26. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LANA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko udalaren zerbitzuko administrari laguntzailearen lanpostu bat, funtzionarioen araubidean. Piedramillerako, Muesko eta Sorladako udaletan ere jardungo du

Lanako Udalak, 2024ko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:

Lanako Udalak, 2022ko irailaren 27an egin osoko bilkuran, 2023. urteko lan publikoaren eskaintza onetsi zuen. Eskaintza horretan sartua zegoen administrari laguntzailearen lanpostu bat, D mailakoa, eta Muesko, Sorladako eta Piedramillerako udalekin partekatua.

Osoko bilkurak, 2023ko azaroaren 3an, Lanako Udalaren 2024rako plantilla organikoa onetsi zuen, eta aipatutako lanpostua hutsik zegoela jasotzen zuen.

Kontuan harturik 2023ko lan publikoaren eskaintzako administrari laguntzaileren lanpostua lanpostu huts gisa ageri dela indarrean den plantilla organikoan,

ERABAKITZEN DA:

Lehena.–Onestea deialdi honen oinarriak: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Lanako Udalaren zerbitzuko administrari laguntzailearen lanpostu bat, funtzionarioen araubidean. Piedramillerako, Muesko eta Sorladako udaletan ere jardungo du.

Bigarrena.–Deialdi honetako oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Hirugarrena.–Aditzera ematea erabaki honen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara.

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lanan, 2025eko urtarrilaren 9an.–Alkatea, José Javier Galdeano Asarta.

DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO LANAKO UDALAREN ZERBITZUKO ADMINISTRARI LAGUNTZAILEAREN LANPOSTU BAT, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN. PIEDRAMILLERAKO, MUESKO ETA SORLADAKO UDALETAN ERE JARDUNGO DU

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari laguntzailearen lanpostu bat, D mailakoa eta funtsionarioen araubidekoa, Lanako Udalaren zerbitzura aritzeko, eta Muesko, Sorladako eta Piedramillerako udalekin partekatua.

Oposizio-lehiaketa honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: indarreko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua (horren bidez onetsi zen Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

1.2. Izendapenak Lanako Udaleko nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, eta indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrera. Orobat, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.3. Lanpostua D mailakoa da eta haren ordainsaria Nafarroako administrazio publikoetako langileei maila horretan dagokiena da, bai eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.

1.5. Bere lanbide mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, besteak beste, jendea hartzea, ordenagailuak erabiltzea, testu tratamendua, kudeaketa programak eta, oro har, administrazio-langileek berezkoak dituzten eginkizunen barnean agintzen zaizkion lan guztiak, exekuzio zereginak barne.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa. Parte hartzen ahal dute, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu batzuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez ere edukitzea eskola graduatuaren edo lehen mailako lanbide heziketaren titulua edo ofizialki horien baliokidea den beste titulu bat, edo halako tituluak eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, aipatu egunean eduki beharko da homologazioa ziurtatzen duen agiri ofiziala edo, hala behar denean, baliokidetzaren ziurtagiri ofiziala.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik, kasua bada, funtzio publikoan sartzea.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio askea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean ere, izendapena egiten den arte. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak eta agiriak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lanako Udaleko erregistro orokorrean (La Fuente kalea 9, 31283 Galbarra) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: aytogalbarra@gmail.com.

Eskabideak deialdi honen I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Eskatutako tituluaren kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

–Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.6. Merezimenduak frogatzeko dokumentazioari dagokionez, agiriek jaso beharko dituzte baremoa aplikatzeko eskatzen den informazio guztia; aski izanen da agiri horien kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Hori guztia, ezertan galarazi gabe 7. oinarrian xedatutakoa.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lanako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Lanako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du, ebazpenean bertan adierazirik oposizioko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua eta epaimahaiaren behin betiko osaera.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

4.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Joaquín Lana Marquínez, Sorladako udaleko alkate udalburua.

–Ordezko epaimahaiburua: Jose Miguel Gaviria Redondo, Lanako Udaleko alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Sara Lana Cambra, Eulateko Udaleko idazkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: M.ª Elena García San Segundo, Azketako Udaleko idazkaria.

–2. mahaikidea: Joaquín Legarda, Carcarko Udaleko idazkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Concepción López Azanza, Abartzuzako Udaleko idazkaria.

–3. epaimahaikidea: Lidia Arbizu Andueza, Antzingo Udaleko administrari laguntzailea.

–Ordezko epaimahaikidea: Idoia Piudo Castellón, Legariako Udaleko administrari laguntzailea.

–Epaimahaikide idazkaria: Jose Miguel Corres Botella, Lanako Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Asunción Gil Barnó, Vianako Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta gertatzen badira aipatutako egoerak, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

6.2. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

a) Merezimendu profesionalak.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 15 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Nafarroako Toki Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,00 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.2) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.3) Edozein administrazio publikotan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere. Aurreko ataletan aurreikusi merezimenduak lehiatzaileak lan egin duen administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira bai lan araubide finkoan edo aldi baterakoan, bai administrazio araubidean, dela bitarteko gisa dela jabetzapeko lanpostuan, egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

b) Prestakuntzari lotutako merezimenduak.

Prestakuntzagatik, gehienez, 5 puntu emanen dira, honako puntuazio honen arabera:

b.1) Prestakuntza ikastaroak, honako hauekin zerikusia badute: bete beharreko lanpostuarekin, oposizio-lehiaketarako oinarri hauetan sartzen den araudiarekin, edo toki-erakundeak kudeatzearekin (erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak izan behar dute), eta administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak (barnean direla prestakuntza informatikoa eta digitala). 0,05 puntu emanen dira prestakuntza ordu bakoitzeko. Gehienez ere 3 puntu emanen dira atal honetan.

b.2) Goi mailako prestakuntza. Gehienez ere 2 puntu emanen dira atal honetan.

1.–Unibertsitateko 2. zikloko edo goi-mailako titulu ofiziala (lizentzia/gradua/masterra): 2,00 puntu.

2.–Unibertsitateko 1. zikloko titulu ofiziala (diploma): 1,50 puntu.

6.2.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren atal bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik. Baldin eta, merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta, ondorioztatzen bada izangairen batek merezimendu horiek ez dituela, halako merezimenduei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.

6.2.4. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak izangaien zerrenda, puntuazioarekin batera, argitaratuko du Lanako Udalaren iragarki-taulan.

Behin-behineko kalifikazio horien kontra izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Lanako Udalaren erregistro orokorrean.

6.3. Oposizioaldia.

Oposizioaldiak bi proba izanen ditu, bi egun bereizitan eginen direnak. Behar bezala iragarriko dira, eta aurreikusten da 2025eko apiriletik aurrera hastea.

6.3.1. Lehen proba: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,33 puntu kenduko dira.

Ariketa honetan, gehienez, 50 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.2. Bigarren proba: praktikoa. Edo administrazio agiri ofizial bat edo batzuk prestatu beharko dira, oposiziogileei emaniko datuak baliatuz, zeinak loturik egonen baitira bete beharreko lanpostuari dagozkion zerbitzuekin; edo bestela, kasu praktiko bat edo batzuk bideratu beharko dira, zeinak loturik egonen baitira bete beharreko lanarekin; edo proba izanen da bi aukera horien konbinazioa, epaimahaiak erabakiko baitu. Betiere, deialdiaren II. eranskineko gaiei buruzkoa izanen da.

Kalifikzio-epaimahaiak erabakiko du kasu praktiko horiek eskuz ala ordenagailuz egin beharko diren.

Bigarren proban gehienez 30 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 15 puntu erdietsi behar dira gutxienez.

6.3.3. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bestelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.

Kalifikazio-epaimahaiak ezarriko du bi proba horien gehieneko iraupena, hasi baino lehen.

6.3.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda, bai eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere, Lanako Udalaren iragarki-taulan.

Behin-behineko kalifikazio horien kontra izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Lanako Udalaren erregistro orokorrean.

6.3.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia amaituta eta bi fase horietan lortutako puntuazioen batuketa egin ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Lanako Udalaren iragarki-taulan, oposizio-lehiaketan lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta.

7.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik lehen proba teorikoan zeinek eskuratu duen puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du berariazko zozketa bakar baten bidez. Probaren emaitzak ikusgai jarriko dira Lanako Udalaren iragarki-taulan.

7.3. Proba gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazioaren araberako ordenan, alkate udalburuari igorriko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onets dezan eta puntuaziorik handiena lortu duenaren aldeko izendapena egin dezan. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Lanako Udalaren iragarki-taulan jarriko.

8.–Agiriak aurkeztea.

8.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Lanako Udalaren erregistro orokorrean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

8.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira; hori, ezertan eragotzi gabe erantzukizuna eskatzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik.

8.3. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 apartatuak aipatzen duen zerrendan ondotik datorren izangaiarekin beteko du hutsunea epaimahaiburuak, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, eta prozedura gainditu eta puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiak 8.1 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Lanako Udaleko alkate udalburuak toki-erakundeko funtzionario izendatuko du, administrari laguntzailearen lanpostuan jardun dezan. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Lanako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, deialdiaren 7.6 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Lanako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Datuak tratatzeko oinarri juridikoa DBEOren 6.1.b) artikulua da. DBEOren 6.1.c) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena. Tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat betetzeko.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak xedaturiko kasuetan, barne direla oinarri hauetan adierazitako toki eta bitartekoetako argitalpenak.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta haren kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz aurrez aurre edo postaz, egoitza elektronikoaren bidez (eskabide orokorraren izapidea) edo posta elektronikoko helbide honen bidez: aytogalbarra@gmail.com.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua. Nafarroako toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua. Udalerriak. II. kapitulua. Beste toki-erakunde batzuk. III. kapitulua. Toki-korporazioetako kideak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Hiritarren partaidetza eta informazioa. IV. titulua. Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

2. gaia.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea. I. titulua. Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak. III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa (kenduta V. eta VI. kapituluak).

3. gaia.–Administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jarduera eta administrazio-egintzak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I., II. eta III. tituluak).

4. gaia.–Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak eta egintzak administrazio bidean berrikustea (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: IV. eta V. tituluak).

5. gaia.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).

6. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: atariko tituluaren III., IV. eta V. kapituluak: zehatzeko ahalmenaren printzipioak, administrazio publikoen ondare-erantzukizuna, eta sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

7. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa. Atariko titulua. I. kapitulua, II. kapitulua eta III. kapitulua.

8. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena. V. titulua. Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

9. gaia.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak.

10. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Udalerria: I. kapitulua. Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolaketa; IV. titulua. Beste toki-erakunde batzuk. V. titulua. Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak: I. kapitulua. Funtzionamendu araubidea.

11. gaia.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, administrazio-ebazpenak, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak.

12. gaia.–Sistema eragilea: funtsezko kontzeptuak. Windows 10. Mahaigaina eta haren elementuak; atazen administratzailea; Windows arakatzailea; kontrol-panela; gailuak eta inprimagailuak; hasierako menua; tresna-barra; laguntza eta euskarri teknikoa; sarean lan egitea; erabiltzaile-kontuak.

13. gaia.–Testu-tratamenduko programak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2010: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

14. gaia.–Kalkulu orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2010: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta estekak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

Iragarkiaren kodea: L2500562