1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
124/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 17koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez bi eredu hauek onesten baitira: 980 eredua, "Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga. Autolikidazioa" izenekoa eta 981 eredua, "Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga. Ordainketa zatikatua" izenekoa.
Uztailaren 24ko 4/2025 Legean (Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen abenduaren 26ko 28/1990 Legea aldatzekoa) jaso zen nola egokituko zaion Hitzarmen Ekonomikoa finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zergari. Horretarako, 27 ter artikuluan, zerga arautzeko eskumenari eta zerga kudeatzeari eta ikuskatzeari buruzko arauak ezarri ziren.
Ondoren, urriaren 23ko 11/2025 Foru Legearen bidez onetsi zen finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga Nafarroako Foru Komunitatean.
Interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, indarraldi mugatua duena, eta kreditu-erakundeek, atzerriko kreditu-sukurtsalek eta kredituko finantza-establezimenduek lortutako interes- eta komisio-marjina zergapetzen du, baldin eta marjina hori Espainia lurraldean garatutako jardueratik badator.
Zerga hori kudeatzeari dagokionez, 11/2025 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen da zergadunek autolikidazio bat aurkeztu beharko dutela, eta zerga zorraren diru-sarrera egin, zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen duen moduan eta baldintzetan.
Halaber, aipatu foru lege horren 14. artikuluak ezartzen duenez, zergadunak beharturik egonen dira ordainketa zatikatua egitera; kuota likidoaren ehuneko 40aren ordainketa egin beharko dute zergaren konturako ordainketaren kontzeptu gisa, zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen duen moduan eta baldintzetan.
Beharrezkoa da, beraz, foru agindu hau ematea, zerga berri horren autolikidaziorako eta ordainketa zatikaturako ereduak onesteko, eta eredu horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko baldintzak ezartzeko.
Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.
Horrenbestez, urriaren 23ko 11/2025 Foru Aginduaren 14. eta 15. artikuluetan emandako gaikuntzak baliatuz,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. 980 eredua onestea.
Onesten da 980 eredua, "Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga. Autolikidazioa" izenekoa; formatu elektronikoan dago, eta haren edukia I. eranskinean jaso da.
2. artikulua. 980 eredua aurkeztu behar dutenak.
1. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27 ter artikuluarekin bat Nafarroako Foru Komunitateari badagokio zerga ordainaraztea, honako hauek beharturik egonen dira 980 eredua aurkeztu eta autolikidazioaren ondoriozko zerga zorraren diru-sarrera egitera:
a) Espainian ezarrita dauden kreditu-erakundeak; Kreditu-erakundeen Antolamenduari, Gainbegiraketari eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen 1.2 artikuluko a), b) eta c) letretan daude jasota.
b) Kredituko finantza-establezimenduak; Enpresa Finantzazioaren Sustapenari buruzko apirilaren 27ko 5/2015 Legearen 6. artikuluan daude jasota.
c) Atzerriko kreditu-erakundeek Espainian ezarriak dituzten sukurtsalak.
2. Zergadunek ez dute 980 eredua aurkeztu beharko, baldin eta beren likidazio-oinarria positiboa ez bada.
3. artikulua. 980 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.
Zergaldia amaitu ondorengo bederatzigarren hilabeteko lehen hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da 980 eredua, eta diru-sarrera egin.
4. artikulua. 981 eredua onestea.
Onesten da 981 eredua, "Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga. Ordainketa zatikatua" izenekoa; formatu elektronikoan dago, eta haren edukia II. eranskinean jaso da.
5. artikulua. 981 eredua aurkeztu behar dutenak.
1. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27 ter artikuluarekin bat Nafarroako Foru Komunitateari badagokio zerga ordainaraztea, arestiko 2.1 artikuluan ezarritako kreditu-erakundeak, kredituko finantza-establezimenduak eta atzerriko kreditu-erakundeetako sukurtsalak beharturik egonen dira 981 eredua aurkeztu eta dagokien diru-sarrera egitera.
2. Ez da ordainketa zatikatuaren autolikidaziorik aurkeztu beharko, baldin eta kuota likidoa ez bada positiboa, zerga arautzen duten xedapenen arabera.
6. artikulua. 981 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.
Zergaldia amaitu ondorengo bigarren hilabeteko lehen hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da 981 eredua, eta diru-sarrera egin.
7. artikulua. 980 eta 981 ereduak Internet bidez modu elektronikoan aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.
1. Honako hauek aurkezten ahalko dituzte 980 eta 981 ereduak modu elektronikoan, Internet bidez:
a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.
b) Zerga arloko aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko zerga zorren ordainketa.
2. Nahitaezkoa izanen da 980 eta 981 ereduen aitorpenak elektronikoki aurkeztea, Internet bidez; honako baldintza orokor hauek bete beharko dira:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.
b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait zerga aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.
8. artikulua. 980 eta 981 ereduak modu elektronikoan aurkezteko prozedura.
980 eta 981 ereduen aurkezpen elektronikoa egiteko, web-inprimakia erabiliz, prozedura hau beteko da:
1. Sartu Ogasunarekin izapideak egiteko zerbitzura, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orritik.
2. Hautatu kasuan kasuko eredua, eta hura aurkezteko behar diren datu guztiak bete web-inprimakian.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.
Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aurkeztu den aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
9. artikulua. 980 eta 981 ereduen diru-sarrera egiteko moduak.
Eredua aurkezteko web-zerbitzuak aukera emanen du diru-sarrera egiteko, bai autolikidazioaren ondoriozko zerga zorra ordaintzeko (980 eredua) bai ordainketa zatikaturako (981). Ordainketa egiteko aukera hauek emanen ditu:
1. Ordainketa telematikoaren bidez, web-inprimakia bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak betez.
Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.
2. Banku-helbideratzearen bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduari jarraikiz, haren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
3. Banku-transferentziaren bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 145/2022 Foru Aginduan xedatutako baldintzetan. Foru agindu horrek zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen ditu.
4. Ordainketa-gutun bat lortuta (509 eredua, ordainketa zatikatuaren autolikidaziorako, edo 510 eredua, zergaren autolikidaziorako), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu-erakundetan sarrera egiteko.
Azken xedapenetako lehenbizikoa. Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
Bi eredu hauek gehitzen dira apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduaren eranskinean jasota dagoen zerrendan, bertan aipatzen baita zer eredutarako balia daitekeen ordainketa banku-helbideratzearen bidez egiteko aukera: 980 eredua, "Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga. Autolikidazioa" izenekoa eta 981 eredua, "Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga. Ordainketa zatikatua" izenekoa.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatuko zaie 2025eko ekitalditik aurrera aurkeztu beharreko aitorpenei.
Iruñean, 2025eko abenduaren 17an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
980 eredua.–Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga. Autolikidazioa (PDFa).
981 eredua.–Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga. Ordainketa zatikatua (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F2516623