoak, datuen truke elektronikoa komunikazio ingurune itxietan eta administrazio jardun automatizatua. Ezartzen du, halaber, administrazio publikoen arteko harremanak bitarteko elektronikoak erabiliz egin behar direla, eta aurreikuspen hori garatzen da aurrerago, administrazioen arteko lankidetzari buruzko tituluan, administrazioen arteko harreman elektronikoen gaineko arau espezifiko batzuen bidez. Horretarako, jarduteko printzipio berri bat aurreikusten da: bitarteko elektronikoen eta sistemen elkarreragingarritasuna eta herritarrentzako zerbitzuak administrazioek batera ematea.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren V. kapituluak berariaz arautzen du sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa, hots, hauena guztiena: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten erakundeak eta sektore publiko instituzionala.

Sektore publikoak bitarteko elektronikoekin jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak garatu eta zehazten ditu arestian gainetik azaldutako lege aurreikuspenak, besteak beste helburu honekin: bitarteko teknologikoen erabileran inplikaturiko eragileei horiek eraginkortasunez erabiltzea erraztea eta, aldi berean, lege hauetan arautzen diren gaietatik erregelamenduz jarduteko aukera ematen dutenak argitu eta zehaztea. Espainiako 2025eko Agenda Digitalean jasota dago ardatz estrategiko espezifiko bat sektore publikoaren eraldaketa digitalari buruz, neurri batzuk betetzean gauzatzen dena, hala nola Administrazio digitalaren arau-esparrua hobetzea. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak ("España puede"), berriz, hazkunde jasangarri eta inklusiborako egiturazko erreformaren arloko hamar palanka-politiken artean jasotzen du Administrazio modernizatua lortzea haren digitalizazioaren bidez, bai zeharkakotasunez bai arlo estrategikoetan.

Kudeaketa-esleipen honen gaiari dagokionez, martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak garatzen du administrazio publikoen identifikazio elektronikoaren jarduera eta haren eskumenaren erabileraren autentifikazio lana, barne hartuta honakoak: egoitza elektronikoen eta egoitza elkartuen identifikazioa, ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoaren bidezko identifikazioa, jardun administratibo automatizaturako sinadura elektronikoaren sistemak, administrazio publikoen zerbitzuko langileen identifikazioa eta sinadura (barne direla enplegatu publikoaren ziurtagiriak, identifikazio zenbaki profesionalarekin eta izenordearekin); horrez gain, interesdunen identifikazioa eta sinadura eta haien ordezkaritza ere arautzen ditu.

Bigarrena.–Jarduera horien gauzatze materiala araututa dago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan, barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoan, eta 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen duenean. Hala, barne merkatuaren funtzionamendu zuzena bermatzeko eta identifikazio elektronikoko zein konfiantza zerbitzuetako identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun-maila egokia lortzeko, honako hauek ezartzen ditu: (a) Estatu kideek zer baldintzatan onartu beharko dituzten identifikazio elektronikoko sistema baten parte diren pertsona fisiko eta juridikoen identifikazio elektronikoko bitartekoak; (b) konfiantza zerbitzuen arauak, transakzio elektronikoei dagozkienak zehazki, eta (c) esparru juridikoa sinadura elektronikoetarako, zigilu elektronikoetarako, denbora-zigilu elektronikoetarako, dokumentu elektronikoetarako, entrega elektroniko ziurtatuko zerbitzuetarako eta webguneen autentifikaziorako ziurtagirien zerbitzuetarako.

Arlo honi buruzko barne zuzenbideari dagokionez, azaroaren 11ko 6/2020 Legea onetsi da, konfiantzazko zerbitzu elektronikoen alderdi batzuk arautzen dituena. Lege horren eginkizuna da Europako erregelamendua osatzea harmonizatu gabe dauden eta Batasuneko estatuen ordenamenduetan garatzea aurreikusita dauden alderdiei dagokienez, horien xedapenak erregelamenduaren arabera interpretatu behar baitira.

Identifikazio sistemen eta gainerako sistemen jarduerari eta ondorioei dagokienez, 6/2020 Legearen bigarren xedapen gehigarriak adierazten du erabateko ondorio juridikoak izanen dituztela 39/2015 Legean eta 40/2015 Legean jasotako identifikazio, sinadura eta zigilu elektronikoko sistema guztiek; hain zuzen ere, sistema horien artean daude DZFN-DEE-EEP-BPk eskainitakoak.

Hirugarrena.–Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluak (Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak segurtasun zerbitzuak ematea teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko komunikazioetarako) ahalmena ematen dio DZFN-DEE-EEP-BPri behar diren zerbitzu tekniko eta administratiboak emateko, teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez komunikazioak eta agiriak eman eta jasotzeko eragiketak seguruak, baliozkoak eta eraginkorrak direla bermatzeko (1. apartatua), eta gaikuntza ematen dio, Finantza Sistemaren Erreformarako Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legearen bidez aldaketa egin eta gero, funtzio publikoak betetzen dituzten pertsona, entitate eta korporazioei zerbitzu horiek emateko eta identifikazio eta erregistro tramiteetan parte hartzeko, kasuan kasuko hitzarmena (edo harremanetarako beste tresna bat) formalizatu ondoren.

Artikulu hori oinarritzen da indargabetua dagoen 30/1992 Legearen 45.1 artikuluak ezarritako aginduan, hartan xedatzen baitzen administrazio publikoek, beren eskumenak gauzatzean eta jarduerak garatzean, EIT teknikak eta bitartekoak erabiltzea eta aplikatzea sustatu behar dutela. Agindu hori, gaur egun 39/2015 Legearen 17., 26. eta 27. artikuluek eta 40/2015 Legeak arautzen dute.

Identifikazio eta erregistro jarduerei dagokienez eta aipatu 81. artikuluaren bederatzigarren apartatuan xedatutakoari jarraikiz, DZFN-DEE-EEP-BPk egoki jotzen dituen hitzarmenak edo bestelako tresna juridikoak martxan jartzen ahalko ditu funtzio publikoak betetzen dituzten pertsona, entitate eta korporazioekin, eta haietan ezarriko dira pertsona, entitate eta korporazioek zer baldintzatan parte hartzen ahalko duten aipatu jardueretan.

Azaroaren 30eko 1317/2001 Errege Dekretuak, lehen aipatutako 81. artikulua garatzen duenak, arautzen du DZFN-DEE-EEP-BPk nola emanen dituen segurtasun zerbitzuak bitarteko eta teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko komunikazioak eta idatziak egin eta jasotzeko eragiketetan. Errege dekretu horren 6. artikuluak ahalmena ematen dio DZFN-DEE-EEP-BPri ezartzeko zer baldintzatan emanen dituen bere zerbitzuak teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz egiten diren komunikazioetan, bai eta elkarren arteko lankidetzarako ere, erregistro eta egiaztapenaren arloan (interesdunena nahiz erakundearena berarena eta erakundeko langileena).

90eko hamarkadaren erdialdetik, DZFN-DEE-EEP-BPk garatu, hobetu eta eguneratu ditu gako publikoaren azpiegitura batzuk (PKI, ingelesez), urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen beharrak asetzen dituztenak; soluzio horiek Estatuko beste administrazio publiko, ente eta erakunde batzuetara eta gainerako organo eta botereetara hedatzeko modukoak dira. PKI horiek abian jarri dira irizpide hauen arabera:

–Espainiako Ziurtapeneko CERES proiektuan metatutako esperientziaz baliatzea, gako publikoaren azpiegituraren muina baita.

–Arriskuak gutxitzea "paperik gabeko administrazioa" sendotzean.

–Bitartekoen ekonomia, esperientzia metatuak eta administrazio publikoen arteko teknologia transferentziak dakartena.

–Egun erabiltzen diren teknologien, ekipamenduen, txartelen eta aplikazioen berrerabilera.

Laugarrena.–40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera material edo teknikoak betetzea esleitzen ahalko zaie administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko erakunde batzuei, jarduera horiek haien eskumenen artean badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horiek betetzeko baliabide tekniko egokiak ez izateagatik. Tresna honen bidez DZFN-DEE-EEP-BPri egin ditzan esleituko zaizkio esleipen-emailearen xedeak betetzeko beharrezko diren jarduerak.

Kontuan hartuta, batetik, Nafarroako Gobernuaren interesa dela bermatzea interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz harremanak izan ahal izatea, bai eta bere burua identifikatu eta interesdunekin nahiz beste administrazioekin komunikazioak ezarri ahal izatea, eta, bestetik, DZFN-DEE-EEP-BPk egiten ahal dituela ziurtapenari, sinadura elektronikoari eta agiri honetan jasotzen diren gainerako jarduketei dagozkien jarduera tekniko eta segurtasunekoak, bere helburu instituzionalen arabera, hitzarmen honen bidez ezartzen da DZFN-DEE-EEP-BPri horiek egin ditzan esleitzea, honako hauek direla horretarako

KLAUSULAK

Lehena.–Xedea.

Kudeaketa-esleipen honen helburua da DZFN-DEE-EEP-BPk Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat jarduera materialak edo teknikoak egitea, esleipen-emailearen eginkizunak eta eskumenak betetzea ahalbidetzeko. Jarduera horiei esker, jardun-esparru instituzional bat sortuko da, identifikazio eta sinadurarako zerbitzu publiko elektronikoak sustatzea erraztuko duena; horretarako, DZFN-DEE-EEP-BPk garatutako Ziurtapeneko Plataforma Publikoaren jarduerak eta bestelako zerbitzu elektroniko, informatiko eta telematikoak hedatuko ditu, bere eskumenen esparruan, administrazioek erabil ditzaten.

Zehazki, DZFN-DEE-EEP-BPk honako hauek barne hartuko ditu bere jardunean:

1. Ziurtapeneko Plataforma Publikoa hedatzea, esleipen honen I. eranskineko I. eta III. kapituluetan jasotzen diren jarduerak eginez, administrazio publikoen nahiz herritarren identifikaziokoak. Bereziki, jarduera material edo tekniko hauek eginen dira:

1.1. Pertsona fisikoentzako erabiltzaile-ziurtagiriak ematea eta haien bizi-zikloa kudeatzea, AC USUARIOSen bidez. Ziurtagiriak kudeatzeko plataforma seguruen mantentze-lanak.

1.2. Pertsona juridikoentzako eta nortasun juridikorik gabeko erakundeentzako ordezkariaren ziurtagirien bizi-zikloa kudeatzea, AC REPRESENTACIÓNen bidez. Ziurtagiriak kudeatzeko plataforma seguruen mantentze-lanak.

1.3. Urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako ziurtagiriak ematea eta haien bizi-zikloa kudeatzea, eta ziurtagiriak kudeatzeko plataforma seguruen mantentze-lanak: langileen ziurtagiriak (sw, izenordearekin eta sinadura zentralizatuarekin), egoitza elektronikoaren ziurtagiriak (webgunearen autentifikazioa) eta administrazio publikoaren zigilu elektronikoaren ziurtagiriak (hurrengo 3. atalaren arabera).

Esleipen honetako I. eranskin bereko II. kapituluan zerrendatutako funtzionalitate eta jarduera guztiak ere bilduko ditu.

2. Ziurtagiriak onartzea eta balidatzea DZFN-DEE-EEP-BPren Multi-AC Balidazio Plataformaren bidez, herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea hein batean garatu zuen 1671/2009 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian edo horiek ordezten dituzten arauetan aurreikusitakoaren arabera.

3. DZFN-DEEk jarduera gehigarri hauek ere egiten ahalko ditu, aurrekoetarako tresna gisa eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik eskatuta:

–Denbora-zigiluak ematea dokumentu honen babesean egiten diren komunikazio elektroniko, informatiko eta telematikoetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik eskatuta, DZFN-DEE-EEP-BPren Denbora Zigilatzeko Azpiegitura Publikoaren bidez, Itsas-armadaren Errege Institutu eta Behatokiarekin (ROA) egindako hitzarmenaren bidez sinkronizatuta, Espainian Ordu Patroia mantentzeko eskumena duen organoa den aldetik.

–Osagai-ziurtagiriak (I. eranskineko ezaugarrien arabera: II. kapitulua, zerbitzu aurreratuak).

–Ordezkariaren ziurtagiriak, aldez aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskatuta, bere eremuan eta toki erakundeen eta zuzenbide publikoko beste entitate batzuen edo atxikitakoen eremuan.

Bigarrena.–Aplikazio-eremu subjektiboa.

1. Esleipen honen aplikazio-eremu subjektiboan sartuta daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren organo eta unitate administratiboak.

2. Esleipen-emaileari lotutako edo haren mendeko organismo eta entitate publiko guztiak ere sartuko dira. Bai eta III. eranskinean jasota daudenak ere. I. KAPITULUA - ATXIKITAKO ERAKUNDEAK edo ondoren atxikitzen direnak.

Hirugarrena.–Bete beharreko jarduerak.

Alderdi bakoitzaren eskumen eta eginkizunen araubidearen arabera, DZFN-DEE-EEP-BPri dagokio, esleipen honen xedean eta bertan aipatutako araudian xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku jartzea Administrazio Elektronikoaren funtzionamendurako garatutako Ziurtapeneko Plataforma Publikoa, interesdunek, administrazioek eta Estatuko beste ente batzuek identifikazio elektronikorako tresnak erabiltzean segurtasuna eskaintzeko. Plataforma horiek, beste funtzionalitate gehigarri batzuekin batera (denboraren zigilatzea, adibidez), aukera ematen diote DZFN-DEE-EEP-BPri jarduera materialak eta teknikoak egiteko komunikazioak, ziurtapena eta sinadura elektronikoa babestearen arloan, Administrazio Elektronikoa hedatzeko agindua betetze aldera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, aldiz, bere prozeduretan plataformak ezartzera bideratutako administrazio-jarduketak betetzea eta bere eginkizunak eta eskumenak garatzea. Esleipen honen xedea behar bezala betetzeko, alderdiek zenbait jarduera bete behar dituzte:

1. DZFN-DEE-EEP-BPk jarduera hauek eginen ditu:

1.1. Jarduera materialak, administratiboak eta teknikoak:

–Egokia den azpiegitura teknikoa eta antolaketakoa jartzea plataformak hedatu eta ezarri ahal izateko, herritarren administrazio-harremanak garatzeko aurreikusitako funtzionaltasunekin, EIT sistemen bidez eta eranskinetan jasotakoarekin eta teknikaren egoerarekin bat etorriz.

–Ezarpen horretarako beharrezkoak diren jabetza industrialeko eta intelektualeko eskubideak ematea, horien erabilera baketsua bermatuz. DZFN-DEE-EEP-BPk bazter uzten du hirugarrenentzat edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat edonolako lizentzia edo azpilizentzia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nahiz hirugarrenen aplikazio eta sistemetarako, DZFN-DEE-EEP-BPk berak, esleipen honi jarraikiz, zuzenean erabiltzaile gisa erabiltzeko emandakoa ez dena.

–Laguntza teknikoa, eranskinetan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari sistemek behar bezala funtzionatzeko behar den informazioa emateko.

–Sistemen eguneratze teknologikoa, teknikaren egoeraren, DZFN-DEE-EEP-BPren aurrekontu-baliabideen eta Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionalen arabera, horrek eragotzi gabe IKTen Estrategia Batzordeak edo, hala badagokio, organo eskudunak dagozkion baldintza teknikoak onartzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren betebeharrak bete ahal izateko behar den teknologia ematea; bereziki, erregistro- eta egiaztapen-bulegoak eratzeko eta ziurtagiri elektronikoak emateko eskaerak izapidetzeko beharrezkoak diren aplikazioak. Aplikazio horiek bateragarriak izanen dira aurrerapen teknologikoen eta teknikaren egoeraren arabera.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskatuta, DZFN-DEE-EEP-BPk egindako jarduerak egiaztatzen dituzten txostenak egitea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta erabiltzaileek kontsultatu ahal izateko, Ziurtapen Praktiken Deklarazioa edo Konfiantzazko Zerbitzuarena (ZPD) eskuragarri izatea, gutxienez 910/2014 (EB) Erregelamenduan eta 6/2020 Legean ezarritako zehaztapenak jasoko dituena. Deklarazioa eta gainerako informazio interesgarria helbide elektroniko (URL) honetan egonen da eskuragarri:

https://www.sede.fnmt.gob.es/normativa/declaracion-de-practicas-de-certificacion

ZPD hori interesdun guztiek kontsultatzen ahalko dute eta DDZFN-DEE-EEP-BPk aldatzen ahalko du, legezko edo prozedurazko arrazoiengatik. ZPDaren aldaketen berri emanen zaie erabiltzaileei haien helbide elektronikora bidalitako abisuen bidez.

ZPDari eta haren eranskinei dagokienez, kontuan hartu beharra dago Ziurtapen Praktiken Deklarazio Orokorra eta Ziurtapen Politika eta Praktika Partikularrak, ziurtagiri mota edo horien eremu bakoitzerako.

Nolanahi ere, DZFN-DEE-EEP-BPk erabiltzen dituen baliabide teknikoek eta teknologiak aukera emanen dute honako hauek frogatzeko: ziurtapen elektronikoaren jardueraren fidagarritasuna, ziurtagiri bat eman, eten edo errebokatu den data eta ordua, sistemen eta produktuen fidagarritasuna (sistema eta produktu horiek aldaketen aurkako babes egokia izanen dute, bai eta segurtasun tekniko eta kriptografiko egokia ere, erabiltzen diren prozeduren arabera), ziurtagiriaren titularraren identitatea egiaztatzea, baimendutako erregistro- eta egiaztapen-bulegoen bitartez, eta, hala badagokio, –soilik ziurtagiriaren titularra identifikatu eta erregistratu den zati edo erakundearen aurrean–, dagozkion atributuak eta, oro har, aplikatzekoak direnak kasuko Europar Batasuneko araudiari edo araudi nazionalari jarraikiz.

Aurrekoa gorabehera, 40/2015 Legearen eremuko jarduketak egitean, erregistro-bulegoak (kudeaketaren eta administrazio-zuzenbidearen berezitasunak direla eta, eta azaroaren 30eko 1317/2001 Errege Dekretuaren 11. artikuluarekin bat etorriz) ez dira egonen zuzenean DZFN-DEE-EEP-BPren mende, baizik eta organikoki horiek bere mende dituen organo, organismo edo erakundearen mende, horrek eragotzi gabe DZFN-DEE-EEP-BPk, konfiantzazko zerbitzuen emaile den aldetik, erregistroaren eta egiaztapenaren gainean frogatze eta koordinatze lanak egitea, kudeaketa kontrolatzea eta protokolo eta gidalerroak prestatzea.

DZFN-DEE-EEP-BPk konpromisoa hartzen du, esleipena garatu eta gauzatzean, ingurumena babesteari, laneko arriskuen prebentzioari, berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko arau- edo programa-esparruei buruzko xedapenak eta gomendioak aplikatzeko, egindako jarduera motaren arabera bidezkoa denean.

1.2. Bere araudi espezifikoan ezarritako ahalmenak garatzekoak, bere jarduera azaroaren 30eko 1317/2001 Errege Dekretuan aurreikusitako baldintzetan eta ondorioekin eginez, bereziki:

–Erregistro- eta egiaztapen-bulegoen frogatze, koordinazio eta kontrol lanak, horrek eragotzi gabe bulego horiek dagokien administrazio edo organismo publikoaren mende egotea organikoki eta funtzionalki.

–Ebaztea hitzartutako jardueraren ondoriozko errekurtsoak eta erreklamazioak, DZFN-DEE-EEP-BPren eskumenekoak.

–Ogasun Ministerioari komunikatzea, administrazio elektronikoa garatzeko eta herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateko behar diren koordinazioaren eta elkarreragingarritasunaren ondorioetarako.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, sistemen funtzionaltasun egokia lortzeko, jarduketa hauek eginen ditu:

–Erregistro-agintaritzaren jarduerak egitea, hurrengo atalean ezarritako jarduketekin: ziurtagiri elektronikoa eskuratu aurreko identifikazioa eta, hala badagokio, dagozkion atributuak, kargua eta sinatzaileen/jagoleen eskumena eta haien nahikotasuna frogatzea, DZFN-DEE-EEP-BPren aurrean akreditatutako erregistro-bulegoaren bidez.

–DZFN-DEE-EEP-BPk ematen dituen sinadura elektronikoko ziurtagirien izaera unibertsala aitortzea.

–Bere eskumeneko errekurtsoak eta erreklamazioak ebaztea.

3. Erregistro- eta egiaztapen-bulegoen araubidea:

–Orokorra: Ziurtagiri elektronikoak emateko eskaerak identifikatu, jaso eta izapidetzeko jarduerak eginen dituzten erregistro- eta egiaztapen-bulegoen kopurua eta kokapena III. eranskinean daude jasota. III. KAPITULUA: NAFARROAKO GOBERNUKO EGIAZTAPEN-BULEGOAK, esleipen honetakoak. Zerrenda horretan edo bulegoen kokapenean aldaketarik eginez gero, DZFN-DEE-EEP-BPri jakinarazi beharko zaio, eta hark behar bezala zabalduko du, etengabe eguneraturik egon dadin ziurtagiri elektronikoak lortzeko erregistro- eta egiaztapen-bulegoen sarearen zerrenda, azaroaren 30eko 1317/2001 Errege Dekretuan eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitakoaren arabera.

DZFN-DEE-EEP-BPk emanen ditu ziurtapen eta identifikazio jarduerak gauzatzeko behar diren aplikazio informatikoak. Aplikazio horiek teknologia aldetik bateragarriak izanen dira aurrerapen teknologikoen eta teknikaren egoeraren arabera.

Ziurtagiriak emateko, errebokatzeko edo eteteko eskaerak, hala dagokionean, DZFN-DEE-EEP-BPk ezarritako ereduetara eta helbide honetan eskuragarri dagoen erakundearen Ziurtapen Praktiken Deklaraziora egokituko dira:

https://www.sede.fnmt.gob.es/normativa/declaracion-de-practicas-de-certificacion

–Neurri Fiskalei, Administratiboei eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluaren esparruko jardueretarako: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erregistro- eta egiaztapen-bulegoa edo bulegoak izanen ditu, DZFN-DEE-EEP-BPrekin telematikoki konektatzeko behar diren baliabide informatikoak eta segurtasun-sistemak izanen dituztenak. Bulego horietan, ziurtagirien eskatzaileak (herritarrak eta enpresak, nortasun juridikoarekin edo gabe) egiaztatzeko eta identifikatzeko, frogatu beharko dira haien identitatea eta ziurtagiri elektroniko bat emateko nahia, eta, hala badagokio, kasuan kasuko egiaztagiria lortzeko ordezkaritza-, gaitasun- eta egokitasun-ahalmenak betetzen direla ere, eta dena egiaztatuko da aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera, eta hura osorik betez.

Egindako egiaztapenek erabateko ondorioak izanen dituzte, eta baliozkoak izanen dira edozein administrazio publikok edo DZFN-DEE-EEP-BPk emandako ziurtagiriak onartzen dituen beste edozein erakundek onar ditzan. Urriaren 1eko 40/2015 Legearen esparruko jardueretarako:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro- eta egiaztapen-bulegoak administrazio horren mende egonen dira organikoki eta funtzionalki (DZFN-DEE-EEP-BPk frogatze, koordinazio eta kontrol eginkizunak betetzea galarazi gabe), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beraren identitatea eta ahalmena ezarriko dituzte, bai eta ziurtagirien titularra den administrazioak izendatutako erabiltzaileena ere (sinatzaileak/jagoleak), hauei jarraikiz: ZPD Orokorra eta Administrazio Publikoaren Ziurtapen Politika eta Praktika Partikularrak (kontsultarako eskuragarri daude webean: https://www.sede.fnmt.gob.es/dpcs/acsp), aplikazio-esparru honetako ziurtagiri eta sinadura elektronikoko sistemei dagozkienak, eta ziurtagiri mota bakoitza erabiltzeko inprimaki eta baldintzak.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen erregistro- eta egiaztapen-bulegoak ezarriko ditu mota horretako ziurtagiriak egiaztatzeko; bulego horiek behar diren bitarteko informatikoak izan beharko dituzte DZFN-DEE-EEP-BPrekin telematikoki konektatzeko eta ziurtagiriak emateko eskaerak egiteko. Erregistro-bulego horietan, non ziurtagirien titularrak eta jagoleak egiaztatu eta identifikatuko baitira, eskatuko da frogatzea haien identitatea, kargua eta, hala badagokio, kasuan kasuko ziurtagiria lortzeko ordezkaritza-, gaitasun- eta egokitasun-ahalmenak betetzen direla ere, bai eta ziurtagiriaren titularraren nahia ere, eta dena egiaztatuko da aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera, eta hura osorik betez.

Laugarrena.–Finantzaketa.

Esleipen honen alderdiek bere gain hartuko dituzte, bakoitzak bere aldetik eta bere eskumenen arabera, bertan garatutako jardueraren kostuak. Halere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere gain hartzen du DZFN-DEE-EEP-BPk garatutako jarduketa espezifikoak finantzatzeko betebeharra, esleipena ematen duen administrazioaren jardunerako eskumen-esparruan, kontuan hartuta DZFN-DEE-EEP-BPren jarduera kostuak ordaintzera bideratuta dagoela eta haren araubidea entitatearen Estatutuan eta aplikatzen ahal diren gainerako lege xedapenetan ezarrita dagoela.

1. ZIURTAPEN ELEKTRONIKOAREN ARLOKO JARDUERAK EGITEAGATIK SORTUTAKO GASTUEN ITZULKETA. DZFN-DEE-EEP-BPk, I. eranskineko I. kapituluan (EIT zerbitzuak), II. kapituluan (zerbitzu aurreratuak) eta III. kapituluan (AP zerbitzuak) jasotako jarduera material nahiz teknikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat egitearen ordainetan, urtean ehun eta hamahiru mila bederatziehun eta sei euro eta hirurogeita hamaika zentimoko zenbatekoa jasoko du (113.906,71 euro), BEZa kenduta, BEZaren (%21eko BEZa) 23.920,41 euroak gehituta 137.827,12 euro egiten duena. Esleipenaren hasierako aldia urtebete (1 urte) baino txikiagoa bada, zenbateko hori hainbanatu eginen da, proportzioan murriztuta.

Aurreko zenbatekoan sarturik daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta III. eranskinean jasota dauden entitate publiko guztientzat (harekin lotuta eta haren mende daudenak) ziurtapen elektronikoaren arloan egindako jarduerak. I. KAPITULUA - ATXIKITAKO ERAKUNDEAK, edo ondoren atxikitzen direnak.

Nafarroako Foru Komunitateak berariaz eskatzen badu beste jarduera edo funtzionalitate batzuk, II. eranskineko II. eta III. kapituluetan jasotakoen artetik, hedatzeko, arestiko zenbatekoari gehituko zaio esleipen honen aipatu II. eranskinean dauden taulak aplikatuta dagokion zenbatekoa.

Esleipena indarrean dagoen bitartean DZFN-DEE-EEP-BPk Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskainitako zerbitzuren bat emateari uzten badio eta horren ondorioz Nafarroako Gobernuak kasuan kasuko zerbitzu hori beste erakunderen batekin kontratatu behar izanez gero, esleipenaren kostuan islatuko da aldaketa, aldeek aldez aurretik adostuta.

2. HURRENGO URTEETAKO ITZULKETA. Esleipena luzatzen bada, irizpide bera aplikatuko da, zenbatekoak honela banatuta urtez urte:

URTE NATURALA

ZENBATEKOA

BEZa

ZENBATEKOA, GUZTIRA

2026

116.640,47 euro

24.494,50 euro

141.134,97 euro

2027

119.439,84 euro

25.082,37 euro

144.522,21 euro

2028

122.306,40 euro

25.684,34 euro

147.990,74 euro

3. FAKTURAZIOA. DZFN-DEE-EEP-BPk betetako jarduera teknikoen finantzaketa (eskatutako jarduketa gehigarriak ere barne hartuta, halakorik bada) bi (2) epetan ordainduko da, urte bakoitzeko maiatzean eta azaroan.

Fakturak ordainduko dira fakturaren datatik hogeita hamar (30) eguneko epean gehienez ere, DZFN-DEE-EEP-BPren kontura banku transferentzia eginez:

–CCC kodea: 0182 2370 49 0208501334.

–IBAN kodea: ES28 0182 2370 4902 0850 1334.

–BIC kodea: BBVAESMM.

DZFN-DEE-EEP-BPren fakturak honen izenean jaulkiko dira:

Nafarroako Gobernua.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia, Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzua. Cabárceno kalea 6, beheko solairua.

31621 Sarriguren IFZa: S-31-00000-C.

e-fakturarako datuak:

Pertsona mota: Juridikoa.

Egoitza mota: Egoiliarra.

Kontabilitate-bulegoa: GE0001267 (NGko fakturen kontabilitate erregistroa).

Kudeaketa-organoa: A15031078 (Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia).

Tramitazio unitatea: A15047456 (Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzua).

Esleipen-kodea: 5000000000.

Kontuan hartzekoak:

–Esleipen-kodea: facturae-n ez dago datu hori sartzeko eremu espezifikorik, beraz hemen sartuko da: BESTE DATU BATZUK – HARTZAILEAREN ERREF. – KONTRATUAREN ERREF., fakturaren lerro bakoitzean).

–Espediente-zenbakia: facturae-n ez dago datu hori sartzeko eremu espezifikorik; beraz, fakturaren beste lerro bat bezala sartuko da, zero zenbatekoarekin eta esleipen-kode berarekin.

Bosgarrena.–Iraupena.

Esleipen honek 2025eko URTARRILaren 1ean hartuko du indarra, eta 2025eko ABENDUaren 31ra arte iraunen du.

DZFN-DEE-EEP-BPk jarduera material edo teknikoak egiteko beharra mantentzen bada, esleipen-emaileak erabakitzen ahalko du hura luzatzea beste urtebetez, gehienez ere lau (4) urte egin arte; DZFN-DEE-EEP-BPk bere gain hartuko du esleipena behar adinako baliabide baldin badu eta aplikatu beharreko araudiari jarraikiz. Hasierako luzapena lau (4) urte baino laburragoa bada, hurrenez hurren erabakitzen ahalko dira luzapenak, esleipenaren lau (4) urteko gehieneko epea bete arte.

Luzapenak gauzatzeko, esleipenaren hasierako muga-eguna edo luzapenetakoa iritsi baino lehen, bi alderdiek gehigarri bat izenpetuko dute, luzapen bakoitzaren iraupena ezarriko duena, bai eta, hala dagokionean, baldintzak ere.

Seigarrena.–Berrikuspena.

Alderdiek proposatzen ahalko dute esleipena berrikustea edo eguneratzea indarraldiko edozein unetan, bidezkoak diren aldaketak eransteko.

Zazpigarrena.–Jarraipen batzordea

Alderdietako edozeinek eskatuta, batzorde misto bat eratzen ahalko da zainketa eta kontrol eginkizunak betetzeko, bai eta esleipen hau interpretatu eta betetzean sortzen diren arazoen inguruko gaiak ebazteko ere. Batzorde hori kide anitzeko organoa izanen da eta haren funtzioak urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren araberakoak izanen dira.

Zortzigarrena.–Erantzukizuna.

DZFN-DEE-EEP-BP, esleipen honetan deskribatutako jardueren emaile den aldetik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, horien hartzailea eta erabiltzaileak eta, hala badagokio, administrazioak eta sinatzaileak/jagoleak identifikatzeko, egiaztatzeko eta erregistratzeko prozeduran sartutako eginkizunen arduraduna den aldetik, erantzule izanen dira, zein bere eginkizunen esparruan, sistemaren funtzionamenduak eragin litzakeen kalte-galerena, aplikagarriak diren ordenamendu juridikoko arau orokorrekin eta esleipen honen bidez bere gain hartutako betebeharrekin bat etorriz.

Zerbitzu eta jarduera hauek hedatzeko legezko agindua dela eta, DZFN-DEE-EEP-BPren erantzukizunaren muga izanen da esleipen honen urteko zenbatekoa ehuneko hamar (%10) handituta, gehienez ere, non bere jarduna edo bere enplegatuena ez den dolo edo arduragabekeria larriaren ondorio.

Bederatzigarrena.–Suntsiaraztea eta azkentzea.

Kontratua suntsiarazteko arrazoiak. DZFN-DEE-EEP-BPk nahitaez egin beharko ditu esleipen honetan aurreikusitako jarduerak, dokumentu honetan aipatutako legerian xedatutakoaren arabera; beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak esleipena suntsiarazten ahalko du, DZFN-DEE-EEP-BPk kalitate falta nabarmenez betetzen dituenean jarduerak, edo betebeharren ez-betetze larria dagoenean haren jardunean.

DZFN-DEE-EEP-BPk esleipena suntsiarazteko eskatzen ahalko du adostutako prezioa ez ordaintzeagatik, aurrekontuan kontsignaziorik edo kreditu-erreserbarik ez izateagatik edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagozkion betebeharren ez-betetze larriagatik.

Azkentzeko arrazoiak. Honako hauek izanen dira azkentzeko arrazoiak:

–Dokumentu honetan aurreikusitako epea eta, hala badagokio, luzapenak betetzea.

–Aldeek ados jarrita hala erabakitzea.

Hamargarrena.–Datuen babesa.

Bi aldeek adierazi dute berariaz beteko dutela datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudia, eta konpromisoa hartzen dutela batak zein besteak esleipen hau gauzatzearen ondorioz eskuratzen ahal dituzten mota horretako datuak behar bezala erabiltzeko.

ARAUBIDEA. Esleipen honetatik eta alderdien baterako jarduketatik eratorritako datu pertsonalak babesteko araubidea honako hauetan aurreikusitakoa izanen da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) indargabetzen duena, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (DPBEDBLO), eta 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, lehen aipatutako arauen aurka ez doan guztian.

DZFN-DEE-EEP-BPk Tratamendu Jardueren Erregistroa sortu du eta Datuen Babeserako ordezkari bat izendatu du, DBEOra egokitzeko. Hemen kontsulta daitezke: https://www.fnmt.es/rgpd.

DZFN-DEE-EEP-BPko Datuen Babeserako ordezkaria Helbide elektronikoa: dpd@fnmt.es.

Helbidea: Jorge Juan kalea 106, 28009 Madril.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Tratamendu Jardueren Erregistroa sortu du eta Datuen Babeserako ordezkari bat izendatu du, DBEOra egokitzeko. Hemen kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa.

Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritza. Helbide elektronikoa: dpd@navarra.es.

Helbidea: KARLOS III.a ETORB. 2, 2. SOLAIRUA, 31002 IRUÑA.

DATUEN KOMUNIKAZIOA. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak DZFN-DEE-EEP-BPri egiten dion datu pertsonalen komunikazioak, bertako enplegatu publikoen datuei buruzkoak, sinadura elektronikoko ziurtagiriak emateko xedeaz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen esparruan (eta, hala badagokio, Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluaren esparruan), interesdunaren baimena du, zeinak onartu egin baititu, ziurtagiria eskatzean, ziurtagiria emateko baldintzak eta informazioa jaso baitu bere datuen tratamenduaren helburuei, balizko hartzaileei eta aplikatzekoak diren arauetan (DBEO, 13. artikulua, eta DPBEDBLO, 11. artikulua) ezarritako gainerako xede eta informazioari buruz, lehen aipatutako Tratamendu Jardueren Erregistroan jasotakoaren arabera (13. tratamendua).

Hori guztia, DBEOren 6.1. artikuluari jarraikiz, eta entitatearen interes legitimoa izanda; izan ere, komunikazio hori ezinbestekoa da DZFN-DEE-EEP-BPk sinadura elektronikoaren ziurtagiriak eman diezazkien Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko enplegatuei eta, hala badagokio, hirugarrenei.

HIRUGARRENEK DATUAK ESKURATZEA (TRATAMENDU-ERAGILEA).

Oro har, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.2 artikuluaren arabera, DZFN-DEE-EEP-BP, esleipena bere gain hartu duen erakundea den aldetik, kudeaketa-esleipena gauzatzean eskura ditzakeen datu pertsonalen tratamendu-eragilea izanen da, eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko zaio.

Zehazki, Erregistro eta Egiaztapen Plataforma kudeatzeko mekanismoak kontuan hartuta, esleipen-emailea ere tratamendu-eragilea izanen da datu pertsonalak eskuratzeari dagokionez, erregistro- eta egiaztapen-bulego gisa jarduten badu DZFN-DEE-EEP-BPren kontura, honako irizpide eta baldintza hauekin bat:

1) Ez da datu-komunikaziotzat hartuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, DZFN-DEE-EEP-BPren erregistro- eta egiaztapen-bulego gisa, DZFN-DEE-EEP-BPk, tratamendu-eragile gisa, bere erabiltzaileei buruz –pertsona fisikoak– mantentzen dituen datu pertsonalak eskuratzea, xedea denean abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluaren esparruan EIT zerbitzuak eskatzea, dokumentu honetan deskribatutakoak. Datu horiek aurreko estekan deskribatutako DZFN-DEE-EEP-BPren Tratamendu Jardueren Erregistroko (TJE) 13. tratamenduan jasota daude.

2) Horrenbestez, eta DBEOren 28. artikuluarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa tratamendu-eragile gisa arituko da DZFN-DEEren kontura, eta bere gain hartuko ditu hala aritzeagatik eta aplikatu beharreko legerian ezarritako betebeharrak.

3) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak DZFN-DEE-EEP-BPren TJEren 13. tratamenduari buruz datuekin eginen dituen jarduketa zehatzak honako hauek izanen dira:

Bilketa

Erregistroa

Egituraketa

Aldaketa

Kontserbazioa

Erauzketa

Kontsulta

Komunikazioa

Zabalkundea

Interkonexioa

Erkaketa

Mugaketa

Ezabaketa

Suntsiketa

Bestelakoak: ...

Bestelakoak: ...

4) Tratamendu-eragileak, esleipen honetan egiten duen jarduerari dagokionez, betebehar hauek izanen ditu:

a) Tratamenduaren xedeko datu pertsonalak edo tratamenduan sartzeko biltzen dituenak esleipen honen xede den helbururako bakarrik erabiltzea. Datuak ezin ditu inola ere erabili bere helburuetarako.

b) Datuak tratamenduaren arduradunaren jarraibideen arabera tratatzea. Tratamendu-eragileak uste badu jarraibideetako baten batek DBEO edo Europar Batasuneko edo estatu kideetako datuen babesaren arloko beste edozein xedapen urratzen duela, eragileak horren berri emanen dio berehala arduradunari.

c) Datuak Babesteko Lege Organikoa garatzeko Erregelamenduak, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren gomendioek eskatzen dituzten segurtasun-neurriak hartzea. Segurtasun-neurriak lehen jakinarazitako DZFN-DEE-EEP-BPren fitxategien segurtasun-mailaren arabera eta tratamendu-eragileek datu pertsonaletara sartzeko moduaren eta lekuaren arabera zehazten dira.

Tratamendurako ezarritako segurtasun-neurriak aldatu, ezabatu edo berritzen ahalko dira, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak eta horrekin lotutako indarreko gainerako araudiak ezarritako eskakizunak betetzeko. Horretarako, arriskuen ebaluazioa eginen da, eta inpaktuaren ebaluazioa edo aldez aurreko kontsulta, hala badagokio. Bertan, tratamenduaren segurtasuna bermatzeko neurri egokiagoak ezarri behar diren zehaztuko da. Neurri horiek hartu beharko dira, eta jardun guztia dokumentatu beharko da. Nolanahi ere, arduraduna edo eragilea atxikita badago jokabide-kode, zigilu, ziurtagiri edo datuen babesa eta informazioaren segurtasuna betetzeari buruzko nazioarteko edozein arau edo estandar eguneraturi, horietan ezarritako neurriak hartzea erabakitzen ahalko da.

Tratamendu-eragileak datu pertsonaletarako sarbidea ematen dien langile guztiei berariaz jakinarazi beharko zaie konfidentzialtasuna errespetatu behar dutela eta dagozkien segurtasun-neurriak bete behar dituztela, eta horien berri behar bezala eman behar zaie.

d) Arduradunaren kontura egindako Tratamendu Jardueren Erregistro bat idatziz eramatea eta eskuragarri egotea, honako hauek jasoko dituena (hala badagokio): hirugarren herrialde batera edo nazioarteko erakunde batera egindako datu pertsonalen transferentziak, hirugarren herrialde edo nazioarteko erakunde horren identifikazioa barne, eta, DBEOren 49. artikuluko 1. apartatuko bigarren paragrafoan adierazitako transferentzien kasuan, berme egokien dokumentazioa.

Erregistro horretan, halaber, honako hauei buruzko neurri teknikoen, antolakuntzakoen eta segurtasun-neurrien deskribapen orokorra ere jasoko da:

–Datu pertsonalak izenordearekin jartzea eta zifratzea (hala badagokio).

–Tratamenduko sistemen eta zerbitzuen konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia etengabeak bermatzeko gaitasuna.

–Datu pertsonalen erabilgarritasuna eta atzipena azkar leheneratzeko gaitasuna, gorabehera fisiko edo teknikorik egonez gero.

–Tratamenduen segurtasuna bermatzeko neurri teknikoen eta antolakuntzakoen eraginkortasuna egiaztatzeko, ebaluatzeko eta baloratzeko prozesu erregularrak.

e) Datuak hirugarren pertsonei ez jakinaraztea, tratamenduaren arduradunaren berariazko baimena izan ezean, legez onar daitezkeen kasuetan.

Tratamendu-eragileak datu pertsonalak hirugarren herrialde bati edo nazioarteko erakunde bati jakinarazi behar badizkio, aplikatu beharreko Europar Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbideari jarraikiz, lege eskakizun horren berri emanen dio arduradunari aurretik, salbu eta zuzenbide horrek debekatzen badu interes publikoko arrazoi garrantzitsuak direla-eta.

f) Kontratu honen xede diren eta datu pertsonalak tratatzea dakarten zerbitzuetako bakar bat ere ez azpikontratatzea, eragilearen zerbitzuen funtzionamendu arrunterako behar diren zerbitzu osagarriak izan ezik. Eragileak datuak jakinarazten ahalko dizkie arduradun beraren beste tratamendu-eragile batzuei, arduradunaren aldez aurreko baimenarekin eta haren jarraibideen arabera, azpikontratatu nahi diren tratamenduak adierazita eta argi eta garbi identifikatuta zein den enpresa azpikontratista eta haren harremanetarako datuak.

Arduradunak baimena ematen badu eragileak zerbitzuak azpikontratatzeko, eragileak konpromisoa hartzen du kontratu honetako betebeharrak azpieragileei jakinarazteko.

g) Esleipen honen ondorioz eskuratu diren datu pertsonalen sekretua gordetzeko betebeharrari eustea, haren xedea amaitu ondoren ere bai.

h) Aurreko atalean ezarritako betebeharra betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa arduradunaren eskura izatea.

i) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalen babesaren arloan beharrezko prestakuntza jasotzen dutela bermatzea.

j) Tratamenduaren arduradunari laguntzea honako eskubide hauei erantzuten:

1. Datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurka egitea.

2. Tratamendua mugatzea.

3. Datuak eramatea.

4. Banakako erabaki automatizatuen (profilen prestaketa barne) xede ez izatea.

k) Hala badagokio, datuen babeserako ordezkari bat izendatzea, eta nor den eta haren harremanetarako datuak arduradunari jakinaraztea.

l) Tratamenduaren xede izan diren datu pertsonalak arduradunari itzultzea. Nolanahi ere, eragileak behar bezala blokeatuta gordetzen ahalko ditu beharrezkoak diren datuak, tratamenduaren arduradunarekin duen harremanetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean.

5) Tratamenduaren arduradunak, esleipen honetan egiten duen jarduerari dagokionez, betebehar hauek izanen ditu:

a) Eragileari bere fitxategiak osatzen dituzten datuetarako sarbidea ematea edo datu horiek zerbitzua behar bezala emateko egokia den moduan ematea.

b) Araudiaren arabera, informazio ematea interesdunei, zeinen datuak tratamenduaren xede baitira, eta datu horiek eskuratzeko esanbidezko baimena lortu izana haiengandik, edo horretarako arrazoi legitimo eta egiaztagarriak izatea.

c) Tratamendua legitimatzen duen lege-oinarria ezarrita izatea.

d) Mekanismo errazak izatea interesdunek beren eskubideak baliatu ahal izan ditzaten.

e) Arriskuen analisia, tratamenduen erregistroa eta inpaktu-ebaluazioak, tratatutako datuen izaeragatik beharrezkoa bada.

f) Eragileari datuak transmititzean datuak babesteko segurtasun-neurri egokiak gaituta edukitzea.

g) Datuen babeserako ordezkari bat izendatzea nahitaezkoa den kasuetan, eta eragileari jakinaraztea nor den ordezkari hori. Gaur egun, eta kontratu hau sinatzen den egunean, DZFN-DEEk izendatutako Datuen Babeserako ordezkariaren datuak honako hauek dira:

DZFN-DEEko Datuen Babeserako ordezkaria Helbide elektronikoa: dpd@fnmt.es.

Helbidea: Jorge Juan kalea 106, 28009 Madril.

Dokumentu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

Hamaikagarrena.–Zuzenbide aplikagarria eta gatazkak ebaztea.

Esleipen hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiten dio DZFN-DEE-EEP-BPri, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat etorriz. Esleipenak izaera administratiboa du, eta honako hauek arautuko dute: dokumentu honetan alderdiek berariaz itundutakoak, bertan aipatutako arauek eta, halakorik ezean, aplikatzekoak diren administrazio-zuzenbideko arauek.

Zazpigarren klausulan ezarritako batzorde mistoa eratzeko alderdiek duten ahalmena ukatu gabe, esleipen honetan eta eranskinetan aurreikusitako jarduerak, haien edukiari eta ezaugarriei dagokienez, honako hauetan jasotako erregulazioari jarraikiz eginen dira: 39/2015 Legea, 6/2020 Legea, eta, azkenik, Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikulua, eta hura garatzeko araudia.

Interpretatzean eta betetzean sor litezkeen gorabeherak elkarren arteko adostasunez konpontzeko konpromisoa hartzen dute alderdiek. Garatu eta betetzean alderdien artean sor litezkeen auziak Estatuko Zerbitzu Juridikoaren mende jarriko dira, haren esku-hartzea aplikagarria bada, eta, hala ez bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende, hura arautzen duen legean xedatutakoarekin bat.

Hamabigarrena.–Eraginkortasuna.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluari jarraikiz, esleipen honek sinatzen den unetik izanen ditu ondorioak, eta, erabateko eraginkortasuna izan dezan, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo autonomia erkidegoko edo probintziako aldizkari ofizialean argitaratuko da, esleipena egin duen organoa zein administraziotakoa den.

Eta, ados daudela adierazteko, bi alderdiek esleipen hau eta haren eranskin guztiak sinatu dituzte, Iruñean eta sinadura elektronikoaren egunean.

NAFARROAKO GOBERNUA

Unibertsitateko, Berrikuntzako,
Telekomunikazioetako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua

DIRUAREN ETA ZERGA-ZIGILUAREN FABRIKA
NAZIONALA - DIRUAREN ERREGE ETXEA,
ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA,
BITARTEKO PROPIOA

Patricia Fanlo Mateo

María Isabel Valldecabres Ortiz

I. ERANSKINA

I. KAPITULUA.–EIT ZERBITZUAK

Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxeak (DFZN-DEE), ziurtapen zerbitzuen emaile den aldetik, ziurtagiri multzo bat emanen du hala eskatzen duen erabiltzaile ororentzat. Multzo horri "Oinarrizko Ziurtagiria" edo "Erabiltzailearen Titulua" deritzo, eta titularrak beste erabiltzaile batzuekin modu seguruan komunikatzeko aukera ematen du.

DFZN-DEEk erabilitako ziurtagirien formatua oinarritzen da Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak, telekomunikazioen normalizazioaren sektoreak, 2000ko martxoaren 31n emandako UIT-T X.509 Gomendioan definitutakoan edo altuagoetan (2001eko ISO/IEC 9594-8). Ziurtagiriaren 3. bertsioari dagokion formatua izanen du, arau honetan zehaztutakoa.

Ziurtagiria baliozkoa izanen da merkatuko komunikazio-protokolo estandarrekin (SSL, TLS eta abar) erabiltzeko.

Titularrek ziurtagiriak erabiltzeko, haiekin lotutako ziurtapen zerbitzu gisa, DFZN-DEEk honako zerbitzu tekniko hauek eskainiko ditu:

–Erabiltzaileen erregistroa.

–Gako publikoko ziurtagiriak ematea, errebokatzea eta artxibatzea.

–Ziurtagiriak eta Ziurtagirien Erregistroa argitaratzea.

–Gertaera esanguratsuen erregistroa.

Gakoak sortzea eta kudeatzea.

–Gakoak sortzea eta kudeatzea.

Ziurtagiriak lortzeko prozeduran, DFZN-DEEk beharrezkoak diren elementuak garatuko ditu eskatzailearen postuan softwarea aktibatzeko, haren web-nabigatzailearen bidez gako pare bat sortzea ahalbidetuko diona, bata publikoa eta bestea pribatua, horien bidez sinatzeko eta bere burua identifikatzeko, bai eta bere komunikazioen segurtasuna babesteko ere, zifratze-mekanismoen bidez.

Gako pribatuak erabiltzaileak berak duen web-nabigazioko softwarearen kontrolpean erabiliko dira, eta gako publiko guztiak DFZN-DEEra bidaliko dira, ziurtagiri batean integratzeko.

Sinadura-gako pribatuak soilik haien titularraren kontrolpean egonen dira beti, eta dagokion euskarrian gordeko dira, DFZN-DEEk horien kopiarik gorde gabe.

DFZN-DEEk bermatuko du erabiltzaileak, ziurtagiriaren titularrak, ziurtagirian jasotako gako publikoei dagozkien gako pribatuen kontrol esklusiboa izan dezakeela, dagozkion jabetza-frogak lortuz, identifikazio-zenbaki bakarra esleituta.

–Gako publikoak artxibatzea.

Erabiltzaileen gako publikoak artxibatuta egonen dira, berreskuratu behar badira ere, artxibo seguruetan, bai fisikoki bai logikoki, 15 urtez gutxienez.

–Gakoen esklusibotasuna.

Gako pribatuak ziurtagirien titularrentzat baino ez dira, eta erabilera pertsonal eta besterenezinekoak dira.

Gako publikoak ziurtagirien titularrentzat baino ez dira, biltegiratuta eta babestuta dauden euskarri fisikoa edozein dela ere.

–Gakoak berritzea.

DFZN-DEEk banan-banan identifikatzen du erabiltzaile baten gako publikoaren eta gako publikoaren ziurtagiriaren arteko erlazioa, eta ez da aurreikusten gako bererako ziurtagiri bat baino gehiago erabiltzea. Horregatik, gakoak ziurtagiriekin berrituko dira, berritze hori aplikatzekoa den araudi espezifikoan jasota dagoenean.

Erabiltzaileen erregistroa.

–Erabiltzaileen erregistroa.

Erabiltzaileen erregistroaren bidez, ziurtagiri elektroniko baten eskatzailea identifikatzen da, haren identitatea egiaztatzen da eta DFZN-DEEk "Oinarrizko Ziurtagiria" edo "Erabiltzailearen Titulua" ematea benetan nahi duela egiaztatzen da.

Erregistro hori DFZN-DEEk berak edo beste edozein administrazio publikok egiten ahalko du, eta, hala badagokio, aplikatzekoak diren arauek horretarako gaitutako gainerako pertsonek, erakundeek edo korporazioek. Nolanahi ere, erregistroa DFZN-DEEk xedatutakoaren arabera eginen da, erregistro hori aplikagarria den araudi espezifikoan ezarritakoaren arabera eta modu homogeneoan egin dadin kasu guztietan. Era berean, DFZN-DEEk definitu eta emanen ditu erregistro hori egiteko behar diren bitartekoak.

Erregistroa DFZN-DEE ez den administrazio publiko batek egiten badu, erregistro-jardueraz arduratzen den pertsonak administrazio publikoaren zerbitzuko langilea izan behar du. Halakoetan, DFZN-DEEk beharrezkoa denean ezartzen diren erregistro-bulegoak ezartzeko laguntza emanen du, honako baldintza hauetan:

a) Erregistroko aplikazio informatikoa ematea.

b) Aplikazioaren instalazioari eta erabilerari buruzko dokumentazioa ematea, baita erregistroari buruzko prozedurei eta arauei buruzkoa ere.

c) Erregistroko arduradunak erregistratzea eta trebatzea; horrek esan nahi du DFZN-DEEk erregistroaren arduradun bakoitzarentzat ziurtagiri bat eman behar duela, DFZN-DEErekiko komunikazioen segurtasuna bermatu ahal izateko, erregistro-eskaeren sinadura elektronikoa barne.

–Ziurtagirien eskatzaileen identifikazioa, identitatea frogatzea eta nahia egiaztatzea.

Ziurtagirien eskatzaileak erregistro-bulegoetan identifikatzeko eta nor diren frogatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo zuzenbidean onartutako beste bitarteko batzuk aurkeztu beharko dira.

Erregistro-egintzan, egiaztapen-bulegoetako arduradunek egiaztatuko dute eskatzaileak DFZN-DEEk ziurtagiri elektronikoa emateko eskatu nahi duela eta ordenamendu juridikoak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituela.

Pertsona juridikoaren ziurtagiria eskatuz gero, aplikatuko dira eskatzailearen identitatea egiaztatzeko prozedura eta pertsona juridikoaren eraketari buruzko datuak eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenen nahikotasuna, hedapena eta indarraldia frogatzeko prozedura, azaroaren 11ko 6/2020 Legearen 7. artikuluko 4. apartatuan ezarrita dagoena. Prozeduraren xehetasunak Ziurtapen Praktiken Deklarazioan jasota daude: https://www.sede.fnmt.gob.es/normativa/declaracion-de-practicas-de-certificacion.

–Aurrez aurre aurkeztu beharra.

Erregistratzeko prozedurarako, interesdunaren presentzia fisikoa behar da, hura egiaztapen-bulegoan formalizatzeko. Hala ere, ziurtagiri elektronikoak emateko eskaerak, DFZN-DEEk horretarako onartutako ereduaren arabera betetakoak, baliozkoak izanen dira eta bideratu eginen dira, interesdunaren sinadura notario bidez legitimatu bada, aipatutako ereduan adierazitako baldintzetan.

–Osagaien identitatea DFZN-DEEk berretsi beharra.

Zerbitzari batean edo beste osagai batean deskargatu beharreko ziurtagiri elektronikoei buruzko eskaerak badira, DFZN-DEEk eskatuko du osagai horren arduradun gisa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, eta, hala badagokio, domeinuaren izenaren edo IP helbidearen jabetzarena ere. (Osagai-ziurtagiria ez da ziurtagiri aitortua, eta ez dago jasota Espainiako legerian).

–"Oinarrizko Ziurtagiria" edo "Erabiltzailearen Titulua" eskuratzea.

Ziurtagiri hau eskuratzeko, edo errebokatzeko edo eteteko, eskatzaileak bete beharko ditu DFZN-DEEk horretarako garatutako arauak eta prozedurak, indarrean dagoen araudi aplikagarriari jarraikiz.

Gako publikoko ziurtagiriak ematea, errebokatzea eta artxibatzea.

–Ziurtagiriak ematea.

Ziurtagiriak emateak dokumentu elektronikoak sortzea dakar, erabiltzailearen identitatea edo beste ezaugarri batzuk eta hari lotutako gako publikoarekiko korrespondentzia egiaztatzen dituztenak; era berean, ziurtagiriak emateak berekin dakar gero direktoriora bidaltzea, gako publikoak erabili nahi dituzten pertsona guztiek eskuragarri izan dezaten.

Ziurtagiriak DFZN-DEEk berak bakarrik eman ditzake, eta ez dago ziurtagiri horiek emateko gaitasuna duen beste erakunde edo organismorik.

DFZN-DEEk, bere sinadura elektronikoaren bidez, ziurtagiriak bermatuko ditu, bai eta haien titularren identitatea eta beste edozein inguruabar pertsonal egiaztatuko ere. Bestalde, eta ziurtagirietan jasotako informazioa manipulatu ez dadin, DFZN-DEEk mekanismo kriptografikoak erabiliko ditu ziurtagiri horren benetakotasuna eta osotasuna ziurtatzeko.

DFZN-DEEk, ziurtagiria eman ondoren, argitaratu eginen du, eta ziurtagiriaren iraunaldi osoan emandako ziurtagirien zerrenda bat edukiko du sarbide telematikoko zerbitzu unibertsal batean, zeina online eta beti eskuragarri egonen baita.

DFZN-DEEk honako hau bermatzen du emandako ziurtagiri baterako:

a) Erabiltzaileak ziurtagiriaren gako publikoari dagokion gako pribatua duela ziurtagiria ematen den unean.

b) Ziurtagirian jasotako informazioa erabiltzaileak emandako informazioan oinarritzen dela.

c) Ziurtagiriaren fidagarritasunari eragin diezaioketen gertakari ezagunak ez dituela aipatu gabe uzten.

–Ziurtagiriak onartzea.

  • DFZN-DEEk ziurtagiri bat argitara dezan, aldez aurretik honako hauek egiaztatuko ditu:

a) Sinatzailea ziurtagirian identifikatutako pertsona dela

b) Sinatzaileak identifikatzaile bakarra duela

c) Sinatzaileak gako pribatua duela

  • Nafarroako Gobernuak bermatuko du, ziurtagiri elektronikoa eskatzean, haren titularrak onartzen duela:

a) Sinadura elektronikoa sortzeko gako pribatua ziurtagiriaren gako publikoari dagokiola.

b) Ziurtagiriaren titularrak bakarrik eskura dezakeela bere gako pribatua.

c) Erregistroa egitean titularrak emandako informazio guztia zehatza dela.

d) Ziurtagiria legezko eta baimendutako helburuetarako baino ez dela erabiliko, eta DFZN-DEEk ezarritakoaren arabera.

e) Ziurtagiriaren azken erabiltzailea ez dela ziurtapen zerbitzuen emaile bat, eta ez duela ziurtagirian agertzen den gako publikoarekin lotutako bere gako pribatua erabiliko beste ziurtagiri batzuk (edo gako publikoko ziurtagirien beste formatu batzuk) edo ziurtagirien zerrendak sinatzeko, ziurtapen zerbitzuen emaile gisa nahiz beste edozein modutan.

  • Nafarroako Gobernuak bermatuko du, ziurtagiri elektronikoa eskatzean, haren titularrak bere gain hartzen dituela bere gako pribatuari buruzko betebehar hauek:

a) Haren kontrola gordetzekoa.

b) Hura ez galtzeko, ez zabaltzeko, ez aldatzeko edo baimenik gabe ez erabiltzeko behar beste neurri hartzekoa.

Ziurtagiria eskatzean, titularrak ados egon beharko du haren araubidearen eta erabileraren baldintzekin.

–Ziurtagiri elektronikoak errebokatzea eta etetea.

Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxeak baliorik gabe utziko ditu erabiltzaileei emandako ziurtagiri elektronikoak, inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Erabiltzailea errebokatzeko eskaera, haren ordezkari den pertsona fisiko edo juridikoak edo baimena duen hirugarren batek egina.

b) Hala agintzen duen ebazpen judizial edo administratiboa.

c) Erabiltzailearen heriotza edo nortasun-azkentzea, edo gerora sortutako ezintasuna.

d) Ziurtagiriaren indarraldia amaitzea.

e) Galtzea edo erabilezin bihurtzea, ziurtagiriaren euskarrian izandako kalteengatik.

f) Hirugarren batek bidegabe erabiltzea.

g) Erabiltzaileak ziurtagiria lortzeko emandako datuen zehaztasun falta larriak.

h) Indarreko araudian aurreikusitako beste edozein.

Ziurtagiri baten eraginkortasuna azkentzeak ondorioak izanen ditu Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak - Diruaren Errege Etxeak azkentzea eragiten duen edozein gertaera, aurreko apartatuan aurreikusitakoetatik, ziurtasunez jakiten duen egunetik aurrera, eta hala jasotzen duenean bere Ziurtagirien Erregistroan. Ziurtagiriaren balio-epea amaitzen bada, azkentzeak balio-epea amaitzen denetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxeak ziurtagirien eraginkortasuna aldi baterako eten dezake, erabiltzaileak hala eskatzen badu edo agintaritza judizial edo administratibo batek agintzen badu, edo edozein erabiltzaile publikok zentzuzko zalantzak baditu adierazitako datuen indarraldiari buruz eta interesdunaren presentzia fisikoa beharrezkoa bada datu horiek egiaztatzeko. Kasu horretan, DFZN-DEEk eskatzen ahalko dio, modu arrazoituan, ziurtagiria lortu aurreko identifikazio-jarduera egin zen egiaztapen-bulegoan ager dadila edo, salbuespen gisa, beste egiaztapen-bulego batean, dagozkion egiaztapenak egin daitezen. Eskakizun hori 10 egunez betetzen ez bada, ziurtagiria errebokatzen ahalko da.

Ziurtagiriak eteteak indarraldia amaitzeko aurreikusitako moduan izanen ditu ondorioak.

Erabiltzaile publikoaren izaera azkentzeko, esleipenaren agindu honetan xedatutakoa edo, hala badagokio, indarrean dagoen araudian edo ebazpen judizial edo administratiboan ezarritakoa bete beharko da.

–Emandako ziurtagiri baten indarraldia etetea eta azkentzea eragin duten inguruabarrak jakinaraztea eta Ziurtagirien Erregistroan argitaratzea.

DZFN-DEEk transmisio segururako mekanismoak jarriko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskura, bien artean komunikazio-zerbitzu jarraitu eta etenik gabea ezartzeko, bitarteko telematikoak edo erabiltzaileei telefono bidez arreta emateko zentro bat erabiliz, DZFN-DEEri berehala jakinarazi ahal izateko ezagutzen duen edozein inguruabar, baldin eta erabakigarria bada emandako ziurtagirien indarraldia eteteko, errebokatzeko edo azkentzeko, egitate hori berehala argitara eman ahal izateko Konfiantzazko Zerbitzu Elektronikoen azaroaren 11ko 6/2020 Legearen 9. artikuluaren 4. apartatuan aipatzen den ziurtagirien direktorio eguneratuan.

DZFN-DEEk ziurtagirien titularren eskura jarriko du erabiltzaileei arreta emateko zentro bat, ziurtagirien baliozkotasunari edo erabilerari buruzko edozein zalantza edo gorabehera argitzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta DZFN-DEEk erantzukizuna izanen dute jakiten dituzten inguruabarrak jakinaraztean eta Ziurtagirien Erregistroan argitaratzean, hurrenez hurren, izandako edozein atzerapenek, haiei egozten ahal zaienak, eragindako kalte-galeren gainean, inguruabar horiek erabakigarriak direnean emandako ziurtagiri bat eteteko, errebokatzeko edo azkentzeko.

GAKO PUBLIKOKO ZIURTAGIRIAK ARGITARATZEA ETA ZIURTAGIRIAK ERREGISTRATZEA

–Gako publikoko ziurtagiriak argitaratzea.

DZFN-DEEk direktorio seguru batean argitaratuko ditu emandako ziurtagiriak.

Ziurtagiria aldi baterako edo behin betiko errebokatzen denean, Ziurtagirien Erregistroan argitaratuko da. Bertan, errebokatutako ziurtagirien zerrenda bat egonen da, jasoko dituena DZFN-DEEk emandako ziurtagiriak, indarraldia azkendua edo etenda dutenak, iraungitze-datatik urtebete igaro arte gutxienez.

Argitalpen hori izan daiteke:

a) DZFN-DEEk zuzenean egindakoa. Eragiketa hori DZFN-DEEk egiten du, bere direktorio batean argitaratuta. Errebokatze-zerrendak etengabe eguneratuko dira direktorio seguruan.

Direktorio hori online kontsultatuko da, erabiltzailea zuzenean bertara sartuz. Zerbitzu horren bidez, direktorioan gordetako informazioa etengabe eskura daiteke eta osorik dago. Errebokatze-zerrendak DZFN-DEEren sinadura-gako pribatuarekin sinatuko dira.

b) Kanpoko direktorioetan argitaratzea. DZFN-DEEk kanpoan argitaratzen ahalko ditu, beste erakunde edo organismo batzuek eskainitako direktorio publikoetan, aldizkako edo lineako erreplikazioaren bidez, bai errebokatutako ziurtagiriak, bai errebokatutako ziurtagirien zerrendak. Zerrenda horiek, barnean argitaratutakoak bezala, DZFN-DEEren sinadura-gako pribatuarekin sinatuko dira.

–Argitalpenaren maiztasuna kanpoko direktorioetan.

DZFN-DEEtik kanpoko direktorioetan argitaratzea aldizka edo online egiten ahalko da, direktorioa eskaintzen duen erakundearen edo organismoaren eskakizunen arabera.

–Sarbide-kontrola.

DZFN-DEEk zuzenean argitaratzen duenean, direktoriorako sarbidea aldez aurreko autentifikazioarekin eginen da. Sarbide hori irakurtzeko eta bilaketak egiteko baino ez da izanen, eta erabiltzaile baten sarreran dagoen edozein informazio erabiltzen ahalko da bilaketa-gako gisa.

Errebokatze-zerrendei dagokienez, bai barruan bai kanpoan argitaratutakoei dagokienez, sarbidea publikoa eta unibertsala izanen da, hori egiaztatzeko.

Gertaera esanguratsuen erregistroa.

–Erregistratutako gertaera motak.

DZFN-DEEk bere zerbitzuekin zerikusia duten gertakari garrantzitsu guztiak erregistratuko ditu, jarduera garatzeko beharrezkoak diren barne-prozedura guztiak aplikatzekoa den legezko araudiaren eta Barne Segurtasuneko Planean ezarritakoaren arabera garatzen direla egiaztatzeko eta detektatutako anomalia baten kausak aurkitzeko.

Erregistratutako gertaera guztiak barneko edo kanpoko ikuskapen baten bidez ikuskatzen ahalko dira.

–Gertaera baten erregistro baten artxibatzeko maiztasuna eta aldia.

Erregistro-eragiketak egiteko maiztasuna erregistratutako gertaeren garrantziaren eta ezaugarrien araberakoa izanen da (sistemaren edo prozeduren segurtasuna babesteko), eta beti bermatuko da datu garrantzitsu guztien zainketa, zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko.

Erregistro bakoitzari dagozkion datuak artxibatzeko aldia erregistratutako gertaeren garrantziaren araberakoa izanen da.

–Gertaeren erregistro bat artxibatzea.

DZFN-DEEk modu seguruan eta etengabean grabatuko ditu segurtasunaren eta ikuskapenaren ikuspegitik egiten dituen gertaera garrantzitsu guztiak (egindako eragiketak), urraketa-arriskuak murrizteko, segurtasuna urratzearen ondorioz sortzen den edozein kalte arintzeko eta balizko erasoak detektatzeko.

Artxibo horrek osotasun-, konfidentzialtasun- eta eskuragarritasun-maila handia du, biltegiratutako ziurtagiriak eta gertaerak manipulatzeko ahaleginak saihesteko.

DZFN-DEEk artxibatuta izanen ditu erregistratutako gertaera garrantzitsuenak, eta eskuragarri izanen ditu 15 urtez gutxienez.

Ziurtagirien artxibo historikoaren kasuan, horiek gutxienez 15 urtez egonen dira artxibatuta.

–Erregistratuko diren datu garrantzitsuak.

Honako gertaera garrantzitsu hauek erregistratuko dira:

a) Ziurtagiriak ematea eta errebokatzea, eta ziurtagiriekin zerikusia duten gainerako gertaera garrantzitsuak.

b) DZFN-DEEk ziurtagiriak sinatzeko eragiketa guztiak.

c) Errebokatutako ziurtagiri-zerrendekin zerikusia duten sinadurak eta gainerako gertaera garrantzitsuak.

d) Ziurtagirien artxiboan sartzeko eragiketa guztiak.

e) Gakoak sortzeko gertaera garrantzitsuak.

f) Gakoak artxibatzeko zerbitzuaren eta gako propio azkenduen artxiboan sartzeko eragiketa guztiak.

g) Gakoak berreskuratzearekin lotutako eragiketa guztiak.

Gertaerak artxibatzeko eta ikuskatzeko sistemen administrazio- eta eragiketa-funtzioak DZFN-DEEko langile espezializatuei esleituko zaizkie beti.

–Jarduera-erregistro bat babestea.

Sistemen jarduera erregistratu ondoren, erregistroak ezin izanen dira aldatu edo ezabatu, eta adierazitako aldian jatorrizko baldintzetan artxibatuko dira.

Erregistro hori irakurtzeko baino ez da egonen, soilik DZFN-DEEk baimendutako pertsonentzat.

Erregistroa automatikoki grabatuko da, inolako daturik manipulatu ez dadin, DZFN-DEEk horretarako egokitzat jotzen duen software espezifiko baten bidez.

Erregistro ikuskatua, grabazioan eta ondorengo egiaztapenean ezarritako segurtasun-neurriez gain, babestuta egonen da kanpoko euskarrietan grabatzean, euskarri hori aldatzean eta biltegiratzean izan daitezkeen gorabehera, aldaketa, galera eta datuen ezagutarazte orotatik.

DZFN-DEEk bermatzen du ikuskatutako erregistro guztien segurtasun-kopiak daudela.

II. KAPITULUA.–ZERBITZU AURRERATUAK

–Osagai-ziurtagiriak.

DZFN-DEEk osagai generikoaren, zerbitzariaren eta kode-sinaduraren ziurtagiriak ematen ditu, eta, beraz, DZFN-DEEk nabigatzaile nagusietan instalatutako ziurtapen agintaritza gisa duen konfiantza heredatzen da.

–SSL/TLS ziurtagiri estandarra: SSL/TLS protokoloa erabiliz bezeroekin komunikazio seguruak ezartzeko aukera ematen duena da. Horrelako ziurtagiriek web zerbitzua dagoen domeinuaren identitatea bermatzen dute.

–Wildcard ziurtagiria: Domeinu jakin bati lotutako azpidomeinu guztiak identifikatzen ditu, ziurtagiri elektroniko ugari eskuratu eta kudeatu beharrik gabe. Adibidez, "*.adibidea.es" helbiderako emandako wildcard ziurtagiriak bermatzen du erosketak.adibidea.es, salmentak.adibidea.es edo altak.adibidea.es bezalako domeinuen identitatea.

–SAN ziurtagiria: SAN motako ziurtagiriak, domeinu anitzeko ziurtagiri, UC edo Unified Communications Certificates izenez ere ezagutzen denak, ziurtagiri bakar batekin hamabi domeinu desberdin babesteko aukera ematen dizu gehienez.

–Erakunde-zigiluaren ziurtagiria osagai informatiko generikoen artean konexio seguruak ezartzeko erabili ohi dena da. Bere konfigurazio malguari esker, hainbat erabilera ditu:

Erakunde baten osagai informatikoak autentifikatzea zerbitzu informatikoetarako edo beste azpiegitura teknologiko batzuetarako sarbidean, horiek sarbide mugatua edo bezeroaren identifikazioa dutenean.

Mezu edo datu zifratuak trukatzea, konfidentzialtasun-, autentifikazio- eta osotasun-bermeekin.

–Denbora Zigilatzeko Zerbitzua.

–DZFN-DEE konfiantzazko zerbitzu-emaile bat da, eta horren barruan sartzen da denbora-zigilua jartzea edo denbora-zigilu elektroniko kualifikatuak sortzea, eIDAS Erregelamenduen arabera. Horren helburua da denbora-lerroan une jakin batean datu-multzo baten existentziaren fede ematea. Horretarako, Denbora Unibertsal Koordinatuari (UTC) lotutako orduaren informazio-iturri gisa erabiltzen du San Fernandoko Itsas-armadaren Errege Institutu eta Behatokiko (ROA) Orduaren Atalak emandakoa, erakunde horren eta DZFN-DEEren artean beren sistemak etengabe sinkronizatzeko lortutako akordioaren bidez. ROAren eginkizuna da oinarrizko denbora-unitatea mantentzea, legezko ondorioetarako unitate horren patroi nazional deklaratua baita, bai eta "Denbora Unibertsal Koordinatua" (UTC-ROA) delako eskala mantentzea eta ofizialki zabaltzea, Espainiako lurralde osoan legezko orduaren oinarritzat hartzen baita ondorio guztietarako (1308/1992 Errege Dekretua, 1992ko urriaren 23koa).

–DZFN-DEEren Datuak Prozesatzeko Zentroan (DPZ) instalatuta dago Itsas Armadaren Errege Behatokiarekiko Sinkronismo-sistema (SS-ROA), zeinaren helburua baita denbora-erreferentzia bat ematea, UTC (ROA) denbora-eskalan trazagarria, DZFN-DEEren Denbora Zigilatzeko Zerbitzua emateko.

–Sistema horrek egun batean egindako jarraipenen datuak dituzten fitxategi batzuk sortzen ditu, eta ROAk horiek erabiltzen ditu patroiaren eta UTC (ROA) eskalaren arteko fase-diferentziari buruzko txostenak egiteko.

–TSUa UTCarekin sinkronizatzeko deklaratutako zehaztasuna 100 milisegundokoa da, eta horrela sobera betetzen dira Europako estandarraren betekizunak [ETSI EN 319 421]. Beraz, DZFN-DEEren Denbora Zigilatzeko Zerbitzuak ez du denbora-zigilu elektronikorik emanen TSUaren erlojuen eta ROAren UTC denbora-iturriaren artean 100 milisegundotik gorako desfasea dagoen aldian.

–DZFN-DEEk Denbora Zigilatzeko zerbitzu horretarako sarbidea emanen die esleipen honetako zerbitzuen hartzaile diren sektore publikoaren departamentu, organismo eta erakundeei, hala eskatzen badute.

–Denbora Zigilatzeko eskaerak eta erantzunak RFC 3161 gomendioan deskribatutakoaren arabera kudeatuko dira.

–Denbora Zigilatzeko Agintaritzaren erantzunak, "application/timestamp- reply" motakoak, RSA gakoen 3072 biteko tamainarekin eta SHA-256 sinadura-algoritmoarekin sinatuko dira, eta ziurtagirietan konfiantza duten erabiltzaileen eta hirugarrenen eskura DZFN-DEEk jartzen dituen ziurtagiriak balidatzeko edozein metodoren bidez balidatzen ahalko dira (aurreko atalean deskribatzen da).

III. KAPITULUA.–ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ZERBITZUAK (40/2015 LEGEA)

–Administrazio Publikoaren/Sektore Publikoaren ZAren Ziurtagiria Balidatzeko Zerbitzua.

Administrazio Publikoaren/Sektore Publikoaren Ziurtapen Agintaritzaren ziurtagiriaren baliozkotasuna frogatzeko, bi mekanismo ezarri dira ziurtagiri horri lotutako CRLa deskargatzeko. Biak eskura daude ZAren ziurtagirian bertan, CRLDistributionPoints gisa, eta honako hauek dira, hurrenkera honetan:

–LDAP:

DZFN-DEEren ERRO ZAren CRLa deskargatzeko ldap zerbitzuaren kokapena: ldap://ldapfnmt.cert.fnmt.es/CN=CRL,OU=AC RAIZ FNMT-RCM, O=FNMT-RCM, C=ES ?authorityRevocationList ?base ?objectclass=cRLDistributionPoint.

Zehazki, aipatutako ldap zerbitzu hori 3. bertsioan emanen da, modu binarioan, eta ldap zerbitzurako portu estandarrean (389) egonen da eskuragarri, inolako autentifikaziorik behar izan gabe.

Zerbitzua unibertsala izanen da, sarbide-kontrolik gabea. Egindako konexio bakoitzean CRL bakarra deskargatzen ahalko da, eta kasu honetan CRL bakarra dago: ARL.

Zerbitzu horretarako sarbidea Internet bidez egonen da eskuragarri, bai eta SARA Sarearen bidez ere.

Azpiegitura horretarako emandako CRLak 3 hilabeteko balio-epea izanen du, eta iraungi baino 10 egun lehenago argitaratuko da, betiere, DZFN-DEEren ERRO ZAk emandako ziurtagiriren bat errebokatzen bada.

DZFN-DEEk eskubidea izanen du IP helbideetarako sarbidea blokeatzeko, baldin eta zerbitzu hori behar ez bezala edo neurriz kanpo erabiltzen bada.

–HTTP:

DZFN-DEEren ERRO ZAren CRLa deskargatzeko http zerbitzuaren kokapena:

http://www.cert.fnmt.es/crls/ARLFNMTRCM.crl

Azpiegitura horretarako emandako CRLak 3 hilabeteko balio-epea izanen du, eta iraungi baino 10 egun lehenago argitaratuko da, betiere, DZFN-DEEren ERRO ZAk emandako ziurtagiriren bat errebokatzen bada.

Zerbitzua unibertsala izanen da, doakoa eta sarbide-kontrolik gabea. Egindako konexio bakoitzean CRL bakarra deskargatzen ahalko da.

Zerbitzu horretarako sarbidea Internet bidez egonen da eskuragarri, bai eta SARA Sarearen bidez ere.

DZFN-DEEk eskubidea izanen du IP helbideetarako sarbidea blokeatzeko, baldin eta zerbitzu hori behar ez bezala edo neurriz kanpo erabiltzen bada.

–Administrazio Publikorako Azken Erakundearen Ziurtagiriak Balidatzeko Zerbitzua.

Administrazio Publikoaren azpiegiturarako ziurtagiriak balidatzeko zerbitzua zerbitzu hauen bidez emanen da:

–Administrazio Publikoaren/Sektore Publikoaren ZAren CRLak deskargatzeko zerbitzua, LDAP protokoloaren bidez.

–Administrazio Publikoaren ZAren CRLak deskargatzeko zerbitzua, http protokoloaren bidez.

Ziurtagiriak balidatzeko zerbitzu ugari izateak erabateko bateragarritasuna ematen du Administrazio Publikoaren azpiegiturak emandako Azken Erakundearen ziurtagiriak txertatu beharko diren aplikazioen beharrekin.

–CRLak LDAP protokoloaren bidez deskargatzeko zerbitzua.

Zerbitzu hori unibertsala, anonimoa eta doakoa izanen da, autentifikaziorik gabea; beraz, edozein bezerok deskargatzen ahalko du CRLa, Administrazio Publikoaren/Sektore Publikoaren ZAk emandako azken erakundearen ziurtagiria balidatu ahal izateko.

Zerbitzu hori URL honetatik emanen da ldap protokoloko portu estandarrean (389): ldap://ldapape.cert.fnmt.es/CN=CRLnnn,OU=AC APE/SP, O=FNMT-RCM, C=ES ?certificateRevocationList ?base ?objectclass=cRLDistributionPoint.

CRLak banatzeko puntu hori Administrazio Publikoaren/Sektore Publikoaren ZAk emandako azken erakundearen ziurtagiri guztietan txertatuko da, eta kasu bakoitzean CRLnnn izanen da ziurtagiri horri dagokion CRL zenbakia.

Zerbitzu horretarako sarbidea Internet bidez egonen da eskuragarri, bai eta SARA Sarearen bidez ere.

DZFN-DEEk eskubidea izanen du IP helbideetarako sarbidea blokeatzeko, baldin eta zerbitzu hori behar ez bezala edo neurriz kanpo erabiltzen bada.

–CRLak HTTP protokoloaren bidez deskargatzeko zerbitzua.

Zerbitzu hori unibertsala, anonimoa eta doakoa izanen da, autentifikaziorik gabea; beraz, edozein bezerok deskargatzen ahalko du CRLa, Administrazio Publikoaren/Sektore Publikoaren ZAk emandako azken erakundearen ziurtagiria balidatu ahal izateko.

Zerbitzu hori URL honetatik emanen da http protokoloko portu estandarrean (80): http://www.cert.fnmt.es/crlsape/CRLnnn.crl http://www.cert.fnmt.es/crlssp/CRLnnn.crl.

CRLak banatzeko puntu hori Administrazio Publikoaren ZAk emandako azken erakundearen ziurtagiri guztietan txertatuko da, eta kasu bakoitzean CRLnnn izanen da ziurtagiri horri dagokion CRL zenbakia, lehenago deskribatutakoa bezala.

Zerbitzu horretarako sarbidea Internet bidez egonen da eskuragarri, bai eta SARA Sarearen bidez ere.

DZFN-DEEk eskubidea izanen du IP helbideetarako sarbidea blokeatzeko, baldin eta zerbitzu hori behar ez bezala edo neurriz kanpo erabiltzen bada.

ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN SINADURA ELEKTRONIKOAREN ZIURTAGIRIA, ETA ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN SINADURA ELEKTRONIKOAREN ZIURTAGIRIA IZENORDEAREKIN

Ziurtagiri hori DZFN-DEEk ematen du, DZFN-DEEk, konfiantzazko zerbitzuen emaile kualifikatu den aldetik, emandako zerbitzu tekniko, administratibo eta segurtasunekoak, beharrezkoak direnak, jasotzen dituen administrazio publikoaren kontura.

Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileentzako ziurtagiria DZFN-DEEk garatzen du, PKI azpiegitura espezifiko eta ad hoc baten bidez, ziurtagiria sinatzen duen organoak, organismoak edo erakundeak izendatutako erregistro-bulegoen sareak egindako identifikazio- eta erregistro-jardueretan oinarrituta. Administrazio Publikoen jarduera-eremuan, "emateko prozedurek" erregistro-bulego komunak ezartzen ahalko dituzte jarduera-eremu horretarako, eta ondorio uniformeak izanen dituzte edozein administrazio, erakunde eta/edo entitate publikotarako.

DZFN-DEEk ematen ditu ziurtagiri horiek, Konfiantzazko Zerbitzuen Emaile Kualifikatu gisa, azaroaren 11ko 6/2020 Legean eta EESSI araudi teknikoan ezarritako irizpideak betez, zehazki Europako estandar hauen arabera: ETSI EN 319 411-2 "Requirements for trust service providers issuing EU qualified certificates", eta ETSI EN 319 412-2 "Certificate profile for certificates issued to natural persons". Ziurtagiri elektroniko horiek Administrazioaren zerbitzuko langileei bakarrik ematen zaizkie, eta, beraz, ez zaizkio publiko orokorrari ematen.

Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileen sinadura elektronikoko ziurtagiriak kualifikatuak dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa). Egiaztatu daiteke Espainiako konfiantzazko zerbitzu-emaileen konfiantzazko zerrendan sartuta daudela (TSL, ingelesezko siglen arabera) esteka honetan:

https://datos.gob.es/es/catalogo/e05068901-lista-de-confianza-de-prestadores-cualificados-de-servicios-electronicos-de-confianza-tsl1

Ziurtagiri elektronikoak ematen dituen ziurtapen agintaritzaren erroko ziurtagiriari dagozkion RSA gakoen tamaina 4.096 bitekoa da gaur egun.

Langile publikoak identifikatzeko ziurtagiri elektroniko kualifikatuei dagozkien RSA gakoen tamaina 2.048 bitekoa da gaur egun.

Emandako ziurtagiri guztien zifratze-algoritmoa SHA-265 da.

DZFN-DEEk ez du ziurtagiri horren erabilera arautzen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean eta aplikatu beharreko gainerako legerian ezartzen baita, eta dagokion administrazio, organismo edo erakunde publiko titularraren eskura egonen den azpiegitura tekniko bat sortzera mugatzen da. Era berean, enplegatu publikoaren ziurtagirien izaera dela eta, erabiltzaileei dagozkien inguruabar eta betekizun guztiak Administrazioak bakarrik kontrolatuko ditu, eta DZFN-DEEri aldaketen berri emanen dio; hori guztia administrazioek, organismoek eta erakunde publikoek gaitutako erregistro-bulegoen bidez eginen da.

Administrazioek Administrazio Publikoaren eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek izenordearekin emandako sinadura elektronikoko ziurtagiriak eskatzen ahalko dituzte, bitarteko elektronikoen bidez egindako jarduketetan erabiltzeko, baina soilik baldin eta jarduketok informazio sailkatuari, segurtasun publikoari, defentsa nazionalari edo anonimotasuna legez justifikatuta dagoen beste jarduketa batzuei eragiten badiete.

Ziurtagiriaren profila ziurtapen praktiken deklarazioetan deskribatuta dago.

–Sinadura elektroniko zentralizatuko zerbitzua enplegatu publikoentzat (sinadura hodeian).

Sektore Publikoaren ZAk sinadura elektroniko zentralizatuaren ziurtagiriak ematen dizkie funtzionarioei, langile lan-kontratudunei, bere zerbitzuko estatutupeko langileei eta baimendutako langileei, Administrazio Publikoaren, organoaren, organismo publikoaren edo zuzenbide publikoko erakundearen zerbitzukoei.

Ziurtagiri horiek baliozkoak dira sinadura elektronikoko sistema gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen arabera eta Justizia Administrazioan informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera arautzen duen uztailaren 5eko 18/2011 Legearen arabera.

Enplegatu publikoentzako sinadura elektroniko zentralizatuaren ziurtagiria ziurtagiri kualifikatua da, sinadura elektroniko aurreratuak sortzeko, sinadura sortzeko urrutiko gailu batean, ingurune seguru eta fidagarri batean. Hau da, gako publikoak eta pribatuak ez dira zuzenean sortzen sinatzailearen Interneteko nabigatzailean edo haren esku dagoen beste gailu batean; aitzitik, DZFN-DEEren ingurune seguru batean sortzen eta biltegiratzen dira. Zerbitzu hori emateko, DZFN-DEEren azpiegituran txertatu da Safelayer-en TrustedX eIDAS modulua.

Enplegatu publikoarentzako sinadura elektroniko zentralizatuaren ziurtagiriak batera berresten du Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen identitatea, bai eta ziurtagiriaren sinatzailearena ere, hau da, langile horiek beren eskumenak baliatzen dituzten, zerbitzuak ematen dituzten edo beren jarduera garatzen duten administrazio publikoaren organo, organismo edo erakundearena.

Era berean, sinadura elektronikoa modu zentralizatuan egiten da, eta une oro bermatzen da ziurtagiria eman zaion Administrazioaren zerbitzuko langileek bakarrik kontrolatuko dutela sinadura-prozesua. Sinatzailearen gako pribatuetara sartzeko, segurtasun-maila ALTUA bermatu beharko da beti (erabiltzailea+pasahitza + OTP autentifikazioaren 2. faktorea).

Enplegatu publikoarentzako sinadura elektroniko zentralizatuaren ziurtagiriaren funtzionalitateek eta helburuek aukera ematen dute komunikazioen egiazkotasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko. Ziurtagiria "Sektore Publikoaren ZA"k egin eta sinatuko du, DZFN-DEEren "Erroko ZA"ren mende.

Enplegatu publikoarentzako sinadura elektroniko zentralizatuko ziurtagiriek, DZFN-DEEk emandakoek, gehienez ere hiru (3) urteko balioa izanen dute, ziurtagiria ematen den unetik zenbatzen hasita, baldin eta haien indarraldia amaitzen ez bada. Epe hori igarota, ziurtagiriak aktibo jarraitzen badu, iraungi eginen da, eta beste ziurtagiri bat egin beharko da konfiantzazko zerbitzuen hornitzailearen zerbitzuak erabiltzen jarraitu nahi bada.

"Sektore Publikoaren ZA"n erabilitako gakoa 2048 bitekoa da, eta "Erroko ZA"n erabilitakoa, berriz, 4096 bitekoa.

Mota horretako ziurtagirien indarraldiaren baliozkotasuna froga daiteke DZFN-DEEk ziurtagirien egoeraz ematen duen informazio- eta kontsulta-zerbitzuaren bidez, OCSP protokoloa erabiliz; ziurtagirian bertan zehaztutako kokapenean eskuragarri dago zerbitzu hori.

ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZIGILU ELEKTRONIKO KUALIFIKATUA

Zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatua, Administrazio Publikoarentzat, organoarentzat, organismo publikoarentzat edo zuzenbide publikoko erakundearentzat, identifikazio-sistema gisa, administrazio-jarduketa automatizaturako eta jarduketa judizial automatizaturako, administrazio horrek emandako dokumentuak edo edozein aktibo digital autentifikatzeko aukera ematen duena.

Europako estandar hauen arabera ematen dira: ETSI EN 319 411-2 "Requirements for trust service providers issuing EU qualified certificates", eta ETSI EN 319 412-3 "Certificate profile for certificates issued to legal persons".

Zigilu elektronikoko ziurtagiriak kualifikatuak dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa). Egiaztatu daiteke Espainiako konfiantzazko zerbitzu-emaileen konfiantzazko zerrendan sartuta daudela (TSL, ingelesezko siglen arabera) esteka honetan:

https://datos.gob.es/es/catalogo/e05068901-lista-de-confianza-de-prestadores-cualificados-de-servicios-electronicos-de-confianza-tsl1

3 urteko iraupena izanen dute, eta RSA gakoaren luzera 2.048 bitekoa da. OCSP bidezko balidazio-zerbitzua dute, edozein interesdunek erabil dezakeena, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, eta haren URLa, Internetetik eskuragarri dagoena, ziurtagirietan bertan ageri da.

DZFN-DEEk ez du ziurtagiri horren erabilera arautzen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean eta aplikatu beharreko gainerako legerian ezartzen baita, eta azpiegitura teknikoa sortu besterik ez du egiten, ziurtagiriaren titularra, administrazio-unitatearen eta dagokion osagai informatikoaren jabe edo arduraduna den administrazio, organismo edo erakunde publikoaren erabiltzaile eta jagoleen esku jartzeko. Era berean, Administrazio Publikoen zigilu elektronikoaren ziurtagirien izaera dela eta, erabiltzaile eta jagoleei dagozkien inguruabar eta betekizun guztiak Administrazioak bakarrik kontrolatuko ditu, eta DZFN-DEEri aldaketen berri emanen dio; hori guztia administrazio, organismo eta erakunde publikoek gaitutako erregistro-bulegoen bidez eginen da.

Ziurtagiriaren profila ziurtapen praktiken deklarazioetan deskribatuta dago.

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOEN EGOITZA ELEKTRONIKORAKO WEBGUNEAK AUTENTIFIKATZEKO ZIURTAGIRI KUALIFIKATUAK

Administrazio publikoaren eta hari lotutako edo haren mendeko organismo eta erakunde publikoen egoitza elektronikoak identifikatzeko ziurtagiriak, DZFN-DEEk administrazio-ziurtagiriak izenarekin emandakoak.

Europako estandar hauen arabera ematen dira: ETSI EN 319 411-2 "Requirements for trust service providers issuing EU qualified certificates", eta ETSI EN 319 412-4 "Certificate profile for web site certificates".

Ziurtagiri horiek kualifikatuaren izaeraz ematen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa), Europako estandar hauekin bat: ETSI EN 319 411-1 "Policy and Security Requirements for Trust Services Providers issuing certificates- General Requirements".

"Konfiantzazko ziurtagiriak emateko eta kudeatzeko oinarrizko baldintzak" betez ematen dira, CA/Browser forum entitateak ezarritako betekizunak alegia.

Urte bateko iraupena izanen dute, eta RSA gakoaren luzera 2.048 bitekoa da. OCSP bidezko balidazio-zerbitzua dute, edozein interesdunek erabil dezakeena, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, eta haren URLa, Internetetik eskuragarri dagoena, ziurtagirietan bertan ageri da.

DZFN-DEEk ez du ziurtagiri honen erabilera arautzen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean eta aplikatu beharreko gainerako legerian ezartzen baita, eta azpiegitura teknikoa sortu besterik ez du egiten, kasuko egoitza elektronikoaren titularra den administrazio, organismo edo erakunde publikoaren erabiltzaile eta jagoleen esku egonen dena. Era berean, egoitza elektronikoen identifikaziorako ziurtagirien izaera dela eta, erabiltzaile eta jagoleei dagozkien inguruabar eta betekizun guztiak Administrazioak bakarrik kontrolatuko ditu, eta DZFN-DEEri aldaketen berri emanen dio; hori guztia administrazioek, organismoek eta erakunde publikoek gaitutako erregistro-bulegoen bidez eginen da.

Ziurtagiriaren profila ziurtapen praktiken deklarazioetan deskribatuta dago.

II. ERANSKINA

I. KAPITULUA.–EIT ZERBITZUAK

1. Zerbitzuen urteko prezioa.

EIT zerbitzuen xede-taldea Nafarroako gizarte osoa izanen da: herritarrak eta enpresak.

Ziurtagiri mota bakoitzaren ezaugarriak errespetatuz:

–Ez dago mugarik esleipen honetan jasotako pertsona fisikoaren eta ordezkariaren ziurtagirien guztizko kopuruari dagokionez.

–Pertsona fisikoaren ziurtagiriak doakoak izanen dira titularrarentzat.

–Ordezkariaren ziurtagirien kostua (pertsona juridikoarena, nortasun juridikorik gabeko erakundearena eta administratzaile bakar eta solidarioarena) DZFNk nazio mailan titularrari ezartzen diona izanen da.

–Esleipen honen barruan pertsona juridikoaren ordezkariaren 1200 ziurtagiri jarri dira honako hartzaile hauentzat:

  • Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.
  • Nafarroako ikastetxe publikoak.
  • Esleipen honi atxikitako erakundeak.

Esleipen honetan, EIT zerbitzuetarako 39.328,66 euroko guztizko prezio finkoa ezartzen da urtean, Nafarroako Gobernuak ordaindu beharrekoa, zergak sartu gabe.

Era berean, behar berriei begira, urteko prezio unitario hauek ezartzen dira (BEZik gabe):

–Ordezkariaren ziurtagiri gehigarria: 7,35 euro.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro-bulego gehigarria: 247,10 euro.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan erregistro-bulego delegatua duen erakunde gehigarria atxikitzea: 65,56 euro.

–Erregistro-bulego propioa duen erakunde gehigarria atxikitzea: 247,10 euro.

2. Euskarri teknikoa.

Urrutiko modalitateko laguntza tekniko espezializatua esleipen honen irismenean jasota dago.

3. Baldintzak.

Kapitulu honetan adierazitako zenbateko guztiei balio erantsiaren gaineko zerga gehituko zaie, aplikatu beharreko legeriaren arabera.

II. KAPITULUA.–ZERBITZU AURRERATUAK

1. Osagai-ziurtagiriak.

Esleipenaren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari zuzendutako honako ziurtagiri kopuru hau jarri da:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa

Ziurtagiri mota

Jarritako ziurtagiri kopurua

Web bidezko autentifikazioa (SSL estandarra)

23

Wildcard ziurtagiria

6

Domeinu anitzekoa

1

SAN/UCC (2 domeinu)

0

Erakunde-zigilua

55

Esleipenean ez dago jasota atxikitako erakundeendako osagai-ziurtagiririk ematea.

Osagai-ziurtagirietarako urteko prezioa 11.502,97 eurokoa da urtean, zergarik gabe, eta goian adierazitako ziurtagiri guztiak ematea barne hartzen du.

Halaber, honako hau da ziurtagiri horien urteko unitateko prezioa (BEZik gabe):

Ziurtagiri mota

Ziurtagiriaren kostua

Web bidezko autentifikazioa (SSL estandarra)

180,92 euro

Wildcard ziurtagiria

370,03 euro

Domeinu anitzekoa

371,92 euro

SAN/UCC (2 domeinu)

Erakunde-zigilua

86,36 euro

2. Denbora Zigilatzeko Zerbitzua.

Denbora zigilatzeko zerbitzuaren urteko kuota finkoa 4.445,19 eurokoa da, urtean zigilatze-kopuru mugagabe baterako, bi alderdiek arrazoizkotzat jotzen dutenaren arabera. Zenbatespen hori sendotasunez gaindituz gero, tarifa lau hori berrikusi eta DZFN-DEEk aplikatutako merkatu-prezioetara egokitzen ahalko da.

3. Euskarri teknikoa.

Urrutiko modalitateko laguntza tekniko espezializatua esleipen honen irismenean jasota dago.

4. Baldintzak.

Kapitulu honetan adierazitako zenbateko guztiei balio erantsiaren gaineko zerga gehituko zaie, aplikatu beharreko legeriaren arabera.

III. KAPITULUA.–ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ZERBITZUAK (40/2015 LEGEA)

1. 40/2015 Legearen eremuko zerbitzuetarako ziurtagiriak.

Eremu honetako zerbitzuen barruan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta esleipen honi atxikitako erakundeak hartzen dira kontuan.

–Ez dago mugarik enplegatu publikoen ziurtagirien, izenordea erabiltzen duten enplegatu publikoen ziurtagirien eta sinadura elektroniko zentralizatuko (hodeiko) ziurtagirien guztizko kopuruari dagokionez.

Egoitza-ziurtagiriei eta zigilu elektronikoari dagokienez, honako muga hauek ezartzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako:

  • Ez dago egoitza elektronikoko ziurtagiririk.
  • Zigilu elektronikoko 5 ziurtagiri.

–Atxikitako erakundeentzako multzo komuna:

  • 50.000 biztanletik 10.000 biztanle arteko udalerriak: egoitza elektronikoko 11 ziurtagiri eta zigilu elektronikoko 11 ziurtagiri.
  • 10.000 biztanletik beherako udalerriak: egoitza elektronikoko 141 ziurtagiri eta zigilu elektronikoko 185 ziurtagiri.

40/2015 Legearen eremuko zerbitzuetarako urteko prezioa 58.629,89 eurokoa da urtean, zergarik gabe, eta goian adierazitako ziurtagiri guztiak ematea barne hartzen du.

Halaber, honako hau da ziurtagiri horien urteko unitateko prezioa (BEZik gabe):

Ziurtagiri mota

Ziurtagiriaren kostua

Egoitza elektronikoa

372,48 euro

Zigilu elektronikoa

102,14 euro

2. Euskarri teknikoa.

Urrutiko modalitateko laguntza tekniko espezializatua esleipen honen irismenean jasota dago.

3. Baldintzak.

Kapitulu honetan adierazitako zenbateko guztiei balio erantsiaren gaineko zerga gehituko zaie, aplikatu beharreko legeriaren arabera.

III. ERANSKINA

I. KAPITULUA.–ATXIKITAKO ERAKUNDEAK

Gaur egun, DZFN-DEEk Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ematen dizkion zerbitzuei atxikitako erakunde multzo bat dago.

Erakunde horietako gehienek Erregistroen eginkizuna Nafarroako Gobernuko bulegoetan eskuordetu dute.

Honako esteka honetan kontsulta daiteke gaur egun atxikitako erakundeen zerrenda:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Adhesion-de-entidades-locales-y-organismos-autonomos-dependientes-a-la-Encomienda-entre-Gobierno-de-Navarra-y-la-FNMT-para-la-Prestacion-de-Servicios-de-Certificacion-de-Firma-Electronica

II. KAPITULUA.–ATXIKITZEKO MEKANISMOA

Nafarroako Gobernuaren eta DZFN-DEEren arteko esleipen honi erakunde mota desberdinak atxiki ahal izateko beharra dago, bertan deskribatutako zerbitzuak eta ziurtagiriak erabili ahal izateko.

Atxikitzeko prozedura bat ezarriko da, eta, prozedura horretan, entitate interesdunak akordio bat sinatuko du Nafarroako Gobernuarekin. Gainera, entitate horrek bere baitan pertsona bat izendatuko du esleipenaren zerbitzuekin lotutako guztirako baimena izanen duena.

Aurreikusirik egonen da atxikitako entitateak Nafarroako Gobernuari eskuordetzea ziurtagiriak lortzeko prozesuan egiaztatzeko erregistro-eginkizuna, hala nahi izanez gero.

Atxikitzeko akordioaren hiru ale sinatuko dira. Atxikitzen den erakundeak bi kopia igorriko dizkio Nafarroako Gobernuari, eta hark kopietako bat helaraziko dio DZFN-DEEri, horren berri hartu eta baldintzak onartu ondoren.

Akordioaren kopiak jaso ondoren –kopia horiek benetakoak izan beharko dute–, Nafarroako Gobernuaren eta DZFN-DEEren gobernu-organoek onetsiko dute, hala badagokio.

Erakundeak esleipen honi atxikitzeak ez du ekarriko kostu gehigarririk II. eranskinean jasotakoez gain.

III. KAPITULUA.–NAFARROAKO GOBERNUKO EGIAZTAPEN-BULEGOAK

Gaur egun, Nafarroako Gobernuak bulego batzuk ditu lurraldeko hainbat herritan kokatuta, pertsona fisikoen eta ordezkarien ziurtagiriak lortzeko egiaztapen-lanak egiteko.

Bulego horiek esteka honetan kontsulta daitezke:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/internet-bidez-tramitatzeko-laguntza/ziurtagiri-digitala

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko enplegatuei eta esleipen honi atxikitako entitateei zuzendutako beste egiaztapen-bulego batzuk daude.

BERRITZE GEHIGARRIA

Esleipen hau urte naturalen arabera berrituko da, ondoz ondoko luzapenen bidez, lau (4) urteko gehieneko epera iritsi arte.

Hona hemen berritze gehigarriaren eredua:

LUZAPENA, «DIRUAREN ETA ZERGA-ZIGILUAREN FABRIKA NAZIONALA - DIRUAREN ERREGE ETXEA, ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA, BITARTEKO PROPIOA»REN ETA .......................REN ARTEAN ..................................................(E)(A)N IZENPETUTAKO ESLEIPENARENA, ZEINAREN BIDEZ «NAFARROAKO GOBERNUAK» «DIRUAREN ETA ZERGA-ZIGILUAREN FABRIKA NAZIONALA - DIRUAREN ERREGE ETXEA, ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA, BITARTEKO PROPIOA»REN ESKU UZTEN DUEN ZERBITZU PUBLIKO ELEKTRONIKOAK HEDATZEA

Iruñean, ...................(e)ko ................aren ..............(e)(a)n.

BILDU DIRA

Alde batetik, María Isabel Valldecabres Ortiz andrea, "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren (aurrerantzean, DZFN-DEE-EEP-BP) zuzendari nagusia, abuztuaren 3ko 726/2021 Errege Dekretuaren bidez izendatua (185. EAO, abuztuaren 4koa), erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, haren Estatutuaren 18. artikuluarekin bat; egoitza instituzionala Madrilen du, Jorge Juan kaleko 106. zenbakian, eta IFZa: Q2826004J.

Bestetik, ........................................................................................................................................ jauna/andrea, ......................................................................................................................(a)ren bidez izendatua, ..................................................... erakundearen izenean (IFZa: .............................. Egoitza: ..............................................................).

Alderdiek dagozkien karguez baliatuta esku hartzen dute, esleituta dituzten eskumenak, ahalmenak eta eskudantziak erabiliz, eta elkarri aitortzen diote hitzarmen hau sinatzeko gaitasuna eta legitimazioa, eta, horretarako, honako hau.

ADITZERA EMATEN DUTE

Lehenengoa.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9. eta 10. artikuluetan ezartzen denaren arabera, "interesdunek identifikazio elektronikoa egiten ahalko dute (...) beren identitatea bermatzea ahalbidetzeko, erabiltzailearen aldez aurreko erregistroa duen edozein sistemaren bidez", eta, bereziki, ‘ziurtapen zerbitzuak ematen dituztenen konfiantzazko zerrendan’ [a) eta b) letrak] dauden emaileek emandako ziurtagiri elektroniko aitortuetan oinarritutako sistemen bidez. Zerrenda hori honakoetan aurreikusitakoaren babesean eginen da: Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1505 (EB) Betearazpen Erabakian (konfiantzazko zerrendekin lotutako zehaztapen teknikoak eta formatuak ezartzen dituena) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan (identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa eta 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen duena).

Bestalde, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak jarduteko printzipio orokor gisa ezartzen du administrazio publikoen arteko lankidetza, elkarlana eta koordinazioa –printzipio horiek lege horren III. tituluan garatzen dira– eta, horretarako, 11. artikuluan araututako kudeaketa-esleipena bezalako tresnak erabiltzen ahal direla.

Bigarrena.–Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 81. artikuluak, "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak segurtasun zerbitzuak ematea teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko komunikazioetarako" titulua duenak, ahalmena ematen dio "Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ri (DZFN-DEE-EEP-BP) behar diren zerbitzu tekniko eta administratiboak emateko, teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez komunikazioak eta agiriak eman eta jasotzeko eragiketak seguruak, baliozkoak eta eraginkorrak direla bermatzeko (1. apartatua); horrez gain, gaikuntza ematen dio, Finantza Sistemaren Erreformarako Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legearen bidez aldaketa egin eta gero, funtzio publikoak betetzen dituzten pertsona, erakunde eta korporazioei zerbitzu horiek emateko, kasuan kasuko hitzarmena formalizatu ondoren (9. apartatua).

Hirugarrena.–DZFN-DEE-EEP-BP Industria, Energia eta Turismo Ministerioak egindako konfiantzazko zerrendan (2018ko maiatza) sartutako ziurtapen zerbitzuen emaileetako bat da. Orain, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoaren Ministerioa (Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren Estatu Idazkaritza - SEDIA) da zerrendaren egilea. Konfiantzazko zerrenda hori egiten da kontuan hartuta Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1505 (EB) Betearazpen Erabakian aurreikusitakoa. Izan ere, erabaki horretan ezartzen dira konfiantzazko zerrendekin lotutako zehaztapen teknikoak eta formatuak.

Laugarrena.– .......................................................... (e)k interesa du interesdunei bitarteko elektronikoen bidezko harremanetarako aukera bermatzeko, eta DZFN-DEE-EEP-BPk ziurtapenari eta sinadura elektronikoari buruzko jarduera teknikoak eta segurtasunekoak egiten ahal ditu, bere helburu instituzionalen arabera. Hori dela eta, ..................................................(e)(a)n kudeaketa-esleipen bat sinatu zen "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren eta Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren artean, "Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxea, Enpresa-erakunde Publikoa, Bitarteko Propioa"ren esku uzten zuena zerbitzu publiko elektronikoen hedapena.

Bosgarrena.–Esleipenaren bosgarren klausularen arabera, urtebeteko (1 urte) iraupena izanen du, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak. Klausula horrek berak xedatzen du esleipena urtetik urtera luzatzen ahalko dela gehienez ere beste lau (4) urtez, bi alderdiek berariaz hala adosten badute, baldin eta luzapena egitea erabakitzen bada haren iraupen-epea amaitu baino lehen, eta inola ere ez baditu gainditzen Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluan ezarritako epeak.

Seigarrena.–Bi alderdiek adierazten dute interesa eta borondatea dutela indarrean dagoen kudeaketa-esleipen hau luzatzeko, hasieran adostutako baldintza berberetan.

Zazpigarrena.–Horretarako, alderdiek adosten dute ...............................................................(e)(a)n sinatutako esleipenaren luzapen hau sinatzea, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehena.–Esleipenaren luzapenaren iraupena.

Luzapen honek ............. urteko indarraldia izanen du, eta ondorioak izanen ditu ....................(e)tik ..................................(e)ra.

Bigarrena.–Zehaztapenak.

Alderdi bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak ez dira aldatuko ....................................(e)(a)n sinatutako esleipenean ezarritakoari dagokionez.

NAFARROAKO GOBERNUA

Unibertsitateko, Berrikuntzako,
Telekomunikazioetako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua

DIRUAREN ETA ZERGA-ZIGILUAREN FABRIKA
NAZIONALA - DIRUAREN ERREGE ETXEA,
ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA,
BITARTEKO PROPIOA

Patricia Fanlo Mateo

María Isabel Valldecabres Ortiz

Iragarkiaren kodea: F2500440