30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRIONGO KONTZEJUA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Larriongo Kontzejuak, 2022ko urriaren 28ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larriongo Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2024ko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 29an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.

Larrionen, 2024ko abenduaren 12an.–Kontzejuko burua, Idoia Yanci San Martin.

ORDENANTZA, LARRIONGO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Larriongo kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, deusetan ukatu gabe xedaturik dagoena Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, 40. artikuluaren hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

6. artikulua. Larriongo Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Larriongo Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

7. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Larriongo Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa. Itzultzea eginen da hasierako prezioari aplikatuta diruaren balioak adjudikazioaren ondoko urteetan izan duen gehikuntza.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

8. artikulua. Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dieten bestelako ekintzei.

9. artikulua. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Behar denean, akzio zibilak egikarituko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

10. artikulua. Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

11. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko eta berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

12. artikulua. Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, azkendu nahi baditu baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

13. artikulua. Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

14. artikulua. Kontzejuak ez dituenean behar diren akzioak egikaritzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

15. artikulua. Debeku da herri-lurretan eraikuntza mota oro egitea, edo ordenantza hau indarrean jarri aurretik zeuden eraikuntzetan mantentze-lanak egitea, Larriongo Kontzejuaren nahitaezko baimena gabe, eta dagokion obra-lizentzia ordaindu gabe.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

16. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

17. artikulua. Kontzejua herri-lurrak hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

18. artikulua. Orokorrean, Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Larriongo biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.

c) Larrionen bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Kontzeju honekin eta Allingo Udalarekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Kontzeju Batzarrak, idazkariak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

LEHENENGO ATALA.–KONTSIDERAZIO OROKORRAK

19. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak honako modu hauetan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioaren bidez.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

c) Kontzejuak zuzenean ustiatzea edo enkante publikoaren bidez adjudikatzea.

20. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu. Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

21. artikulua. Onuradunek behar bezala landu eta aprobetxatu behar dituzte herri-lurrak; laborantza-lanak egiteko, ahaideei eskatzen ahal diete laguntza.

Ondorio horietarako, Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe, herri-lurrak ezin izanen dira erabili beste labore edo aprobetxamendu batzuetarako.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

22. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

23. artikulua. Larriongo Kontzejuak laborantzarako herri-lurzati gisa ditu katastroan lehorreko alorreko lur gisa sailkatuta daudenak.

Kontzejuak beretzat gordeko ditu Allingo 7. poligonoko 132 lurzatiak, onuradun berrien premiei erantzuteko; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 154. artikuluan. Gainerako lurzatiak egun dauden familia-unitateen artean banatuko ditu, lehentasunezko adjudikazioa egin eta gero.

Gordetako alorrak landu gabe gelditu ez daitezen, Kontzejuak lur horiek adjudikatuko ditu, behin-behinean, herritarrentzako zuzeneko adjudikaziorako ezarri diren baldintza beretan.

Adjudikazio prozedura independentea izanen da. Hala ere, lehentasuna izanen dute herritarren arteko beste aprobetxamendu batzuk eskatu ez dituzten herritarrek edo, horiek eskatu arren, eskari gehiegi izateagatik lurzatirik lortu ez dutenek.

Artikulu honek arautzen duen kasuan, adjudikazio-hartzaileak beharturik egonen dira loteak erabilgarri uztera, baldin eta Kontzejuak behar baditu, errenta maila txikiagoko onuradun berriei adjudikatzeko.

BIGARREN ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK

24. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 18. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak errentan edo beste tituluren baten bidez edukitzea, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasunen gaineko kapital zergapegarria (norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta), jardueretan aritzeagatik toki erakundeak ezartzen duen zerga oinarria, eta gisako izaera duen beste edozein.

25. artikulua. Aprobetxamendu mota hau aplikatzeko, Kontzejuak azalera baten lote tipoa finkatuko du, aukera emanen lukeena lanbide arteko gutxieneko soldataren erdiaren besteko diru-sarrera garbiak sortzeko.

26. artikulua. Kalkulatzeko zer lote emanen zaizkien aprobetxamendu mota honetako onuradunei (familia-unitateko kideen kopuruaren arabera eman ere), honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) 3 kide arte: 1 koefizientea.

b) 4 kidetik 6ra bitarte: 2 koefizientea.

c) 7 kidetik 9ra bitarte: 3 koefizientea.

d) 9 kide baino gehiago: 4 koefizientea.

27. artikulua. Gerta daiteke familia-unitate askok betetzea aprobetxamendu-modalitate honetarako ezarritako baldintzak, eta, horren eraginez, arazo sozialak sortzea. Horrelakoetan, Kontzejuak murrizten ahalko ditu, proportzionalki eta justifikatuta murriztu ere, aurreko hiru artikuluetan adierazitako faktoreak, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik baimena ematen badu, baina ezin izanen ditu handitu.

28. artikulua. Erabiltzeko edo aprobetxatzeko epea ez da izanen zortzi urtetik beherakoa, ez eta laborearen bizitza baino handiagoa ere, baldin lurra urte anitzeko aprobetxamenduetarako erabiltzen bada.

Larriongo Kontzejuak zehaztuko du kasu bakoitzari dagokion erabilera edo aprobetxamendu epea.

29. artikulua. Kontzejuak finkatuko du zer kanon ordaindu behar duten aprobetxamendu mota horretako herri-lurzatien onuradunek. Haren zenbatekoa ez da izanen inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurretarako errentamendu-prezioen ehuneko berrogeita hamar baino handiagoa, eta estali beharko ditu, gutxienez ere, Kontzejuari eragindako kostuak.

30. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza batzuen artean egitea ere hartuko da zuzeneko laborantza pertsonaltzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 18. artikuluan adierazitako baldintzak.

31. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 18. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin, kontzeju honen iritziz, soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Larriongo Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 34. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

32. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez.

Larriongo Kontzejuak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

33. artikulua. Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Kontzejuaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

34. artikulua. Larriongo Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Erabakiko da ez duela norberak zuzenean lantzen lurra honako kasu hauetan:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.

c) Adjudikatutako herri-lurzatiak ez sartzea familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean –edo hura ordezten duen aitorpenean, kasua bada–, horrek ondorioak baldin baditu ustiategien erregistroari dagokionez.

d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez ez lantzea. Halakoetan kanona ordaindu beharko da nolanahi ere.

e) Laborantzako lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematea hirugarren batzuei.

f) Egiaztapenak egiteko Kontzejuak hala eskatu arren, ez aurkeztea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko aitorpena edo nekazaritzako politika bateratuko laguntzena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria.

g) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak) eta agindu epean ez aurkeztea: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahal dira, baina adjudikaziodunak berak egin beharko ditu ereintza eta gainerako lanak.

b) Laboreak: onartuko da kontratatu dadila herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

35. artikulua. Larriongo Kontzejuko Batzarrak erabakia hartu ondoren hasiko da adjudikazio prozedura. Errentari izateko eskubidea dutela uste dutenek 20 egun balioduneko epea dute herri-lurzatien adjudikazioak eskatzeko, iragarkia Kontzejuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.

36. artikulua. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Erroldaren ziurtagiria, antzinatasuna zehaztuta.

b) Kontzeju honekiko eta Allingo Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

c) Bizikidetza ziurtagiria, familia-unitatea zer kidek osatzen duten zehaztuta.

d) Ezintasun fisiko edo mentalen bat duten familia-unitateko kideen minusbaliotasun ziurtagiria.

e) Aurreko urteko errenta aitorpenaren kopia.

Kontzejuko Batzarrak dokumentazio osagarria exijitu dezake, horretarako baimena baitu, baldin beharrezkoa dela jotzen badu interesdunak aitortutako informazioa egiaztatzeko.

37. artikulua. Epe barruan aurkeztutako eskabideak ikusita, Kontzejuko Batzarrak behin-behinean onetsiko du aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda, eta jendaurrean jarriko da Kontzejuaren iragarki-taulan, hamabost egun balioduneko epean, interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten. Epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

38. artikulua. Alegazioak aurkezten badira eta izan litezkeen akatsak zuzentzen badira, Kontzejuak bidezkoa dena ebatziko du, onetsiko du kasuan kasuko herri-lurzatien aprobetxamendua errentan hartuko duten bizilagunen behin betiko zerrenda, eta iragarki-taulan argitaratuko du.

39. artikulua. Behin lurzatiak adjudikatzeko prozedura amaituta, onuradunen zerrenda laburtua argitaratuko da Kontzejuaren iragarki-taulan, aipatuko direlarik nekazaritza-labore bidez aprobetxa dezaten errentamenduan adjudikatu zaizkien lurzatien edo loteen erreferentziak. Hori horrela izanik ere, adjudikaziodunei banan banaka jakinaraziko zaie.

HIRUGARREN ATALA.–HERRITARRENTZAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK

40. artikulua. Laborantzako lurrik sobera egonez gero, Kontzejuak, bigarren atalean ezarritako prozedura aplikatu ondoren, zuzenean adjudikatuko dizkie 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten herritarrei.

41. artikulua. Kontzejuak honako alderdi hauek zehaztuko ditu, unean-unean erabilgarri dauden lurren arabera: adjudikatuko diren laborantza-lurren azalera, loteka banatuta; errentariek Kontzejuaren Diruzaintzan ordaindu beharreko urteko kanona; eta errentamendurako eta aprobetxamendurako gainerako baldintzak.

42. artikulua. Ureztalurreko herri-lurzatietan, errentamenduaren urteko kanona ordaintzeaz gain, aprobetxamenduaren adjudikazioduna behartuta dago ureztatzearen urteko kanona ordaintzera, eta errentan hartutako lurzatia ezin izanen du utzi adjudikazioaren zortzi urteetan, salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuan, eta Kontzejuak libreki onartzen badu.

43. artikulua. Adjudikatzeko aldia 28. artikuluan ezarritako berbera da. Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

44. artikulua. Errentamendu-mota honetako herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa ezin da izan eremu horretan antzeko ezaugarriak dituzten lurretarako ezarritako errentamendu-prezioaren ehuneko laurogeita hamar baino txikiagoa.

Zenbateko horiek kanonari dagozkio, eta urtero proposatuko da kanona, aurreko urteko kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuz (goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

45. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko du 30., 31., 32., 33. eta 34. artikuluetan xedatua.

46. artikulua. Kontzejuak Allingo zazpigarren poligonoko 132. lurzatia gordeko du onuradun berriei adjudikatzeko.

47. artikulua. Larriongo Kontzejuko Batzarrak erabakia hartu ondoren hasiko da adjudikazio prozedura. Errentari izateko eskubidea dutela uste dutenek 20 egun balioduneko epea dute herri-lurzatien adjudikazioak eskatzeko, iragarkia Kontzejuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.

48. artikulua. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Erroldaren ziurtagiria, antzinatasuna zehaztuta.

b) Kontzeju honekiko eta Allingo Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

Kontzejuko Batzarrak dokumentazio osagarria exijitu dezake, horretarako baimena baitu, baldin beharrezkoa dela jotzen badu interesdunak aitortutako informazioa egiaztatzeko.

49. artikulua. Epe barruan aurkeztutako eskabideak ikusita, Kontzejuko Batzarrak behin-behinean onetsiko du aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda, eta jendaurrean jarriko da Kontzejuaren iragarki-taulan, hamabost egun balioduneko epean, interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten. Epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

50. artikulua. Alegazioak aurkezten badira eta izan litezkeen akatsak zuzentzen badira, Kontzejuak bidezkoa dena ebatziko du, onetsiko du kasuan kasuko herri-lurzatien aprobetxamendua errentan hartuko duten bizilagunen behin betiko zerrenda, eta iragarki-taulan argitaratuko du.

Behin lurzatiak adjudikatzeko prozedura amaituta, onuradunen zerrenda laburtua argitaratuko da Kontzejuaren iragarki-taulan, aipatuko direlarik nekazaritza-labore bidez aprobetxa dezaten errentamenduan adjudikatu zaizkien lurzatien edo loteen erreferentziak. Hori horrela izanik ere, adjudikaziodunei banan banaka jakinaraziko zaie.

LAUGARREN ATALA.–KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA

51. artikulua. Larriongo Kontzejuak, laborantzako soberako lurrik egonez gero, hirugarren atalean ezarritako prozedura aplikatu ondoren, tokiko ohituraren arabera, enkante publikoa eginen du hemezortzi urte beteta dituzten eta 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten herritarren artean, soberako lurzatien aprobetxamendua adjudikatzeko, lurzatien aprobetxamendu-aldia bukatu arte, agindu honetan ezarritako baldintzetan.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, jarraituko zaio 30., 31., 32., 33. eta 34. artikuluetan xedatuari.

Kontzejuak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa, eta hura izanen da inguruko gisako lurrak errentan emateko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

LEHENENGO ATALA.–KONTSIDERAZIO OROKORRAK

52. artikulua. Larriongo Kontzejuaren herri-larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren barnean sartzen dira Kontzejuaren titulartasuneko herri-lur guztiak.

53. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunen arabera eginen da:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.

54. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Horri dagokionez, Larriongo Kontzejuak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, baldin eta familia-unitateen titular diren herritarrek beren azienda kentzen badute Nafarroako Gobernuko Azienden Erroldaren Erregistrotik.

55. artikulua. Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak egiaztatu beharko du betetzen dituela Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduak.

56. artikulua. Debeku da zerri-azienda larrean bazkatzea. Debeku da, orobat, ahuntz-azienda larratzea zuhaitzak edo zuhaixkak dauden eremuetan.

57. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da, edozein dela ere azienda mota. Epe hori bukatutakoan, beste adjudikazio bat eginen da, legearen eta ordenantza honen arabera.

58. artikulua. Larriongo Kontzejuak zehaztuko du herri-larre bakoitzak jasan dezakeen azienda-karga.

Horretarako, kontuan hartuko da azienda larriko unitateen baliokidetzen taula (AzLU), martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren, hain zuzen, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak. Ingurunea hondatzen ari dela ikusiz gero, abeltzaintzako karga horiek berrikusten ahalko dira.

59. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, dagokion erakunde ofizialak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

60. artikulua. Larriongo Kontzejuak 4. poligonoko 341. lurzatia erreserbatzen ahalko du, onuradun berririk balego ere.

BIGARREN ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

61. artikulua. Toki-korporazioaren erabakiaren bidez, aurretik erabakia hartuta, epe bat jarriko da nahi dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten, aurretik iragarkia jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

Eskabideekin batera, aurkeztu beharko dira ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.

62. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Kontzejuak larreak adjudikatuko ditu behin-behinean, honako inguruabar hauek kontuan harturik:

–Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

–Larreak adjudikatuko dira lurzati bakoitzak jasan dezakeen azienda-kargaren arabera.

–Larre bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, abelburuek, guztira, azienda-karga gainditzen ez badute. Halakoetan, kanona abelburuko ezarriko da.

63. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da iragarki-taulan, eta epe bat emanen da alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezteko.

Epe hori iragandakoan, Kontzejuak, osoko bilkuran, aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

HIRUGARREN ATALA.–ENKANTE PUBLIKOAREN BIDEZ ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

64. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko aprobetxamenduak egin eta gero oraindik lurrik bada soberan, lur horiek enkante publikoan jarriko dira, jarraikiz Nafarroako Toki-entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 156. artikuluan ezarritako prozedurari. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Horretarako, Kontzejuak, osoko bilkuran, enkantea arautuko duen baldintza-agiria onetsiko du, aplikagarria den araudiari jarraikiz.

IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA

65. artikulua. Mendian aski izan, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Zozketa bidez adjudikatuko dira.

Halaber, aurreko paragrafoko beharrak estali ondotik, mendian aski izanez gero, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie Kontzejuko herrigunean jabetzan etxebizitza bat bederen, bizitzeko modukoa, duten familia-unitateei, nahiz eta ez bete ordenantza honen hemezortzigarren artikuluan ezarritako baldintzaren bat.

66. artikulua. Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

67. artikulua. Epaitzak kontzesioaren urtean eta zuzenean aprobetxatu beharko dituzte eskatzaileek, eta ezin izanen dira saldu.

68. artikulua. Egurra banatzerakoan, Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta maila ekonomiko apalena duten familia-unitateei emanen die lehentasuna.

69. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejuak irizpide objektiboak erabiliko ditu.

70. artikulua. Kontzejuak urtero ezarriko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

71. artikulua. Eskabide guziei erantzuteko epaitza aski ez bada, zozketa eginen da. Eskatu arren adjudikaziodun izan ez direnek, lehentasuna izanen dute hurrengo ekitaldian.

72. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, bai eta zehapenak ordaintzera ere, halakorik ezartzea bidezkoa izanez gero.

V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

73. artikulua. Ehizaren aprobetxamendua, herri-lurrak sartuz eratzen diren barrutietan, eginen da dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, onuradunek barrutiak seinalatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.

74. artikulua. Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena eman dakieke 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenei, baldin eta martxan jarri nahi badute autokontsumorako ustiategitzat jotzen ahal den erlezaintzako ustiategi bat.

Horretarako, aplikatuko da erlezaintzako ustiategiak arautzen dituen araudian xedatutakoa.

75. artikulua. Kontzeju honek kasu bakoitzean prestatzen dituen baldintza-agiriek zuzenduko dute herri-lurretan boilurrak aprobetxatzea eta biltzea.

Horretarako, ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko da, boilurra baso-aprobetxamendutzat jotzen baita, Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 75. artikuluaren arabera (erregelamendu horrek garatzen du Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea).

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

76. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, xede hauetakoren bat duten lurretan:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

Proiektu horiek Kontzejuak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

77. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei kalte-ordaina emanen zaie sorrarazitako kalte-galerengatik, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzengatik ere, zuzenbidearen arabera bidezkoa bada.

78. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurretako ondasunetan hobetzeko egiten dituen proiektuak Larriongo Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik jendaurrean hamabost egunean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

79. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

g) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatzen dena, herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruz (11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa).

k) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urraturik.

l) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea.

n) Herri-lurren sarbideak okupatzea.

o) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c) eta l) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea, eta errealitate fisikoa lehengoratzea, aldatu baldin bada.

–d) arau-haustearengatik, hurrengo hiru urteetan aprobetxamendu horretarako eskubidea edo emakida galduko da, kalterik egin gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenei edo jarduketak eragin ditzakeen kalteen edo kostuen ordainari.

–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena.

–Zehapen-prozedura bideratuko da jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari (lege horrek tratatzen du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

80. artikulua. Arestian xedatutakoa gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira, eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, bahitu eginen dira legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantza guztiak.

Azken Xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2418784