260. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 31 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

132/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 18ko 8/2013 Foru Agindua, "Jasotako ekarpenen eta dohaintzen eta egindako erabileren aitorpen informatiboa" izeneko 182 eredua onetsi zuena.

Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuen fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina (aurrerantzean, Testu Bategina). Testu Bateginaren II. tituluko I. kapituluko 1. eta 2. atalek arautzen dituzte, hurrenez hurren, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek eta sozietateen gaineko zergaren zergadunek egindako dohaintzen gaineko zerga-pizgarriak.

Ildo horretan, Testu Bateginaren 48.3 artikuluak ezartzen du, zerga-pizgarri horiek aplikatzeko baldintza gisa, entitate onuradunek zerga-administrazioari jakinarazi behar dizkiotela jasotako dohaintza eta ekarpenak, dagokion ereduaren bitartez.

Eredu hori 182 eredua da, "Jasotako ekarpenen eta dohaintzen eta egindako erabileren aitorpen informatiboa", Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 18ko 8/2013 Foru Aginduaren bidez onetsi zena.

Gainera, 182 ereduan babesletza kontratuaren ondoriozko publizitate gastuak jakinarazi behar dira, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 63. artikulua aplika dadin.

Informazioa emateko betebeharrekin loturiko araudiak hainbat aldaketa izan dituenez, beharrezkotzat jo da 182 ereduaren edukia eguneratzea, jarraian azaltzen diren aldaketekin.

Batetik, abenduaren 22ko 17/2025 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzen dituenak, zuzendu egin du abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 63.5 artikulua, babesletza jarduerek eragindako publizitate gastuengatiko kenkaria arautzen duena. Zehazki, artikulu horren idazketa zuzendu du, jarduera horien hartzaileen artean pertsona fisikoak ere sartzeko. Horrela, babesletza jasotzen duten pertsona fisikoek ere 182 ereduaren bitartez jakinarazi behar dituzte babesletza kontratuen ondoriozko publizitate gastuak, babesleak kenkaria aplikatu ahal dezan.

Ondorioz, aldatu dira 8/2013 Foru Aginduaren 2.g) eta 3.8 artikuluak eta, halaber, foru aginduaren II. eranskinean, aitortzailearen izaera adierazten duen 7 zenbakiaren eremuko deskribapena (aitortzailearen erregistroa, 1. motako erregistroa, 160. idazgunea).

Bestetik, idazketa aldatu da «Dohaintzen errepikapena» eremuan (aitortuaren erregistroa, 2. motako erregistroa, 132. idazgunea), Irabazi-asmorik gabeko erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legeak 19.1 artikuluan xedatzen duenari egokitzeko.

Azkenik, abenduaren 26ko 22/2023 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzen dituenak, Testu Bateginaren laugarren xedapen gehigarria aldatu zuen, eta bosgarren xedapen gehigarria ezabatu, jarduera eta proiektuak lehentasunezkotzat deklaratzeko modua bateratze aldera, mezenasgo mota orotarako. Aldaketa horrekin, foru lege baten bidez deklaratuko dira lehentasuna duten jarduerak eta proiektuak, mezenasgo mota guztietarako, baita kultura mezenasgorako ere, foru dekretu bidez ezartzen baitzen aipatu foru legeak indarra hartu arte.

Aldaketa horren ondorioz, deskribapeneko arau erreferentziak eguneratu dira B eta N gakoetan, zeinetan adierazten baitira mezenasgoko lehentasunezko proiektu edo jarduerak (hartzaileen erregistroa, 2. motako erregistroa, 78. idazgunea), 8/2013 Foru Aginduaren II. eranskinean.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

Horregatik guztiagatik, bat etorriz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 62.24 artikuluak emandako gaikuntzarekin, eta aintzat hartuz 22/2023 Foru Legearen azken xedapenetako laugarrena eta 17/2025 Foru Legea, zeinak Nafarroako Gobernua gaitzen baitu foru lege hori garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 18ko 8/2013 Foru Agindua, "Jasotako ekarpenen eta dohaintzen eta egindako erabileren aitorpen informatiboa" izeneko 182 eredu berria onetsi zuena.

Urtarrilaren 18ko 8/2013 Foru Aginduaren manu hauek honela idatzita geldituko dira:

Bat.–2.g) artikulua:

"g) Kirolaren, kulturaren eta gizarte laguntzaren arloko jarduerak babesteko kontratuen ondoriozko publizitate gastuetarako diru kopuruak jasotzen dituzten pertsonak edo entitateak, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eskudunek jarduera horiek gizarte interesekoak direla deklaratzen badute eta kopuru horiek ekarpen-egilearen kuota likidoan kengarriak badira, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 63. artikuluaren arabera".

Bi.–3.8 artikulua:

"Babesletza kontratuen ondoriozko diru kopuruak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek, beren identifikazio datuez gain, babeslearen honako informazio hau ere eman beharko dute:

a) Izen-deiturak edo, bidezkoa denean, sozietatearen izena.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Babesletza kontratuen ondoriozko publizitate-gastuen kopuruak, kengarriak direnak Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 63. artikuluaren arabera".

Hiru.–II. eranskina.

Honela aldatzen da:

a) 1. motako erregistroko 160. idazgunean (aitortzailearen erregistroa), aldatzen da aitortzailearen izaera adierazten duen 7 zenbakiaren eremuko deskribapena, honela:

"Babesletza jasotzen duen pertsona edo entitatea".

b) 2. motako erregistroko 78. idazgunean (hartzaileen erregistroa), aldatzen da B gakoaren eremuko deskribapena:

"Gizarte, ingurumen eta kirol mezenasgoko lehentasunezko jardueretan sartutako dohaintzak (fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bateginaren 4. xedapen gehigarria)".

c) 2. motako erregistroko 78. idazgunean (hartzaileen erregistroa), aldatzen da N gakoaren eremuko deskribapena:

"Kultur mezenasgoaren onuradun diren lehentasunezko proiektuetarako dohaintzak edo ekarpenak (fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bateginaren 4. xedapen osagarria)".

d) 2. motako erregistroko 132. idazgunean (hartzaileen erregistroa), aldatzen da "DOHAINTZEN ERREPIKAPENA" eremuko deskribapena:

"DOHAINTZEN ERREPIKAPENA. Baldin 2. motako erregistroaren "GAKOA" izeneko eremuan (78. idazgunea) A, B edo H letrak adierazi badira, honako zehaztapenen arabera beteko da eremu hau:

1. Baldin eta aurre-aurreko bi zergaldietan aitortuak egin baditu, entitate beraren alde, kenkarirako eskubidea duten dohaintzak, emaitzak edo ekarpenak, eta horien zenbatekoa izan bada ekitaldi honetan eta aurreko zerga ekitaldian –ekitaldi horietako bakoitzean– aurre-aurreko ekitaldiko berdina edo handiagoa.

2. Baldin eta aurre-aurreko bi zergaldietan aitortuak egin baditu, entitate beraren alde, kenkarirako eskubidea duten dohaintzak, emaitzak edo ekarpenak, baina horien zenbatekoa ez bada izan ekitaldi honetan eta aurreko zerga ekitaldian –ekitaldi horietako bakoitzean– aurre-aurreko ekitaldiko berdina edo handiagoa".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatuko zaie 2026ko urtarrilaren 1etik aitzina aurkeztu beharreko 182 ereduko aitorpenei.

Iruñean, 2025eko abenduaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2517123