30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3E/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Legariako udal mugartean dagoen oilo erruleen hegazti-haztegi baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Granja Legaria SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 448/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 180E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 3ko 88E/2021 Ebazpenaren bidez berrikusi zena.

2024ko urriaren 21ean, titularrak bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, pentsuetako proteinaren eta fosforoaren ehunekoak aldatzeko.

Titularrak argudiatzen du pentsuetako proteinaren ehunekoak ahalik eta gehien doitzen dituztela, betiere arrautza ekoizteko parametroei kalterik ez egiteko asmoarekin. Era berean, osagaien %17,5 proteina gordina den formulatik ateratzen diren nitrogeno eta fosforo iraizkinen kalkuluak aurkeztu ditu. Izan ere, haren ustez, balio hori egokiena da enpresan bilatzen duten arrautzaren ekoizpen- eta kalitate-parametroak lortzeko. Gainera, erakutsi du bete egiten dutela ezarrita dagoen nitrogeno eta fosforo iraizkinen kantitatea.

Aurreko guztia ikusita, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ez da egokitzat jotzen bi pentsuetan dagoen proteina gordina %17,5era aldatzea sistematikoki. Hala ere, baimenduta dagoen nitrogeno iraizkinen gehieneko kantitatea betetzen ari dela ikusi da, eta, beraz, desbideratze puntualak onartzen dira; izan ere, uste da instalazioaren funtzionamendua ingurumenaren aldetik egokia dela eta eskuragarri dauden teknika onenen aplikazioarekin bat datorrela.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Legariako udal mugartean dagoen oilo erruleen hegazti-haztegi baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Granja Legaria SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Granja Legaria SAri eta Abeltzaintza Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2500177