30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

103/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena nekazaritzako ingeniari teknikoen hogeita sei lanpostu betetzeko, oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.

Abenduaren 27ko 115/2024 Foru Dekretuaren bidez (2024ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa), 2024ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori 2024ra luzatu den Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio. Eskaintza hartan, besteak beste, nekazaritzako ingeniari teknikoen lanpostu batzuk sartu ziren, B mailakoak.

Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa), 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio. Eskaintza hartan, besteak beste, nekazaritzako ingeniari teknikoen lanpostu batzuk sartu ziren, B mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 6ko 4192/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko nekazaritzako ingeniari teknikoen lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko nekazaritzako ingeniari teknikoen hogeita sei lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko nekazaritzako ingeniari teknikoen hogeita sei lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 16an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa).

DEIALDIA, NEKAZARITZAKO INGENIARI TEKNIKOEN HOGEITA SEI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Honako hauek dira deialdiaren:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da nekazaritako ingeniari teknikoen hogeita sei lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, B mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzekoak; zehazki, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 6ko 4192/2024 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko dira. Haien plantilla-zenbakiak, eskakizunak eta destinoak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.

1.2. Hogeita sei lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–11 lanpostu txanda irekian.

–11 lanpostu igoera txandan.

–1 lanpostu erreserba txandan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.

–3 lanpostu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan.

1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostu hutsak bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, egoki den txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandako lanpostu hutsa bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, egoki den txandakoei gehituko zaio, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandetan, txanda horretan eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horren izangaiekin lehian eta eskuratutako amaierako puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Nekazaritzako ingeniari teknikoaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen graduko titulu unibertsitarioa edo Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoko titulu unibertsitarioa izatea, edo aplikagarria den araudiaren arabera baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin eta lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.

Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.

2.2. Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.

2.3. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.4. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Herritarrentzako enplegu deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

Telematikoki ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartzen duten emakume izangaiek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Javier Jiménez Galindo jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaiburua: Iván Huarte Donazar jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuko Ikuskapenen Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Francisco Miguel López López jauna, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nekazaritzako Elikagai Industriak Sustatzeko Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: María del Mar Rebolé Beaumont andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko nekazaritzako ingeniari teknikoa.

–Epaimahaikidea: César Ochoa Prat jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Lanpostuak Antolatzeko Bulegoko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: María Teresa Larumbe Álvarez andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Fernando Urricelqui Chasco jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: María Laura Tejada Salvatierra andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Francisco Javier Lizarbe Chocarro jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Ordezko idazkaria: José Ignacio Zabalza Valencia jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko NBEUFek eta LGENFek finantzatutako Laguntzen eta Estatuaren Laguntzen Laguntza Juridikoaren Bulegoko burua.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2025eko irailetik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba.

Teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 80 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko ordu 3 eta 30 minutu izanen da gehienez.

Kalifikazioa: Proba honi dagokion puntuazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba:

Proba teorikoa izanen da, eta bi gai garatu beharko dira idatziz: gai bat ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako bigarren zatitik, eta beste bat hirugarren zatitik. Horretarako, epaimahaiak zozketaz aterako ditu aipatutako zati bakoitzeko bi gai, eta izangaiek horietako bat, nahi dutena, aukeratu eta garatu beharko dute.

Proba idatzi hori egiteko 5 ordu izanen dira gehienez ere.

Bigarren proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere. Gai bakoitzak gehienez ere 15 puntuko balorazioa izanen du.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.3. Hirugarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da. Epaimahaiak planteatuko d(it)uen kasu teoriko-praktiko bat edo gehiago garatu eta ebatzi beharko d(ir)a, idatziz. Kasuek ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako bigarren eta hirugarren zatietako gaiekin zerikusia izanen dute, bai eta lanpostuaren berezko funtzioak garatzeko beharrezkoak diren ezagutzekin ere.

Proba idatzi hori egiteko 4 ordu izanen dira gehienez ere.

Hirugarren proban 30 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematikoki.

7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko, eta egin daitezen lanpostu hutsak hautatzeko izapideak.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, lehenbiziko proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta, hala ere, berdinduta segitzen badute, bigarren proban eta hirugarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan.

Aurreko irizpideak aplikatuta ere berdinketak bere horretan jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du oposizioa gainditu duten izangaiek (zehaztuko da zenbatek) betebehar hau betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

–Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

–B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia, betebehar hori duen lanpostua eskuratu nahi izanez gero.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Era berean, hautapen probak genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat gordetako txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik lanpostu hutsak hautatzeko, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun ordena lehenestea.

Hautapen probak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, baina salbuespena izanda, betiere, desgaitasuna duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat ezarritakoa.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen ahal direnak.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B) Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, jatorrizko administrazioan jarduneko zerbitzuan daudela frogatzeko, edo borondatezko eszedentzian eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterakoren batean.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean adierazitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. eta 8. oinarrietan aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanpostuaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta honek aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.

9.6. Izangairen batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio organo eskudunak haren baja beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostu hutsen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.

Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.

12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Lehenbiziko zatia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europako funts nagusiak.

3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

6. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoen organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

10. gaia.–Administrazio egintzak: administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak, epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea.

12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean.

16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

17. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

18. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

19. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Bigarren zatia.

1. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, Europar Batasuneko estatuek, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak), egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dituena. Aipatu laguntza Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen da.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa, 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

3. gaia.–Nekazaritza eta basogintza sektorerako estatu-laguntzen Europar Batasuneko araudia: nekazaritza eta basogintza sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei aplikatzen ahal zaizkien Europar Batasunaren zuzentarauak 2023tik 2027ra bitarte (2022/C 485/01), Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen baitira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektoreko de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

4. gaia.–NPEaren plan estrategikoan deskribatutako zuzeneko ordainketen esku-hartzeak. Diseinua, betebeharrak eta esku-hartzerako dirulaguntza jasotzeko baldintza espezifikoak. Laguntzaren tartea eta zenbatekoak.

5. gaia.–NPEaren bigarren zutabeko laguntzak (LGENF funtsa): NPEaren plan estrategikoan deskribatutako esku-hartzeak Nafarroako Foru Komunitaterako.

6. gaia.–30/2022 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta horri lotutako beste gai batzuk arautzen dituena.

7. gaia.–905/2022 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko esku-hartzea arautzen duena.

8. gaia.–857/2022 Errege Dekretua, urriaren 11koa, arautzen dituena fruta eta barazkien sektoreko ekoizleen eta haien elkarteen erakundeetako funtsak eta programa operatiboak, Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren esku-hartze sektorialaren esparruan.

9. gaia.–1046/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren eta Europako NBEUF eta LGENF nekazaritza-funtsen gobernantza arautzen duena Espainian.

10. gaia.–1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena.

11. gaia.–1049/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaren bidez ezartzen baitira baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko arauak, betebehar horiek baitituzte Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntzen onuradunek, baldin eta zuzeneko ordainketak jasotzen badituzte, edo urteroko ordainketa jakin batzuk, landa garapenekoak eta Urruntasunagatiko eta Uhartetasunagatiko Aukera Espezifikoen Programaren esparrukoak.

12. gaia.–147/2023 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak ezartzen dituena eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege dekretu batzuk aldatzen dituena.

13. gaia.–1054/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritza-ekoizpenaren Informazio Sistema ezarri eta arautzen duena, bai eta Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Autonomikoa eta Nekazaritzako Ustiategiaren Koaderno Digitala ere.

14. gaia.–Nekazaritzako Administrazioaren antolaketa Nafarroan: 255/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikitako sozietate publikoak. Nafarroako Erakunde Ordaintzailea.

15. gaia.–150/2002 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena, eta hura garatu eta aplikatzeko xedapenak.

16. gaia.–12/2013 Legea, abuztuaren 2koa, Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzkoa.

17. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EB) Erregelamendua, 2012ko azaroaren 21ekoa, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzkoa.

18. gaia.–Batzordearen 664/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 2013ko abenduaren 18koa, osatzen duena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: batetik, jatorri-deitura babestu, adierazpen geografiko babestu eta espezialitate tradizional babestuetarako Batasunaren ikurrak ezartzeari dagokionez, eta, bestetik, jatorriari buruzko arau jakin batzuei, prozedura arau batzuei eta xedapen iragankor gehigarri jakin batzuei dagokienez.

19. gaia.–28/2015 Legea, uztailaren 30ekoa, Elikagaien kalitatea defendatzeari buruzkoa.

20. gaia.–Nafarroako Lur Ondasunen Erregistroa eta Katastroak, azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen arabera. Sorrera eta erabilgarritasuna. Kontzeptua eta edukia. Kontserbazioa. Informazioaren eskuragarritasuna. Jabetza Erregistroarekiko koordinazioa.

21. gaia.–1/2002 Foru Legea, martxoaren 7koa, Nekazaritzako azpiegiturei buruzkoa.

22. gaia.–Abeltzaintzaren antolaketari buruzko foru araudia: 31/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituena

23. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/848 (EB) Erregelamendua, 2018ko maiatzaren 30ekoa, ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoak etiketatzeari buruzkoa.

24. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/2031 (EB) Erregelamendua, 2016ko urriaren 26koa, landareen izurriteen kontrako babes neurriei buruzkoa.

25. gaia.–1311/2012 Errege Dekretua, irailaren 14koa, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduketa-esparrua ezartzen duena. 285/2021 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, produktu fitosanitarioak biltegiratzeko, merkaturatzeko, inportatu edo esportatzeko, ofizialki kontrolatzeko eta haiekin saiakuntzak egitea baimentzeko baldintzak ezartzen dituena.

26. gaia.–1051/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, nekazaritza-lurretan nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen dituena.

27. gaia.–47/2022 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsaduratik babesteari buruzkoa.

28. gaia.–Nafarroan izendatutako eremu kalteberak eta horietan jarduteko programak. 247/2018 Foru Agindua, urriaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak berrikusi eta 2018-2021 aldirako jarduketa programa onesten duena, eta 147E/2020 Foru Agindua, irailaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilarik emana, nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak berrikusi eta 2018-2021 aldirako jarduketa programak aldatzen dituena.

Hirugarren zatia.

1. gaia.–Nafarroako geografia fisikoa. Eskema orokor geologikoa, orografikoa, klimatikoa, hidrologikoa eta landarediarena.

2. gaia.–Nafarroako geografia ekonomikoa. Nafarroako ekonomia eta haren sektorekako banaketa: makromagnitudeak eta enplegua. Aurrekariak eta bilakaera. Espainiarekin alderatzea.

3. gaia.–Nekazaritzako kanpo merkataritza Nafarroan. Aurrekariak eta bilakaera. Produktu nagusiak eta trukerako eremuak. Espainiarekin alderatzea.

4. gaia.–Nekazaritza-klimatologia. Tenperatura- eta euri-erregimenen azterketa. Nekazaritzako izozte eta lehortze arriskuen azterketa. Ur balantzea. Laboreen ur beharrak neurtzeko metodoak. Nafarroako ezaugarri agroklimatikoak.

5. gaia.–Nekazaritzako ura. Ura ekoizpen faktore gisa nekazaritzan. Garrantzia eskualdeetan. Uraren, lurzoruaren eta landarearen arteko erlazioa. Kontu fisiologikoak. Ur balantzea nekazaritza lurretan. Ureztatzeko uren kalitatea.

6. gaia.–Nekazaritzako lurzorua. Lurzoruen ezaugarri nagusiak. Lurzoruak aztertzeko metodoak. Nekazaritzako lurren ebaluazioa: oinarrizko alderdiak eta aplikazioak. Nafarroako lurzoru mota nagusiak.

7. gaia.–Input energetikoak nekazaritzaren ekoizpenean. Kontsumoa eta egitura. Energia eta erregai motak. Ezaugarriak. Energia aurreztea. Energia alternatiboak.

8. gaia.–Input hidraulikoak nekazaritzaren ekoizpenean. Kontsumoa, egitura eta urtarokotasuna. Ureztatzea. Ureztatzeko teknika nagusiak. Ura aurreztea eta ureztatzeko teknikak. Uraren eta energiaren kostua.

9. gaia.–Mintegiko haziak eta landareak ekoizteko teknikak. Hemengo germoplasma kontserbatzearen garrantzia. Hautaketa masala eta hautaketa klonala. Mintegiko hazien eta landareen ekoizleen sektorearen egoera.

10. gaia.–Ongarriak. Motak eta ezaugarriak. Ongarritzeko teknikak. Ongarrien eragina nekazaritzako produkzioan.

11. gaia.–Pestizidak. Motak eta ezaugarriak. Aplikatzeko teknikak. Pestiziden bidezko kutsaduraren arazoak. Borroka biologikoko metodoak.

12. gaia.–Makinak eta lanabesak. Motak eta ezaugarriak. Nekazaritzaren mekanizazioa Nafarroan.

13. gaia.–Teledetekzioa. Oinarriak eta satelitetik ikusitako irudi motak. Satelite irudien erabilera nekazaritzan. Uzten zenbatesteari eta jarraipenari aplikatzea. Nekazaritzako lurzoruaren erabileraren karakterizazioari eta jarraipenari aplikatzea. Nekazaritza Politika Erkidearen barruko laguntzen kontrolari aplikatzea.

14. gaia.–Ureztaketarako azpiegiturak. Ura eremu ureztagarrietara eramatea. Aire zabaleko sistemak eta kondukzio behartuak. Eremu ureztagarrien ustiapena eta kontserbazioa. Urtegiak, ubideak eta goratzeko hodiak. Tarifak, tarifikazio motak. Ureztatzaileen elkarteak: ureztapen eremuen ustiapenean duten eginkizuna.

15. gaia.–Zereala Nafarroan, lehorreko lurretan eta ureztalurretan. Ekoizpen eremua. Espezieak eta barietateak. Laborantzako teknikak. Ekoizpenak eta errendimenduak. Garrantzi ekonomikoa Nafarroan.

16. gaia.–Lekaleak, olio-landareak eta bazka-landareak Nafarroan, lehorreko lurretan eta ureztalurretan. Ekoizpen eremua. Espezieak eta barietateak. Laborantzako teknikak. Ekoizpenak eta errendimenduak. Garrantzi ekonomikoa Nafarroan.

17. gaia.–Baratzeko laboreak Nafarroan, lehorreko lurretan eta ureztalurretan, aire zabalean eta azkartutako laboreetan. Ekoizpen eremua. Espezieak eta barietateak. Laborantzako teknikak. Ekoizpenak eta etekinak. Garrantzi ekonomikoa Nafarroan.

18. gaia.–Mahastiak eta olibondoak Nafarroan, lehorreko lurretan eta ureztalurretan. Ekoizpen eremua. Espezieak eta barietateak. Laborantzako teknikak. Ekoizpenak eta errendimenduak. Garrantzi ekonomikoa Nafarroan.

19. gaia.–Fruta-arbolak Nafarroan, lehorreko lurretan eta ureztalurretan. Ekoizpen eremua. Espezieak eta barietateak. Laborantzako teknikak. Ekoizpenak eta errendimenduak. Garrantzi ekonomikoa Nafarroan.

20. gaia.–Belardi naturalak eta larreak Nafarroan. Motak Nafarroako alderdien arabera. Mantentzeko teknikak. Ekoizpenak eta errendimenduak. Garrantzi ekonomikoa Nafarroan.

21. gaia.–Abeltzaintza estentsiboa Nafarroan. Ezaugarriak eta motak. Ekoizpen nagusiak. Ekoizteko teknikak. Arazoak eta aurrera begirako ikuspegia.

22. gaia.–Abeltzaintza intentsiboa Nafarroan. Ezaugarriak eta motak. Ekoizpen nagusiak. Ekoizteko teknikak. Arazoak eta aurrera begirako ikuspegia.

23. gaia.–Nekazaritzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea Nafarroan (I). Ardoaren industria: lehengai nagusiak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta horiek merkaturatzea. Olioaren industria: lehengai nagusiak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta horiek merkaturatzea.

24. gaia.–Nekazaritzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea Nafarroan (II). Zerealen industria: lehengai nagusiak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta horiek merkaturatzea.

25. gaia.–Nekazaritzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea Nafarroan (III). Haragiaren industria: lehengai nagusiak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta horiek merkaturatzea.

26. gaia.–Nekazaritzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea Nafarroan (IV). Esnearen industria: lehengai nagusiak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta horiek merkaturatzea.

27. gaia.–Nekazaritzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea Nafarroan (V). Prestatutako elikagaien industria, IV. eta V. gamak: lehengai nagusiak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta horiek merkaturatzea.

28. gaia.–Hondakin organiko biodegradagarrien tratamendua. Konpostajea. Biometanizazioa. Helburuak. Hondakin motak eta aplikatu beharreko teknologiak. Teknika erabilgarri onenak. Lortutako produktuak, haien erabilera eta merkaturatzea.

29. gaia.–Abeltzaintzako hondakinak tratatu eta kudeatzea. Ongarri solido eta likidoak. Osaera, ezaugarriak eta ingurumen eraginak. Ongarri organiko gisa erabiltzea. Tratatu eta desagerrarazteko sistemak.

Iragarkiaren kodea: F2500713