1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1313E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena Altsasuko udalerrirako "Energia biltegiratzeko Zakubi instalazioaren aurreproiektuaz". Sustatzailea The best global practices SL da.
2024ko irailaren 12an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 n) multzoan.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena egin aurretik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 6 kontsulta egin dira, eta legean aurreikusitako epean ez da erantzunik jaso.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.
–Proiektuaren deskribapena.
Jarduketaren helburua da 0,07 hektarea inguruko Zakubi izeneko biltegiratze instalazio bat eraikitzea eta instalazioaren perimetroa hesitzea. Instalazio horrek Altsasuko 5. poligonoko 1137. lurzatiaren zati bat okupatuko du. 30 kV-eko Altsasu TAEaren bidez konektatuko da sarera, eta 5 MW-eko konexio-potentzia eskatu da.

Biltegiratze instalazioak ioi litiozko bateriak eta maniobra-, ebakitze-, babes- eta neurketa-zentroa izanen ditu. Instalazioak 5 MW-eko potentzia izendatua, biltegiratzeko 4 edukiontzi, transformadore bat eta edukiontzi bakoitzeko 48 bateria modulu izanen ditu. Edukiontziak hormigoizko lauzen gainean jarriko dira.
Instalazioak lurpetik aterako du energia, Altsasu TAErekin muga egiten duen industrialdeko lursailetik bertatik, 51 metroko luzerako linea batetik.
Baterien bidezko biltegiratze-instalazioen helburua da energia eskuragarri izatea malgutasunez eta efizientziaz.
Instalazioa ezarriko den lurzatia elkorra da lurzoruaren erabileren maparen arabera, eta hiri-lurzati gisa ageri da katastroko informazioan. Lurzatia zelaia da eta malda leuna du, eta mugakide den industria-nabetik sartzen da bertara.
Instalazioa Altzania ibaitik 37 bat metrora dago, eta, beraz, ibilgu horren polizia-eremuaren barruan.
Sustatzaileak perimetroan hesia jartzea proposatzen du. Hesi hori zinegetikoa izanen da, alanbre galbanizatuzko sareaz egina, eta 2 m-ko altuera izanen du. Lurretik 20 cm-ra egon beharko du gutxienez, eta 30x30 cm-ko baoak izanen ditu hesiaren 50 metroko tarteetan. Altzairu galbanizatuzko hodiak 40x40x40 cm-ko hormigoizko dadoen bidez finkatuko dira lurrean. Zutoin batetik bestera 3 metroko tartea egonen da. Ikusgarritasuna emateko eta talkak saihesteko, 25x25 cm-ko metalezko edo plastikozko plakak jarriko dira.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta egin zaie Altsasuko Udalari eta zenbait talde ekologistari, bai eta instalazio berriak ukituriko lurretan edo zerbitzuetan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko atalei ere (Ondare Historikoaren Zerbitzua). Legean aurreikusitako epean, ez zaie eman erantzunik kontsulta horiei.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Ingurumen gaiei buruz aurkeztutako dokumentazioak barne hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste hiru aukera jasotzen dituena. Irizpide ugariren analisia egin eta gero, 3. alternatiba aukeratu da.
Energia ateratzeko lineari dagokionez, bi alternatiba aztertu dira eta B aukera hautatu da; 51 metro linealekoa da eta lurpetik doa, zanga berri batean eta lehendik dauden kanalizazioetan barna.
Instalazioa ezartzeko eremuaren morfologia laua da nagusiki, eta, beraz, ahalik eta lur-mugimendu gutxien eginen lirateke. Horrek aldaketa geomorfologiko oso txikiak eraginen lituzke, eta, ondorioz, geologiaren eta lurzoruaren gaineko inpaktua neurrizkoa izanen litzateke lanen fasean, eta bateragarria ustiapen-fasean.
Proiektuaren eremuak ez du aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ezta ingurumen babeseko figuraren bateko guneetan ere. Instalaziorako lurzatia bera egungo industrialdearen mugakidea da, eta banaketa-sarearekin lotzeko lotunetik hurbil dago. Horrek berresten du jarduketa-eremua ingurune oso antropizatu batean dagoela, hainbat bide- eta eraikuntza-azpiegitura ditu gertu, eta, beraz, interes handiko fauna- edo landare-komunitateak bertan egoteko aukera txikiagoa da.
Aurkeztutako ingurumen-dokumentazioaren arabera, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ezarri aurretik inpaktu handienak, lanen fasean, lurzoruaren eta landarediaren gainekoak dira, eta, ez hain modu nabarmenean eta aldi baterako, faunaren gainekoak.
Inpaktuak minimizatzeko, prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk aurreikusten dira, zehazki lur-mugimendua, sare hidrografikoari eragindako ukipenak eta landarediaren gaineko ukipena minimizatzeko xedea dutenak. Neurriak laburbilduta, aurreikusten da ukitu beharreko eremuak minimizatzea eta lan-eremuak balizatzea, landare-estalkia ikuskatu ondoren, eta baimendutako eremuak baizik ez erabiltzea.
Faunari dagokionez, hainbat neurri hartuko dira, hala nola aurrez ingurua aztertzea, gaueko lanak saihestea, sare zinegetikoa jartzea eta elementu oso ikusgarriak instalatzea, talka egiteko arriskua murrizteko.
Azkenik, nabarmentzekoa da intsektu-hotelak jarriko direla, proiektua gauzatzeak dakartzan ukipenen konpentsazio-neurri gisa.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.
Hala, aldeko txostena egiten da "Energia biltegiratzeko Zakubi instalazioaren aurreproiektuaz", Altsasuko udal mugartean, txostenean jasotako baldintzak betetzeko beharrarekin, eta adierazten da ez dagoela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Altsasuko udalerrirako "Energia biltegiratzeko Zakubi instalazioaren aurreproiektuak" ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Aurreproiektuaren sustatzailea The best global practices SL da.
2. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:
–Ebakuatzeko linea guztiak lurpekoak izanen dira, zulatuko diren zanga berrien edo lehendik dauden kanalizazioen bidez.
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aurretik.
–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
−Biltegiratze instalazioak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira ahal den heinean, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den eremuan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan.
–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak industria guneetan edo gune antropizatuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredia naturalak estalitako eremuetan.
−Lanek aldatutako eremu guztiak eta lanen ondoren mantenduko ez diren bideak behar bezala leheneratu beharko dira, lanak egin aurreko erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.
–Lanak hasi aurretik, lan eremuak, makinak igarotzeko eremuak eta materialak biltzeko eremuak zehaztuko dira argiki. Ezinbestekoa den azalera txikiena izanen dute eremu horiek.
–Ukipen handiagoa ekidite aldera, perimetroko hesia zutoinen bidez bakarrik ainguratuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Ahal bada, sare zinegetiko deritzon motakoa izanen da; ez du elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izanen, eta ez da txarrantxarik erabiltzen ahalko inolako kasutan.
–Lurra dagoen tokietan hondeatzean, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.
−Ahal den neurrian, lursailaren mugetan eta lursail mugakideetan landarediaren eta/edo sastraken gaineko ukipenak saihestuko dira.
–Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira.
–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (lanen hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio Sakana-Mendialdea barrutiari (gmasakana@navarra.es), edo 679996810 telefonora deitu.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Basozaintzari (Sakana-Mendialdea barrutia), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2418655