1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
30E/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Deierriko udal mugartean dagoen oilaskoak eta zerriak gizentzeko (gizendu aurreko hazkuntza eta gizentzea) instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra SC Sainz Munarriz L.A. y Díez Barbarin, M sozietatea da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 1420/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abuztuaren 21eko 30E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta geroago Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 231E/2021 Ebazpenaren bidez berrikusia.
2024ko azaroaren 4an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste bi hondakin mota sartzeko, 180201 EHZ eta 180208 EHZ kodeak dituztenak (ebakitzen duten eta punta zorrotza duten objektuak [18 02 02 kodekoak izan ezik] eta 18 02 07 kodean zehaztutakoez bestelako botikak, hurrenez hurren).
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla ulertzen da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Deierriko udal mugartean dagoen oilaskoak eta zerriak gizentzeko (gizendu aurreko hazkuntza eta gizentzea) instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra SC Sainz Munarriz L.A. y Díez Barbarin, M sozietatea da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen hau SC Sainz Munarriz L.A. y Díez Barbarin, M sozietateari eta Deierriko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2500736