30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MILAGRO

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren urtarrilaren 27ko 2025-0051 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdi bat eta haren oinarriak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari-ofizialaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidean, Milagroko Udalaren zerbitzukoa. Hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Milagroko Udaleko bulegoetan aritzeko administrari-ofizialaren lanpostu bat lehiaketa-oposizioaren bidez eta funtzionario araubidearekin betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Milagroko Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal-bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, betearazpen lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten beste eginkizun batzuk, Milagroko Udalak agintzen dizkionak.

–Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta gestioak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

2.–Betebehar orokorrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea gutxienez, edo lortzeko moduan egotea: Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua.

Atzerrian lortutako unibertsitateko tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen-prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ez da luzatzen ahalko.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko dute, deialdi honen I. eranskineko ereduaren arabera; horretarako, Milagroko egoitza elektronikoko (https://milagro.sedelectronica.es) eskabide orokorra erabiliko dute.

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.

b) Nortasun-agiri nazionalaren kopia.

3.4. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.5. Desgaitasun aitortua (% 33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko dokumentazioa, organo eskudunak emana.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Milagroko Udaleko alkatetzak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Milagroko Udalaren gardentasun-atarian, honako esteka honetan:

https://milagro.sedelectronica.es/transparency/2fe33538-ca85-463f-9b08-003e62fd237e/

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute. Telematikoki aurkeztu beharko dira erreklamazioak edo zuzenketak.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik balego, erreklamazioei erantzun ondotik, Milagroko Udaleko alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta Milagroko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun-atarian argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondotik, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:

–Epaimahaiburua: José Ignacio Pardo Blanco, Milagroko alkatea.

–Epaimahaiburuaren ordezkoa: Belén Cerdán León, Milagroko Udaleko lehenengo alkateordea.

–Epaimahaikide: Andrea Lebrero Los Arcos, Milagroko Udaleko administrari-ofiziala eta bertako langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Raquel Bulnes Cervera, Milagroko Udaleko administrari-ofiziala eta bertako langileen ordezkaria.

–Eduardo García Hernández, Milagroko Udaleko administrari-ofiziala eta diruzaina.

–Ordezkoa: Nuria Mateos Crisóstomo, Milagroko Udaleko kontu-hartzailea.

–Mahaikidea: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

–Mahaikide-idazkaria: Mari Carmen Chueca Murillo, Milagroko Udaleko idazkaria.

–Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: Eva María López Soto, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ez da eratzen ahalko, eta ez du jarduten ahalko ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizioa 2025eko apiriletik aurrera hasiko da, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik.

6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

6.3.a) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.b) Gainerako administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.c) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari laguntzailearen lanetan emandako urte bakoitzeko: 1,5 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.d) Gainerako administrazio publikoetan administrari laguntzailearen lanetan emandako urte bakoitzeko: puntu 1 lanean egindako urte bakoitzeko.

Urte-kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Aurreko apartatuen batura ez da izanen 10 puntu baino handiagoa.

Zerbitzuak zer administrazio publikotan egin diren, administrazio publiko horrexek emandako ziurtagiriaren bidez frogatutako dira alegatutako merezimenduak. Ziurtagiri horietan berariaz agertu beharko dira honako datu hauek: zer lanpostutan lan egin den eta zenbat denboraz. Benetan emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan, kontratazio-araubidea edozein dela ere (behin-behinekoa edo finkoa). Atal ezberdinetan sailkaturiko zerbitzuak garai berean egin badira, batera gertatu diren denbora horri dagokionez, puntu gehien ematen dituen atalekoa baizik ez da kontuan hartuko.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3.d) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Milagroko Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Milagroko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroan.

6.4. Oposizioaldia Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Honako ariketa hauek izanen ditu:

6.4.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde-sorta bati. Galdera laburrak edo test-modukoak izanen dira, eta II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Galdetegiko galdera guztiek hiru erantzun-aukera izanen dituzte, eta bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitza epaimahaiak ezarritako moduan penalizatuko da. Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten gehieneko denbora epaimahaiak adieraziko du.

6.4.2. Bigarren proba: praktikoa. Administrazio-agiri batzuk prestatu beharko dira eta/edo galdera praktiko labur batzuei erantzun, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin: lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik hautatuko ditu epaimahaiak.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edo ahoz edo ordenagailuz egiten ahalko du epaimahaiak. Era berean, eskuz edo ordenagailuz aritzeko eska dezake epaimahaiak, agiria prestatzeko edo galdera praktiko laburrei erantzuteko.

Bigarren proban gehienez 50 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 25 puntu erdietsi behar dira gutxienez.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.4.3. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.

Milagroko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian emanen da argitara probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago; hogeita lau ordu lehenago, hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

6.4.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Milagroko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian.

6.4.5. Epaimahaiak, gutun-azal itxiak jendaurrean ireki ondotik, Milagroko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Milagroko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroan.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun-agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta Milagroko Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun-atarian jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena igorriko dio alkateari. Proposamen hori Milagroko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun-atarian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Milagroko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdian eskatu den tituluaren fotokopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu dituelako gordekinarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, egiaztatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondotik, eta probak gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Milagroko Udaleko alkatetzak Milagroko Udaleko funtzionario izendatzea ebatziko du, administrari-ofizial lanpostuan jardun dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), Milagroko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Milagroko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-eginbeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zein xedetarako bildu diren, bada xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasun-atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal-bulegoetara joaz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

10.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Milagron, 2025eko urtarrilaren 28an.–Alkatea, José Ignacio Pardo Blanco.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE-ORRIA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa. II. titulua. Udalerria: I. kapitulua. Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua. Antolamendua. III. kapitulua. Eskumenak. V. titulua. Toki-entitateei buruzko xedapen orokorrak: I. kapitulua. Funtzionamendu-araubidea. IV. kapitulua. Informazioa eta herritarren partaidetza.

2.–Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Atariko Tituluko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Egintzak bide administratiboan berrikusteari buruzko V. tituluaren xedapen orokorrak.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4.–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duena: II. titulua. Biztanleria eta errolda.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua. Toki-entitateen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua. Udalerriak. III. titulua. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Informazioa eta herritarren partaidetza. IV. titulua. Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua. Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola.

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal-zergak.

7.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

8.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: V. titulua. Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza-arloko diziplina.

9.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena: I. tituluaren V. kapitulua. Jarduera sailkaturako udal-lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua. Diziplina eta ingurumen-arloko legezko egoera lehengoratzea.

10.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak: III., IV., V., VI. eta VII. kapituluak. II. titulua. Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau espezifikoak: I., II., III., IV. eta V. kapituluak. III. titulua. Administrazio publikoen kontratuen araubide juridikoa: I., IV. eta V. kapituluak.

11.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. III. kapitulua. Publizitate aktiboa; II. titulua. Gardentasuna. III. titulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

12–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Langile-motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario-izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio-egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-araubidean kontratatutakoak.

13.–Administrazio-agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, bandoa, erabakien helarazpena, jakinarazpenak.

14.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

15.–Milagroko Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza, 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua 2021eko maiatzaren 14an.

16.–Milagroko Udalaren administrazio-prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza, 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua 2021eko abuztuaren 10ean.

Iragarkiaren kodea: L2501268