Iragarkia
27. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERA
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Zuzenbideko lizentziadun lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa
Alkatetzaren abenduaren 20ko 4273/2024 Ebazpenaren bitartez, onetsi ziren Zuzenbideko lizentziadun lanpostu bat betetzeko deialdia eta oinarriak.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK
Oposizio-lehiaketa hau eginen da honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia); estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera erregelamendua; gainerako aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udalaren zerbitzuko Zuzenbideko lizentziadun lanpostu bat, plantillan hutsik dagoena, oposizio-lehiaketa bidez betetzea; lanpostua A mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa da, eta lanaldi osoan aritzekoa. Lanpostua Tuterako Udalaren 2021eko lan publikoaren eskaintzan dago (2022ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 13an).
1.2. Deialdi honen bidez betetzekoa den lanpostu hutsak 0512A05301 kodea du plantilla organikoan, eta atxikia dago Tuterako Udaleko Aholkularitza Juridikoaren eta udaleko legelarien administrazio-unitateari. Lanpostua txanda irekiari dagokio, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren 15.3 artikuluan ezarritako formularen arabera (testu bategina abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
1.3. Era berean eta 11. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da Zuzenbideko lizentziadun lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, probak gainditu baina hautapen-prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.
1.4. Deialdiaren xedeko lanpostua betetzen duenak bere gain hartuko ditu legelari bati dagozkion berezko zereginak, hala nola aholkularitza juridikoa ematea, txostenak eta bestelako irizpenak idaztea eta bere eskumenen esparruaren barneko bestelako lanak.
1.5. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena nomina eta plantillako funtzionario izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta kidetuko da.
1.6. Lanpostuak A mailako ordainsariak izanen ditu, maila horretarako honako arau hauetan oro har ezarritakoaren araberakoak: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena; uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onesten duena; eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Erabakia. Horrez gain, ordainsari osagarriak jaso ahalko ditu, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.
1.7. Lan eta enplegu baldintzei dagokienez, oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, eta udal honi dagokionez, men eginen zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den akordioari.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
1.8. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Zuzenbideko lizentzia edo gradua edo haien baliokidea den beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (azkeneko hori frogagiri bidez justifikatuko da).
Atzerrian lortutako unibertsitateko tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.
D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
E) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.
2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.3. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiak baldintza horiek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen-prozedura osoan mantendu ere, izendatua izan arte.
Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es). Horretarako, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean sartu beharko da, deialdi bakoitzaren aipamenean, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.
3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin; eredu hori egonen da deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.
3.3. Izangaiek eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, eta, horretaz gain, deialdiko baremoan ezarritakoaren arabera alegatu nahi dituzten merezimenduen frogagirien kopia arruntak. Izangaiek behar bezala ordenaturik alegatuko eta frogatuko dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (II. eranskina). Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik.
3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Ordezko epaimahaiburua: Laura Casanova Sainz-Aja, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.
Ordezko epaimahaikidea: José Luis Zardoya Molinos, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko aholkulari juridikoa.
Epaimahaikidea: Asun Nieto Zabala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari juridikoa.
Ordezko epaimahaikidea: Berta Enrique Cornago, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkari nagusia.
Epaimahaikidea: Mikel Ziordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: María Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.
Epaimahaikide idazkaria: Íñigo Torrents Lizar, Tuterako Udaleko Zuzenbideko lizentziaduna.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.
6.1. Oposizioa irailean hasiko da, gutxi gorabehera, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen-prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkien bidez emanen du aditzera gainerako probak noiz eginen diren. Iragarkiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
7.–Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
7.3. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak alegatu eta frogatu diren merezimenduak. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 25 puntu gehienez.
B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 15 puntu gehienez.
7.4. Epaimahaiak merezimenduak baloratutakoan, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du balorazioa (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipuan, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioa zehaztuta.
8.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 80 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek 120 minutu izanen dituzte gehienez.
–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdi honen III. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko zenbait kasu praktiko ebatzi beharko dira. Kalifikazio-epaimahaiak adieraziko du zenbat denbora izanen duten izangaiek, gehienez, ariketa egiteko.
–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz egingo da.
8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 140 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
Lehen ariketa: 40 puntu gehienez.
Bigarren ariketa: 80 puntu gehienez.
Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.
8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
8.4. Lehen eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.
8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du (ariketa egin den tokian eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan –sede.tudela.es–, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean) gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, azalduko ditu oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.
8.6. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
8.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
8.8. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko. Orobat, epaimahaiak zehaztuko du zer material behar den probak egiteko, eta behar den denboraz iragarriko du Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
8.9. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa lortzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak.
9.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.
9.1. Azkeneko ariketa kalifikatutakoan, epaimahaiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazio-ordenaren arabera, eta alkate udalburuari igorriko dio izendapen proposamena, probak gainditu eta deialdiaren xedeko lanpostuan sartzen den izangaiaren alde. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, lehen eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenkera horretan. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean:
1.–Nortasun agiri nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.
2.–Eskatzen den titulu akademikoaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarenak.
3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
4.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.
5.–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Baldin eta izangaia Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), aurrekoez gain, aurkeztu beharko du ziurtagiri bat, zeinak frogatzen baititu aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar).
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da funtzionario izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Hautapen-prozesua bukaturik eta izendatua izateko proposatutako izangaiak 9.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak aurkezturik, alkate udalburuak behar den izangaia Tuterako Udaleko funtzionario izendatuko du, Zuzenbideko lizentziadunaren lanpostua bete dezan.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.3 eta 9.4 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendak.
11.1. Izangaien zerrenda bat prestatuko da, aldi baterako kontrataziorako, probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, eta deialdi honen 1.3 oinarriari.
11.2. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da hauetan xedatutakoari jarraikiz: Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bertan onartu baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak; edo irizpideak aldatuz gero, horiek ordezkatzen dituztenak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A atala.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
–Administrazio publikoetan, xede den lanpostuaren antzeko eginkizuneko lanpostuetan, A mailan, emandako zerbitzuak, baldin lanposturako nahitaezkoa bazen Zuzenbideko lizentzia titulua izatea: 2 puntu urteko.
–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez diren A mailako beste lanpostu batzuetan edo B mailakoetan: 1 puntu urteko.
–Administrazio publikoetan, C, D edo E mailako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,5 puntu urteko.
Oharrak A atalerako:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, emanen da proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. A atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntu izanen da.
B atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak.
1. Prestakuntza akademikoa eta etengabea.
–Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den beste batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.
–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu). Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 10 puntukoa izanen da.
Oharrak B.1 azpiatalerako. (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
4. Atal honetan baloratutako prestakuntza ekintza bakoitzaren puntuazioa 2 puntukoa izanen da gehienez.
5. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek antolatutakoak, administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean.
6. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez. Kalifikazio epaimahaiak baloratuko du, kontuan hartuta lana edo jarduera bakarrik edo taldeka egin den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.
3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea edo horrelakoak antolatzea: puntu 1 gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.
Oharrak B) atal osorako:
1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.
2. B atalaren puntuazioa ez da 15 puntutik gorakoa izanen.
Tuteran, 2025eko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.
2.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.
3.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
4.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
5.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa.
6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
7.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.
8.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.
9.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
10.–5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
11.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
12.–37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa.
13.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.
14.–320/1994 Errege Dekretua, otsailaren 25ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioa eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onesten duena.
15.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.
16.–13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa.
17.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, hizpide dituena Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa eta Katastroak.
18.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
19.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.
20.–13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa.
21.–1/2002 Foru Legea, martxoaren 7koa, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzkoa.
22.–17/2003 Foru Legea, martxoaren 7koa, Nafarroako Landa Garapenari buruzkoa.
23.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa.
24.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak.
25. gaia.–4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzkoa.
26.–10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa.
27.–14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa.
28.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
29.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.
30.–19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.
31.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
32.–7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
33.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena.
34.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
35.–279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako toki entitateen erabakiak eta egintzak inpugnatzearen alorretan 6/1990 Foru Legea garatzen duena.
36.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.
37.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
38.–27/2002 Foru Legea, urriaren 28koa, Toki esparruko herri kontsultak arautzen dituena.
39.–7/2023 Legea, martxoaren 28koa, animalien eskubideak eta ongizatea babestekoa.
40.–19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa.
41.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.
Oharra: Gai guztiak baloratuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.
Iragarkiaren kodea: L2500657
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
