Iragarkia
30. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
97/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez bi deialdi onesten baitira industria ingeniarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko hautaproben bidez; bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat industria ingeniarien lanpostuetan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratudun gisa. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.
Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30ean 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Industria ingeniarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan.
2. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetarako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 16an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa).
I. ERANSKINA.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, INDUSTRIA INGENIARIEN LANPOSTUETAN ARITZEKO PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN
Honako hauek dira deialdiaren:
OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Deialdia egiten da industria ingeniarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan.
Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera-orriak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.
b) Bere lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Industriako ingeniaritza titulu unibertsitarioa izatea, edo graduko titulua eta industriako ingeniarien lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen master unibertsitarioa, edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.
e) Industria ingeniari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.
2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, izendatzen diren unean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.
2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.
Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.
Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.
II. ERANSKINA.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, INDUSTRIA INGENIARIEN LANPOSTUETAN ARITZEKO ALDI BATERAKO KONTRATUDUN GISA
Honako hauek dira deialdiaren:
OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Deialdia egiten da industria ingeniarien lanpostuetan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, salbu eta Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan.
Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, langile finkoen zerrendak erabiliko dira, daudenak edo etorkizunean osatzen direnak, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera-orriak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Industriako ingeniaritza titulu unibertsitarioa izatea, edo graduko titulua eta industriako ingeniarien lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen master unibertsitarioa, edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Ez egotea dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik, eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratuak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.
Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.
BI DEIALDIETARAKO ARAUAK
Lehendabizikoa.–Eskaerak eta dokumentazioa.
1.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdiotan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
1.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikorako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.
Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.
%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean. Pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren datuak kontsultatuko ditu (nortasuna, adina eta titulazioa). Datuetara sartuko da, hain zuzen, Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen (SVCD) bidez edo sistema baliokideen bidez, salbu eta izangaiak uko egiten badio modu arrazoituan. Uko egiten badio, nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko du, eskaneaturik.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.–Izangaiak onartzea.
2.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila www.nafarroa.eus helbidean.
Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
2.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak edo zuzenketak egiteko epea amaituta, eta horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko dira izangaien behin betiko zerrendak. Zerrendok www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko dira, deialdian adierazitako hautaproba zer egun, ordu eta tokitan eginen den zehaztuta.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi hauetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Hirugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.
3.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Laura Larraya Irigoyen, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaiburua: Delia Sola Giménez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Esperanza Aristu Pérez de Larraya, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaikidea: Javier Amezaga Ruiz, Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Enpresen Erregistroaren eta Industria Segurtasunaren Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Javier Rodrigo Aznárez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko S4 Erronka Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Javier Araiz Garde, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Kalifikazio Fiskalen eta Enpresa I+G+b Proiektu Estrategikoen Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.
Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.
Idazkaria: Isabel Akerreta Larraz, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Laguntza Juridikoaren Ataleko burua.
Ordezko idazkaria: Ana Sáinz Jiménez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Industriaren, Energiaren eta Meatzeen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
3.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
3.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.
Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.
Laugarrena.–Proba.
4.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako 35 galdera erantzun beharko dira idatziz, gai zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitza erantzuteko, lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Probak 35 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
Proba egiteko bi ordu emanen dira gehienez.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.
4.2. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute probara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
4.3. Proba egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskaera-orrian eskatu badute.
Bosgarrena.–Emaitzak.
5.1. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
5.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, kalifikazio epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:
a) Izangai berriak prestakuntzan aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.
b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak ebazteko zozketa bakarra eta berariazkoa eginen du kalifikazio epaimahaiak. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak deialdiaren web fitxan argitaratuko dira.
5.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzi ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean argitaratutako ditu honako zerrenda hauek, bereizita:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
5.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.
Seigarrena.–Industria ingeniarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta deia.
6.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da.
6.2. Izangaiak prestakuntzan aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
6.3. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
6.4. Lanerako deia jasotzen dutenek eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, industria ingeniaritzako titulu unibertsitarioaren kopia aurkeztu beharko dute, edo gradudun-tituluarena eta industria ingeniarien lanbide arautuan aritzeko gaikuntza ematen duen master unibertsitarioarena, edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu batena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.
Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Era berean, hala badagokio, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela deialdi honen bidez bete nahi den lanpostuaren betebehar espezifikoak.
Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Zazpigarrena.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
GAI ZERRENDA
1. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
2. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, kontratu publikoei buruzkoa: Atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. Kontratuak exekutatzea.
3. gaia.–24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa: Hitzaurrea. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Horniduraren antolamendua. III. titulua: Sistema elektrikoaren iraunkortasun ekonomikoa eta finantzarioa. IV. titulua: Energia elektrikoaren ekoizpena.
4. gaia.–24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa: V. titulua: Sistema elektrikoaren kudeaketa ekonomikoa eta teknikoa. VI. titulua: Energia elektrikoaren garraioa. VII. titulua: Energia elektrikoaren banaketa. VIII. titulua: Energia elektrikoaren hornidura. IX. titulua: Baimenak, desjabetzeak eta zortasunak.
5. gaia.–7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa.
6. gaia.–15/2018 Foru Legea, ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa: Atarikoa. I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua: Nafarroako I+G+b Sistema, SINAI.
7. gaia.–15/2018 Foru Legea, ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa: III. kapitulua: Ikerketa zientifiko eta teknikoa, ezagutzaren transferentzia, hedapena eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren kultura bultzatzea. IV. kapitulua: Zientzia, teknologia eta berrikuntza plana. Xedapen gehigarri bakarra: I+G+b arloko inbertsio helburuak Nafarroan.
Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.
Iragarkiaren kodea: F2500799
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
