28. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19E/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Leitzako udal mugartean paperaren deribatuak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Torraspapel SA da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 880/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 130E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta honako ebazpen hauen bidez aldatua: Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 17ko 416E/2015 Ebazpena eta irailaren 13ko 233E/2017 Ebazpena, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 7ko 304E/2017 Ebazpena eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 1eko 255E/2023 Ebazpena.

2024ko urriaren 28an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste bi hondakin mota sartzeko, 150101 EHZ eta 150103 EHZ kodeak dituztenak (paperezko eta kartoizko ontziak eta zurezko ontziak, hurrenez hurren).

Gainera, eskatu zuen instalazioa hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa sartzeko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan, era horretako hondakinen 1.000 t/urte baino gehiago sortzen direlako.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla ulertzen da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Leitzako udal mugartean paperaren deribatuak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Torraspapel SA da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa, 15P03149014432024 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Torraspapel SAri eta Leitzako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2500532