28. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5E/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Lakuntzako udal mugartean burdinurtu astun, gris eta nodularra lantzen duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa. Instalazioaren titularrak Sakana sozietate kooperatiboa eta Goilak SL dira.

Egun abian dagoen instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 2491/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 181E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Instalazio hori sartuta dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 2.4 epigrafean (Metal ferrosoen galdategiak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak).

2023ko ekainaren 2an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, zeinak helburu baitu jarduerak eta nabeak bateratzea. 2023ko abenduaren 21ean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aldaketa hori funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Aldaketa funtsezko horrek ekarriko du baimen beraren barnean sartzea elkarren ondoan dauden bi jardueraren instalazioak. Jarduera horiek, orain arte, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen I. eranskinean sartuak zeuden eta haien titularrak Goilak SL eta Lakber Mecanizados SL ziren (azken hori Sakana sozietate kooperatiboak xurgatu du); haien ingurumen baimen bateratuak ebazpen honen bidez azkenduko dira.

Instalazioaren titularrak diren aldetik, bakoitza zati batena bada ere, Sakana sozietate kooperatiboak eta Goilak SLk erantzukizun solidarioa izanen dute instalazio osoaren ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak betetzearen aurrean eta hango funtzionamenduak izan ditzakeen ondorioen aurrean.

Espedientea izapidetu da bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoarekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen III. eranskinean zerrenda bat dago, aurkeztutako alegazioak eta haiei emandako erantzunak jasotzen dituena.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimentzea Lakuntzako udal mugartean burdinurtu astun, gris eta nodularra lantzen duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa, zeinak helburu baitu instalazioko jarduerak eta nabeak bateratzeko aldaketa-proiektua gauzatzea; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularrak Sakana sozietate kooperatiboa eta Goilak SL dira.

Bigarrena.–Instalazioaren titularrak diren aldetik, bakoitza zati batena bada ere, Sakana sozietate kooperatiboak eta Goilak SLk erantzukizun solidarioa izanen dute instalazio osoaren ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak betetzearen aurrean eta hango funtzionamenduak izan ditzakeen ondorioen aurrean.

Hirugarrena.–Azkentzea Goilak SLk Lakuntzako udal mugartean duen pieza metalikoen gainazalak tratatzeko instalazioaren ingurumen baimen bateratua, eta ezabatzea zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile gisa duen inskripzioa (15P01138033962014 zenbakia) eta Atmosferarako Isurien Erregistroan duen inskripzioa (15AEA201002822016 zenbakia).

Laugarrena.–Azkentzea Lakber Mecanizados SLk Lakuntzako udal mugartean duen pieza metalikoak mekanizatzeko instalazioaren ingurumen baimen bateratua, eta ezabatzea zentroak hondakin arriskutsuen sortzaile gisa duen inskripzioa (15P02027090142016 zenbakia).

Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat etorriz (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Zazpigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoituta adierazi beharko du aldaketa funtsezkotzat jotzen duen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zortzigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Sakana sozietate kooperatiboari eta Goilak SLri, Lakber Mecanizados SLri, Lakuntzako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSAri eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2500580