3. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGUILAR KODES

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen aldi baterako edo aldian behingo erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa behin betiko onestea

Aguilar Kodesko Udalak, 2024ko irailaren 30eko osoko bilkura arruntean, hasierako onespena eman zion Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen aldi baterako edo aldian behingo erabilera arautzen duen ordenantzari, eta jendaurrean ikusgai jarri zen 2024ko urriaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, 214. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, behin betiko onetsi da ordenantza, zeinaren testua iragarki honen eranskinean jaso baita:

Aguilar Kodesen, 2024ko abenduaren 16an.–Alkatea, Jesús Ángel Amescua Martínez de Rituerto.

UDALAREN ERAIKIN, LOKAL ETA INSTALAZIOEN ALDI BATERAKO EDO ALDIAN BEHINGO ERABILERA ARAUTZEKO UDAL-ORDENANTZA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Udal-ordenantza honen xedea da arautzea partikular eta elkarteek nola erabil ditzaketen, aldi baterako edo aldian behin, Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak, jabari publikokoak edo ondarezkoak.

Beraz, ordenantza honen bidez arautzen da herritar eta elkarteek, entitate publiko edo pribatu izan, nola erabil ditzaketen Udalaren kultura-instalazioak eta zerbitzu publikoaren izaera duten beste egoitza batzuk, jarduera kultural edo sozialetarako eta abar.

Ordenantza honetan jaso diren betekizun eta baldintzak aplikatuko zaizkie, halaber, Udalak ondare-izaerako udal-jabetza batzuk okupatzeko eman litzakeen baimenei.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Partikularrek eta elkarteek erabil ditzaketen udal-eraikin, -lokal eta -instalazio guztiei aplikatuko zaizkie ordenantza honen arauak, betiere xede bereko ordenantza berariazkorik ez badute edo udal-eraikin, -lokal eta -instalazioaren erabilera kontratu berariazko baten bidez arautua ez badago.

Ordenantza honen aplikazio-eremutik baztertuta daude hauek:

1. SENPA nekazaritza-biltegia

2. "Granero viejo" erabilera anitzeko aretoa.

3. Pilotaleku estalia (zaharra).

4. Maeztu frontoi eta erabilera anitzeko espazioa.

Orobat, ordenantza honetatik kanpo geldituko da udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabilera baldin eta lege batek arautzen badu.

3. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabilera.

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak erabiltzen ahalko dituzte partikularrek eta elkarteek haietan honelako jarduerak egiteko, modu arduratsuan:

–"Granero viejo" erabilera anitzeko aretoa: ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta ekitaldi kulturalak oro har, bai eta ospakizun pribatuak ere (bazkariak, urtebetetzeak, etab.).

–Gainerako instalazioetan, aurrez eskatuz gero, aztertuko da eskaera zehatza.

Udalak lehentasuna izanen du udal-eraikin eta -lokalak erabiltzeko, haien erabilera aldi baterako lagata badago ere; nahikoa den gutxieneko denborarekin abisatu beharko dio onuradunari.

II. TITULUA.–UDALAREN ERAIKIN ETA LOKALAK ERABILTZEKO ARAUAK

4. artikulua. Eskaerak.

Udal-eraikin, -lokal eta -instalazioak erabiltzeko interesa duten pertsona edo entitateek, Udalaren baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Eskaera hori hamabost egun lehenago aurkeztu beharko da, gutxienez.

Eskaera egiten duten pertsona edo entitateek egunean egon beharko dute beren zerga-betebeharretan, eta ez dute zorrik izan behar Udalarekin.

Eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen arabera nahitaezkoak diren datuez gain, honako hauek jaso behar dira:

–Eskatzaileen eta ekitaldiaren arduradunen datuak.

–Aurreikusitako erabilera-denbora, datak eta ordutegia.

–Eginen diren jarduerak.

–Gutxi gorabeherako jende-kopurua.

Baimena eman aurretik, Udalak eskatzen ahalko ditu komenigarri iruditzen zaizkion agiri, txosten eta argigarri guztiak.

Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilera dela-eta izaten diren harremanetan, horrexetarako izendatzen den pertsonari zuzenduko zaio Udala, edo, halakorik ezean, eskatzaileetan lehenari.

5. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileek honako hauek egin beharko dituzte:

Udalaren lokal edo instalazioak eta haietako altzariak zaindu, eta behar den gizalegez jokatu.

Erabiltzaile batek akats edo kalteren bat ikusiz gero, horren berri eman beharko dio Udalari.

Lokaletan eta haietan dauden gauzetan kalterik gertatzen bada, baimenaren titularrak erantzun beharko du, eta haiek konpontzeko eska diezaioke Udalak.

6. artikulua. Debekuak.

Debeku dira jarduera hauek:

–Lokalak erabiltzea baimendutakoa ez den beste helburu baterako.

–Lokalak erabiltzea legea urratzen duten jarduerak egiteko.

–Lokalak erabiltzea indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta beste edozein diskriminazio-mota sustatzen duten edo giza duintasunaren aurkako diren jardueretarako.

–Lokalak erabiltzea animaliei krudelkeria edo tratu txarrak jasanarazten dizkieten edo sufrimendua eragin diezaieketen jardueretarako edo animaliak tratamendu antinaturalen xede bihur ditzaketen jardueretarako.

–Sarrera ukatzea edozein herritarri, izaera publikoa duen udal-lokal, -eraikin edo -instalazio bateko jarduera baterako interesa adierazten duenean.

7. artikulua. Lokal eta instalazioak erabiltzeko baldintzak.

Baimena lortzen duten eskatzaileek, udal-eraikin eta -lokalak erabiltzean, haien izaera eta xedea kontuan hartu beharko dituzte, eta ez haietan inolako kalte edo galerarik sortu, nahiz higaduraren bat gerta daitekeen, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohiko, egoki eta arrazoizkoagatik.

Udalaren eraikin eta lokalak ez dira inoiz erabiltzen ahalko baimendutako helburuaz bestelakoetarako.

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek haien garbitasuna eta antolamendua zainduko dute. Egun bateko erabilaldi bakoitzaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak antolatuko dituzte, eta biharamunean bertan erabiltzeko moduan utziko dituzte.

8. artikulua. Erabilera-baimena eta prezio publikoak

Alkatetzaren ebazpen baten bidez emanen da erabilera-baimena. Ebazpen horretan, lokal edo instalazioaren arduradunaren izena jasoko da, eta pertsona horri emanen zaio giltza, behin 20 euroko prezio publikoa eta 60 euroko fidantza ordainduta.

20 euroko prezio publikoa eguneko da; hau da, 20 euro ordainduko da espazio publikoa erabiltzen den egun bakoitzeko.

Aguilar Kodesko Udalak finkatuko ditu prezio publikoak, urtez urte.

Udal-lokal edo –instalazioa Udalaren interesa duten kultura– edo gizarte-jarduerak egiteko erabiltzen denean, Udalak murrizten ahalko ditu prezio publikoak, edo haiek ordaintzetik salbuetsi.

Giltza ematen zaion pertsona arduratuko da hura zaintzeaz eta bulegoko udal-langileei edo adierazten zaion pertsonari itzultzeaz, jarduera amaitu eta ahalik eta epe laburrenean. Erabileraren eskatzaileak izanen du giltza itzultzeko ardura, eta ez du inola ere haren kopiarik eginen, hartarako berariazko baimenik ematen ez bazaio. Kopiak eskuratuz gero, denak itzuliko zaizkio Udalari eraikinak eta lokalak erabiltzeko epea bukatutakoan.

Erabilera bukatutakoan, berriz ere egiaztatuko da erabiltzaileek bete ote dituzten ordenantza honetan eta indarrean dagoen legedian ezarritako obligazioak.

9. artikulua. Baimenaren zehaztapenak.

Udalak kasu bakoitzean bidezko juzgatzen duena erabakiko du, kontuan izanik eraikin edo lokalen beharra eta erabilgarritasuna, haien ezaugarriak, okupatzaile-kopurua, helburua eta erabilera-denbora.

Ebazpenak baldintza partikularrak ezar ditzake onartutako gehieneko edukieraz, adingabeen sarrera murriztu dezake, edo mugak jar ditzake ikuskizun publikoen eta josteta-jardueren arloetan indarra duen araudiaren ondorioz.

10. artikulua. Fidantza.

60 euroko fidantzaren xedea zera da: udal-eraikin, -lokal eta -instalazioak behar bezala erabiltzeko eta zeuden egoerara lehengoratzeko betebeharrei erantzutea.

Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da fidantza; horretaz gain, ordenantza hau aplikatuz zehapenik paratu behar baldin bada, haren ordainketari erantzuteko ere izanen da.

11. artikulua. Udalak erabilera egokia egiaztatzea.

Udal-eraikin edo -lokalaren erabilera bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi beste ikuskapen egin dezake, egiaztatzeko ea erabiltzaileek betetzen dituzten ezarritako betebeharrak, hala ordenantza honetakoak nola indarrean dagoen gainerako legedikoak.

Behin egiaztatuta erabiltzaileek egiaz bete dituztela ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik paratu behar, Udalak fidantza itzuliko du, jartzeko eskatu bazuen. Kontrara gertatuz gero, dagozkion erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, fidantzatik ordainduko dira ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzetik, eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak.

12. artikulua. Lokalen erabilera publikoaz kanpoko gastuak.

Udalaren lokal, eraikin edo instalazioaren lagapenari erantsitako beste edozein gastu eskatzailearen kargura izanen da. Honako hauek zehazki:

–Megafonia, publizitatea, proiekzioak, hizlarien ordainketak, apaindurak eta antzekoak.

–Beste edozein gastu erantsi, ospakizun pribatuak direnean.

–Udalaren lokal, instalazio edo eraikinak garbitzearen gastuak.

III. TITULUA.–ERANTZUKIZUNAK, ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

13. artikulua. Erantzukizunak.

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek ordainduko dituzte beren maltzurkeriagatik edo axolagabekeriagatik bertan eragiten diren kalte-galerak. Okupatzaileak bat baino gehiago badira, batera eta solidarioki erantzunen dute prezio publikoen ordainketaz, lokaletan, instalazioetan eta bertan izan daitezkeen ondasunetan eragindako kalte-galerez, eta, kasua bada, ezartzen diren zehapenez.

14. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen aurkako ekintzak edo ez-egiteak arau-hauste administratiboak dira, eta lege hauek ezartzen dutenaren arabera zehatuko dira: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

Arau-haustetzat jotzen dira hauek:

–Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

–Erabilera-baimenean sartzen ez diren edo partikularrari ez dagozkion jarduerak egitea.

–Baimena izanik okupaturiko lokal eta aretoen eguneroko garbiketa ez egitea ordenantza honetan agindutako eran.

–Kalteak eragitea lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan.

–Erabilitako eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea Alkatetzaren baimenik gabe.

–Erabilitako eraikin eta lokaletako giltzak berehala ez itzultzea behin betiko alde egiten denean.

–Udalaren eraikin, lokal eta instalazioetan indarkeriazko, kiroltasunaren aurkako, gizalegearen aurkako edo desegoki diren portaerak izatea, gainerako erabiltzaileen askatasunaren kaltetan.

Tipifikatutako ekintza horiek hirutan sailkatzen dira: arau-hauste oso astunak, astunak eta arinak.

Oso astunak izanen dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

–Bizikidetzan nahasmendu nabarmena eragitea, baldin eta larriki, berehala eta zuzenean eragiten badie beste pertsona batzuen lasaitasunari edo eskubide legitimoak baliatzeari, era guztietako jardueren garapen normalari (aplikatzekoa den araudiaren arabera), edo osasungarritasunari edo apaintasun publikoari.

–Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

–Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

–Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

–Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

–Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte.

Gainerako arau-hausteak astunak edo arinak izanen dira, irizpide hauen arabera:

–Zenbatekoak izan diren lasaitasunaren kontrako nahasmendua edo beste pertsona nahiz jarduera batzuek beren eskubideak baliatzeko trabak.

–Zenbatekoa izan den osasungarritasun edo apaindura publikoari eragindako nahasmendua.

–Zenbateko eragozpenak sortu zaizkien zerbitzu edo eremu publikoren bat erabiltzeko eskubidea duten pertsonei.

–Zenbateko eragozpenak sortu diren zerbitzu publikoren baten ohiko funtzionamenduan.

–Kalterik egin zaien ekipamendu, azpiegitura eta instalazioei eta zerbitzu edo eremu publikoetako elementuei.

15. artikulua. Zehapenak.

Aipatutako arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:

Arau-hauste arinei, honako zehapen hauetako bat edo batzuk ezartzen ahalko zaizkie:

a) Ohartarazpena.

b) Udal-eraikin, -lokal edo -instalaziora sartzeko eskubidea etetea, astebetetik hilabetera bitarteko epe baterako.

c) 10etik 60 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste astunei honako zehapen hauetako bat ezarri ahalko zaie:

a) Udal-eraikin, -lokal edo -instalaziora sartzeko eskubidea etetea, hilabetetik hamabi hilabetera bitarteko epe baterako.

b) 60 eurotik 300 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauste oso astunei honako zehapen hauetako bat ezarri ahalko zaie:

a) Udal-eraikin, -lokal edo -instalaziora sartzeko eskubidea etetea, hamabi hilabetetik hogeita hamasei hilabetera bitarteko epe baterako.

b) 300 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

Ezartzen diren zehapenetatik aparte dago kalte-galerak ordaintzea, hala badagokio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Derogaturik gelditzen dira, indarrean diren udal-ordenantzetatik, ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako diren edo honekin kontraesanean dauden xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo derogatzen den arte. Ordenantza hau partez aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean jarraituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2418291