2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
URROZ
Kudeaketa-esleipena, Beintza-Labaiengo Udalak Urrozko Udalari emana, Errotaxar biderako irisgarritasun proiektuari dagokionez (bizikletaz ibiltzekoa eta motorizatu gabekoa)
Argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean Urrozko Udalaren eta Beintza-Labaiengo Udalaren arteko hitzarmen bat, kudeaketa-esleipen bati dagokiona, bi alderdiek 2025eko urtarrilaren 20an sinatu ondotik; hori guztia, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Hitzarmena eranskin gisa ageri da.
Urrozen, 2025eko urtarrilaren 31n.–Kudeaketa Batzordeko burua, Josu Zozaya Ubiria.
HITZARMENA, BEINTZA-LABAIENGO UDALAK URROZKO UDALARI EMANDAKO KUDEAKETA-ESLEIPENARI BURUZKOA
Urrozen, 2025eko urtarrilaren 20an.
BILDURIK:
Alde batetik, Jon Telletxea Juanenea, Beintza-Labaiengo Udaleko alkate udalburua.
Bestetik, Josu Zozaya Ubiria, Urrozko Udaleko Kudeaketa Batzordeko burua.
PARTE HARTZEN DUTE:
Lehenak, Beintza-Labaiengo Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, hitzarmen hau sinatzeko berariaz ahaldunduta 2025eko urtarrilaren 17ko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, hitzarmena onesten baitzuen.
Bigarrenak, Urrozko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, hitzarmen hau sinatzeko berariaz ahaldunduta 2025eko urtarrilaren 17ko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, hitzarmena onesten baitzuen.
Jarduten dute baliatuz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak eta apirilaren 2ko 7/1985 Legeak emandako eskumenak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea, hurrenez hurren).
Bi alderdiek legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri beren ordezkaritzan, bai eta hitzarmen hau sinatzeko berariaz ahaldunduta egotea ere. Hitzarmenaren fede ematen duen idazkari gisa jardunen du Leire Iragorri Litagok, bi udaletako idazkaria denak,
ADIERAZTEN DUTE:
Lehendabizikoa.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera material edo teknikoak esleitzen ahalko zaizkio administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.
Kudeaketa-esleipenak ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea; eta kudeatzeko esleipena ematen duen entitatearen ardura izanen da behar diren egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea, oinarri izan daitezen esleipenean emandako jarduera material zehatzerako, edo hura barne hartzeko.
Kudeaketa-esleipena administrazio desberdinetako organoen artean egiten denean, administrazio horien arteko hitzarmena sinatuta formalizatuko da.
Nolanahi ere, behar den aldizkari ofizialean argitaratu beharko dira kudeaketa-esleipena formalizatzeko tresna eta beraren ebazpena, eraginkorra izan dadin.
Bigarrena.–Urrozko Udalak eskaera izapidetu du "Errotaxar bidearen bizikletaz ibiltzeko eta motorizatu gabeko irisgarritasuna Urrozko udal-mugartean" izeneko proiektua sar dadin Cederna Garalur elkarteari "Baztan Bidasoa" Helmugan Turismo Jasangarria Sustatzeko Plana gauzatzeko eman zaion dirulaguntzaren barnean (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Europar Batasunak finantzatua Next Generation EUren bidez). Urrozko Udalak, orobat, behar diren baimenen eskaerak izapidetuko ditu, obra egin ahal izateko.
Hirugarrena.–Beintza-Labaiengo Udalak ez du behar adina baliabide tekniko eta pertsonal dirulaguntza eskatzeko eta obra egiteko.
Horregatik guztiagatik, kudeaketa-esleipenari buruzko hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, lege hauetan ezarritako esparruaren barnean: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/015 Legea, Toki-araubidearen Oinarriei buruzko Foru Legea, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea; klausula hauen arabera:
KLAUSULAK:
Lehena.–Kudeaketa-esleipenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Beintza-Labaiengo Udalak kudeaketa-esleipena ematea Urrozko Udalari, babes harturik Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen 11. artikuluan, Toki-araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legean.
Bigarrena.–Kudeaketa-esleipenaren norainokoa eta mugak.
Kudeaketa-esleipen hau, bakar-bakarrik, honako hauek egiteari dagokio: behar diren betekizunak gauzatzea dirulaguntza eskatzeko eta haren izapideak eta justifikazioa kudeatzeko, eta obra egitea.
Kudeaketa-esleipena ematen duen administrazioak du bere gain esleituriko jarduera egiten dela gainbegiratzea.
Hirugarrena.–Gauzatzeko modua.
Kudeaketa-esleipena jasotzen duen administrazioaren eskubideak eta betebeharrak:
Urrozko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain: obrari loturiko gastu guztiak ordaintzea; behar den gestio oro egitea dirulaguntza eskatu, izapidetu eta justifikatzeko, eta obra egitea behar diren baimenak edukita.
Kudeaketa-esleipena ematen duen administrazioaren eskubideak eta betebeharrak:
Beintza-Labaiengo Udalak proiektuaren aurrekontuaren erdia aurreratuko dio Urrozko Udalari, gastuak ordaintzen laguntzeko, eta dirulaguntza kobratuz gero, Urrozko Udalak dirulaguntzaren erdia itzuliko dio Beintza-Labaiengo Udalari.
Laugarrena.–Hitzarmena aldatzea.
Aldatzen ahalko da kudeaketa-esleipenari buruzko hitzarmen hau, bi alderdiak ados jarrita.
Bosgarrena.–Hitzarmenaren indarraldia.
Gutxienez urtebeteko indarraldia izanen du hitzarmen honetan jasotako kudeaketa-esleipenak, sinatzen denetik hasita, eta automatikoki luzatutzat joko da alderdietako batek berariaz salatzen ez badu.
Seigarrena.–Hitzarmena azkentzea.
Hitzarmen hau honako kasu hauetan azkenduko da:
a) Bi alderdiek adosturik.
b) Alderdietako edozeinek salatuz gero, azkentzeko eguna baino 2 hilabete lehenago gutxienez.
c) Administrazio kudeatzaileak uko eginik, esleipena ematen duen administrazioak bere gain hartutako betebeharrak ez betetzeagatik, nolanahi izanik ere. Uko egiteko, aldez aurretik entzunaldia eman beharko zaio kudeaketa-esleipena ematen duen administrazioari; izapide hori betetakoan, uko eginen da esleipena kudeatzen duen administrazioaren ebazpen arrazoitu baten bidez.
Zazpigarrena.–Hitzarmenaren araubide juridikoa.
Hitzarmen hau administratiboa da eta, hura aplikatzean sortzen diren auziak ebazteko, beteko da urriaren 1eko 40/2015 Legean xedaturikoa (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Zortzigarrena.–Indarrean jartzea.
Hitzarmen hau indarrean jarriko da bi erakunde sinatzaileetako organo eskudunek onesten dutenean.
Eta aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Iragarkiaren kodea: L2501503