1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
38E/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Beriaingo udal mugartean dagoen zerbitzu sanitarioak emateko (edukiontzi higienikoak) eta horri loturiko hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra PHS Serkonten SA da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.
2024ko otsailaren 19an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 020108* EHZ kodea duena (enpresak izurriak kontrolatzeko egiten dituen eragiketetan erabilitako biozidei dagokie).
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:
EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
02 01 08 * | Substantzia arriskutsuak dituzten hondakin agrokimikoak. | Ez da bidezkoa kudeatzen diren hondakinen zerrendan sartzea, haren jatorria ez delako nekazaritza, baratzezaintza, akuikultura, basogintza, ehiza edo arrantza, ezta elikagaien prestaketa eta elaborazioa ere. Deskribatutako hondakinari (izurriak kontrolatzeko jardueratik datozen biozidak) 06 13 01 * EHZ kodea esleitu zaio, eta kode hori instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan sartuko da. |
Onartutako aldaketak ez du eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia, ingurumenari dagokionez, eta bat dator ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Partez onartzea Beriaingo udal mugartean dagoen zerbitzu sanitarioak emateko (edukiontzi higienikoak) eta horri loturiko hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra PHS Serkonten SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hauPHS Serkonten SAri helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2501201