1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urtarrilaren 22an hartua, deklaratzen duena presakoa dela "Lizoainibar-Arriasgoitiko udal mugartean Pirinioen hegoaldeko isurialdeko bide naturala (Iratiko trenaren tartea) berreskuratzeko proiektuaren moldaketa" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
2024ko otsailaren 28ko osoko bilkuran, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak erabaki zuen "Lizoainibar-Arriasgoitiko udal mugartean Pirinioen hegoaldeko isurialdeko bide naturala (Iratiko trenaren tartea) berreskuratzeko proiektuaren moldaketa" izeneko proiektua onestea, proiektuaren onura publikoa aitortzea eta deklaratzea, baita proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra ere, proiektua onesteak berekin baitakar, eta, orobat, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onetsi eta jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez (erabakia 2024ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 25ekoan).
Jendaurreko aldia iraganda eta aurkeztutako alegazioei erantzun ondoren, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak, 2024ko abuztuaren 28an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatu proiektuaren moldaketa, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera –onespen horrek berekin dakar onura publikoa deklaratzea eta okupatu beharra–. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.
Espedientearen barnean ziurtagiri bat dago, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Landa Garapen, Berrikuntza eta Nekazaritzako Elikagaien Prestakuntzako Zuzendaritza Nagusiko Ureztapen, Natura Bide eta Landa Azpiegituretako zuzendariorde nagusiak egina, non arrazoituta eskatzen baita presaz izapidetu dadila "Pirinioen hegoaldeko isurialdeko bide naturala, Iratiko trenaren tartea, berreskuratzea" izeneko proiektua gauzatzeko lurrak okupatzeko beharrezkoa den nahitaezko desjabetzea.
Aipatu ziurtagiriak azaltzen du ezen "Pirinioen hegoaldeko isurialdeko bide naturala, Iratiko trenaren tartea, berreskuratzea" izeneko proiektuaren xedea Nafarroako Foru Komunitatetik igarotzen diren Pirinioen hegoaldeko isurialdeko bide naturaletako bat dela; Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta hogeita hamaikagarren xedapen gehigarriaren bidez, Pirinioen hegoaldeko isurialdeko bide hori (Euskadi, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia) interes orokorrekotzat jo zela, landa eremuko azpiegitura-obra den aldetik; 2022ko ekainaren 21ean, bide naturalaren trazadurak ukitutako udalek konpromiso-akordio bateratua sinatu zutela Iratiko trenaren bide naturala berreskuratzeko proiektuari dagokionez; eta akordio horretan honako hau adierazten zela: "... Iratiko trenaren bide naturala berreskuratzea proiektu estrategikoa da Nafarroako Pirinioaurrea egituratzeko eta garatzeko, eta bere garaian horixe utzi zuten agerian Bizikleta Planak, eskualdeko turismo produktuak garatzeko planek, eta Nafarroako Gobernuak eta bide historiko horrek ukitutako udalek onetsitako lurralde antolamenduko estrategiek", eta, gainera, ziurtatzen zela "eskuragarri daudela Iratiko trenaren bide naturaleko obrak –Joaquín Salanueva Etayok (proiektuaren egilea) 2021eko urrian sinatutako proiektuaren arabera– egiteko behar diren lurrak, jabetza publikokoak direlako desjabetze prozesua gauzatu zenetik, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, Iratiko trenaren trazadura zaharra berreskuratzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala behin betiko onetsi eta gero".
Orobat, aipatu ziurtagiriak adierazten du ezen, udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi eta gero, eta ibilbide guztiaren desjabetzeak egin eta gauzatze proiektua idatzi ondoren, proiektu hori bide naturalen Estatuko programan tramitatzeko aurkeztu zela, finantzaketa lortze aldera; eta, 2022ko abuztuaren 18an, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak TRAGSAri (bitarteko propioa) enkargatu zizkiola obren lanak, eta, obrak gauzatu ahala bidearen trazadura egokitu behar izan denez, lur gehiago okupatu beharra sortu dela eta lur horiek desjabetu beharra dagoela.
Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, Nafarroako Gobernuak justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Lizoainibar-Arriasgoitiko udal mugartean Pirinioen hegoaldeko isurialdeko bide naturala (Iratiko trenaren tartea) berreskuratzeko proiektuaren moldaketa" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2500881