30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITURMENDI

Auzolana arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

2024ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 29koan, argitaratu zen Iturmendiko Udalak hartutako hasierako erabaki bat, Auzolana arautzen duen udal ordenantza aldatzeari buruzkoa. Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez, eta aldi horretan interesdunek ez zuten haren aurkako erreklamaziorik jarri. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari jarraikiz, aldaketa hori behin betiko onetsitzat jotzen da, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak dituela, eta ordenantzaren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iturmendin, 2024ko abenduaren 18an.–Alkatea, Kai Galartza Cervera.

HERRITARREN LANA EDO AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, Iturmendiko Udalaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, arautzen da Iturmendiko auzolanaren ohitura historikoaren bidez; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Iturmendin bizi eta bertako erroldan eta zentsuan sartuta daudenek dute auzolana egin beharra.

4. artikulua. Ondorengoak salbuetsita daude:

a) Hemezortzi urtetik beheitikoak eta berrogeita hamabost urtetik goitikoak.

b) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala dutenak.

c) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

d) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituztenak.

Bizilagunen batek baja ematen badu udal erroldan, auzolana ez egiteko, eta frogatzen bada herrian bizi dela benetan, auzolanaren ordenantza bete behar duten bizilagunen zerrendan sartuko da.

5. artikulua. Erregulazioa.

Iturmendiko Udala behartua dago auzolanean ari direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaltzera.

6. artikulua. Auzolana egiteko hiru aukera.

a) Aldez aurretik zehaztutako lana, bizilagunak bete beharrekoa. Subjektu pasiboak nahi duenean egiten ahal du lana, eta berak erabaki urtean zein garaitan egin nahi duen, asteko zein egunetan edo zein ordutan.

Udalak oniritzia eman behar die lanari eta haren orduei. Lana egin eta gero, bizilagunak egindakoaren berri eman behar dio Udalean arlo honetaz arduratzen den langileari.

Horretarako, Udalak inkesta bat osatuko du, bertan bizilagun bakoitzak bere lehentasunak eta iradokizunak adieraz ditzan. Bizilagun batzuek lan bera lehenesten badute, Udalak erabakiko du bere irizpideen arabera, eta, hala balegokio, zozketa bat eginen du.

Zerrendaren indarraldiak ez du mugarik; zerbitzu anitzetako enplegatuak izanen du haren ardura. Altak, bajak edo lan- edo talde-aldaketak jakinarazi beharko zaizkio arduradunari urtea amaitu aurretik, hurrengo urteko auzolanak antolatu ahal izateko. Deus jakinarazi ezean, ulertuko da lehen bezala jarraituko duela.

b) Tresnaz eta/edo makinaz egin beharreko lanak. Auzolanetan lanak edo zerbitzuak bertzelako bitartekoak erabiliz egiten direnean, hala nola garraioa, lanak ohikoa ez den makineriarekin, lanak tailerretan etab.

c) Presako lanak eta aldez aurretik zehaztu gabekoak. Tradizionalki hartutako bidea izan da: Udalak antolatuak presako kontuetarako edo sortzen direnetarako. Udaleko langileek adieraziko dute noiz egin behar diren.

Auzolana eginen da urtean 10 egunez gehienez, eta hiru egunez jarraian gehienez. Aukera dago asteko edozein egunetan egiteko auzolana, ulertzen baita horrek parte hartzeko aukerak zabaltzen dituela. Lan aferak direla eta, bizilagunen batek ordu horietan ezin badu, Udalari jakinaraziko dio, bereizkeriarik ekarriko ez lukeen bertze auzolanen batera deitzeko. Beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen hori aldez aurretik jakinaraziko zaio Udalari.

Orobat, diru-kopuru bat ordainduz libratu daiteke auzolanetik. Kopuru hori izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bi. Auzolan bakoitzak 4 ordu inguru iraunen du, baina lan bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera alda daiteke. Urteko KPIaren arabera eguneratu daiteke diru kopuru hori. Diru hori borondatezko epean ordaintzen ez bada, derrigorrezko diru-bilketa erabiliko da, %20ko errekarguarekin. Urte bateko auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako, salbu eta Iturmendiko Udalaren osoko bilkurak hori erabakitzen badu inguruabar zehatz bati erantzuteko.

Bizilagunek urte hasieran jakinarazten ahalko dute ordainduko dutela, sortzen diren lanetarako dei ez dakien.

7. artikulua. Iturmendiko Udalak urtean hiru auzolan, gutxienez, eginen ditu, eta horietarako deia 48 ordu lehenago eginen du, bando bidez eta iragarki-taulan paratuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

8. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek edo zerbitzu anitzetako enplegatuak zuzenduko du.

9. artikulua. Iturmendiko Udalak, interesdunek eskatuta, auzolanetik libratzeko aukera emanen du obrak edo zerbitzuak beste bitarteko batzuk baliatuz egiten badira, hala nola garraioa, bestelako makina batzuen bidezko lanak, tailerretako lanak eta abar. Beste lan batzuk egiteak ez du berekin ekarriko auzolanetik libratzea, baldin Kontzejuaren Auzolan Batzordeko ordezkariak ez badu idatziz oniritzia ematen, lan horiek egin aurretik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako baldintzak betetakoan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Iragarkiaren kodea: L2500189