2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Aldaketa, Trafikoa arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena
Eguesibarko Udalak, 2024ko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea honako artikulu hauen aldaketa, Trafikoa arautzen duen udal ordenantzan: 21., 22., 26., 27., 28. eta 30. artikuluak.
Aldaketen hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko aldiaren iragarkia argitara eman zen 2024ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 26an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian ez zitzaizkion alegazioak aurkeztu. Hala bada, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.
Aldaketa egin ondoren Trafikoa arautzen duen udal ordenantzaren 21., 22., 26., 27., 28. eta 30. artikuluetan, honela idatzirik gelditu dira:
"21. artikulua. Zirkulazioa.
Motorrik gabeko patinak edo gisako aparatuak erabiltzen dituztenak, ahal dela, bidegorrietan edo bizikletak ibiltzeko markaturiko eremuetan barna ibiliko dira, eta horretarako markaturiko erreirik edo biderik ez dagoenean baizik ez dira ibiltzen ahalko espaloietan edo oinezkoendako eremuetan barna, baina ez ibilgailu motordunak ibiltzeko erreietan. Patinatzaileek oinezkoen ibiliari egokituko diote beren ibilia, eta betiere trabarik egin gabe edo arriskurik sortu gabe ibiliko dira. Inoiz ez dute lehentasunik izanen oinezkoen aldean.
Eguesibarko udal-mugartean motorrik gabeko patinean edo gisakoetan ibiltzen den pertsona orok kasko babeslea jantzi beharko du nahitaez, haren adina edozein izanik ere.
22. artikulua. Monopatinak.
Monopatinak eta gisako aparatuak kirolerako soilik erabiltzen ahalko dira, horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan. Monopatinak ez dira erabiltzen ahalko ez espaloietan, ez oinezkoendako eremuan, ez eta bidegorrietan ere.
Inguruko bizilagunei eragozpenak sortzeagatik bizikidetza liskarrik izan ez dadin, eskaterrek bete beharko dituzte Udalak skate eremurako finkatzen dituen ordu eta arauak, eta, betiere, udaltzainek egindako ohar eta errekerimenduak.
Inoiz ez da baimenik emanen patinak, monopatinak edo gisako aparatuak erabiltzen dituztenak beste ibilgailu batzuei lotzeko edo halakoek herrestan eramanak izateko.
Betiere, Eguesibarren barna monopatinak eta gisakoak erabiltzen dituen orok kasko babeslea erabili beharko du nahitaez.
22.1. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI).
Propultsio elektrikoko monopatinak, patineteak, patinak eta gisako aparatuak ezin izanen dira erabili ez espaloietan, ez oinezkoendako eremuetan, ez eta parkeetan ere. Mota horretako ibilgailuetan pertsona bakarra mugitzen ahalko da, eta gehienez ere 25 km/h-ko abiaduran zirkulatuko du. MPIak, nahitaez, honako hauek izan beharko ditu: freno-sistema, aitzineko eta atzeko argiak eta katadioptriko islatzaileak, freno-sistema eta txirrina. Halaber, zirkulazio-ziurtagiri bat izan beharko du, QR kode baten bidez eskuragarri, frogatzeko MPIak gutieneko segurtasun-baldintzak betetzen dituela, estatu mailan ezarritakoaren arabera (1. eranskina). MPIan mugitzen denak, gidatu bitartean, ezin izanen du jantzi entzungailurik, ez eta telefono mugikorrik erabili ere; gainera, kasko babeslea jantzi beharko du nahitaez, bai eta txaleko islatzailea ere, gauez eta ikuspen urriko egoeretan. Horrez gain, betiere izan beharko du erantzukizun zibileko aseguru bat, gutienez 150.000 euroko estaldura izanen duena hirugarrenendako kalteetarako.
Inola ere ezin izanen dute 14 urtetik beheitikoek ibilgailu horietan zirkulatu espazio publikoetan barna.
26. artikulua. Bizikletak espaloietan barna zirkulatzea.
Bizikletek, nahitaez, galtzadan zirkulatu beharko dute, eta bidegorrietan barna zirkulatu beharko dute, nahitaez, halakoa duten bideetatik dabiltzanean. Espaloietan barna, 15 urtetik beheitiko txirrindulariak eta haiekin doan heldua baizik ezin izanen dira joan.
Oinezkoen kopuruak ez badu aukerarik ematen metro bateko tartea uzteko txirrindulariaren eta haien artean, txirrindulariak bizikletatik jaitsi beharko du.
Bizikletak, espaloietan barna, neurriko abiaduran joanen dira, oinezkoenera egokiturik eta, betiere, 10 km/h-tik beheiti, eta maniobrarik egin gabe axolagabekeriaz edo ausarkeriaz, oinezkoen segurtasunari eragiteko moduan.
27. artikulua. Bizikletak parke, pasealeku eta oinezkoendako eremuetan.
Bizikletek parke publiko, pasealeku eta oinezkoendako eremuetan ibiltzeko baimena dute, betiere, espaloietan bezala, bizikleta erabiltzen duena 15 urtetik beheitikoa bada, edo harekin doan heldua, abiadura oinezkoenera egokitzen badute, neurriko abiadura eramaten badute, 10 km/h-tik beheitikoa, eta maniobrarik egiten ez badute axolagabekeriaz edo ausarkeriaz, oinezkoen segurtasunari eragiteko moduan. Lehentasuna oinezkoena izanen da beti, eta txirrindulariek metro bateko tartea utziko beharko dute, gutienez, oinezkoekin.
Parke publikoetan bizikletak eremu zolatuetan barna ibiliko dira, inoiz ez berdeguneetan barna.
Parke, pasealeku eta oinezkoendako eremuen barnean ibilbide seinalatu edo markaturik baldin bada, bizikletek zerrenda seinalatuetan barna joan beharko dute nahitaez.
28. artikulua. Bizikletak galtzadan barna.
Galtzadan barna dabiltzan txirrindulariak eskuineko erreian barna ibiliko dira, errei bat baino gehiago egonez gero. Bertze ibilgailu batzuendako erreserbaturiko erreirik bada, ahal dela, errei erreserbatuaren ondokoan ibiliko dira, non ez duen seinale batek adierazten bertan bizikletaz ibiltzen ahal dela. Orobat, eskuinaldetik ibiliko dira erreiaren barnean. Gainerako ibilgailuek bezala, trafikoko arau guztiak bete beharko dituzte.
Gainerako ibilgailuek, txirrindulariak aitzinatzean edo haien ondoan joatean, segurtasun tartea utzi beharko dute, gutienez ere 1,5 metrokoa.
Zenbait txirrindulari batera ibiltzen badira, paraleloan joaten ahalko dira, betiere trafikoari traba egiten ez badiote eta errei bat baino gehiago okupatzen ez badute. Halakoetan, semaforoak, gurutzaguneak eta gisakoak gurutzatzeari dagokionez, ibilgailu bakartzat hartuko da txirrindulari talde osoa.
Betiere, Eguesibarko udal-mugartean barna bizikletaz zirkulatzen duen orok kasko babeslea erabili beharko du nahitaez. Txirrindulariek kaskoa erabiltzea nahitaezkoa izanen da betiere eta kasu guztietan.
30. artikulua. Abiadura mugak.
1. Orokorrean, 40 km/h da hiri bideetan eta zeharbideetan ibilgailuek goititu behar ez duten abiadura. Hona hemen salbuespenak:
a) Eskola- eta kirol-eremuetan, gehieneko abiadura izanen da 30 km/h-koa.
b) Ibilgailu bereziak, frenatzeko seinalerik ez badute, atoia badaramate edo motokultoreak zein haien pareko makinak badira, 25 km/h-ko abiaduran joan daitezke hiri bideetan."
Sarrigurenen, 2025eko urtarrilaren 24an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.
Iragarkiaren kodea: L2501182