27. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROKO KONTZEJUA

Herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Erroko eta Zilbetiko Herri Lurren Batzarrak, 2024ko irailaren 5ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Erroko eta Zilbetiko Herri Lurren Batzarreko herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespena jendaurrean jarri zen, iragarkia jarriz 2024ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 8koan, eta Erroko eta Zilbetiko kontzejuetako iragarki-tauletan.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erron eta Zilbetin, 2025eko urtarrilaren 16an.–Erroko Kontzejuko burua, Isidro Murillo Oroz, eta Zilbetiko Kontzejuko burua, Simón Olóndriz San Martín.

HERRI-LURRAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Erroko eta Zilbetiko kontzejuetako herri-lur bateratuetako ondasunen aprobetxamenduak arautzea du xede ordenantza honek, betiere indarra duen legerian eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Ordenantza hau onesten denetik aurrera egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira.

3. artikulua. Ordenantza honetan herri-lurretako aprobetxamendu hauek arautzen dira:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

c) Bestelako aprobetxamenduak.

d) Bizilagunek herri-lurretan sorturiko luberriak.

e) Herri-lurretako ondasunetako hobekuntzak.

4. artikulua. Oro har, Erroko eta Zilbetiko kontzejuetako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izanen dira familia-unitateak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanle Erroldan inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez, bederen.

c) Benetan eta jarraian bizitzea Erroko edo Zilbetiko kontzejuetan, urtean bederatzi hilabetez, bederen.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independientetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, edo biak hirurogeita bost urtetik goitikoak badira, betiere haien diru-sarrerak lanbidearteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

Ondorio horietarako, Erroibarko Udalak zehazten dituen jarraibideak hartuko dira kontuan, bertako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko familia-unitateak bereizteko.

II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

5. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduak honako modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen dira:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

6. artikulua. Ordenantza hauetan arautzen diren herri-larreak hainbat poligonotan daude, honako hauetan hain zuzen:

1. Astobia, osotara 87,87 hektarea dituena, horietatik 64,14 larre zelaiak dira eta 23,73 hektarea larre arboladunak.

2. Sansarbe, osotara 4,40 hektarea dituena, guzti-guztiak ebakitzeko larreak.

3. Gorostumungo lurzatiak, larreetako bi lurzati baitira, 7,94 eta 2,57 hektareakoak.

4. Lurzati isolatuak eta inbentarioan sartu gabeak.

7. artikulua.

1. Horietan sartzen ahal den abere kopuru gehienezkoa izanen da 1,3 AzLU (azienda larriko unitatea) hektarea bakoitzeko, larre zelaia bada, eta 0,3 AzLU, arboladuna bada.

2. Horrenbestez, eremu bakoitzak jasaten ahal duen gehienezko azienda karga da:

a) Astobian: 90 AzLU

b) Sansarben: bazkarako erreserbatzen da, eta ondotik azienda bertan alatzeko, 6 AzLU bitarte.

c) Gorostumungo lurzatiak: 10 eta 4 AzLU hurrenez hurren.

8. artikulua. Azienda karga zehaztu ahal izateko, azienda espezie bakoitzaren arabera, honako baliokidetasun hauek ezartzen dira:

–Azienda larriko unitate bat: 1,00 AzLU.

–6 hilabetetik gorako behi-aziendako buru bat: 1,00 AzLU.

–6 hilabetetik gorako behor-aziendako buru bat: 1,30 AzLU.

–6 hilabetetik gorako ardi-aziendako buru bat: 0,13 AzLU.

–6 hilabetetik gorako mando-aziendako buru bat: 1,30 AzLU.

–6 hilabetetik gorako asto-aziendako buru bat: 1,00 AzLU.

–6 hilabetetik gorako ahuntz-aziendako buru bat: 0,25 AzLU.

Azienda heldu edo larritzat hartuko da belagietan sartzen denean 6 hilabetetik goitikoa baldin bada.

9. artikulua. Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak baimena emanen du hazitako zezen eta zaldiak sartzeko, betiere interesdunak horretarako idazkia aurkezten badu. Bestetik ere, kuota ordaintzetik salbuesten ahal ditu, animalien kalitate genealogikoagatik, baina betiere Batzarrak horren aldeko erabakia hartzen badu.

Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak eskatzen ahal du hazitako animaliak handik ateratzeko edota zezenen adarrak mozteko, arriskua badela jotzen badu.

10. artikulua. Debeku da zerri-azienda bazkatzea edo mendietan aske ibiltzea.

11. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua eginen da bai antzinako ohiturari jarraikiz bai zuzeneko esleipenaren bidez, eta hartan parte hartzen ahalko dute ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten herriko familia-unitateetako titularrek.

Hortaz gainera, herriko abeltzain horiek herritarrendako larreen aprobetxamendua nahi badute, nahiz antzinako ohiturari jarraikiz nahiz zuzeneko esleipenaren bidez, honako hau bete beharko dute:

a) Erron edo Zilbetin kokatua dagoen abeltegi baten titularrak behar dute izan, eta abelburuak euren izenean idatziak katastroan.

b) Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak sasoi bakoitzerako zehazten dituen kuotak ordaindu beharko dituzte.

12. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Horretarako, Erroko eta Zilbetiko Kontzejuek hartuko dute herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen herriko familia-unitateko titularrek, Erron edo Zilbetin, kasuan kasu, euren aziendak kentzen badituzte Erroibarko Abere Aberastasunen Katastrotik, edo egoitza duten herriko katastroan izanik ere, Udal Katastroan agertzen den abelburu kopurua txikiagoa bada onuradunak benetan duena baino, ezertan ukatu gabe Erroko eta Zilbetiko Kontzejuek beste bide batzuen bitartez horren berri izaten ahal dutela.

13. artikulua. Eremuko herri-larreen arabera, eta nahiz antzinako ohiturari jarraikiz nahiz herritarren arteko zuzeneko esleipena erabiliz, hona hemen bazkatzeko erabiliko diren moduak:

1. Astobiako larreak: herriko abeltzain guztiek eginen dute antzinako ohiturari jarraikiz, eta "aziendak bertan" izeneko sistema erabiliko da, larratze intentsiboko araudian.

2. Sansarbeko ebakitzeko larreak eta Gorostumungo larreak: Bi herrietako abeltzainei esleituko zaizkie, bi kontzejuetako herri-lurren batzarrak erabakitzen duen modalitatean jardun daitezen.

3. Herri-lurretako larreak baldin badira itxi gabeak (inbentarioan sartu gabeak) urtero bazkatzen ahal da azienda, betiere kontzejuek horren berri badute eta horretarako baimena izanik; horretaz gain, aziendak kontrolpean egon beharko du beti.

14. artikulua. Larreen aprobetxamendua arautzen duten urteko epe edo sasoiak ondoko hauek izanen dira:

1. Urteko sasoia hasiko da maiatzaren 10ean, eta bukatu, berriz, hurrengo urteko otsaileko azkeneko egunean. Epe hori utziko da lurrak atsedena har dezan eta larreak egokiro mantentzeko behar diren lanak ahalbidetzeko.

2. Bakar-bakarrik ezartzen da Astobiako larreetarako eta soilik kontzeju horietako abeltzainen aziendarako eta "belar erdia" izeneko sisteman. Santiago egunean hasiko da (uztailaren 25ean), eta bukatu, berriz, larreen sasoiaren bukaeran.

3. Abeltzain bakoitzak idatziz aurkeztu beharko du, urteko martxoaren 31 baino lehen, larreetara eraman gogo duen kupoa, bertan sartuta Astobiako larreetara "belar erdian" sistemaren bidez eraman gogo dituenak. Larratzeko sartu nahi den azienda sobera baldin bada, karga kupoak hainbanatuko dira herriko abeltzain eskatzaileen artean, eta Astobiako larreen kasuan lehentasuna izanen dute sasoi osorako hitz emanda dauden kupoek, eta ez "belar erdian" sistema eskatu dutenek.

4. Maiatzaren 10ean, larunbata baldin bada, eta larunbata ez bada, hilabete horretako bigarren larunbatean, sartuko da azienda Astobian, betiere kontzejuetako buruen kontrolpean, edo horiek ez badaude haien ordezkarienean, azienda markatu ahal izateko.

Azienda aldaketa dagoen bakoitzean, horren berri eman beharko da beti.

5. Halaber, herriko abeltzain interesdunek edo ukituek baterako plan bat aurkezten ahal dute sasoi osorako, bertan sartuta egin beharreko hobekuntzak, azienda hartzeko gaitasuna, larratzeko txanda edo errotazioak, ongarritzeak eta medeagarritzeak, erretenak eta ur-askak mantentzeko lanak, hori guztia Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak aldez aurretik onartuz gero.

6. Klimatologiako baldintzengatik edo bolumenaren kalitateagatik egoki jotzen bada, Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak erabaki dezake azienda sartzeko egunak aldatzea.

15. artikulua. Herriko abeltzainek lehentasuna izanen dute larre eta belagiak aprobetxatzeko; horretarako, urteko kanona zehaztu ondotik, Erroko eta Zilbetiko kontzejuek argitara emanen dute bando bat, eta bertan zehaztuko haien zenbatekoa eta lurra gobernatzeko baldintza bereziak. Herriko abeltzain interesdunek izena eman beharko dute Erroko Kontzejuko Idazkaritzan, martxoaren 31 baino lehen eman ere, eta aurkeztu beharko dituzte bai larreetara sartu nahi duten aziendagatik dagokien kanona ordaindu izanaren ordainagiria bai ustiategiko indarrean dagoen osasun ziurtagiria. Kanonaren zenbatekoan %10eko errore-tartea ezartzen da. Santiago eguna (uztailak 25) baino lehen zuzentzen ahalko da. Prozesu honetan guztian eta herriko abeltzainendako bakarrik, abelburu-kargatzat hartuko dira berdin-berdin behiak edota ardiak, eta arraza ere ez da kontuan hartuko.

Sasoi bakoitzerako herriko zenbat abelburu izanen diren jakinik, eta Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak ikusiko balu teknikoki kupoa ez litzatekeela osatuko eta hori osatzeko beharra egoki ikusiko balu, iragarki-taulan jakinaraziko luke kanpoko azienda hartzeko aukera, eta bertako zenbat abelburu onartuko liratekeen; animalia horien jabeak inskribituko lirateke Erroko Kontzejuko Idazkaritzan, eta haien eskabideak onartu aurkezteko ordena zorrotzaren arabera. Ondorio horietarako, lehentasuna emanen zaio lehenbizi behi-aziendari, gero ardi-aziendari eta, azkenik, behor-aziendari. Abelburu horiek onartutakoan eta larreetara eraman baino lehen, jabeak aurkeztu beharko ditu ordainketaren ordainagiria eta bere ustiategiko indarrean dagoen osasun ziurtagiria.

16. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzeko diruzko kanonak.

1. Larreen zuzeneko esleipenaren kanona, sasoiko eta azienda mota bakoitzeko, herriko abeltzainek ordaindu beharko dutena, zehaztu eginen da Herri-lurren gaineko maiatzaren 28ko 6/1986 Foru Legearen 36. artikuluari jarraikiz. Kanon hori aldian-aldian gaurkotuko da.

2. Kuota murriztua eta hainbanatua ezar daiteke, herriko abeltzainen aziendarako betiere, Astobiako larreetan "belar erdian" izeneko sisteman eta Santiago egunetik aitzina sartzen badira.

3. Astobiako larreak aprobetxatzeko abelburu-karga osatzeko euren behi-, ardi- edota behor-azienda sartzen dituzten kanpoko abeltzainek kanona ordaindu beharko dute abelburu bakoitzeko, hain zuzen ere Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak urtero zehazten duena.

4. Lurzati oso batean larratzeko enkante publikoa egiten bada, hasierako prezioa zehaztuko da Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez.

5. Orobat, toki-entitate horrek beretako gordeko du aziendaren markak ezartzeko eskubidea.

17. artikulua. Debeku dute herri-larreetan azienda sartzea Erroko eta Zilbetiko kontzejuekin zorrak dituzten abeltzainek.

18. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen diren aziendek osasun ziurtagiriak beharko dituzte, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legean eta haren erregelamenduetan ezarritakoa betetzen dutela egiaztatzeko.

19. artikulua. Erroko eta Zilbetiko Kontzejuak arduratuko dira herri-larreak aldian-aldian egokiro eta aprobetxatzeko egoera onean egon daitezen.

20. artikulua. Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak, onuradunei hiru hilabete lehenagotik gaztigatuta, larreen aprobetxamenduen esleipenak bertan behera uzten ahalko ditu herri-lurretan bestelako hobekuntzak egin nahi baditu. Ohartarazi behar da aprobetxamendua galtzeak ez diola onuradunari inolako kalte-ordainik ekarriko.

III. KAPITULUA.–ZURAREN ETA EGURRAREN APROBETXAMENDUAK

21. artikulua. Erroko eta Zilbetiko kontzejuek erabaki dezakete eskubidea duten herritarrei herri-mendietako sutako egurra ematea, betiere ordenantza hauetako 4. artikuluari jarraikiz.

22. artikulua. Bi tokiko entitateek batera, eta urtero, finkatuko dute familia-unitateei sutarako zenbat egur lote esleitu, haien beharrak ikusita eta basoko baliabideen arabera.

23. artikulua. Egurra, ahal dela, saldutako oihan aprobetxamenduen (adaburuak) hondarrak izanen dira, baita arbola kaxkar edo gaitzak jota daudenetatik, garbiketetatik etab. ateratakoa, eta inoiz ez zurgaietatik, saltzen ahal direnetatik edo etorkizun ona dutenetatik.

24. artikulua. Epaitzak zuzenean onuradunak berak erabili beharko ditu eta hark ezin izanen dizkio bertzeri eman edo saldu.

Esleipen-hartzaile batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion egur lotea eta hurrengo urtean beste bat eskatzen badu, berriz ere aurreko urtekoa esleituko zaio.

Guztiz debekatua dago egurretarako emandako produktuak saldu edo eskuz aldatzea, baita bizilekura ez beste toki batera eramatea ere.

Onuradunak ez badu garaiz ordaintzen Erroko eta Zilbetiko Herri Lurren Batzarrak ezarritako tasa, %20ko errekargua aplikatuko da. Errekargua ordaintzen ez badu, berriz, ez zaio loterik emanen.

25. artikulua. Egurra erretiratu ondoren, aprobetxamenduen onuradunek bertako hondarrak bildu eta pilatu beharko dituzte; hondar horiek ezin izanen dira utzi ez bideetan, ez mendiko pistetan edo bertatik igarotzea galarazteko gisan, alegia, ebaki beharko dituzte, hala behar denean, eta txukun-txukun eta lurraren maila berean utzi beharko dituzte botatzeko zuhaitz guztien motzondoetako egurziri arriskutsuak

Egin beharreko lan horietan guztietan Erroko eta Zilbetiko Kontzejuek zehaztutako jarraibideak bete beharko dira. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua urtebeterako ukatuko zaie.

26. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.

27. artikulua.

A) Egur aprobetxamendua.

Mankomunitateak, hala xedatzen duenean, zehazten dituen zur eta egur aprobetxamenduak eskainiko ditu. Orobat, tasa bat zehaztuko du arrazoi naturalengatik erori diren arbolak probesteko, partikularrek erabili nahi badituzte.

Egur hondar horiek eskuratu ahal izateko baldintzek balioko dute haien ordena eta lehentasuna esleitzeko, eta hauek izanen dira:

–Eskaera idatzia Erroko eta Zilbetiko Kontzejuen Mankomunitateari.

–Erroldatuak, Erron edo Zilbetin bizilekua dutenak, bidezko arrazoiengatik epaitzaren bidez esleitu zaien baino egur gehiago behar dutenak.

–Erroldatuak, Erron edo Zilbetin bizilekua dutenak, baina ez batean ez bertzean modu iraunkorrean bizi ez direnak.

–Herrietan erroldatu gabeak, baina Erron edo Zilbetin etxea eta sutondoa dutenak.

–Esleitzeko tenorean, eskaeraren data erabakigarria izanen da, baldin eta hainbat lagunek baldintza berak beterik denei esleitzeko manerarik ez bada.

27. artikulua.

B) Aprobetxamendu mota honetarako, Nafarroako Gobernuko behar diren erakundeen baimena beharko da aldez aurretik, eta haren jarraibide tekniko-fakultatiboak bete beharko dira.

VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTELAKO APROBETXAMENDUAK

28. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua, edo onddo eta zizena, eginen da horretarako propio diren eta indarrean dauden legezko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

29. artikulua. Ehizari dagokionez, eta barrutiko kudeaketaren titularra ez bada ez Erroko Kontzejua ez Zilbetikoa, hori hala izatea ororen interesen mesedegarri dela jotzen badute, baldintza-agirian ezarriko da esleipen-hartzaileak Ehiza Antolatzeko Plana eta haren jarraipena egin behar dituela; horretaz gain, barrutian seinaleak paratu beharko ditu, ehiza postuak eraiki edota moldatu, hala behar denean, kalteen gaineko erantzukizuna, baita sortzen diren gastu eta zerga guztiak ordaindu beharra ere.

30. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, lur horietan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Erroko eta Zilbetiko kontzejuek prestatzen dituzten baldintza agirien arabera eginen dira, betiere indarrean dagoen arautegiari jarraikiz.

Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 30 egunez gutienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA.–BIZILAGUNEK HERRI-LURRAK LUBERRITZEA

31. artikulua. Bizilagunek debeku dute herri-lurretan luberriak sortzea, horretarako aldez aurretik ez badute Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarraren baimena.

Hona hemen jarraitu beharreko prozedura:

a) Interesdunaren idatzizko eskabidea, herri-lurretan luberria sortzeko, ongi zehaztuz luberritu nahi den lurraren kokapena eta haren azalera, eta lur horiek zertarako erabili nahi dituen.

b) Eskatutako luberriaren onespena edo ukapena, Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak emanikoa, aldez aurretik eta hala behar denean, Erroibarko Udalak txostena eginda.

c) Onespena emanez gero, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, behin betiko onespena eman diezaion.

32. artikulua. Bizilagunek luberritutako herri-lurren aprobetxamendua zortzi urtekoa izanen da.

33. artikulua. Kasu horietan, Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak onuradunari kanona gutxitzen ahal dio, esleipen epe osorako nahiz zati baterako, hobekuntza amortizatzeko kontzeptu gisa.

Esleipen epearen gainerakoagatik kanon bat ordaindu beharko da, Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrak eginiko bilkuran zehaztuko dena.

34. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte luberritutako lurrak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Bertzetik ere, onuradunek luberritutako lurren baterako ustiapentzat hartuko dira, onuradunak kooperatibetan edo legez eratutako sozietateetan elkartzen badira, eta kide guzti-guztiak aprobetxamendu mota horren onuradunak badira.

Horretarako, direlako elkarte horiek Erroko eta Zilbetiko kontzejuetara agertu beharko dute haien eraketa erakusten duten agiriekin, kideen izen-abizenekin eta elkartearen helburuekin, ezertan ukatu gabe Erroko eta Zilbetiko kontzejuek eskubidea dutela egoki iruditzen zaien dokumentazioa eskatzeko, hori guztia ordenantza honetan xedatutakoa betetzen dela ziurtatzeko.

35. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, onuradunek edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte lanak, ordenantza honetako 4. artikuluan jasotzen baitira bete beharreko ezaugarriak. Soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten nekazaritzako urtaroen edo luberritzeko baimenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzar honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, Erroko eta Zilbetiko kontzejuei jakinarazi beharko zaie 15 eguneko epean, onuradunek edo haren familia-unitatekoek zergatik ezin duten ustiapeneko lanik egin, eta horretarako baimena eskatu beharko dute gorabehera horiek beren horretan dirauten bitartean.

Erroko eta Zilbetiko kontzejuek egoki juzgatzen dituzten egiaztapenak egiten ahalko dituzte edozein unetan, luberritutako lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

36. artikulua. Luberritutako lurrak zuzenean lantzen ez direla joko da ondoko kasu hauetan:

a) Nekazaritzako makineria izanik, hura luberritutako lurrak lantzeko erabiltzen ez dutenean.

b) Luberritutako lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direnean, ordenantza honen 11. eta 12. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, betiere aldez aurretik Erroibarko Udalak txostena eginda.

c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Erroko eta Zilbetiko kontzejuek agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzekoa, lehengaiak erostekoa eta produktuak saltzekoa (beraiek edo kontzejuek baimendutako pertsonek eginak).

37. artikulua. Luberritzeko emandako lurretan itxiturak egin nahi izanez gero, Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarraren baimena beharko dute, eta itxitura horiek egurrezko hesolak izan daitezke edo zutoin alanbredunekin egindakoak. Debeku dira fabrikako obraz, adreiluz edo hormigoizko blokez egiten diren itxiturak.

38. artikulua. Luberritzeko emaniko lurrak eta jabe pribatua duten lurrak ezin izanen dira batera hesitu.

39. artikulua. Debeku da aprobetxamenduak onuradunen artean trukatzea, non ez den aldez aurretik interesdunek eskatuta eta Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarrrak baimena emanda.

40. artikulua. Onuradunek zuzen behar dituzte landu eta aprobetxatu emaniko lurrak.

41. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte luberritzeko emaniko lurrak erabili, Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetako Batzarraren aldez aurreko baimenik gabe, eskatu ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.

42. artikulua. Kontzesioaren epea bukatuta, lurrak Erroko eta Zilbetiko kontzejuetara itzuliko dira, egindako hobekuntza guztiak barne, eta egindako hobekuntza horiengatik onuradunak ezin izanen du inolako ordainik eskatu.

Direlako hobekuntza horiek oso-osorik itzuliko dira Erroko eta Zilbetiko Kontzejuetara, eta eurek baimena emanen dute eramangarri diren hobekuntzak handik eramateko.

Hortaz, hobekuntza eramangarritzat hartuko dira eginiko itxiturak, eta onuradunak handik eramanen ahalko ditu kontzesio epea bukatu ondoren.

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

43. artikulua.

1. Erroko eta Zilbetiko kontzejuek indarrik gabe utz ditzakete aprobetxamenduen esleipenak, ukitutako herri-lurretan egin beharreko proiektuek honako xede hauetako bat baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurren hobekuntza.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Erroko eta Zilbetiko kontzejuek nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Erroko eta Zilbetiko Konzejuetako Batzarraren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena, betiere eta hala behar bada, Erroibarko Udalaren aldez aurreko txostenarekin.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta Batzarraren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

44. artikulua. Erroko eta Zilbetiko kontzejuek berek onetsi beharko dituzte aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik 30 egunean jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoan.

45. artikulua. Ordenantza honetako 43. artikuluan aipatzen den Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere.

XII. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

46. artikulua. Oro har, arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

c) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Erroko eta Zilbetiko kontzejuek finkatutako epeetan.

d) Bizilagunek aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

e) Zertarako esleitzen den herri-lurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

f) Animalia hilak edo animalia hilen gorpuzkiak lurperatu gabe uztea.

g) Bazkatzeko epeak eta eremuak ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egintza edo ekintza.

47. artikulua. a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

Gainerako arau-hausteetan, zein den aprobetxameduaren balioa, haren halako bost eta hamar artekoa ordainduko da. Kopuru hori ezin zehaztu bada, 60 eta 1.200 euro arteko isuna ezarriko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, herri-ondasunei buruzko foru legediak ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza hau behin betiko onesten den egun berean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2500721