28. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169/2025 EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da erabaki hau argitaratu dadila: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kredituak aitortzeko eta transferitzeko araudia onesten duena".

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28an hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kredituak aitortzeko eta transferitzeko araudia onesten duena.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO KREDITUEN BALIOA AITORTZEKO ETA TRANSFERITZEKO ARAUDIA ONESTEN DUENA

1393/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzeko xedez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak kredituen balioa aitortzeko eta transferitzeko sistemari buruzko araudia onetsi eta argitaratu zuen, bai graduko ikasketetarako, bai unibertsitate masterreko ikasketetarako. Ondorio horietarako, Gobernu Kontseiluak erabaki bat onetsi zuen 2008ko urriaren 24an, zeina aldatu egin baitzen honako erabaki hauen bidez: 2010eko azaroaren 11ko erabaki bat, 2013ko martxoaren 12ko erabaki bat eta 2013ko ekainaren 6ko erabaki bat.

2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren bidez, unibertsitateko ikasketen eta haien kalitatea bermatzeko prozeduraren antolamendua ezarri zen, eta dekretu horretan ezartzen da unibertsitateek gai horri buruzko araudi espezifiko berriak onetsiko dituztela ikasleak Espainiako unibertsitateetako titulu ofizialen artean mugitu daitezen errazteko, bai eta titulu horien eta atzerriko unibertsitateetako tituluen artean ere.

Bestalde, dekretuaren bosgarren xedapen iragankorrean lau urteko epemuga ezartzen da, aipatutako errege dekretua indarrean jartzen denetik, unibertsitateko titulu ofizialak jakintza-arlo bati atxiki dakizkion. Jakintza-arloei buruzko arau hori, hain zuzen, funtsezkoa da jakintza-arlo eta -adar bakoitzeko oinarrizko irakasgaietako kredituen balioa aitortzeko sistema eratzeko. Ildo horretan, araudiak jaso egiten ditu oinarrizko prestakuntza aitortzeko oinarrizko arauak, bai jakintza-arloentzat, bai jakintza-adarrentzat.

Araudia aipatutako errege dekretuan ezarritakoaren babesean eman da. Bere artikuluetan, mugikortasunaren eta gardentasunaren helburuak bermatzen dira, eta, gainera, Europako Unibertsitate Eremua abian jarri zenetik igaro diren urteetan kredituen balioa aitortu eta transferitzeko arloan lortutako esperientzia guztia hartu da kontuan. Horri esker, prozeduretan formula bizkorrak ezarri dira unibertsitatearentzat eta ikasleentzat, hartutako ebazpenetan zorroztasun akademikorik handiena bermatzeko.

Proposamena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeari aurkeztu zitzaion 2025eko urtarrilaren 15ean egindako bileran.

Beraz, Irakaskuntzako errektoreordeak hala proposaturik, honako hau da Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28ko bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko kredituen balioa aitortzeko eta transferitzeko araudia, zeina erabaki honen I. eranskinean baitago.

Bigarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendaritzei, Antolamendurako eta Kalitaterako Atalari eta Ikasleen Kontseiluari.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38. artikuluan eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 28an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

1. ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO KREDITUAK AITORTU ETA TRANSFERITZEARI BURUZKO ARAUDIA

Atariko kapitulua.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Lehenbiziko kapitulua.–Xedapen orokorrak.

3. artikulua. Definizioak.

4. artikulua. Unibertsitateko Aitorpen eta Transferentzia Batzordea.

Bigarren kapitulua.–Kredituen aitorpena.

5. artikulua. Aitortzekoak diren ikasketak eta jarduerak.

6. artikulua. Kredituak aitortzeko irizpide orokorrak.

7. artikulua. Kredituak aitortzearen mugak.

8. artikulua. Kredituak aitortzearen ondorioak.

9. artikulua. Kredituak aitortzea Espainiako edo atzerriko unibertsitate ikasketa ofizial batetik bestera.

10. artikulua. Unibertsitateko ikasketa ez-ofizialak aitortzea.

11. artikulua. Goi mailako ikasketa ez-unibertsitarioak aitortzea.

12. artikulua. Lan esperientzia edo esperientzia profesionala aitortzea.

13. artikulua. Prestakuntza osagarriko jarduerak aitortzea.

Hirugarren kapitulua.–Kredituen transferentzia.

14. artikulua. Kredituen transferentziaren kontzeptua.

Laugarren kapitulua.–Prozedura administratiboa.

15. artikulua. Eskaera egiteko prozedura.

16. artikulua. Ebazpenaren prozedura.

17. artikulua. Uko egitea.

18. artikulua. Prezio publikoak.

19. artikulua. Aitortutako kredituak espediente akademikoan txertatzea.

20. artikulua. Ziurtagiriak.

Xedapen gehigarriak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Azken xedapenak.

ZIOEN AZALPENA

1393/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzeko helburuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak kredituak aitortzeko eta transferitzeko sistemari buruzko bere araudia onetsi eta argitaratu zuen, bai graduko ikasketetarako, bai unibertsitate masterreko ikasketetarako. Ondorio horietarako, Gobernu Kontseiluak erabaki bat onetsi zuen 2008ko urriaren 24an, zeina aldatu egin baitzen honako erabaki hauen bidez: 2010eko azaroaren 11ko erabaki bat, 2013ko martxoaren 12ko erabaki bat eta 2013ko ekainaren 6ko erabaki bat.

2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren bidez, unibertsitateko ikasketen eta haien kalitatea bermatzeko prozeduraren antolamendua ezarri zen, eta dekretu horretan ezartzen da unibertsitateek gai horri buruzko araudi espezifiko berriak onetsiko dituztela ikasleak Espainiako unibertsitateetako titulu ofizialen artean mugitu daitezen errazteko, bai eta titulu horien eta atzerriko unibertsitateetako tituluen artean ere.

Bestalde, dekretuaren bosgarren xedapen iragankorrean lau urteko epemuga ezartzen da, aipatutako errege dekretua indarrean jartzen denetik, unibertsitateko titulu ofizialak jakintza-arlo bati atxiki dakizkion. Jakintza-arloei buruzko arau hori, hain zuzen, funtsezkoa da jakintza-arlo eta -adar bakoitzeko oinarrizko irakasgaietako kredituak aitortzeko sistema eratzeko. Ildo horretan, araudi honek oinarrizko prestakuntza aitortzeko oinarrizko arauak jasotzen ditu, bai jakintza-arloentzat, bai jakintza-adarrentzat.

Araudi hau aipatutako errege dekretuan ezarritakoaren babesean eman da. Haren artikuluetan, mugikortasunari eta gardentasunari loturiko helburuak bermatzen dira, eta, gainera, Europako Unibertsitate Eremua abian jarri zenetik igaro diren urteetan kredituak aitortu eta transferitzeko arloan lortutako esperientzia guztia hartu da kontuan. Horri esker, prozeduretan formula bizkorrak ezarri dira unibertsitatearentzat eta ikasleentzat, hartutako ebazpenetan zorroztasun akademikorik handiena bermatzeko.

ATARIKO KAPITULUA.–XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua. Xedea.

Arau hauen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketetan kredituak aitortu eta transferitzeko irizpide orokorrak eta prozedurak ezartzea da.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Arau hauek Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren graduko eta masterreko ikasketa ofizialetan matrikulaturik dauden ikasleei aplikatuko zaizkie.

LEHENBIZIKO KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

3. artikulua. Definizioak.

1. Honela ulertzen dira "Abiapuntuko ikasketak": zer ikasketetan egin diren aitortu edo transferitu nahi diren kredituak edo irakasgaiak.

2. Honela ulertzen dira "Destinoko ikasketak": zer ikasketetarako aitortu edo transferitu nahi diren kredituak.

3. Honela ulertzen da "Kredituen aitorpena": Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko edo masterreko titulu ofizial bat lortzeko kontuan hartzen dituen kredituak onartzea, ez direnak lortu Unibertsitate honetan graduko edo masterrerako behar den ikasketa-plana eginez.

4. Honela ulertzen da "Kredituen transferentzia": espediente akademikoan eta Tituluaren Europako Gehigarrian txertatzea aurrez eginiko unibertsitate ikasketetan lortutako eta unibertsitateko titulu ofizial bat lortzeko modua eman ez duten kreditu guztiak, edozein unibertsitatetan eginak direla ere.

5. Honela ulertzen da "Kredituak aitortu eta transferitzeari buruzko ebazpena": aitorturiko eta transferituriko kredituak zein diren eta ikaslea zer irakasgaitan edo edukitan dagoen salbuetsia egiaztatzen duen dokumentua, ulertzen baita aitorturiko kredituetan lortuak dituela irakasgai horien ikaskuntzaren emaitzak.

6. Honela ulertzen da "Aitorpen automatikoa": lehenago izan dituzten kasuetarako ikastegiek egin dituzten kredituen aitortze-tauletan jasota dauden egoerak. Egoera horietan, ez da justifikatu beharko aitorpena, ezta konparazio bat egin ere abiapuntuko ikasketetako eta destinoko ikasketetako edukien eta konpetentzien artean.

Taula horiek ikastegiko dekanoaren edo zuzendariaren ebazpen baten bidez onetsiko dira, eta Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan eta dagokion ikastegiaren webgunean argitaratuko dira.

Taula horiek aldian-aldian eguneratuko dira, dagokien ikastegiak proposatuta; eguneratzeko, onesteko erabilitako prozedura bera erabiliko da, eta aurrez aipatutako bide beretan argitaratuko dira.

4. artikulua. Unibertsitateko Aitorpen eta Transferentzia Batzordea.

1. Unibertsitatean, Aitorpen eta Transferentzia Batzorde bat eratuko da, eta kide hauek izanen ditu:

a) Irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordea edo berak eskuordetutako pertsona, batzordeburu izanen dena.

b) Antolamendu akademikoaz arduratzen den arloaren zuzendaria.

c) Ikastegi bakoitzeko zuzendaritza-taldeko bi kide, zuzendaritza bakoitzak izendatuak.

d) Ikasleen bi ordezkari, Ikasleen Kontseiluak izendatuak.

e) Antolamendurako eta Kalitaterako Ataleko arduraduna.

f) Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendaria, idazkari lanak ere eginen dituena.

2. Batzordeburuak aukera izanen du kasuan kasuko tituluen arduradunak Batzordearen bileretara gonbidatzeko, bai eta Batzordearen bileretan landuko diren gaietan interesa izan dezaketen NUPeko kideak ere. Gonbidatuek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

3. Batzordeko kideak errektorearen ebazpen baten bidez izendatuko dira.

4. Aitorpen eta Transferentzia Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Ikastegietako irakasle batzordeek kredituak aitortu eta transferitzeko prozesuetan behar bezala funtzionatzen dutela zaintzea.

b) Ikastegietako irakasle batzordeak arau hauen aplikazioan koordinatzea, batetik bestera ez dadin desberdintasunik egon.

c) Kredituak aitortu eta transferitzeko prozesuetatik sortzen ahal diren zailtasunak ebaztea lehen instantzian.

d) Lehenago izandako kasuetan oinarritutako eskaerak arin ebazteko aukera ematen duten prozesuak ezarri, mantendu eta garatzea.

BIGARREN KAPITULUA.–KREDITUEN AITORPENA

5. artikulua. Aitortzekoak diren ikasketak eta jarduerak.

Hauek aitortzea eskatzen ahalko da:

a) Unibertsitateko ikasketa ofizialak (bukatuak edo bukatu gabeak): gradua, unibertsitate masterra, lizentzia, diploma, ingeniaritza edo ingeniaritza teknikoa.

b) Atzerriko unibertsitate ikasketak, aurrekoen baliokideak.

c) Unibertsitateko ikasketa ez-ofizialak (ikasketa berekiak edo prestakuntza jarraitukoak).

d) Goi mailako ikasketa ez-unibertsitarioak.

e) Lan esperientzia edo esperientzia profesionala, tituluaren berezko ikaskuntzaren emaitzekin lotua.

f) Ikasleek unibertsitateko prestakuntza osagarriko jardueretan parte hartzea, 822/2021 Errege Dekretuaren 10.9.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. artikulua. Kredituak aitortzeko irizpide orokorrak.

1. Kredituak aitortzeko, aztertu beharko da zer neurritan datozen bat ikasle eskatzaileak eginak dituen irakasgaien konpetentziak eta ezagutzak eta destinoko ikasketen ikasketa-planekoak, edo, bestela, egindakoak transbertsalak ote diren aztertu beharko da.

2. Abiapuntuko tituluan aurreko ikasketa batzuetako kredituak txertatu badira, kreditu aitortu horiek baloratuko dira destinoko tituluetan txerta daitezen, hala badagokio (eta ez aurreko ikasketak).

3. Aitortzeko oinarrizko unitatea irakasgaia izanen da, baina aitortzen ahalko dira abiapuntuko tituluko eduki eta moduluak ere. Edonola ere, ziurtatu beharrekoa da ikasleak ongi bereganatzen dituela ikasketa-planeko ikaskuntzaren emaitzak.

4. Unibertsitateak prozesu horien jarduketak homogeneoak izan daitezela sustatuko du, kontuan hartuta fakultate eta eskola bakoitzak nolabaiteko malgutasuna behar duela.

7. artikulua. Kredituak aitortzearen mugak.

1. Ez dira aitortuko curriculum konpentsazioko prozesuen bidez gainditutako irakasgaietan lorturiko kredituak, hala nola "konpentsazioaren bidez gainditzea" eta prozedura baliokideen bidezkoak.

2. Unibertsitate masterreko tituluetarako ez dira aitortuko graduko ikasketetako kredituak (salbu eta titulua MECES 3. mailakoa bada), ez eta diplomakoak, arkitektura teknikokoak eta ingeniaritza teknikokoak ere.

3. Ez dira aitortuko gradu eta master amaierako lanei dagozkien kredituak, salbu eta mugikortasun programa batean berariaz eginak badira.

8. artikulua. Kredituak aitortzearen ondorioak.

Aitorturiko kredituak ondorio guztietarako hartuko dira gainditutzat, eta ez dira berriz ebaluatzen ahalko. Aitortu gabeko kredituei dagozkien irakasgaiak bakarrik egin beharko dituzte ikasleek, harik eta titulua gainditzeko behar den kredituen kopurua lortu arte.

9. artikulua. Kredituak aitortzea Espainiako edo atzerriko unibertsitate ikasketa ofizial batetik bestera.

1. Abiapuntuko tituluan gaindituriko kreditu guztiak aitortzen ahalko dira baldin eta, aurkeztutako ikasketak ebaluatu ondoren, ikasleak lortu dituen ikaskuntzaren emaitzak bat baldin badatoz destinoko tituluaren emaitzekin.

2. Oinarrizko prestakuntzako kredituak graduko ikasketa ofizialetan aitortzeko, agindu hauei jarraituko zaie:

a) Abiapuntuko eta destinoko tituluak jakintza-arlo berari baldin badaude atxikiak, oinarrizko prestakuntzako kredituak irizpide hauen arabera aitortuko dira:

1. Destinoko tituluan aitortzekoak izanen dira abiapuntuko tituluan gaindituriko oinarrizko prestakuntzako kreditu guztiak; edonola ere, ziurtatu beharko da ikasleak bereganatuak dituela destinoko tituluaren ikasketa-planeko ikaskuntzaren emaitzak.

2. Abiapuntuko tituluan gaindituriko oinarrizko prestakuntzako kredituen kopurua handiagoa bada destinoko tituluan ezarriak dauden oinarrizko prestakuntzako kredituen kopurua baino, aukera egonen da sobera dauden kredituak nahitaezko edo aukerako kreditu moduan aitortzeko.

3. Araututako lanbide batean aritzeko gaitzen duen graduko titulu bat bada, aurrekoaz gain, behar den estatu-arau edo -xedapenak ezarritakoa betetzen dela ziurtatu behar da.

b) Tituluak jakintza-arlo bati baino gehiagori atxikiak baldin badaude, aukera egonen da abiapuntuko tituluko oinarrizko prestakuntzako kredituak oinarrizko, nahitaezko edo aukerako irakasgaien bidez aitortzeko baldin eta koherentzia akademiko eta prestakuntzakoa badago aitortu nahi diren edukiak edo irakasgaiak definitzen dituzten ezagutzen, konpetentzien eta trebetasunen eta destinoko tituluaren ikasketa-planekoen artean.

3. Arau hauen ondorioetarako, jakintza-arloak, haiek jakintza-adar bakoitzean osatzen dituzten taldeak eta talde horien oinarrizko edukiak Gobernu Kontseiluaren 2022ko ekainaren 7ko erabaki baten I. eranskinean onetsitakoak dira –erabaki horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa-planak diseinatzeko eta haien egiaztapen memoriak prestatu eta aldatzeko arauak onesten ditu–.

4. Graduko eta masterreko tituluetako gainerako kredituak aitortzeko, beharrezkoa izanen da koherentzia akademiko eta prestakuntzakoa egotea aitortu nahi diren edukiak edo irakasgaiak definitzen dituzten ezagutzen, konpetentzien eta trebetasunen eta destinoko tituluaren ikasketa-planekoen artean.

5. Masterreko ikasketa ofizialetan, aukera egonen da lizentziako, ingeniaritzako eta arkitekturako ikasketetako bigarren zikloko ikasketak kreditu bidez aitortzeko.

10. artikulua. Unibertsitateko ikasketa ez-ofizialak aitortzea.

1. Unibertsitateko ikasketa berekietan edo prestakuntza jarraituko ikasketetan egin eta gainditu diren kredituak aitortzekoak izanen dira baldin eta 6.1 artikuluan ezarritako irizpideak betetzen badituzte.

2. Kontzeptu honetan aitortutako kredituen eta esperientzia profesionalagatik edo lan esperientziagatik ematen direnen batura ezin izanen da izan destinoko ikasketa-planeko kreditu kopuru totalaren %15 baino handiagoa. Ehuneko hori altuagoa izaten ahalko da (kredituen kopuru osoa) baldin eta titulu ez-ofizial hori dagoeneko ez bada ematen eta bertan behera utzi eta unibertsitateko titulu ofizial berri batekin ordezkatzen badute. Hori gertatuko balitz, kalitatearen barne bermerako sistemek zainduko dute prozedura horren egokitasun akademikoa.

11. artikulua. Goi mailako ikasketa ez-unibertsitarioak aitortzea.

1. Goi mailako ikasketa ez-unibertsitariotzat jotzen dira hauek:

a) Ikasketa artistikoetako graduko tituluak (musika eta dantza).

b) Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren tituluak.

c) Goi mailako kirol teknikariaren tituluak.

d) Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikariaren tituluak.

2. Aurreko puntuaren a) apartatuan aipatzen diren graduko ikasketak aitortzeko, 9.1 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3.b), c) eta d) apartatuetan jasota dagoen kredituen aitorpenerako, titulu ofizial bat izan beharko du ikasleak, eta, gaindituriko irakasgaiak aitortzeko, beharrezkoa izanen da ikasketak bukatuak izatea.

4. 1. puntuko b), c) eta d) apartatuek erreferentzia egiten dieten graduko ikasketak aitortzeko, akordio bat sinatu beharko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, eta, hartan, harreman zuzenak ezarri beharko dira NUPek ematen dituen graduko unibertsitate tituluen eta Nafarroan ematen diren Lanbide Heziketako goi mailako tituluen artean.

5. Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, akordioaren taula batean Lanbide Heziketako goi mailako gradu guztiak unibertsitateko graduekin parekatuta adierazi beharko dira, eta, besteak beste, datu hauek aipatuko dira: familia profesionala, goi mailako prestakuntza-zikloa, noiz onetsi eta argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta zer tipologiatakoak diren unibertsitateko graduko ECTS aitortuak. Ondorio horietarako, I. eranskinaren A apartatuan ezarritako taula proposatzen da eredu gisara.

6. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, kontuan hartuta zer kreditu aitortzen diren prestakuntza-ziklo eta unibertsitate gradu bakoitzerako, "irakasgai ez-matrikulagarriak" izeneko taula bat eginen du. Taula hori webgunean argitaratuko da, ikasleek ikus dezaten. Ondorio horietarako, I. eranskineko B apartatuan ezarritako taula proposatzen da eredu gisara.

7. Eskatutako aitorpena ez bada akordioan sartzen titulu berria delako –unibertsitateko gradua edo Lanbide Heziketakoa– edo Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egina delako, unibertsitateko graduaren ikastegi arduradunak aztertu eta ebatzi beharko du, 6.1 artikuluaren irizpideei jarraikiz. Ikastegiak Aitorpen eta Transferentzia Batzordeari eskatuko dio akordioaren hurrengo eguneraketan sar dezala aitorpen hori.

8. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak sinaturiko akordio horretan jasoak dauden goi mailako ikasketa ez-unibertsitarioen aitorpenaren bidez, graduko titulu ofizial baten kreditu karga osoaren ehuneko 25 aitortzen ahalko da gehienez ere.

12. artikulua. Lan esperientzia edo esperientzia profesionala aitortzea.

1. Lan esperientzia edo esperientzia profesionala aitortzen ahalko da, behar bezala egiaztatua betiere. Horretarako, beharrezkoa da frogatzea esperientzia horrek lotura estua duela unibertsitateko titulu ofizialaren berezko ezagutza, konpetentzia eta trebetasunekin, titulua egiaztatzeko memorietan ezarritakoari jarraikiz.

2. Kontzeptu honengatik aitortutako kredituen eta unibertsitateko ikasketa ez-ofizialengatik aitortzen direnen batura –arau hauen 10. artikuluan arautzen dira ikasketa mota horiek– ezin izanen da izan destinoko ikasketen ikasketa-planeko kreditu kopuru totalaren %15 baino handiagoa.

13. artikulua. Prestakuntza osagarriko jarduerak aitortzea.

1. Prestakuntza osagarriko jarduera unibertsitarioetan parte hartzeagatik kredituak aitortzeko, 822/2021 Errege Dekretuaren 10.9.c) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, Gobernu Kontseiluaren 2023ko apirilaren 25eko bileran hartutako erabaki bati jarraituko zaio –erabaki horren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketetan prestakuntza osagarriko unibertsitate jarduerengatik kredituak aitortzen dituen araudia onesten da–.

2. Edonola ere, aitorturiko kreditu horiek ikasketa-planeko kreditu guztien %10 izanen dira gehienez.

HIRUGARREN KAPITULUA.–KREDITUEN TRANSFERENTZIA

14. artikulua. Kredituen transferentziaren kontzeptua.

1. Hau esan nahi du: aurretiaz Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo beste unibertsitateren batean egindako ikasketa ofizialetan lortutako kreditu guztiak oraingo graduko edo unibertsitate masterreko espediente akademikoan sartzea, betiere aurretiazko ikasketa horiek ez badute unibertsitateko titulu ofizialik lortzeko bidea eman eta ez badira lehenago aitortuak izan.

2. Transferituriko kredituek ez dute balioko destinoko titulua gainditzeko.

LAUGARREN KAPITULUA.–PROZEDURA ADMINISTRATIBOA

15. artikulua. Eskaera egiteko prozedura.

1. Kredituak aitortzeko eta transferitzeko prozeduraren epeak irakaskuntza-gaietan eskumena duen errektoreordetzak emandako ebazpenean ezarriak daudenak izanen dira. Ebazpen hori, hain zuzen, urtero ematen da, eta haren bidez onesten da egutegi administratiboa.

2. Prozedura hori interesdunaren eskaerarekin abiaraziko da; interesdunak, eskaerarekin batera, aitorpen mota bakoitzak eskatzen dituen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, bai eta behar diren prezio publikoak ordaindu izanaren ordainagiria ere.

3. Graduko eta masterreko ikasketa ofizialetan matrikulaturikoek soilik egiten ahalko dute kredituak aitortzeko eskaera, edo ikasketa horietara sartzeko aitorpen hori behar dutenek, izan ikasketaz eta/edo unibertsitatez aldatu direlako, atzerriko unibertsitateko ikasketak baliokidetu nahi dituztelako edo ikasketak gradura egokitzeko ikastaroak egin dituztelako.

4. 2024ko ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuaren 44. eta 45. artikuluetan, graduko ikasketetan hasteko zenbait bide jasotzen dira, eta kasu horietan, ikasleen eskaerak arautzeko, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoan indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen epe eta tramiteak erabiliko dira. Errege dekretu horrek, hain zuzen, graduko ikasketa unibertsitario ofizialetarako sarbidea arautzen du, bai eta sarbide probaren oinarrizko ezaugarriak eta onarpen prozeduren araudia ere; eta aipatu artikuluek, hurrenez hurren, Espainiako beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleei eta atzerriko ikasketa ez-homologatuak dituztenei eragiten diete, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan tituluz aldatu nahi dutenei ere.

Hori guztia gorabehera, zilegi da, ondoren, beste aitorpen batzuk eskatu eta lortzea, bat etorriz arau hauen 16.5 artikuluan xedatutakoarekin.

16. artikulua. Ebazpenaren prozedura.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan ezarritakoari jarraikiz, ikastegiei dagokie kredituak aitortu eta transferitzeko espedienteen tramitazioa eta ebazpena. Destinoko titulua zer ikastegiri dagoen atxikia, haren zuzendaritzak ebatzi beharko du aitorpen eskaera, betiere II. eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz, eta ikasleari eta Graduko Ikasketen Atalari edo Graduondoko Ikasketen Atalari jakinaraziko zaio, hark tramitatu dezan matrikula, eta, beharrezkoa bada, baita aldatu ere.

2. Hauek jaso behar ditu kredituen aitorpenari buruzko ebazpenak:

a) Ikasle bakoitzaren identifikazioa, bai eta zer sistemaren bidez sartu den unibertsitatera.

b) Destinoko tituluaren zer modulu, eduki edo irakasgaitarako eskatu duen aitorpena, eta, hala badagokio, zenbat krediturena.

c) Ikasleak abiapuntuko tituluan gainditu dituen modulu, eduki edo irakasgaiak (titulua eta unibertsitatea edo Lanbide Heziketako ikastetxea identifikatuta); edo lan esperientzia edo esperientzia profesional egiaztatua.

d) Ebazpenaren bidez zer erabaki den: eskaera onartu edo ukatzea.

e) Ebazpenak eskaera ukatzen badu, arrazoiak esplizituki azaldu beharko dira.

3. Ikastegi bakoitzera zuzendutako eskaerak ebazteko, lehentasuna izanen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketetara sartzearren kredituen aitorpena ezinbestean egin behar duten horiek. Ondorioz, lehentasuna emanen zaie eskaera hauei: ikasketak eta/edo unibertsitatea aldatzekoak, atzerriko ikasketak baliokidetzekoak eta ikasketak gradura egokitzeko ikastaroetakoak.

4. 3.6 artikuluan jasoa dagoen aitorpen automatikoa erabiliko da ikasketa hauen aitorpen eskaeretan: aurreko kasu batzuetan oinarrituta aitorpen taula batzuk ezarriak dituzten unibertsitateko ikasketak, Espainiakoak zein atzerrikoak; eta Nafarroako Gobernuarekiko hitzarmena duten goi mailako ikasketa ez-unibertsitarioak.

5. Kredituak aitortu eta transferitzeari buruzko ebazpena dekanoak edo ikastegiko zuzendariak emanen du; horretarako, ikasle bakoitzaren abiapuntuko ikasketen espediente osoa hartuko du kontuan, eta ez da posible izanen ebazpen partzialik. Ikaslearen dokumentazioa behar bezala ez badago, ikasleari eskatzen ahalko dio zuzentzeko. Gerora hasierako eskaera aldatzen duen dokumentazio berria aurkezten badu ikasleak, eskaera berri bat balitz bezala tramitatuko da, betiere aldez aurretik ordainduak baditu aitorpen eskaera horri dagozkion prezio publikoak.

6. Kredituak aitortu eta transferitzeari buruzko ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen, eta, haren aurka, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hura jakinarazten denetik hilabeteko epean gehienez ere.

17. artikulua. Uko egitea.

1. Kredituak aitortu eta transferitzeari buruzko ebazpena ikasleari jakinarazi ondoren, hark hilabeteko epea izanen du ikastegiak aitorturiko kredituei uko egiteko. Ebazpenean adieraziko da zein den epe hori.

2. Aurreko epe hori edozein dela ere, kreditu aitortuak ordaindu eta espedientean txertatu ondoren, ikasleak ezin izanen die uko egin.

3. Hilabeteko epe hori luzatzen ahalko da soilik baldin eta kredituen aitorpenari uko ez egiteak bekadun egoera galtzea badakar berekin.

18. artikulua. Prezio publikoak.

1. Kredituen aitorpenari eta transferentziari buruzko ebazpena emateko, beharrezkoa izanen da ikasleak aldez aurretik ordainduak izatea Foru Administrazioaren xedapen edo arauan ezarritako prezio publikoak, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu akademikoak emateagatik eta titulu ofizialak lortzeko gainerako eskubideengatik ezartzen diren prezioak zehazten dituen xedapen edo araukoak.

2. Aitorturiko edo transferituriko kreditu horiek espedientean sartzeko, Foru Administrazioak ikasturte bakoitzerako eman duen xedapenak edo arauak ezartzen dituen prezio publikoak ordaindu beharko ditu ikasleak.

19. artikulua. Aitortutako kredituak espediente akademikoan txertatzea.

1. Unibertsitateko ikasketa ofizialen edo ikasketa ez-unibertsitarioen kredituak ikasle bakoitzaren espedientean jasoak geldituko dira, datu hauekin: literala, tipologia, kreditu kopurua eta abiapuntuko tituluan lortutako kalifikazioa, bai eta titulu hori lortu zen unibertsitatearen edo erakundearen izena ere.

2. Abiapuntuko kalifikazioak atzerriko hezkuntza-sistemaren batekoak badira, ebazpenean haien kalifikazioa 1125/2003 Errege Dekretuan jasoa dagoenari jarraikiz adieraziko da –1125/2003 Errege Dekretua, 2003ko irailaren 5ekoa, Kredituen Europar Sistema eta Lurralde Nazional Osoan Ofizialak eta Baliodunak diren Unibertsitateko Titulazioetako Kalifikazio Sistema ezartzen dituena–.

3. Ikasleak aurkeztutako abiapuntuko tituluaren unitate egiaztagarriaren osotasunaren gainean ebatzi beharko da aitorpena. Era berean, ez da posible izanen irakasgai bat partzialki aitortzea destinoko tituluan.

4. Aitortutako kredituetan "Ohorezko Matrikula" aipamena ageri bada, abiapuntuko ikasketetako zenbakizko kalifikazioa jarriko da.

5. Aitortutako kredituak abiapuntuko ikasketetako irakasgai multzo bati badagozkio, espediente akademikoan hau adieraziko da: abiapuntuko ikasketetako irakasgai guztietan lortutako kalifikazioen batezbesteko ponderatuaren ondoriozko kalifikazioa.

6. Lan esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik edo unibertsitateko ikasketa ez-ofizialengatik aitortutako kredituek ez dute zenbakizko kalifikaziorik izanen, eta ez dira zenbatuko baremazioetarako.

7. Aitorpena ebatzi ondoren, ikasleak salbuetsiak dituen kredituen kopurua eta destinoko tituluan egin eta gainditutako kredituen kopurua gehituta, titulua lortzeko behar den kreditu kopurua lortu beharko da gutxienez.

20. artikulua. Ziurtagiriak.

1. Ikaslearen ikasketa-espedientean sartu eta ziurtagiri akademiko pertsonaletan eta Tituluaren Europako Gehigarrian erantsiko dira hauek guztiak: edozein unibertsitatetako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak, kreditu transferituak, kreditu aitortuak eta dagokion titulua lortzeko gainditu diren guztiak.

2. Kreditu transferituak bereizketa tipografiko batekin ziurtatuko dira, titulu ofiziala lortzera bideratutako kredituetatik bereizteko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Araudia garatzeko baimena.

Irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzari baimena ematen zaio arau hauek garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko. Erabaki horiek Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Bigarrena.–Ikasleen eskaerak.

Arau hauen aplikazio eremuan ikasleek aurkezten dituzten eskaerak, baldin eta eperik ezarri ez bada haientzat, aurkezten diren egunaren biharamunetik hasita gehienez ere 30 egun naturaleko epean ebatziko dira. Edonola ere, eskaerak ebazteko ezartzen den epe hori edo beste edozein igarotzen bada ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat hartuko da.

Hirugarrena.–Aitorpen eta Transferentzia Batzordea.

Arau hauek indarrean edozein unetan sartzen direla ere, Aitorpen eta Transferentzia Batzordea eratuko da, 4. artikuluan ezarritako osaera berriarekin, artikulu honetan ezarritako eskumenak balia ditzan arau hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.–ARAUAK INDARGABETZEA

Arau hauek indarrean sartzen diren egunetik aurrera, indargabetua gelditzen da kredituen aitorpenari eta transferentziari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren araudia, Gobernu Kontseiluak 2008ko urriaren 24an onetsia eta 2010eko azaroaren 11ko eta 2013ko martxoaren 12ko eta ekainaren 6ko erabaki batzuen bidez aldatua.

Indarrik gabe gelditzen dira erabaki honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Eskumenen titulua.

Arau hauek lege hauen babesean eman dira: 2/2023 Lege Organikoaren 46. artikulua –2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa– eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b artikulua –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70. zk., 2011ko apirilaren 11koa)–; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloan aplikatzeko prozedurak onestea.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Arau hauek 2025-2026 ikasturtetik aurrera sartuko dira indarrean.

I. ERANSKINA.–A APARTATUA: KREDITUAK AITORTZEKO EREDU TAULAK: GOI MAILAKO IKASKETA EZ-UNIBERTSITARIOAK (LANBIDE HEZIKETA)

Familia profesionala: ........................................................................................................................

FAMILIA PROFESIONALA

GOI MAILAKO HEZIKETA-ZIKLOA

...................... Foru Dekretua (.......... NAOa. ..............e)ko .....................aren ...........(a))

NUPeko GRADUA

Oinarrizko irakasgaietako ECTSak

Nahitaezko irakasgaietako ECTSak

Praktiketako ECTSak

Aukerako irakasgaietako ECTSak

ECTSak guztira

Gradua:

Gradua:

....

B APARTATUA: KREDITUAK AITORTZEKO EREDU TAULAK: IRAKASGAI EZ-MATRIKULAGARRIAK

Familia profesionala

Abiapuntuko ikasketak

Argitalpena

Destinoko ikasketak

Aitorpena

Irakasgai ez-matrikulagarria

MOTA

ECTSak

Kodea

Irakasgaia

...

ECTS KOPURUA GUZTIRA

Oinarrizkoak

Nahitaezkoak

Aukerakoak

Praktikak

ECTSak
guztira

II. ERANSKINA.–KREDITUAK AITORTU ETA TRANSFERITZEARI BURUZKO EBAZPENAREN EREDUA

....../............ Ebazpena, .............(e)ko .........................aren .......(e)koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ................................................................... Fakultateko/Eskolako dekanoak/zuzendariak emana, kredituak aitortzeko eta transferitzeko eskaera hau ebazten duena:

IKASLEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK

Izen-abizenak

NANa/Pasaportea

IIZa

NUP-EKO IKASKETAK

PLANAREN KODEA

TITULUA

SARBIDE SISTEMA

Hauetakoren bat adierazi behar da hemen: "Aurreinskripzioa", "Ikasketa eta/edo unibertsitate aldaketa", "Atzerriko ikasketak baliokidetzea" edo "Ikasketak gradura egokitzeko ikastaroak"

Ikusirik interesdunak egindako eskaera eta aurkeztu dituen gainerako dokumentuak.

Ikusirik Gobernu Kontseiluaren 2014ko urriaren 14ko erabakiaren 3.h) artikulua –Nafarroako Unibertsitate Publikoko .................................................................. Fakultatearen/Eskolaren barne araudiaren erregelamendua onesten du–, zeinak adierazten baitu hari dagokiola kredituak aitortu eta transferitzeko espedienteak tramitatu eta ebaztea.

Dekanoak/zuzendariak, 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan, .................(e)ko ..........................aren ........(e)ko Gobernu Kontseiluaren erabakian eta kredituak aitortzeari eta transferitzeari buruzko gainerako arau indardunetan xedatutakoa ikusirik,

EBATZI DU:

Lehenbizikoa.–Interesdunari kreditu hauek aitortzea:

1. taula unibertsitateko ikasketetarako; 2. taula Lanbide Heziketako ikasketetarako.

Bigarrena (beharrezkoa bada): interesdunari ez onartzea kreditu hauek (erabakia argudiatuz).

Hirugarrena.–Ebazpen honek ikasleari jakinarazi eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorio administratiboak.

Laugarrena.–Interesdunak hilabeteko epea izanen du, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, kredituak aitortu eta transferitzeko ebazpenari uko egiteko (haren zati bati edo osoari). Epe horretan kredituak aitortzeko ordaindu behar diren prezio publikoak ordaintzen baditu eta kredituak espedientean sartzen badira, uko egitea ezetsi eginen da.

Bosgarrena.–Ebazpen hau interesdunari jakinaraztea, eta Graduko Ikasketen Atalari edo Graduondoko Ikasketen Atalari jakinaraztea (zein den kasua); atal hori harremanetan jarriko da interesdunarekin, beharrezkoa bada, behar den matrikula aldatzeko epea ezartzearren.

Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, .................(e)ko .................................aren .........(e)(a)n.

Stua. ....................................., ........................................... Fakultateko dekanoa / Eskolako zuzendaria.

1 TAULA.–UNIBERTSITATEKO IKASKETEN AITORPENA

ABIAPUNTUKO TITULUA

DESTINOKO TITULUA

UNIBERTSITATEA

UNIBERTSITATEA

TITULUA

TITULUA

GAINDITUTAKO IRAKASGAIAK

AITORPENA

IRAKASGAI EZ-MATRIKULAGARRIAK

Irakasgaia

ECTSak

Prestakuntza

ECTSak

Kodea

Irakasgaia

2 TAULA.–LANBIDE HEZIKETAKO IKASKETEN AITORPENA

ABIAPUNTUKO TITULUA

IKASTEGIA

FAMILIA PROFESIONALA

Goi. Mail. Prest. Zikl.

BATEZ BESTEKO NOTA

DESTINOKO TITULUA

PLANA

GRADUA

AITORPENA

IRAKASGAI EZ-MATRIKULAGARRIAK

ECTSak

TIPOLOGIA

KODEA

IRAKASGAIA

AITORTUTAKO KREDITUAK GUZTIRA

Iragarkiaren kodea: F2501548