Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MENDIGORRIA
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat
Mendigorriko Udaleko alkateak, 2025ko urtarrilaren 13ko 1/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.
Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez), estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Mendigorriko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketa bidez. Lanpostu horrek 2 zenbakia du Mendigorriko Udaleko langileen plantilla organikoan, eta ezaugarri hauek ditu:
Lanpostuaren zenbakia: 2.–Izena: zerbitzu anitzetako enplegatua; E maila; araubide juridikoa: funtzionarioa; lanaldia: osoa; osagarriak: lanpostukoa %17,50; mailako osagarria %15,00; 19/2008 Foru Dekretuaren araberako osagarria: %2,99; sarbidea: oposizio-lehiaketa; egoera: hutsik.
1.2. Izendapenak funtzionario bihurtuko du izendatua, eta izanen ditu dagozkion eskubide eta betebeharrak, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitatearen administrazio publikoko funtzionarioei buruzko xedapenei.
1.3. Lanpostuak izanen ditu E mailako lansariak, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamenduan ezarritakoak, eta Mendigorriko Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.5. Eginkizunak:
Bide publikoen garbiketaren, mantentze-lan orokorren eta obren berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzetako lanak, baita udal instalazioetako berezko jarduketekin ikusteko dutenak ere, haiek egoki funtziona dezaten begiratzea eta haien artatze eta mantentze-lanak eramatea; hona hemen haietako batzuk, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe, besteak beste:
–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta horien mantentze-lanak; bai eta iturgintza, elektrizitate, pintura eta zurgintza lan txikiak ere.
–Instalatzea eta mantentzea hiri barneko altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.
–Jai eta ekitaldi publikoetan altzarien eta tresnen garraioa eta ezarpena: agertokiak eta gainerako tresnak muntatzea eta desmuntatzea.
–Udal hilerrian mantentze-lanak eta ehorzketekin lotutako lanak egitea.
–Lorezaintza lanak: landatzea zuhaitzak, hesiak eta landareak, eta horien ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioa egitea, zuhaitzak eta zuhaixkak inaustea, lorategiak atontzea eta belarra moztea eta abar.
–Garbiketa lanak: erratza pasatzea, zakarrontziak hustea eta abar.
–Komunikazioak eta deialdiak banatzea, jakinarazpenak eskura ematea, iragarkiak, bandoak eta udal publizitatea jartzea.
–Herri-lurrak zaintzea eta kontrolatzea.
–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.
–Kontrolatzea eta begiratzea ea Udalaren ordenantzak betetzen ote diren, eta ikuskapenak egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea araudia betetzen den arlo hauetan: obra-lizentziak, eremu publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.
–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzek aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzeko ere balioko dute.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizioan parte hartzeko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, bete beharko dituzte abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan zehaztutako baldintzak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. Hona hemen, laburtuta:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen den estaturen batekoa. Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) B motako ibilgailuetarako gidabaimena izatea.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mendigorriko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, bai aurrez aurre (Foruen plaza 1, Mendigorria) bai egoitza elektronikoaren bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 30 egun naturaleko epean. Eskabideak aurkezteko erabili beharko da deialdi honen I. eranskineko eredua. Eredu hori ere eskuragarri egonen da Mendigorriko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.mendigorria.es).
3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
–NANaren fotokopia.
–2. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.
–Indarrean dagoen B motako gidabaimenaren fotokopia.
–Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiri jatorrizkoak edo autentifikatuak.
3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Baztertutakoek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo akatsak zuzendu, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean.
4.2. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta horiek ebatzita, alkateak ebazpena emanen du, onesteko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta adierazteko oposizioaldiaren lehenbiziko ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia. Orobat, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Gero, epaimahaiak argitaratuko ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduz ezarrita dagoen moduan.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Ion Erro Arbizu, Mendigorriko Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: Íñigo Lerga Fuertes, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
1. epaimahaikidea: Ainara Berdejo Rodrigo, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Naiara Azcoiti Artazo, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
2. epaimahaikidea: Aritz Erro Arbizu, Mendigorriko Udaleko albientea.
Ordezkoa: Fidel Gallinas González, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
3. epaimahaikidea: Alfredo Muro Ortiz, Mendigorriko Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Rosa Jiménez Goñi, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
4. epaimahaikidea: Juan Antonio Echeverría Echarte, Mendigorriko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Eva Mainz Petroch, Artaxoako Udaleko idazkaria.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da bertan egotea epaimahaiburu edo idazkari lanak egiten dituztenak eta, gutxienez, kideen erdiak.
5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, jarraikiz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeari.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehendabizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan azaltzen den moduan. Aurreikuspenen arabera, 2025eko martxotik aurrera eginen da.
6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Mendigorriko Udalaren iragarki-tauletan eta web-orrian emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.
7.–Lehiaketaldia.
7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangai bakoitzak alegatzen dituen merezimenduak baloratzea. Betiere, merezimenduek zuzeneko lotura izan behar dute deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin. Oposizioaldia baino lehen eginen da eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honen arabera:
a) Administrazio publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean emandako urte bakoitzeko: 5 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.
Merezimenduak egiaztatzeko, dagokion administrazio publikoak jaulkitako ziurtagiria aurkeztu beharko da eta, bertan, ongi zehaztuta agertuko dira zenbat denbora eman den zerbitzu-lan horiek egiten eta zein lanpostutan lan egin den.
Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.
b) Enpresa pribatuetan peoi espezializatu edo ofizial gisa emandako zerbitzuak, zerbitzu anitzetako enplegatuari dagokion lan-arloarekin lotutako lanpostuetan edo igeltserotza, iturgintza, lorezaintza nahiz elektrizitate jardueretan langile autonomo gisa emandako zerbitzuetan, urte bakoitzeko. 2 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.
Merezimenduak frogatzeko, hauetakoren bat aurkeztu beharko da: hasiera eta amaierako kontratu ikus-onetsia, lan egin duen kotizazio-epigrafearen frogagiria, lanaldia eta egindako zereginak egiaztatzen dituen Gizarte Segurantzaren edo enpresa pribatu baten ziurtagiria, lan-jardueraren ziurtagiria edo EJZko alta, kasu bakoitzean egokiena dena.
Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.
Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.
c) Euskara jakitea:
C.1. Merezimenduen gehieneko puntuen (30 puntu) %7: 2,1 puntu, alegia.
B.2. Merezimenduen gehieneko puntuen (30 puntu) %6: 1,8 puntu, alegia.
B.1. Merezimenduen gehieneko puntuen (30 puntu) %5: 1,5 puntu, alegia.
Euskara-titulurik ez duten izangaiek, eskatuz gero, mailaketa-probak egiten ahalko dituzte, euskara badakitela frogatzeko eta ezagutza hori kontuan hartu ahal izateko merezimenduen balorazioan.
Aurreko ataletako merezimenduak baturik, gehienez 30 puntu eskura daitezke.
7.2. Epaimahaiak arestian ezarritako baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.
7.3. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak, noiznahi.
7.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Mendigorriko Udalaren iragarki-taulan eta administrazio elektronikoaren egoitzan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, erreklamazioak aurkezten ahalko dira kalifikazioak argitaratu eta hurrengo bost egun naturalen barnean.
8.–Oposizioaldia.
Jarraian adierazitako probak izanen ditu, eta gehienez 70 puntu eskuratzen ahalko dira.
8.1. Lehen proba: teorikoa. Proba honetan galdera sorta bati erantzun beharko zaio, idatziz, gehienez ere ordubetez. Lau erantzun emanen dira, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Galderak II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.
Ariketa honengatik gehienez 30 puntu emanen dira, eta gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
8.2. Bigarren proba: praktikoa. Proba praktiko bat edo batzuk eginen dira, makineria erabiltzeari, elektrizitateari, mekanikari, iturgintzari, igeltserotzari eta soldadurari buruzkoak, hau da, 1. oinarrian jasotzen diren lanpostuaren zereginei buruzkoak.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.
Bigarren proban gehienez 40 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 20 puntu erdietsi behar dira gutxienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
8.3. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Mendigorriko Udalaren iragarki-taulan eta administrazio elektronikoaren egoitzan.
Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mendigorriko Udalaren erregistro orokorrean edo haren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz.
8.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
9.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Mendigorriko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Zerrenda hori, gainera, alkateari igorriko dio, onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera. Zerrenda horrekin batera beste zerrenda bat eratuko da, egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.
9.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du berariazko zozketa bakar baten bidez.
9.3. Mendigorriko Udalak izendatuko du epaimahaiak proposatutako izangaia, eta aginduko du izendapen proposamena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:
a) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea.
b) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
9.4. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkien erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra esateagatik.
9.5. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
9.6. Hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Mendigorriko Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, bat etorriz deialdi honen oinarrietan ezarritakoarekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin. Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.
10.–Aldi baterako kontratazio zerrenden kudeaketa.
–Deiak egiteko arau orokorrak.
1. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte gutxienez, eta informazio hori uneoro eguneraturik eduki beharko dute.
2. Izangaiak honela lokalizatuko dira:
–Kontratazioa presakoa ez bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira, eta bi saioen artean 12 orduko tartea izanen da gutxienez.
–Lanpostuan beranduenez bi egunen buruan hasi behar bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira egun berean, tartean gutxienez 2 ordu utzita.
–Lanpostuan gehienez 24 orduren buruan hasi behar bada, izangai guztiei segidan deituko zaie, une horretan kontratazio zerrendan duten hurrenkeraren arabera, proposatutako kontratua onartzeko izangai eskuragarria aurkitu arte.
3. Lokalizatzeko lehen saioa telefonoz deituta eginen da, eta bigarrena, beharrezkoa balitz, mezu elektronikoa bidalita.
4. Betiere, dei bakoitza artxibo batean jasoko da, adierazita hura zer egoeratan, zer egunetan eta zer ordutan egin den. Langileen ordezkariek sarbide zuzena izanen dute artxibo horretara.
5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendako hurrengoari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskainitako lanpostua edo lanpostuak bete arte. Izangai batekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuen postuari eutsiko dio.
6. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da.
7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta ez den lanpostu hutsak betetzeko, edo 6 hilabeteko edo gehiagoko kontratuetarako, edo lanaldia luzatzeko.
Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangaia lanpostuan aritu bada aldi baterako kontratu baten bidez eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 egunean, baimentzen bada antzeko lanpostu bat aldi baterako betetzea, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, dei egiten zaion unean baldintza hauek betetzen badira:
a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.
b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:
a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabortz egun naturalen barnean.
f) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.
Kasu guztietan agiri bidez frogatu behar da badela arrazoi bat, 15 egun naturaleko epean, uko egin zaion lanpostua eskaintzen den egunaren biharamunetik hasita.
–Zerrendetatik baztertzea.
Honako hauek izanen dira izangaiak deiari dagokion zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.
c) Probaldia ez gainditzea, baldin aurretik zerbitzuaren arduradunak txosten arrazoitua egiten badu, eta langileen ordezkariekin adosten bada.
d) Sinatutako kontratuari uko egitea.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, nahiz eta behin eta berriz egin kontratatzeko deiak, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez.
f) Lanpostua bertan behera uztea.
g) Kontratua azkentzea diziplina espediente bat izapidetu izanaren ondorioz, baldin bukatzen bada azkentzea onesten duen ebazpen irmo batekin.
h) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa; hain zuzen, kontratatzen den langileak ez izatea lanpostuan aritzeko gaitasunik edo ez egokitzea, baldin horrek berekin badakar errendimendu eskasa, galarazten duena lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea. Betiere, behar dira zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta adostasuna langileen ordezkariekin.
Oinarri hauetan arautzen ez den orotan, abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua aplikatuko da. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan aldi baterako kontratazioaren bidez aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak ezarri ziren.
11.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
11.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, aukeratutako izangaia izendatuko du Mendigorriko Udalak.
11.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.3. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz izendatutako izangaiak. Epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Mendigorriko Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.
12.–Errekurtsoak.
12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
12.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Mendigorrian, 2025eko urtarrilaren 2an.–Alkatea, Ion Erro Arbizu.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
I.–HAUTAPEN-PROZESUA.
Deialdia egiten duen erakundea: Mendigorriko Udala. Lanpostuaren izena: zerbitzu anitzak.
II.–DATU PERTSONALAK.
Deiturak eta izena: ................................................................................................................................
Helbidea: ................................................................................................................................................
1. telefonoa: .......................................................... 2. telefonoa: ..........................................................
Posta elektronikoko helbidea: ..........................................................................................................
–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa: BAI / EZ
–Adierazitako posta-helbidean jakinaraztea: BAI / EZ
Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.
III.–ADITZERA EMATEN DUT.
Merezimenduak eta merezimenduen egiaztagirien kopiak aurkezten ditut eskabide honekin batera, deialdiaren 7. oinarrian jasotzen den eran.
–Desgaitasun-baldintzak:
BADUT / EZ DUT aitortua desgaitasun bat, honako maila honetakoa: %..............(e)koa, eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.
Horiek horrela,
ADIERAZTEN DUT:
1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintza guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.
2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
3. Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.
4. Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.
Horregatik guztiagatik,
ESKATZEN DUT onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.
Eguna eta sinadura
Adierazpenaren egileak baimena ematen dio toki erakundeari –bat etorriz xedaturik dagoenarekin Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan– espedientean eta izapideetan jasota dauden haren datuak trata ditzan, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei bide ematea dagozkien jarduketak egin ditzaten kudeaketa, egiaztapen eta jarraipen prozedurak kontrolatzeko eta hobetzeko; eta badaki, aipatu lege organikoan xedatutakoaren arabera, toki erakundearengana jo dezakeela, idatziz, datu horietan sartzeko, haiek zuzentzeko, haiek ezerezteko, eta haien tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabiltzeko; eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen froga aurkeztu beharko du, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratu.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Mendigorriko udalerria: kaleen eta auzoen izenak, bai eta mendiena, alderdiena eta ibaiena ere.
2. gaia.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.
3. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuari buruzko ezagutza.
4. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta murruak eraikitzea.
5. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.
6. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.
7. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemak ulertzea.
8. gaia.–Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.
9. gaia.–Lorategiak eta berdeguneak zaintzea eta mantentzea: oinarrizko kontzeptuak. Erremintak: eskuzkoak, elektrikoak eta motordunak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Ureztatzea, ongarritzea eta inaustea.
10. gaia.–Igerilekuetako mantentze-lanak. Kontzeptu orokorrak. Igerilekuen baldintza higieniko-sanitarioak eta segurtasun baldintzak Nafarroako Foru Komunitatean. 86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa; 6/2022 Foru Dekretua, otsailaren 9koa; eta 742/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa.
11. gaia.–Informatika, erabiltzaile mailakoa. Word, Excel eta posta elektronikoa.
Iragarkiaren kodea: L2500505
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
