30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONAMARIA

Beintza-Labaiengo Udalaren kudeaketa-esleipena Donamariako Udalaren alde, administrari-ofizialari dagozkion lanak egiteko

Argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean Donamariako Udalaren eta Beintza-Labaiengo Udalaren arteko hitzarmen bat, kudeaketa-esleipen bati dagokiona, bi alderdiek 2025eko urtarrilaren 17an sinatu ondotik; hori guztia, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Hitzarmena eranskin gisa ageri da.

Donamarian, 2025eko urtarrilaren 31n.–Alkatea, Natalia Rekarte Oteiza.

HITZARMENA, BEINTZA-LABAIENGO UDALAK DONAMARIAKO UDALARI EMANDAKO KUDEAKETA-ESLEIPENARI BURUZKOA

Donamarian, 2025eko urtarrilaren 17an.

BILDURIK:

Alde batetik, Natalia Rekarte Oteiza, Donamariako Udaleko alkatea.

Bestetik, Jon Telletxea Juanenea, Beintza-Labaiengo Udaleko alkatea.

PARTE HARTZEN DUTE:

Lehenak, Donamariako Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, hitzarmen hau sinatzeko berariaz ahaldunduta 2025eko urtarrilaren 13ko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, hitzarmena onesten baitzuen.

Bigarrenak, Beintza-Labaiengo Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, hitzarmen hau sinatzeko berariaz ahaldunduta 2025eko urtarrilaren 17ko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, hitzarmena onesten baitzuen.

Jarduten dute baliatuz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak eta apirilaren 2ko 7/1985 Legeak emandako eskumenak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea, hurrenez hurren).

Bi alderdiek legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri beren ordezkaritzan, bai eta hitzarmen hau sinatzeko berariaz ahaldunduta egotea ere. Hitzarmenaren fede ematen duen idazkari gisa jardunen du Leire Iragorri Litagok, bi udaletako idazkaria denak,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehendabizikoa.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera material edo teknikoak esleitu ahal izanen zaizkio administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Kudeaketa-esleipenak ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea; eta kudeatzeko esleipena ematen duen entitatearen ardura izanen da behar diren egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea, oinarri izan daitezen esleipenean emandako jarduera material zehatzerako, edo hura barne hartzeko.

Kudeaketa-esleipena administrazio desberdinetako organoen artean egiten denean, administrazio horien arteko hitzarmena sinatuta formalizatuko da.

Nolanahi ere, dagokion aldizkari ofizialean argitaratu beharko dira kudeaketa-esleipena formalizatzeko tresna eta beraren ebazpena, eraginkorra izan dadin.

Bigarrena.–Donamariako Udalak bere eskumeneko gaiak kudeatzen ditu Donamarian dituen udal bulegoetan, eta baliabide informatiko nahikoak eta eguneratuak ditu, baita administrazio-kudeaketan espezializatutako langileak ere.

Hirugarrena.–Beintza-Labaiengo Udalak ez du nahikoa baliabiderik, ez teknikorik ez eta langileen aldetik ere, administrazio arloko berezko zerbitzuak emateko, eta, zehazki, administrari-ofizialaren lanpostuari dagozkion lanak egiteko.

Horregatik guztiagatik, kudeaketa-esleipenari buruzko hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, lege hauetan ezarritako esparruaren barnean: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/015 Legea, Toki-araubidearen Oinarriei buruzko Foru Legea, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea; klausula hauen arabera:

KLAUSULAK:

Lehenbizikoa.–Kudeaketa-esleipenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Beintza-Labaiengo Udalak kudeaketa-esleipena ematea Donamariako Udalari, babes harturik Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen 11. artikuluan, Toki-araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legean.

Bigarrena.–Kudeaketa-esleipenaren norainokoa eta mugak.

Kudeaketa-esleipen honetan bakar-bakarrik sartzen da administrari-ofizialaren lanpostuari dagozkion lanak egitea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean daude zehaztuta lan horiek) eta Udalaren administrazio-zerbitzuak eskaintzea; horrek denak berekin dakartza honako hauek:

1. Agiri guztien sarrera eta irteeraren erregistroa.

2. Herritarrei arreta: telefono bidez eta aurrez aurre.

3. Likidazioak, kobrantzak eta kudeaketa Udalaren ondareari dagokion guztian.

4. Udalak eskainitako jarduerak kudeatzea.

5. Katastroa mantentzeko lanak.

6. Administrazio arloko laguntza ematea idazkari kontu-hartzaileari.

7. Udalaren intereseko gai guztien gaineko informazioa: kartelak, zirkularrak eta bandoak prestatzea eta bestelako izapideak egitea.

Kudeaketa-esleipena ematen duen administrazioaren ardura da esleituriko jarduera egiten dela gainbegiratzea.

Hirugarrena.–Gauzatzeko modua.

Kudeaketa-esleipena jasotzen duen administrazioaren eskubideak eta betebeharrak:

Donamariako Udalak konpromisoa hartzen du bere gain, batetik, administrari-ofiziala kontratatzeak dakartzan gastu guztiak ordaintzeko eta, bestetik, kontratuak irauten duen bitartean gertatzen diren langile premiak betetzeko eskabideak kudeatzeko.

Administrari-ofizialak modu presentzialean lan eginen du Donamarian, eta bere ordutegia izanen da 11:45etik 15:20ra astelehen eta ostiraletan, 08:00etatik 15:20ra asteazkenetan, eta 08:00etatik 11:45era ostegunetan. Lan-karga handituz edo murriztuz gero, lan-egutegia berrikusteko aukera izanen da.

Donamariako Udaleko lan-egutegia aplikatuko zaio.

Kudeaketa-esleipena ematen duen administrazioaren eskubideak eta betebeharrak:

Beintza-Labaiengo Udalak konpromisoa hartzen du bere gain, batetik, administrari-ofizialak Beintza-Labaiengo udaletxean modu presentzialean eginen duen lana kudeatzeko eta, bestetik, Donamariako Udalari ordaintzeko langile horren soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzako kuotarenak, proportzioan, hots, langileak Beintza-Labaiengo udaletxean modu presentzialean egindako lan-orduengatik dagokion proportzioan.

Orobat, konpromisoa hartzen du bere gain ordaintzeko Donamariako udaletxetik Beintza-Labaiengora egindako joan-etorriek eragindako kilometraje-gastuak, oinarri hartuta Nafarroako Gobernuaren ordainsari-taulan ezarritakoa.

Administrari-ofizialak modu presentzialean lan eginen du Beintza-Labaienen, eta bere ordutegia izanen da 8:00etatik 11:45ra astelehen eta ostiraletan, eta 08:00etatik 15:20ra asteartetan. Lan-karga handituz edo murriztuz gero, lan-egutegia berrikusteko aukera izanen da.

Laugarrena.–Hitzarmena aldatzea.

Aldatzen ahalko da kudeaketa-esleipenari buruzko hitzarmen hau, bi alderdiak ados jarrita.

Bosgarrena.–Hitzarmenaren indarraldia.

Gutxienez urtebeteko indarraldia izanen du hitzarmen honetan jasotako kudeaketa-esleipenak, sinatzen denetik hasita, eta automatikoki luzatutzat joko da alderdietako batek berariaz salatzen ez badu.

Seigarrena.–Hitzarmena azkentzea.

Hitzarmen hau honako kasu hauetan azkenduko da:

a) Bi alderdiek adosturik.

b) Alderdietako edozeinek salatuz gero, azkentzeko eguna baino 2 hilabete lehenago gutxienez.

c) Administrazio kudeatzaileak uko eginik, esleipena ematen duen administrazioak bere gain hartutako betebeharrak ez betetzeagatik, nolanahi izanik ere. Uko egiteko, aldez aurretik entzunaldia eman beharko zaio kudeaketa-esleipena ematen duen administrazioari; izapide hori betetakoan, uko eginen da esleipena kudeatzen duen administrazioaren ebazpen arrazoitu baten bidez.

Zazpigarrena.–Hitzarmenaren araubide juridikoa.

Hitzarmen hau administratiboa da, eta aplikatzean sortzen diren auziak ebazteko, beteko da urriaren 1eko 40/2015 Legean xedaturikoa (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Zortzigarrena.–Indarrean jartzea.

Hitzarmen hau indarrean jarriko da bi erakunde sinatzaileetako organo eskudunek onesten dutenean.

Eta aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Iragarkiaren kodea: L2501506