1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
558E/2024 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita granaila hautsa (12 01 16* EHZ kodea) delako hondakinaren sailkapen kodea aldatzea, Lakuntzako udal mugartean dagoen Sakana S.Coop.-ek eskatuta.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 30eko 2491/2007 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 181E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.
2023ko maiatzaren 24an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzea, zehazki, granaila hautsa (12 01 16* EHZ kodea) delako hondakinaren sailkapena aldatzea, hondakin arriskutsuaren ordez hondakin ez-arriskutsuarena emateko.
Batzordearen 2000/532/EB Erabakiaren eranskinaren 6. atalak hondakin arriskutsuaren izaera ezartzen du substantzia arriskutsuen erreferentzia espezifiko edo orokor baten bidez, substantzia horien kontzentrazioaren arabera (pisuaren ehunekoa), arrisku-ezaugarri jakin batzuetarako. Bestalde, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen I. eranskinean hondakinak arriskutsutzat kalifikatzeko aukera ematen duten ezaugarriak ezartzen dira.
Sakana S. Coop.-ek kuantifikazioan oinarrituta justifikatzen du sailkapena kentzea, SGS TECNOS SAUren 905-327123-RE-01 txostenaren bidez (2023ko martxoaren 24koa). Txosten horretan ondorioztatzen denez, karakterizazioan eta balorazioan lortutako emaitzak egokitzat jotzen dira, eta, beraz, bidezkoa litzateke "granaila hautsa" delako hondakinaren sailkapena aldatzea eta hondakin ez-arriskutsu gisa sailkatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Onartzea granaila hautsa (12 01 16* EHZ kodea) delako hondakinaren sailkapen kodea aldatzea, Lakuntzako udal mugartean dagoen Sakana S.Coop.-ek eskatuta. Hartara, hondakin horri esleitutako kode berria honako hau da, Batzordearen 2014/955/EB Erabakiaren eranskinaren arabera:
12 01 17 Granailatzearen edo zorrotadaren hondakinak, 12 01 16* kodean zehaztuta ez daudenak: granaila hautsa.
Bigarrena.–Ekoizle-eskaeran deskribatutako hondakinen zerrenda aldatzea (15P01138014112019 zenbakiarekin inskribatuta dago), granaila hautsari esleitutako 12 01 16* EHZ kodea kendu eta 12 01 17 EHZ kodearekin ordezteko. Hondakin hori ez-arriskutsu gisa sailkatzeak ez du esan nahi automatikoki onartzen denik hondakin ez-arriskutsuen hondakindegietan, hondakin horiek hondakindegi horietan onartzeko irizpideak bete beharko baitituzte.
Hirugarrena.–15P01138014112019 ekoizle-zenbakiaren gainerako baldintzak mantentzea.
Laugarrena.–Ebazpen hau indarrean egonen da baldin eta bi hondakinen konposizioari eragiten dioten ekoizpen-prozesuetan edo lehengaietan aldaketa nabarmenik ez badago, sailkapena aldatzeko modukorik. Beraz, enpresak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio bi hondakinei eragiten dieten prozesuan edo lehengaietan gertatutako edozein aldaketa.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Sakana S.Coop.-i eta Lakuntzako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 18an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2418508