1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
14/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uzten baita ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak gertatzen diren gastu txikiko obra, hornidura eta zerbitzu kontratuak egiteko eskumena, eta eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen baita.
Ikastetxe publikoek behar duten autonomia bermatzeko eta, aldi berean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea gorde eta betetzeko, beharrezkoa da ikastetxe horiei arlo horretako eskumenen eskuordetzea ematea berriz, urriaren 27ko 88/2023 Ebazpenaren bidez egindako eskuordetzea ordeztuko duena.
Horrenbestez, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uztea Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 8. xedapen gehigarriak zuzendari nagusiei ematen dien eskumena beren administrazio unitateen funtzionamendurako behar diren gastu txikiak baimentzeko, era horretan ikastetxearen kargura dauden baliabide finantzario eta materialak kudeatu ahal izan ditzaten.
2. Eskuordetzan emandako eskumena erabiltzeko prozedura:
2.1. Ikastetxearen gastu finkoak (energia elektrikoa, berokuntza, ura, garbiketa, kontserbazioa...) eta ikastetxearen funtzionamendu arrunterako bestelakoak ordaindu ondoren, ikastetxeak kudeaketa-funtsetako gerakinak erabiltzen ahalko ditu behar dituen obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko, baldin eta kontratazio zentralizatuaren programetan ez badaude.
2.2. Unibertsitateaz kanpoko Lanbide Heziketako ikastetxe bateko zuzendariak ikastetxearen funtzionamendurako behar diren obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzen ahalko ditu, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, salbu gastua zentralizatuta badago edo hornidura- edo laguntza-enpresarekin atxikipen akordioa bada.
2.3. Kontratuak aurreko puntuan ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, baina betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe (BEZa kanpo), Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena eman beharko du.
Horretarako, ikastetxeko zuzendariak datu hauek biltzen dituen agiria eginen du:
a) Kontratuaren xedearen deskribapena, gutxieneko betekizun teknikoak argi eta garbi adierazita.
b) Zer balorazio irizpideren arabera eginen den kontratuaren adjudikazioa, eta haien haztapena.
–Agiria kontratua gauzatzeko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaeragatik nahikoa hornitzailerik ez badago, baldintza hau ez da bete beharko.
–Aurkeztutako eskaintzak ikusirik, eta aipatu agirian finkatutako irizpideen arabera baloraturik, ikastetxeko zuzendariak adjudikaziorako proposamen-txostena egin eta gizarte kontseilura bidaliko du, hark onets dezan.
–Onespen hori lortu ondoren, ikastetxeko zuzendariak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskuratu beharko du; horretarako, behar den eskaera aurkeztu beharko du, espedientea osatzen duten agiri guztiekin eta aurreko tramiteak bete direla frogatzeko agiri guztiekin batera.
Eskaerak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura edo Lanbide Heziketa Modernizatzeko Zerbitzura bidaliko dira, gastu hori zer esparrutan dagoen kontuan hartuta. Kasuan kasuko zerbitzuak txosten tekniko bat eginen du proposatutako kontratazioaren beharrari buruz, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera igorriko du, ikastetxeak kontratazio horri dagokionez duen bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostena egin dezan.
2.4. Lanbide Heziketako ikastetxeek zuzenean eskuratutako ekipamendu informatikoaren kudeaketa eta mantentze zerbitzuak zein ikastetxeen sareak hobetzeko eta ikastetxeen premiak hobeki ezagutzeko, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari eman beharko zaio IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT ekipamenduen horniduraren kontratuen berri (esate baterako, ekipamendu informatikoa, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, monitore interaktiboak, chromebook eta chrometabak, tabletak, inprimagailuak eta proiektagailuak eta antzeko ekipamendu guztiak), diru kopurua edozein delarik ere.
3. Ikastetxeen kontratazio guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia bete beharko dute.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak erabaki dezake kontratazioa bere kabuz egitea, egokitzat jotzen badu.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea ebazpen honen ondorio juridikoak argitalpen-egunaren biharamunean hasiko direla.
5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari, Lanbide Heziketa Modernizatzeko Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 27an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
Iragarkiaren kodea: F2501336