28. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

81/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ematen baitira, Nafarroan, herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortzak, 2022 eta 2023koak.

Nafarroako Gobernuak herritarren parte-hartzea garatzeko konpromisoa hartu du, batetik, demokratizatzeko eta jendartera irekitzeko eta hurbiltzeko bitartekoa delako eta, bestetik, laneko metodologia bat delako, aukera ematen duena elkarrizketa eta deliberazio publikoa sustatzeko, gobernantza publikoaren funtsezko baliabideak diren aldetik.

Martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak, Nafarroako parte-hartze demokratikoari buruzkoak, ezartzen du Nafarroako Gobernuak aktiboki sustatuko duela sendotuz joatea, urratsez urrats, bere eskubideen jakitun den gizarte zibil aurreratu bat. Ildo horretan, sentsibilizazio neurri batzuk ezarriko dira gizarte parte-hartzaile bat sendotzeko.

Neurri horietako bat da aitortza protokoloak martxan jartzea administrazio publikoek, sindikatuek, enpresek eta abarrek herritarren parte-hartzearen arloan aurrera eramaten dituzten jardunbide egokiak aintzatesteko.

Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariaren abuztuaren 2ko 46/2024 Foru Aginduaren bidez, deialdi bat egin zen, Nafarroan, herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza egiteko. 9 hautagai aurkeztu ziren ezarritako kategorietan.

Deialdiaren oinarrietan ezarri bezala, epaimahaiak hautagaiak baloratu ditu eta proposamen bat egin du, zeina Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren txostenean jaso baita. Txosten hori espedientean bildu da.

Epaimahaiaren izenean, eta nirean, eskerrak ematen dizkiet aitortza honetara aurkeztu diren entitateei gauzatutako proiektuetan egin duten ahaleginarengatik; horiek guztiak modu positiboan baloratu dira, nahiz eta batzuk ez diren jardunbide bikainak izan parte-hartzearen arloan.

Horrenbestez, aipatutako txostena ikusirik, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroan, herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza hauek ematea, 2022 eta 2023koak:

KATEGORIA

ENTITATEA

PROIEKTUA

Nafarroako Gobernuko departamentuak eta/edo enpresa publikoak

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua

Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Nafarroako Estrategia (ENEAS 2030) prestatzeko parte-hartze prozesua

Toki erakundeak

Lesakako Udala

Alondegia berrasmatzeko parte-hartze prozesua

Tokiko ekintza taldeak, unibertsitate eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak

San Frantzisko Eskola Publikoko Familien Elkartea

San Frantzisko ikastetxe publikoaren eraberritze integralerako diseinuaren lankidetza-prozesua. "TXIS PUN SFK"

Sare Fundazioa

Sare Elkartearen parte-hartze plan estrategikoa

2. Enpresa pribatuen, enpresa elkarteen eta kooperatiben kategoria eman gabe utzi dela deklaratzea.

3. Honako prozesu hauek bereziki aipatzea:

KATEGORIA

ENTITATEA

PROIEKTUA

Tokiko ekintza taldeak, unibertsitate eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak

Koine Aequalitas Fundazioa

Adinekoei sostengu emateko komunitateak ehunduz: erresilientzia komunitarioa, taldekakoa eta indibiduala bultzatzeko proiektu pilotua

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari eta aurkeztutako hautagai guztiei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 23an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2418792