260. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 31 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

131/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren maiatzaren 7ko 69/2021 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, baldintzak eta betekizunak garatzen dira kenkaria aplikatzeko ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko sailetan egindako inbertsioengatik. Kenkari hori arautua dago Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluan.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65. artikuluan arautzen da "pelikula zinematografikoetan eta ikus-entzunezko beste lan batzuetan egindako inbertsioengatiko kenkaria", lehen "ekoizpen zinematografikoetako eta ikus-entzunezko telesailetarako inbertsioengatiko kenkaria" zena.

Zehazki, artikulu horren 1. apartatuak arautzen du zer kenkari aplikatuko zaien Espainiako pelikula zinematografikoen eta ikus-entzunezko beste lan batzuen (fikziokoak, animaziokoak edo dokumentalak) ekoizpenetan egindako inbertsioei, zabaldu aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen dutenei.

1. apartatu horrek gaikuntza ematen dio zerga arloan eskumena duen departamentuari foru agindu bidez honakoak ezar ditzan:

a.–Kenkariaren oinarria osatzen duten gastuak.

b.–Gastuak Nafarroako lurraldean egindakotzat jotzeko irizpideak.

c.–Nafarroako Gobernuan kulturaren arloan eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusiaren txostenaren edukia eta prozedura. Txostena kenkariaren betekizunak eta baldintzak betetzeari buruzkoa izanen da, zergadunak sortutako kenkaria jaso dezan bere aitorpen likidazioan.

d.–Egindako inbertsioaren eta aplikatutako kenkariaren gainerako baldintzak betetzearen frogagiriak Nafarroako Gobernuan kulturaren arloan eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusian aurkezteko prozedura.

Gaikuntza hori baliatuz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak maiatzaren 7ko 69/2021 Foru Agindua onetsi zuen, eta bertan garatu zituen alderdi horiek.

69/2021 Foru Agindua onetsi ondoren aldaketak egin zaizkio 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluari, eta, horrez gain, eskarmentua lortu da baliozkotu aurreko eta ondorengo prozeduretan; horregatik, bidezkotzat jotzen da aipatu foru aginduan dagoen erregulazioa aldatzea eta argitzea.

Hori jomugan hartuta onesten da foru agindu hau, zeinaren artikulu bakarrak jarraian azaltzen diren aldaketak txertatzen baititu.

Lehenbiziko apartatuak 69/2021 Foru Aginduaren izenburua eguneratzen du, kenkariari indarreko izena emateko: "pelikula zinematografikoetan eta ikus-entzunezko beste lan batzuetan egindako inbertsioengatiko kenkaria".

Bitik zazpira bitarteko apartatuek 1. artikulua aldatzen dute.

Lehenik eta behin, bigarren apartatuak 1.1 artikuluaren c) eta d) letrak aldatzen ditu, ezabatzen baita edukiak streaming bidez eskaintzen dituzten plataformetan ematen diren sailei egiten zitzaien aipamen esplizitua. Izan ere, kenkariaren xedeko esparrua zabaldu denez, telebistan edo edukiak streaming bidez eskaintzeko plataformetan ikus-entzunezko beste lan batzuk egon daitezke. Orobat, e) letra aldatzen da, eta ikus-entzunezko lanaren kostua esan beharrean, ikus-entzunezko lanaren guztizko kostua esaten da; hala, termino bera erabiliko da zinemako kenkariarekin zerikusia duten arau guztietan.

Bigarrenik, hirutik bostera bitarteko apartatuek egindako aldaketaren ondorioz, "inbertsioaren zenbatekoa" esan beharrean "kenkariaren oinarria" esaten da 1. artikuluaren 2., 3., eta 4. apartatuetan, hori baita artikulu horren ondorioetarako termino egokia.

Azpikontratazioaren xede izan daitezkeen gastuen inguruko xehetasunak argitu nahirik, seigarren apartatuak bigarren paragrafo bat eransten dio 1.5 artikuluari, kontzeptu hori jasotzeko. Hori horrela, azpikontratazioaren xedeko gastua izanen da faktura kate bati erantzuten diona; kate horretan, kontratua egiten duen zergadunaren eta kontratatutako jarduera benetan egiten duenaren artean pertsona bat edo batzuk izanen dira, halako moduz non gastu berbera fakturazioaren xede izanen baita behin baino gehiagotan, harik eta zergadunak bere gain hartzen duen arte.

Azkenik, zazpigarren apartatuak 6. apartatua gehitzen du, zeinetan aurreikusten baita kenkariaren oinarria nola zehaztu koprodukzioen kasuan.

Zortzigarren eta bederatzigarren apartatuek zenbait aldaketa egiten dizkiote 2. apartatuari.

Zortzigarren apartatuak 2.2.a) artikulua aldatzen du, ezartzeko ezen langileen gastua Nafarroan egintzat hartuko dela baldin eta lana Nafarroako lurraldean egiten bada, eta lurralde horretan egiten den proportzioaren arabera, betiere. Letra horretan ezarritakoa hartuko da kontuan lanak non egin ziren zehaztu ezin denean.

Seigarren apartatuan azpikontratazioaren xedeko gastuei buruz ematen diren azalpen argigarriekin bat eginez, bederatzigarren apartatuak 2.3 artikulua aldatzen du, ezartzeko ezen gastu azpikontratatuetarako aplikatuko dela artikulu horretan lokalizazio irizpideetarako ezarritako araua.

3. artikuluari dagokionez, foru agindu honetako hamarretik hamabira bitarteko apartatuek egiten dituzte aldaketak bertan.

Hamargarren apartatuak betekizun bat ezabatzen du 3.1 artikuluaren a) eta b) letretatik; aurrerantzean, baliozkotu aurreko fasean gastuak ez dira zehaztu beharko kenkaria aplikatuko zaion aldiaren arabera. Xehetasun hori baliozkotu ondorengo fasean eskatuko da, hala xedatzen baita 4.1.a) artikuluan, hamahirugarren apartatuak egiten duen aldaketaren ondorioz. Horrez gain, paragrafo bat eransten zaio 3.1.b artikuluari, proiektuari lotutako gastuen aurrekontuaren edukia arautzeko, koprodukzioen kasuan. Aurrekontu horretan zehaztu beharko dira kenkaria aplikatuko duen koproduktoreak egindako gastuak, eta adierazi ekoizpen kostuaren aurrekontua eta ikus-entzunezko lanaren guztizko kostua.

Bestetik, hamaikagarren apartatuak 3.1 artikuluaren d) letra aldatzen du, eta e) letra eransten; hori horrela, foru agindua aplikatzearen ondorioz lortutako esperientziari esker eta haren arabera egokitzen da eskatutako dokumentazioa, baliozkotu aurreko prozeduraz bezainbatean.

Ildo horretan, hamabigarren apartatuak 3.2 artikulua aldatzen du, eta horren ondorioz, kenkariaren portzentajea ez ezik, bidezkoa den intentsitate muga ere ezarri beharko da Nafarroako Gobernuan kulturaren arloan eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusiak eman beharreko txostenean.

Proiektuak baliozkotzea errazagoa izan dadin, dokumentazioa hobetzea eta gaineratzea da hamahiru eta hamalaugarren apartatuek egiten dituzten aldaketen xedea; hortaz, 4.1 artikulua aldatzen da, baliozkotu ondorengo prozeduran eskatzen den dokumentazioari dagokionez.

Halaber, 4. artikuluaren 1.a) apartatuan zehazten da ezen, koprodukzioen kasuan, kenkaria baliozkotu ondorengo ondorioetarako aurkeztu behar den kostuen aitorpenak –kapituluka eta partidaka xehakaturik– bakar-bakarrik hartuko dituela barne kenkaria aplikatuko duen koproduktoreak egindako inbertsioari dagozkion kostuak.

Azkenik, ezartzen da nazioarteko koprodukzioen kasuan auditoretza txostenetik kanpo utz daitekeela atzerriko koproduktoreak egindako inbertsioa, auditoretza txostenak bakarra izan behar duen arren. Kasu horretan, inbertsioa egiaztatzeko, atzerriko koproduktorearen herrialdeko auditore independente batek egindako auditoretza txostena aurkeztu beharko da, edo, bestela, atzerriko koproduktorearen herrialdean ikus-entzunezkoen arloan eskumena duen erakunde publikoak emandako kostuen egiaztapena. Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) onetsi badu nazioarteko koprodukzioa, atzerriko koproduktorearen inbertsioa ICAAren ebazpen baten bidez ere egiaztatzen ahalko da; parte-hartzearen portzentajeak eta Espainiako partearen kostua agertu beharko dira bertan.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak maiatzaren 7an emandako 69/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez baldintzak eta betekizunak garatzen baitira kenkaria aplikatzeko ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko sailetan egindako inbertsioengatik. Kenkari hori arautua dago Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluan.

Aldaketa hauek egiten dira maiatzaren 7ko 69/2021 Foru Aginduan:

Bat.–Izenburua.

"69/2021 Foru Agindua, maiatzaren 7koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baldintzak eta betekizunak garatzen baitira kenkaria aplikatzeko pelikula zinematografikoetan eta ikus-entzunezko beste lan batzuetan egindako inbertsioengatik. Kenkari hori arautua dago Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluan."

Bi.–1.1 artikuluaren c), d) eta e) letrak.

"c) Ikus-entzunezko lana bukatu ondotik, hura zinema-aretoetan emateko edo haren ustiapen zinematografikorako beharrezkoak diren sistemetara edo euskarrietara egokitzeko gastuak, edo telebistetan edo edukiak streaming bidez ematen dituzten plataformetan ematekoak.

d) Ikus-entzunezko lana zainduko dela bermatzeko behar diren euskarri materialak egiteko gastua. Era berean, kopiak edo beste euskarri batzuk lortzeko gastuak, baldin eta zinema-aretoetan ematekoak badira edo ustiapen zinematografikoa egitekoak, edo telebistetan edo edukiak streaming bidez eskaintzen dituzten plataformetan ematekoak.

e) Ikus-entzunezko lanaren guztizko kostua frogatzeko auditoretza txosten bereziaren gastuak (4. artikuluan aipatutakoa)."

Hiru.–1.2 artikuluaren lehenengo paragrafoa.

"2. Kenkariaren oinarritzat hartutako gastuek tarte honetan eginak behar dute: filmaketari ekin baino 24 hilabete lehenagotik hasi eta filmaketa bukatu ondoren 24 hilabete igaro arte."

Lau.–1.3 artikulua.

"3. Finantza gastuak eta zeharkako zergak ez dira kenkariaren oinarri gisa zenbatuko."

Bost.–1.4 artikulua.

"4. Inbertsioa denean pertsona edo erakunde lotu bati ondasunak edo zerbitzuak erostea, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, erakunde lotuan ondasun edo zerbitzu horiek zer kostu duten, horren arabera zehaztuko da kenkariaren oinarria, baldin eta behar bezala justifikatzen bada."

Sei.–1.5 artikulua, bigarren paragrafo bat gehitzea.

"Foru agindu honen ondorioetarako, azpikontratazioaren xedeko gastuak izanen dira norbaitek zergadunari fakturatzen dizkionak, hirugarren batengandik ondasunak edo zerbitzuak eskuratu eta horiei baliorik erantsi gabe, hau da, norbait hori bitartekari hutsa denean zergadunaren eta zerbitzua edo ondasuna benetan ematen duenaren artean."

Zazpi.–1. artikulua, 6. apartatua gehitzea.

"6. Koprodukzioen kasuan, koproduktore bakoitzak gauzatutako gastuak hartuko dira kontuan, salbu eta 1.a) apartatuaren 1.a’) eta 2 zenbakietan eta 1.b) apartatuan ezarritako mugei dagokienez, horietarako kontuan hartuko baita ikus-entzunezko lanaren ekoizpen kostua."

Zortzi.–2.2.a) artikulua.

"a) Lan araubideko langileen soldatak ordaintzearen ondoriozko gastuak, baldin eta lanak Nafarroan egiten badira. Ezin bada zehaztu lanak non egin diren, lanak Nafarroan eginak direla ulertuko da langilearen atxikipeneko lantokia Nafarroako lurraldean badago, non ez den kontrakorik frogatzen.

Telelanaren kasuan, Nafarroan egindako gastutzat joko da telelanean ari den pertsonak egoitza fiskala Nafarroan duenean."

Bederatzi.–2.3 artikulua.

"3. Azpikontratazioaren xedeko gastuak Nafarroan egin direla ulertuko da baldin eta aurreko apartatuetan ezarritako irizpideak aplikatuta hala ondorioztatzen bada; horretarako, kontuan hartuko dira zerbitzua edo ondasuna benetan ematen dutenen inguruabarrak, eta ez bitartekari huts direnenak."

Hamar.–3.1 artikulua, a) letrako 3 zenbakia kentzea eta b) letra aldatzea.

"b) Proiektuari lotutako gastuen aurrekontua, https://www.culturanavarra.es/eu webgunean argitaratuko den ereduaren arabera, Nafarroako lurraldean egindako gastuen zenbatekoa zehaztuta.

Koprodukzioen kasuan, aurrekontu horrek erreferentzia eginen die kenkaria aplikatu nahi duen koproduktorearen proiektuari lotzen zaizkion gastuei. Horrez gain, ekoizpen kostuaren eta ikus-entzunezko lanaren guztizko kostuaren aurrekontua aurkeztu beharko da."

Hamaika.–3.1 artikulua, d) letra aldatzea eta e) letra gehitzea.

"d) Erantzukizunpeko adierazpena, kasua bada, adierazteko proiektuak betetzen dituela kenkariaren portzentaje handitua lortzeko baldintzak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1.a) artikuluan ezarritakoak.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, kasua bada, adierazteko proiektuak betetzen dituela kostu diruz lagungarrien %50 baino intentsitate handiagoko muga aplikatzeko baldintzak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.3 artikuluan ezarritakoak."

Hamabi.–3.2 artikulua.

"2. Nafarroako Gobernuan kulturaren arloan eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusiak txostena emanen du hiru hilabeteko epean gehienez, eskaera aurkezten denetik zenbatzen hasita. Txosten hori aipatu zuzendaritza nagusiko titularraren ebazpen bidez onetsiko da, eta adieraziko du ea proiektuak betetzen dituen Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1 artikuluko kenkaria egiteko eskubidea izateko baldintzak. Kenkariaren oinarria finkatuko da 4. artikuluan adierazitako ebazpenean. Orobat, txostenak zehaztu beharko du zer ekoizpen mota den, kenkariaren portzentajea eta bidezko den intentsitate muga aplikatze aldera."

Hamahiru.–4.1 artikulua, a) eta b) letrak.

"a) Ikus-entzunezko lanaren guztizko kostuaren aitorpena, www.culturanavarra.es webgunean argitaratuko den ereduaren arabera; kenkariaren oinarria osatzen duten gastuen partidak kuantifikatu beharko dira, kenkaria egin behar den aldi bakoitzerako, eta Nafarroako lurraldean egindako gastuen zenbatekoa zehaztu.

Koprodukzioen kasuan, kapituluen eta partiden xehakapenak bakar-bakarrik hartuko du kontuan Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean araututako kenkaria aplikatuko duen koproduktoreak egindako inbertsioaren partea; orobat, ekoizpen kostua eta ikus-entzunezko lanaren guztizko kostua adierazi beharko dira.

b) Auditoretza txosten berezia, ikus-entzunezko lanaren guztizko kostua berrikusteko eta egiaztatzeko.

Txostena Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako kanpo auditoreek egin beharko dute, bat etorriz auditoretzen arloan indarrean dagoen legerian aurreikusitako prozedura arauekin. Horretarako, produktorearen edo koproduktoreen kontabilitate erregistroak aztertuko dira (behar bezala eginbideturik behar dute), eta kontuan hartuko dira ikus-entzunezko lana ekoizteko egin diren gastuen egiaztagiri guztiak.

Txosten horrek honako hauek jaso beharko ditu: egindako lanaren irismenaren deskribapena; egindako prozedurei buruzko aipamena edo horien deskribapena (eranskin batean); auditorearen ondorioa, ikus-entzunezko lanaren kostuen egitura eta kalkulua foru agindu honetan ezarritakoaren arabera prestatu direla adierazten duena; auditorearen izena edo sozietate izena; harremanetarako datuak; sinadura eta data. Lanaren irismena laginketa bidez egiten bada, aztertutako ehunekoa ezin izanen da %85etik beherakoa izan, langileen gastuen %100 aztertuko delarik.

Txostena egitean, 1. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatu beharko dira, honako gai hauek berariaz adierazita:

1. Lan kontratuak, merkataritza kontratuak eta eskubideak eskuratzearekin lotutakoak, bai eta kontratu horiei dagozkien dokumentuak eta fakturak ere.

2. Fakturak eta froga balio baliokidea duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, eta, kasua bada, zerbitzuen edo horniduren kostuak egiaztatzen dituzten kontratuak.

Bereziki, egiaztatzeko gastuek badutela lotura ikus-entzunezko lanarekin, haren izenburua agertu beharko da honako gastu hauekin zerikusia duten fakturetan: eszenografia, dekorazioa, storyboard-a, modelatuak eta postprodukzio gastuak –muntaketa, ikusizko efektuak, musika, irudi sintetikoen ekoizpena eta sorkuntza, soinu postprodukzioa, laborategia, postprodukzioko negatiboa eta kreditu tituluak–.

3. Bidaiak eta joan-etorriak justifikatzeko txartelak, fakturak eta froga balio baliokidea duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak.

4. Azpikontratazioaren bidez fakturatu diren gastuen zerrenda eta kontratisten identifikazioa.

5. Nafarroan egin diren eta kenkariaren oinarriaren parte diren gastuen egiaztapena, bai eta gastu horiek kenkariaren oinarrian hartzen duten ehunekoa ere.

6. Onartutako laguntza publikoen eta dirulaguntzen zenbatekoa.

7. Pertsona edo entitate lotuengandik eskuratutako ondasun edo zerbitzuen zerrenda, loturaren egoera, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluarekin bat, eta ondasun edo zerbitzu horiek entitate lotuan duten kostuaren justifikazioa.

8. Koprodukzio finantzatuen kasuan, kenkaria aplikatuko duen koproduktoreak jasotako ekarpena, kasua bada.

Koprodukzio kasuetan auditoretza txostena bakarra izanen da. Hala ere, koprodukzioa nazioartekoa bada, honako hauek onartuko dira atzerriko koproduktoreari dagokion ikus-entzunezko lanaren ekoizpen kostua eta guztizko kostua egiaztatzeko:

1. Auditoretza txostena, atzerriko koproduktorearen herrialdeko auditore independente batek egina.

2. Kostuen egiaztapena, atzerriko koproduktorearen herrialdean ikus-entzunezkoen arloan eskumena duen erakunde publikoak emana.

3. Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) onetsi badu nazioarteko koprodukzioa, ICAAk emandako ebazpena, zeinetan agertuko baitira parte-hartzearen portzentajeak eta Espainiako partearen kostua; guztizko kostua estrapolatzeko balioko dute datu horiek."

Hamalau.–4.1 artikulua, d), e), f) eta g) letrak gehitzea eta azken paragrafoa aldatzea.

"d) Naziotasun ziurtagiria eta lanaren izaera kulturala egiaztatzen duen agiria, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) emana.

e) Filmaketaren hasiera eta bukaera datak.

f) Koprodukzio kontratua, halakorik bada. Horrez gain, nazioarteko koprodukzioa bada, koprodukzioa onesteko ebazpena, ICAAk emana.

g) Produktorea ekonomia-intereseko taldea bada, erantzukizunpeko adierazpena, aditzera ematen duena hartako kide guztiak Nafarroako foru araudiaren mende daudela. Foru araudiaren mende egon beharko dute sozietateen gaineko zergaren sortzapen egunean, kenkaria sortzen den zergaldiaren barnean."

"Era berean, ebazpena eman aurretik, txostena eskatu ahal izanen dio Nafarroako Foru Ogasunean sozietateen gaineko zergaren arloan eskumena duen atalburuari, edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arloan eskumena duenari, kasua zein den."

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko abenduaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2517122